250. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1008E/2021 EBAZPENA, urriaren 13koa, Ingurumenaren zuzendari nagusiak emana, ingurumen baimen integratua ematen duena bizitza erabilgarria bukatutakoan ibilgailuak tratatzeko zentro baimendua eta hondakinen bilketa- eta transferentzia-gunea ezartzeko Urrotz-Hiriko udal-mugartean. Instalazioak eta jardueraren garapenak Ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak. Instalazioaren titularra Grupo Tuardn SL da.

Instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 2A eranskineko 13. epigrafean jasota dago, hots, “Erabilpenetik kanpo dauden ibilgailuak jaso eta kutsaduraz garbitzeko zentroak” izenekoan, eta horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago, muga eta irizpide batzuen aplikazioaren arabera. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen. Ildo horretan, erregelamendu horren 3C eranskinean jasotako irizpideak aplikatuta, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren uztailaren 5eko 395E/2019 Ebazpenaren bidez, erabaki zuen proiektuak ez zuela bete behar ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura.

Halaber, instalazioa sartuta dago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bategineko I. eranskineko 5.1.c) epigrafean, “konbinatzea edo nahastea, 5.1 eta 5.2 puntuetan adierazitako eragiketak egin aurretik” izenekoan; instalazioa sartuta dago, halaber, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako emisioei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) (testu bategina) emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 5.1.c) epigrafean ere, “konbinatzea edo nahastea, 5.1 eta 5.2 puntuetan adierazitako eragiketak egin aurretik” izenekoan.

Proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. multzoko d) apartatuan sartuta daudenetakoa da eta, horrenbestez, lege horren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Horrenbestez, prozedura hori bete ondoren, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren uztailaren 5eko 395E/2019 Ebazpenaren bidez, erabaki zen proiektuak ez zuela ingurumen eraginaren ebaluazio prozedura arrunta bete behar, eta ingurumen eraginaren txostena eman zen, ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenik ez duela adierazita.

Instalazioa ez dago irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartuta. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tartean diren kasuetarako.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, berrikusi egin dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta isuria, eta, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloraturik, erabaki da ez dela beharrezkoa egungo kokapenaz lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurarekin lotutako oinarrizko txosten bat egitea, ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez baitago.

Baimen honek lur azpiko uretan zeharka isurtzeko baimena dakar, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluaren aplikazioan eskatutakoa; horri begira, isurketak egitearen gaineko onargarritasunari buruzko txostenaren edukia erantsi da. Txostena Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eman du.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara emisioak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat garatzen duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan ezarritakoarekin bat (erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen) tramitatu da espedientea, eta prozeduran sartu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean aurreikusita dauden ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Ebazpen honen proposamenaren entzunaldiko tramitean instalazioaren titularrak alegazioak aurkeztu ditu (ebazpen honen IX. eranskinean jasota daude erantzunak), eta proposamena egin du zenbait alderdi aldatzeko: eremu batzuetako lurra iragazgaizteko sistema, energia elektrikoa hornitzeko aurreikusita zegoen sistema (sareko hornidura erabili ordez plaka fotovoltaikoen bidez sortzea), eta suteen kontrako sistema aldatzeko proposamena. Eranskinean aztertu dira guztiak.

Bestetik, 2021eko apirilaren 14an argitaratu zen Bizitza erabilgarriaren bukaeran dauden ibilgailuei buruzko 265/2021 Errege Dekretua, apirilaren 13koa, zeinaren bidez aldatzen baita abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra. 265/2021 Errege dekretua argitaratu eta biharamunean sartu zen indarrean. Ebazpen honetan kontuan hartu da errege dekretu horretan ezarritako baldintza sorta.

Egiaztatu da ezen, aurkeztutako dokumentazioak justifikatzen duenez, 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 (EB) Betearazpen Erabakiak ezartzen duena betetzen dela, zeinaren bidez ezartzen baitira dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak hondakinen tratamenduari buruz onetsitako 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea bizitza erabilgarria bukatutakoan ibilgailuak tratatzeko zentro baimendua eta hondakinen bilketa- eta transferentzia-gunea ezartzeko Urrotz-Hiriko udal-mugartean. Instalazioaren titularra Grupo Tuardn SL da. Instalazioak eta jardueraren garapenak Ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak.

Bigarrena.–Hondakin Ez Arriskutsuen Kudeatzailearen baimena ematea instalazioari, eta Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatzea, 15G04243021762020 erregistro zenbakiarekin, hondakin arriskutsuen aurretratamendurako gune gisa. Halaber, Hondakin arriskutsuen Kudeatzailearen baimena ematea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatzea, 15G02243021762020 erregistro zenbakiarekin, hondakin arriskutsuak biltegiratzeko gune gisa, eta 15G01243021762020 zenbakiarekin hondakin arriskutsuen aurretratamendurako gune gisa. Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.8 artikulua aplikatuz (Hondakinak tratatzeko eragiketen baimena). “Bat etorriz uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.2 artikuluan ezarritakoarekin, III. eranskinean adierazitako tratamenduak egiteko baimendutako entitate batek ustiatu beharko du instalazioa. Baimen hori organo eskudunak emanen dio, sozietatearen helbidea non dagoen, autonomia erkidego horretan ingurumen arloan eskumena duenak.

Hirugarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena ere ematea, hots, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, honakoetan xedatutakoari jarraikiz: Uren Legearen testu bategina, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege dekretuaren bidez onetsia, hamargarren xedapen gehigarrian, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduan, 6. artikuluan.

Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Indarraldi horretan zehar legeriak isurketen baimenetarako epe luzeago bat ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen, besterik gabe, hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko.

Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onetsi zen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikulua eta uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Bereziki, ezustean gertatzen direnean lehenago baimena ukatzea edo, emanez gero, bestelako baldintzetan ematea ekarriko luketen gorabeherak. Horien barruan sartzen dira titularrak aitortu gabeko gorabeherak edo argibideak, baimena ukatzea edo bestelako baldintzetan ematea ekarriko zuketenak. Ohiz kanpoko kasuetan, lehorteengatik edo ofizialki deklaratutako muturreko egoera hidrologikoengatik, arroko erakundeak isurketaren baldintzak alda ditzake kalitate helburuak, ingurumen arloko kalitate arauak eta ingurune hartzailearen ingurumen helburuak bermatzeko.

Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Laugarrena.–Aurreko puntuan adierazitako isurketak egin ahal izateko baimena lortzeko Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ondoren adieraziko den dokumentazioaren inguruan emandako aldeko txostena beharko da, titularrak ebazpen hau eman eta gehienez ere hilabeteko epean aurkeztu beharko duelarik:

–Jarduera abian jarriko den egunaren berri emanen duen jakinarazpena eta harekin batera kronograma bat, zehaztuko dituena V1, V2, V3 eta V4 isurketetarako neurri zuzentzaileak ezartzeko obrak hasi eta bukatzeko aurreikusitako egunak.

–Txosten teknikoa, zehaztuko dituena non kokatuko diren hidrokarburatuta egon daitezkeen uren kontrolerako piezometroak, eta haien ezaugarri teknikoak, eta horrekin batera baita piezometroak jartzeko aurreikusitako kronograma ere.

Bosgarrena.–Atmosferara emisioak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Seigarrena.–Proiektua, bi fasetan gauzatuko dena, ebazpen honen VIII. eranskinean sartutako kronogramaren arabera garatuko dela ezartzea. Nolanahi ere, bigarren fasea hiru urteko epealdia igaro baino lehen hasi beharko da, eta proiektua lau urte igaro baino lehen bukatu beharko da, ebazpen hau ematen denetik aurrera zenbatzen hasita.

Zazpigarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, gertatzen baldin bada Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen gainean abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako testu bateginaren 26. artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat.

Zortzigarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta teknika erabilgarri onenetan dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute isuriak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiari dagokionez dauden teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikuluarekin bat.

Bederatzigarrena.–Instalazioa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

Hamargarrena.–Martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

–Jarduketa plan bat, non deskribatuko baita zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

–Instalazioan ingurumena kudeatzeko ezarrita dagoen sistemaren ziurtagiria.

–Ebroko Konfederazio Hidrografikoak emandako aldeko txostena ebazpen honen laugarren puntuan zehaztutako dokumentazioari dagokionez.

–Ebazpen honen VII. eranskinean adierazitako dokumentazioa, bete dadin Ingurumen eta Lurralde Antolamenduaren zuzendari nagusiak uztailaren 5eko 395E/2019 Ebazpenaren bidez eginiko ingurumen-inpaktuaren txostenean xedatutakoa.

–Ebazpen honen I. eranskinean ageri den instalazioan biltegiratutakoen taula, bertan islatzen diren biltegiratze baldintzekin bat, biltegiratzeen gehieneko kopurua instalazioa zabaltzeko ezarritako baldintzen arabera zehaztuta, betiere instalazioaren suteen kontrako proiektuan ziurtatutako arrisku maila gainditu gabe.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamahirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamalaugarrena.–Ebazpen hau igortzea Grupo Tuardn SLra, Urrotz-Hiriko Udalera, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzura, Ebroko Konfederazio Hidrografikora eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urriaren 13an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2115045