250. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

347/2021 EBAZPENA, urriaren 8koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita ingurumen baimen integratu batean ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Baimen hori Carcarko udal-mugartean etxeko hondakinen tratamendu zentroa eta hondakin ez-arriskutsuen zabortegia hartzen dituen instalazioarena da, eta Servicios de Montejurra SA da jardueraren titularra.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 29ko 2125/2004 Ebazpenaren bidez emana.

2021eko ekainaren 11n, titularrak ingurumen baimen integratuan sartutako baldintzak aldatzeko eskatu zuen, zehazki, ezabatzea atmosferara konfinatutako isurtze-foku gisa konposta fintzeko bilketa mahuka-iragazki bidez egiten duen tratamendu-sistemaren isurtzea, eta, horrekin batera, kontrolak egiteko beharra ezabatzea, alegatuta tratamendu-sistemak fintzeko nabearen barruan egiten duela isurpena.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, aldaketa-espediente hau ez dela jendaurrean jarri behar iritzita.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea funtzionamendu baldintzak aldatzeko egindako eskaera, instalazio honen ingurumen baimen integratuari dagokionez: Carcarko udal-mugartean etxeko hondakinen tratamendu zentroa eta hondakin ez-arriskutsuen zabortegia hartzen dituen instalazioa. Montejurra SA da haren titularra. Horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak bete beharko dituzte instalazio horren ingurumen baimen integratuaren espediente administratiboetan ezarritako baldintzak, bai eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak eta neurriak ere.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Servicios de Montejurra SAra eta Carcarko Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urriaren 8an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2115041