250. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1000E/2021 EBAZPENA, urriaren 8koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiarena, Orkoiengo parke eolikoaren ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Parkea Nordex Energy Orcoien SL-k sustatu du Asiaingo kontzejuan, Oltza Zendeako udalerrian, eta udalerri horretako ebakuazio azpiegiturari ez ezik, Orkoiengo udalerrikoari ere eragiten dio.

1.–Ingurumen eraginaren ebaluazioa egiteko prozeduraren garapena eta sustatzailearen eskaera.

1.1 Aurretiazko kontsultak.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, Nordex Energy Spain SAUk, 2019ko abuztuaren 29an, ingurumen eraginaren azterketaren irismen dokumentuaren eskaera aurkeztu zuen, prototipo eoliko bat jartzeko Orkoiengo eremu eolikoan, Ororbiako kontzejuan, Oltzako Zendeako udalerriaren barrenean, eta Biodibertsitate Zerbitzuak irizpena eman zuen 2020ko urtarrilaren 27an. Ebazpen honen I. eranskinean kontsultatu ziren entitateak, jasotako erantzunak eta egindako irismen txostenaren laburpena biltzen dira.

1.2 Jendaurreko informazioa.

56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrera atera zituen “Orkoien” haize parkearen proiektua eta ingurumen eraginaren azterketa, bi alditan atera ere, zeinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarri baitziren 2020ko ekainaren 23an eta 2021eko otsailaren 8an.

Aldi horietan bost alegazio aurkeztu dira, eta haien edukia ebazpen honetako II. eranskinean dago laburtuta.

1.3 Ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskaera.

Nordex Energy Orcoien SLk, 2021eko maiatzaren 6an, “Orkoien” haize parkearen proiektua eta ingurumen eraginaren azterketa aurkeztu zizkion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, eta ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskatu zuen, 21/2013 Legearen 39. artikuluan adierazitakoari jarraikiz.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak dokumentazio osoa helarazi zion Biodibertsitate Zerbitzuari, espedientearen azterketa teknikoari ekiteko eta ingurumen eraginaren adierazpen egokia egiteko.

2.–Proiektuaren deskribapena.

“Orkoien” haize parkeak haize sorgailu bakar bat dauka, ezaugarriok dituena: 5,8 MW-ko potentzia unitarioa; 155 mm-ko diametroko errotorea; eta 108 m-ko altuera duen abatza. Haize sorgailua Oltzako Zendeako Asiaingo kontzejuko 10. industrialdeko 225. partzelan jartzea dago pentsatuta; zehazki, X:602.203, Y:4.742.470 koordenatuan.

Gainera, sareta txarrantxatuko eta 105 metroko altuerako neurketa dorre anemometriko bat jartzea aurreikusten da Asiaingo 10. industrialdeko 212. partzelan, ezarri eta gehienez ere hiru urteko epean kenduko dena.

Parkera Aratzuri-Itza NA-7001 errepidetik hasten den bide batetik sartuko da. Bide horrek zoru ona du, eta baldintza geometriko egokiak ditu garraio berezietarako, Ororbiatik Itzara doan bidea gurutzatu arte; ordutik aurrera, toki jakin batzuk egokitzea proposatzen da. Bideek honako ezaugarri hauek izanen dituzte:

–5,0 m-ko zabalera baliagarria eta 6,5 m-ko librea; kurbaren barne erradioa, berriz, 65 m-koa.

–%7ko gehieneko malda trinkotu gabeko lurzoruetan eta, gune zehatz batzuetan, %13koa lurzoru trinkotuetan.

–Zaborra naturalezko edo material hautatuzko beheko geruza batek (25-35 cm) eta zabor legarrezko errodadura geruza batek (25 cm) osatuko dute eredu sekzioa.

–100 cm zabal eta 50 cm sakon diren luzetarako arekak, drainatzeko.

Ebakuazio azpiegiturari dagokionez, 13,2 kv-ko linea elektriko bat eraikitzea pentsatzen da: 3.930 m lurpean-airetik-lurpean; 3.100 metro airetik; eta gainerakoa lurpean. Haren bidez, Orkoiengo azpiestaziotik zuzenean 13,2 kv barratan ekoitzitako energia hustuko da. Airetiko tartearen bermeak sareta dorre metalikoekin proiektatzen dira, U70AB66 isolagailu polimerikoekin, zeinek, lotura kateen kasuan, 1 m-ko isolamendu distantzia lortzeko, estalki isolatzaileak izanen baitituzte finkatzeko grapetan, eta tutu isolatzaile termoerretraktila eroalean.

Materiala biltzeko eremu osagarriak eta obra txabolak laborantzako lursailetan paratuko dira, eta lursailok obra zibila amaitu ondoren lehengoratuko dira.

3.–Azterketa teknikoa.

Azterketa esparrua Arga eta Arakil ibaien artean dago: lur emankorrak eta sakonak dituen inguru lau bat da, nekazaritzarakoa batez ere, eta nagusiki laboreak landatzeko erabiltzen da.

Inguruaren nekazaritza emankortasun handiak azaltzen du zergatik den urria landaredi naturala, eta ia-ia partzelen eta bide ertzeen arteko mugetan baino ez da ageri, bai eta lurraldean sakabanatutako mendixka txikietan eta mazeletan ere, larrez, sasiz eta landatutako koniferoz beteta baitaude. Zehazki, haize sorgailua eta neurketa dorreak laborantzako lursailetan daude, eta, ingurumen eraginaren azterketaren arabera, ez litzaioke eraginen interes komunitarioko ezein habitati, ez eta katalogazioren bat duen ezein landaredi naturali ere, ez obrak egin bitartean, ez geroagoko mantentze lanean. Ez daude babestutako naturgune baten barruan, ez eta Natura 2000 Sarearen barneko espazio batean ere.

Bestalde, haize sorgailua Iruñerrian kokatzen da, Nafarroako hiriburutik 4,5 km-ra, eta inguruan hurbilago ditu Iruñeko metropoli arearen barruko hirigune txikiago batzuk (Ororbia, Lizasoain, Itza, Asiain, Orkoien, Aratzuri eta abar).

Aurreko guztiak aztergai den eremuaren antropizazio maila handia azaltzen du, non, soroen artean, azpiegitura eta instalazio asko eta askotarikoak tartekatzen baitira (errepideak, bideak, trenbideak, linea elektrikoak, golf zelaiak, beste kirol instalazio, urbanizazio, industrialde batzuk eta abar).

Bestalde, haize sorgailua Etxauriko Haitzetik 5 km baino zertxobait gehiagora dago, eta inguru hori Hegaztien Babesgune Berezia (ES0000150) eta Basa Fauna Babesteko Eremua (APFS-14) da. Bertan hegazti-fauna harkaiztar garrantzitsu bat dago, eta Bonelli arranoa mendez mende ugaldu da, baina, egun, ez dago lurraldetutako alerik; hala ere, noizean behin, indibiduo sakabanatzaileak ikusten dira, eta, gainera, espeziea berriz ezartzeko lan egiten ari da, Europar Batasunaren LIFE programaren barruan.

Era berean, harrapariak (miru gorria, miru beltza, arrano txikia, arrano sugezalea, zapelatza, belatz gorria eta abar) larreratzeko, elikatzeko eta ikertzeko ingurua izateaz gain, miru gorrien negu etzaleku batzuk daude, Arga eta Arakil ibaien erriberetan hedatzen direnak, Ororbia eta Ibero artean eta Asiain eta Ibero artean, hurrenenez hurren. Gainera, haize sorgailua Arga eta Arakil ibaien eraginpeko eremutik hurbil dago, eta horrek talka arriskua areagotu lezake ibaia eta haren eragin eremua erabiltzen dituzten hegazti faunako espezieentzat; izan ere, gune hori igarobide ekologikoa eta/edo ohiko okupazio eremua da espezie horientzat.

Azkenik, haize sorgailua Lozako eta Itzako urmaeletatik 3 km-ra baino gutxiagora dago, eta hori Nafarroan iparraldeen dauden hezeguneetako bat da, migratzen ari diren eta, bereziki, negu toki duten espezie anitz hartzen dituena; espezie horietako anitz Arga eta Arakil ibaietarantz mugitzen ohi dira, haiekin erlazionatuta baitaude. Inguru heze horren balioa ingurune hain gizatiartu eta sinplifikatu batean murgilduta egoteak areagotzen du.

Hala ere, aurrekoa gorabehera, pentsatzen da ezen, haize sorgailu bakarra jartzea eskatuta ere, eta hori aipatu inguruetatik (Etxauriko haitza, Lozako eta Itzako urmaelak, eta Arga eta Arakil ibaiak) halako distantzia batera egotearen eta haize sorgailurako proposatutako ingurunea oso zabala izatearen ondorioz, hegazti faunak neurri handi batean saihesten ahalko duela haize sorgailua, eta harekiko eragina bateragarria izanen dela.

Bestalde, paisaiaren ikuspuntutik, azpimarratzekoa da Iruñerriko lautada handia: mendi gerriko batek inguratzen du, oso antropizatuta dago eta oso landaredi natural urria du. Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak ez du arreta bereziko paisaiarik edo paisaia babesteko beste biderik ezarri aerosorgailuaren kokapenean. Hori guztia baztertu gabe sail horrek jarduerak lurzoru urbanizaezinean baimentzeko izapideetan egiten ahal dituen kontsiderazioak.

Ebakuazio azpiegiturari dagokionez, inguruan dauden linea elektrikoen dentsitate handiak eraginda gertatzen diren ondorio metagarri eta sinergikoak nahiz haize sorgailuaren existentzia bera direla eta, gomendagarria da lurperatzea.

Ingurumen eraginaren azterketan moderatutzat eta bateragarritzat hartzen dira inguruneko faktoreetan izanen diren inpaktuak, eta zenbait neurri prebentibo eta zuzentzaile jasotzen dira, bai eta ingurumena zaintzeko plan bat ere, non zehazten baita zer alderdi kontrolatu beharko diren obrak gauzatu bitartean.

4.–Proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoaren ondoren, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitate Zerbitzuak ondorioztatu du ongi gauzatu dela ingurumen eragina ebaluatzeko prozedura, eta uste du proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik, eta, horregatik, ingurumen eraginaren adierazpena aldekoa izatea proposatu du, eta erabaki, ingurumen ondorioetarako baino ez, “Orkoien” parke eolikoa egiten ahal dela, kontuan hartzen badira bai ingurumen eraginaz aurkeztutako azterlanean bai ebazpen honetan bildutako baldintzetan jasotako neurriak eta baldintzak.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen eraginari buruzko aldeko adierazpen hau egiten da “Orkoien” parke eolikoaren proiektuari eta haren ebakuazio azpiegiturari buruz, zeina Nordex Energy Orcoien SLk sustatu baitu Asiaingo kontzejuan, Oltzako Zendeako udalerrian, eta eragina baitu udalerri horretako ebakuazio azpiegituran, bai eta Orkoiengo udalerrikoan ere.

2. Ezartzea jarduera goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin dadila, baita honako baldintza hauek betez ere:

1.–Abelbideen gaineko ukipen zuzenei dagokienez, oro har, bete beharko da Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren txostenean ezarritakoa (2021eko irailaren 10eko txostena).

2.–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, kasu eginen zaio Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak ezartzen duenari. Atal horren baimena eskuratu beharko da, eta zenbait baldintza bete beharko dira, azkenean gauzatuko den proiektuari dagozkionak.

Hala eta guztiz ere, lanak egin bitartean lur azpian agertuko balitz aztarna arkeologikoren bat, ordura arte ezezaguna, sustatzaileak gogoratu beharko du legezko betebeharra duela horren berri berehala emateko Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ondare Historikoari buruzko indarreko legediak jasotzen duenaren arabera (Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/85 legearen 43.3 eta 44. artikuluak).

3.–Kontuan hartuta zeinen garrantzitsuak diren landaredi naturaleko eremuak nagusiki nekazaritzakoak diren eta oso antropizatuta dauden inguruneetan, eta zer-nolako interesa duten fauna, flora, paisaia eta abarren ikuspuntutik, ezinen da jardun Oltzako Zendeako 3. industrialdeko 212. partzelan eta 10. industrialdeko 223. partzelan, eta obrak hasi baino lehen balizatu beharko dira.

Makineria eta materialak biltzeko guneak ezin izanen dira kokatu berezko landaredia sortzen den lekuetan.

4.–Linea elektrikoaren inpaktuak eta egungo nahiz proiektatutako beste azpiegitura batzuekiko ondorio sinergikoak eta metagarriak murrizteko, energiaren ebakuazio sistema birplanteatuko da, osorik lurperatzeko.

5.–Sustatzaileak emandako informazioaren arabera, kable txarrantxatuak dituen neurketa dorre anemometrikoa ezarri eta gehienez ere hiru urteko epean desmuntatuko da. Aldi hori luzatu nahi bada, eta fauna hegalariaren talka arriskua ahalik gehiena murrizteko, kablerik gabeko dorre autosostengatu batek ordeztuko du kable txarrantxatuak dituen neurketa dorre anemometrikoa.

6.–Ingurumen eraginaren azterketan ezartzen den bezala, haize sorgailua argiztatzeko Dual Media A / Media C argiztapen sistema jarriko da, eta, haize sorgailuaren dorrean, E motako argiak ere bai, intentsitate baxukoak, baldin eta hori guztia bateragarria bada Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziaren (AESA) determinazioekin.

7.–Haize sorgailutik 1.000 metro baino hurbilago dauden eremuak, aurrerantzean, ez dira animalien gorpuak uzteko eremu egokitzat hartuko, 46/2014 Foru Agindua aplikatuz, hartan arautzen baita basa faunaren zenbait espezie gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuekin elikatzeko modua eta Nafarroako Foru Komunitateko hegaztientzako bazkalekuen funtzionamendua, eta, horrez gainera, Europar Batasuneko intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremua ezarri eta funtzionamendurako arauak zehazten dira. Sustatzaileak horren berri eman beharko die ukitutako abeltzaintzako ustiategiei. Gomendagarria da gorpuak uzteko tokien eta parkearen arteko distantzia dezente handitzea, hegazti nekrofagorik ez erakartzeko.

8.–Jarraipen- eta zaintza-plana: Eraikitzeko administrazio baimenaren eskaerarekin batera, zeina sustatzaileak aurkeztu behar baitu bat etorriz Haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 14. artikuluarekin, obra eta funtzionamendu faseetarako jarraipen eta zaintza plan bat aurkeztu beharko da, Ingurumen Eraginaren Atalaren onespena beharko duena, eta hor proposatuko da egin beharreko jarduketen metodologia eta, zehazki, honako hauena, gutxienez:

–Azterketa bat eginen da jakiteko nola erabiltzen duten abifaunak eta kiropteroek espazioa, eta zer ugaritasun duten, gutxienez ere martxan jarri eta hurrengo hiru urteetan.

–Parkea martxan jarri eta 3 urtera, hegaztiek eta kiropteroek ezarpen eremu hori nola erabiltzen duten ezaugarrituko da, eta horretarako erabiliko da operazio aurreko egoera aztertzeko metodologia bera edo, kasua bada, Ingurumen Eraginaren Atalak baliozkotzen duena. Horrela, bi egoerak alderatuko dira. Emaitza zein den, neurri berriak planteatzen ahalko dira ukipena gutxitzeko.

–Instalazioaren balio bizitza guztian, haize parkeak hegazti faunan eta kiropteroetan duen eraginaren jarraipena egin beharko du sustatzaileak.

Haize parkea martxan jarri ondoko lehen hiru urteetan, eskatutako aerosorgailuan gertatzen diren gorabeheren jarraipena eginen da. Jarraipen fase horretan, eta hilabete arteko zifra konparagarriak edukitzeko, astero berrikusiko da haize sorgailua, eta nahitaezkoa izanen da zakur hezia erabiltzea. Laugarren urtetik aurrera, eta eskuratutako datuen arabera, jarraipen ahalegina txikitzeko eskatzen ahalko da, eta, horretarako, berariaz eskuratu beharko da Ingurumen Eraginaren Atalaren onespena.

Parkearen bizitza baliagarriaren edozein unetan hegazti faunan hilkortasun adierazgarria gertatuz gero, neurri gehigarriak ezarriko dira aipatu eragin hori ahalik gehiena gutxitzeko, eta horien artekoa izaten ahalko da haize sorgailuaren abiarazte abiadura ezartzea 5m/s-tik aurrera jarduera handieneko uneetan. Jarraipen eta zaintza planak proposamen bat izanen du, neurri horiek zer atalasetatik aurrera aplikatu zehazteko. Aipatu atalase horiek eta neurri gehigarriek Ingurumen Eraginaren Atalaren aurretiko eta berariazko onarpena lortu beharko dute.

–Planak aintzat eta barrenean hartuko du III. eranskineko protokoloa, haize parkeetako fauna gorabeheretan jarduteko protokoloa.

9.–Ingurumen arloko integrazioa:

–Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak pilatzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahal den txikiena izanen da eta uki ez daitezkeen eremuak balizatuko dira.

–Haize sorgailuaren plataformarako, bideetarako eta abarrerako lur erauzketetan eta lubetetan, gehienez 2H:1V-ko maldak izanen dira onargarriak, landareztatzearen emaitza onartzeko modukoa izan dadin.

–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Obrek eragindako gainazal guztiak, aldi batez eragindakoak barne, lur geruza batez estaliko dira, zeina lehenago kendu eta behar bezala pilatuko baita. Obrak amaitu baino sei hilabete lehenago, eremu horiek tokiaren bereizgarri diren larre-hazi autoktonoen nahasketa batez ereinen dira, lurrak landatzeko erabili ezean.

10.–Obrak hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari ohartarazi beharko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es).

11.–Obrak egin bitartean 15 cm-tik gorako diametro normaleko zuhaitzak kendu behar badira, harremanetan jarri beharko da Ingurumena Zaintzeko Atalarekin (Iruñeko Koordinazio Unitatea) (gmapamplona@navarra.es; 608 062649 telefonoa), eta baimen egokia eskatu beharko da, honako hauetan xedatutakoaren arabera: 13/1990 Foru Legea, abenduaren 31koa, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzkoa (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatua) eta garatzen duen erregelamendua.

12.–Ustiapen aldia amaitzean, haize parkeak eta haren ebakuazio azpiegiturak eragindako eremua urtebete igaro aurretik lehengoratuko da. Instalazio guztiak behar bezala eraitsi eta kenduko dira, hondakinak indarreko legediaren arabera kudeatuko dira eta landare estalkia lehengoratuko da. Jarduketa horiek dagokien ingurumen-ebaluazioko prozeduraren esparruan eginen dira.

13.–Ingurumen eraginaren adierazpena argitaratu eta ondoko hiru urteetan ez bada eraikitzen hasten haize parkea, eta adierazpena berritzeko eskatu nahi bada (Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikulua), urteko beste azterketa bat egin beharko da, hegazti faunaren eta kiropteroen espazioen erabilerari buruz. Sustatzaileak azterketa hori aurkeztu beharko du, eragin adierazpena berritzeko eskaerarekin batera.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Oltzako Zendeako eta Orkoiengo udalei, Oihan Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Iruñeko barrutia) eta sustatzaileari.

Iruñean, 2021eko urriaren 8an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Aldez aurreko kontsulten tramitearen emaitza

Kontsulta egin zaien erakundeen zerrenda eta eman dituzten erantzunen laburpena:

Aurretiazko kontsulten tramitean kontsultatutako entitate eta erakundeen zerrenda; erantzuna igorri dutenak adierazi dira.

Oltza Zendeako Udala

X

Orkoiengo Udala

X

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atala

X

Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atala

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala

X

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua

X

Herri-lurren Atala.

X

Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia

X

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua

Ekologistak Martxan

Gurelur

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa

Sustrai Erakuntza fundazioa

Gorosti Natur Zientzien Elkartea

Red Eléctrica de España SA

X

Oltzako Zendeako Udalak informazioa eskatu du proposatutako haize sorgailuaren iraupenari buruz, bai eta planteatutako ebakuazio azpiegiturak egungo zutoinak erabiltzeari buruz ere, eta ohartarazi du haize sorgailua jartzeak ez duela okupatu behar egungo herri bidea. Era berean, honako hauek ere aipatu ditu: kalifikazioa eta araudi erregulatzailea, eragindako lurretarako Hirigintzako Udal Planaren arabera; udalerriko ondare arkitektonikoan eta arkeologikoan eraginik ez izatea; trenbide baterako eta hiriarteko bideetarako aurreikusitako trazadurekiko distantzia; eta aurreko plan horretan intereseko ibilbidetzat hartzen den abelbide batetik hurbil egotea. Gainera, Udalak kezka adierazi du Aratzuriko hiri-zeharbideko bidegurutzeagatik, eta beharrezkotzat jotzen du zirkulazioaren bideragarritasun azterketa egitea behar diren garraio eta eraikuntzako ibilgailuentzat. Azkenik, ohartarazi du aztertu behar dela ikusizko zer inpaktu sortuko litzatekeen Oltzako Zendean, eta zein litzatekeen ebakuazio azpiegituragatik aurreikusitako inpaktua.

Orkoiengo Udalak adierazi du jarduera baimentzekoa dela indarrean dagoen Hirigintzako Udal Planaren arabera. Hala ere, linea elektrikoen paisaia eraginaz eta eragin funtzionalaz ohartarazi du, eta esan du estrategia bat izan behar dela bere udalerrian lineak multzokatzeko, lurperatuta ahal dela.

Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalak proiektuak abelbideetan duen eragina zehaztu du, eta adierazi zer tresnaren bidez egin zen abelbide horien gaineko adierazpena. Era berean, abelbidetik (22. pasagunea) igarotzen den pista zatia hobetzeko proposamenaren aurkako irizpena eman du, eta baimentzeko modukotzat jo ditu gainerako jarduketak, baldintza jakin batzuk betez gero.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak esaten du zer araudi eta tresna, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzkoak, hartu behar diren aintzat Nafarroan parke eolikoak ezartzeko.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak uste du auzian dauden haize-parke horien ezarpenak ez duela eraginik sortzen gaur egungo ureztalurren gainean, ezta Nafarroako Foru Komunitateko Ureztalurren Planaren gainean ere.

Herri-lurren Atalak jakinarazi du aurkeztutako proiektuak ez diela eragiten Ororbiako Kontzejuaren eta Orkoiengo Udalaren herri lurrei. Hala ere, bere eskumenaren esparruan, behin betiko proiektuak azkenean herri lurrei eragiten badie, egin beharreko izapideen berri eman du.

Herri-lanen Zuzendaritza Nagusiak esan du proiektuak eragiten ahal diela egungo bide azpiegiturei eta 2010-2018ko Nafarroako Errepideen III. Plan Zuzentzailean bildutako jarduketei. Trenbide azpiegiturei dagokienez, esan du ez zaiela eragiten egungoei, baina ingurua trenbide sarearen informazio azterlanaren barruan dagoela Iruñerrian. Eta azpiegitura hidraulikoei dagokienez, jakinarazi du jarduketa Nafarroako ubidearen esparrutik kanpo dagoela.

Red Eléctrica de España SAk adierazi du aerosorgailuak ez diola eragiten bere jabetzako ezein instalaziori. Hala ere, ebakuazio azpiegiturari dagokionez, esan du ez duela informazio nahikorik litekeen eragina balioztatzeko, eta eskatu du behin betiko proiektua aurkeztu ondoren bidaltzeko, azter dezan.

Ingurumen Eraginaren Atalak ingurumen eraginaren azterketaz egin duen irismen txostenaren laburpena.

Jakinarazi da proiektuaren esparrua hegazti faunako espezie ugari larreratzeko eta elikatzeko ingurua dela, eta espazio horietako anitz babestuta daudela.

Alde horretatik, nabarmentzen da haize sorgailua “Lozako eta Itzako urmaelak” eremu hezetik hurbil dagoela, eta hori garrantzi handikoa dela espezie migratzaileek eta/edo urtarrek atseden hartzeko, eta/edo ugaltzeko; gainera, adierazten da aztertu behar dela zer eragin duen hegazti faunak haien eta Arga eta Arakil ibaien artean dituzten komunikazio bideetan. Era berean, azpimarratzen da haize sorgailuak hurbil samar duela “Etxauriko harkaitz”-eko basa faunaren babes eremua eta hegaztien babes bereziko eremua, non nabarmentzekoa baita harkaiztietako hegaztien populazioa, Bonelli arranoaren lurralde tradizional bat izateaz gain. Gaur egun abandonatuta dago, eta indibiduo sakabanatzaileek bisitatzen dute. Era berean, nabarmentzen da miru gorrien etzaleku bat dagoela haize sorgailutik hurbil.

Azpimarratzen da komeni dela proposatutako ebakuazio azpiegitura bateratzea egungo beste linea elektriko batzuekin, edo hura lurperatzea, gogorarazteaz gain hori babes eremuaren barruan sartzea, 1432/2008 Errege Dekretua aplikatzearen ondorioetarako.

Azkenik, indarreko legedia gogora ekartzen da, eta nahitaezkoa dela, bateko, azterlan bat sartzea hegazti faunak eta kiropteroek eremuaz egiten duten erabileraren urteko ziklo osoari buruz, besteko, paisaiaren azterketa gehitzea, eta aztertzea proiektuak, egungo eta proiektatutako gainerako azpiegiturekin batera, izanen dituen inpaktu metagarri eta sinergikoak.

II. ERANSKINA

Jendaurreko tramitean jarri izanaren emaitza

Jendaurreko informaziorako lehen aldian aurkeztutako alegazioen laburpena:

Gurelur

Alegatzaileak honako hauek adierazi ditu:

1. Fauna hegalariari buruzko azterketa ez da osoa, ez baititu kontuan hartzen urteko hamabi hilabeteak.

Erantzuna:

Ingurumen eraginaren azterketa, 2020ko maiatzekoa, jendaurrera zabaldu zen 2020ko ekainaren 23ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta hegazti faunari buruzko azterlan partzial bat zuen, bai eta kiropteroei buruzko beste bat ere; bata 2019ko uztailaren 15etik 2020 apirilaren 1era artekoa eta bestea 2019ko abuztutik urrira artekoa, hurrenen hurren.

Geroago, 2021eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean paratutako iragarki bidez, bigarren jendaurreko informazio aldia abiatu zen, zeinean ingurumen eraginaren beste azterketa bat azaldu zen, 2021eko urtarrilekoa, urteko azterlan bana zuena, hegazti faunari eta kiropteroei buruz hurrenez hurren (2019ko uztailaren 15etik 2020 uztailaren 15era arte, eta 2019ko abuztutik 2020 uztailera arte).

2.- 2030erako Nafarroako Energia Planaren arabera, haize parkeak ezartzeko “desegokitzat” jotako eremuen okupazioa.

Erantzuna:

NEP 2030ean haize-parkeak hartzeko gai ez diren eremuak deklaratu dira aintzat harturik ingurumen baldintzak, lurralde-antolamendukoak eta Garapen Ekonomikorako Departamentuak proposaturiko beste alderdi batzuk, departamentu hori baita NEP 2030aren sustatzailea. Orkoiengo haize parkeak eragindako eremu “desegokiak” ez dira desegokitzat jotzen NEP 2030ean jasotako ingurumen baldintzatzaileetako ezeinen ondorioz.

Jendaurreko informaziorako bigarren aldian aurkeztutako alegazioen laburpena:

Nafarroako Ekologistak Martxan

Alegatzaileak honako hauek adierazi ditu:

1.–Gogoeta egin du Nafarroako egoera energetikoari buruz eta, zehazki, energia eolikoaz, eta azpimarratu da arazo dela ekoizpen defizita izatea une batzuetan, baina bestetzuetan, ekoizpena handiegia izatea, eta horrek deskarbonizazioa zailtzen duela. Era berean, NEP 2030ean haize parkeak jartzeko ezarritako zonifikazioa aipatu du, eta anitzetan ez dela kontuan hartzen esan.

Erantzuna:

NEP 2030ean haize-parkeak hartzeko gai ez diren eremuak deklaratu dira aintzat harturik ingurumen baldintzak, lurralde-antolamendukoak eta Garapen Ekonomikorako Departamentuak proposaturiko beste alderdi batzuk, departamentu hori baita NEP 2030aren sustatzailea. Haize parkerako proiektu bakoitzaren ingurumen eraginaren ebaluazioan, proiektu mailan, parke zehatz bakoitzak sortutako ingurumen eragina ebaluatzen da.

2.–Oro har, parke eolikoen proiektuen inpaktuak azaldu ditu, eta babestutako eremuen eta haiek lotzeko edo konektatzeko eremuen ingurumen garrantzia azpimarratu. Era berean, azpimarratu du garrantzitsua dela kontuan hartzea ez bakarrik espezie babestuak berreskuratzeko eta kontserbatzeko ezarritako hazkuntza eta ugaltze eremuak, bai eta elikatzeko eta sakabanatzeko dituzten inguruak ere.

Erantzuna:

Ingurumen eraginaren adierazpena egitean kontuan hartzen da.

3.–Ez dira kontuan hartzen erabilitako materialen ekoizpenean zabaltzen diren CO2 emisioak, ez eta parke eolikoaren eraikuntza eta mantentze fasean ere.

Erantzuna:

Ingurumen eraginaren adierazpen hau idaztean kontuan hartu dira, gogoan izanda ezen, haize sorgailuaren bizitza baliagarrian zehar, positiboa dela saihestutako emisioen eta alegazio honetan emandako arrazoiengatik gertatutakoen arteko aldea.

4.–Haize sorgailua ezartzeko eremutik hurbil lortutako ingurumen balioetako batzuk azaldu ditu:

–Etxauri ingurutik hurbil dago, eta eremu hori Bonelli arranoa berriz sartzeko europar proiektuetan eta berreskuratze planean dago; gainera, katalogatutako beste hegazti nekrofago batzuk daude, inguruko instalazio termikoak eta abeltzaintzako ustiategiak baliatzen dituztenak. Gainera, ugatzak begiztatzen dira inguruetan.

–Miru gorria: neguko etzaleku bat dute hurbil, Arga-Arakil ibaiaren inguruan.

–Lozako eta Itzako urmaelak hurbilean, horrek eremu heze horretan maiz ibiltzen diren hegaztiei dakarkien talka arriskuarekin.

Erantzuna:

Ingurumen eraginaren adierazpena egitean kontuan hartu da. Hala ere, eremu horietara arteko distantzia, aerosorgailu bakarra jartzeko eskaera eta ingurunearen zabaltasuna direla eta, pentsatzen da saihets daitekeela haize sorgailu hori, bai eremuekiko lotura bideetan, bai lurraldeaz baliatzen diren espezien larreratzean, eta, horregatik, talka arriskua txikia da, eta bateragarritzat jotzen da.

5.–Alternatiben proposamena: energia kontsumoa murriztea; efizientzia energetikoa; autokontsumoa; erregai fosilen ordez energia berriztagarriak erabiltzea.

Erantzuna:

Alegazioak proiektu honen esparrua eta ingurumen eraginaren ebaluazioa gainditzen ditu.

6.–Parke berriak planteatu baino lehen egungo haize parkeak sustatu beharra.

Erantzuna:

Alegazioak proiektu honen esparrua eta ingurumen eraginaren ebaluazioa gainditzen ditu.

7.–Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legea aldatzeko eskaera, sustatzaileak izan daitezen haize eta eguzki parkeek eta haien ebakuazio azpiegiturek eragindako hegazti eta saguzarren heriotzaren erantzuleak.

Erantzuna:

Alegazioak proiektu honen esparrua eta ingurumen eraginaren ebaluazioa gainditzen ditu.

Ongaiz-Zangoza aldeko Ekologistak Martxan.

Alegazioa Nafarroako Ekologistak Martxan taldeak egindakoaren antzekoa da, eta, beraz, erantzunak berak dira.

Saguzarrak Kontserbatzeko eta Aztertzeko Espainiako Elkartea.

Alegatzaileak honako hauek adierazi ditu:

1.–Ingurumen eraginaren azterketan neurri prebentibo eta zuzentzaile zehatzik ez egotea saguzarren taldearentzat; besteak beste, haize sorgailua, saguzarrentzako arrisku gauetan, 6 m/s-tik beherako haize abiadura dagoenean, geratu beharko litzateke. Geldialdi horiek kontuan hartu beharko lirateke proiektuaren errentagarritasunaren hasierako azterketan.

Erantzuna:

Ingurumen eraginaren adierazpeneko baldintzetan kontuan hartzen da.

2.–Zenbait ohartarazpen egin dira Ingurumena Zaintzeko Programan fauna hegalariaren talken kontrolari buruz dagoen atalaz; besteak beste, laginketa maiztasuna gehienez ere 10 egunera handitzeko beharra; laginketetan zakur hezia erabiltzeko komenigarritasuna; eta aurkitutako hilikiak kontserbatzeko gomendioa.

Era berean, portaeraren aldaketaren gaineko eragina eta arrisku egoerak zein diren jakiteko, esan da komeni dela saguzarren jardueraren jarraipena egitea, operazio aurreko fasean egindakoaren antzekoa.

Bi alderdiak (jarduera eta hilkortasuna) zorrotz zenbatesten badira, korrelazioan jartzen ahalko dira, eta eredu prediktiboak egin parke eoliko berrietan.

Erantzuna:

Ingurumen eraginaren adierazpeneko baldintzetan kontuan hartzen da.

3.–Ingurumen eraginaren azterketan esaten da neurri zuzentzaileak ezartzen direla alerta atalase eta/edo atalase kritiko batzuetatik aurrera, baina ez dira zehazten atalase horiek eta aplikatu beharreko neurriak.

Erantzuna:

Ingurumen eraginaren adierazpeneko baldintzetan kontuan hartzen da.

4.–Ingurumen eraginaren azterketaren arabera, hegazti faunaren gaineko eragina hautemanez gero, gertaeraren larritasunaren araberako neurriak hartuko dira, baina horrek argi uzten du saguzarrak ahaztuta geratzen direla.

Erantzuna:

Ingurumen eraginaren adierazpeneko baldintzetan kontuan hartzen da, hartan esaten baita zaintza eta jarraipen planak aintzat hartuko duela hegazti faunaren eta kiropteroen gaineko eragina.

Orkoiengo Udala

Alegatzaileak honako hauek adierazi ditu:

1.–Ohartarazi du ezen, udal arloko hirigintza txostenaren arabera, linea elektrikoen presentziak paisaia eragina eta eragin funtzionala dituela lurraldean, eta, horrenbestez, estrategia bat izan behar dela udalerrian lineak multzokatzeko, lurperatuta ahal dela.

Erantzuna:

Ingurumen eraginaren adierazpena egitean kontuan hartzen da, ebakuazio azpiegitura lurperatzea jasotzen baitu.

2.–Jarduketa eremuan, NA-700 errepidea azpiestazio elektrikoaren parean bitan banatzea aztertzen ari da, AP15aren lotzeko, eta hori kontuan hartu beharko da espedientean.

Erantzuna:

Edukia ez da ingurumen arlokoa.

3.–Linea elektrikoa Orkoiengo udalerritik pasatzean lurperatzeko eskatu du.

Erantzuna:

Ingurumen eraginaren adierazpena egitean kontuan hartzen da, ebakuazio azpiegitura lurperatzea jasotzen baitu.

III. ERANSKINA

Nafarroako parke eolikoetan fauna gorabeherengatik jarduteko protokoloa

1.–Gorabeheren berri ematea Ingurumen Eraginaren Atalari.

1. Espezie sentiberak: Posta elektronikoa igorri berehala Ingurumen Eraginaren Ataleko Ingurumen Jarraipenaren Bulegora (seguimiento.ambiental@navarra.es), gorabeheraren fitxa erantsita.

Espezieak: Bonelli arranoa, arrano beltza, mirotz zuria, mirotz urdina, miru gorria, ugatza, sai zuria, Naumann belatza, basoilo handia, ganga azpizuria, ganga azpibeltza, Portugalgo pirripioa, basoilo txikia eta txori zezen arrunta.

2.–Gorabehera guztien datu-basea (Acess formatuan), espezie sentiberei dagozkienak barne: hilero bidali aldi horretako gorabeherak, argazkirik gabe, errazago bidaltzeko eta maneiatzeko, posta elektronikoz Ingurumen Eraginaren Ataleko Ingurumen Jarraipenaren Bulegora (seguimiento.ambiental@navarra.es). Gorabehera guztiak bilduko dira.

3.–Urteko memoria, formatu digitalean entregatu beharrekoa, non balorazio bat jasoko baita, izandako emaitzena, joerena, ukitutako espezie sentiberena, etab. Halaber, ordura arte bidalitako gorabehera guztien argazkiak jasoko dira.

Iragarkiaren kodea: F2114880