250. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

118/2021 EBAZPENA, urriaren 1ekoa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak lanbide gaitasuna egiaztatzeko antolatzen dituen prozeduretan parte hartzen duten pertsonentzako egiaztapen partzial metagarriak aitortzeko eta integratzeko prozedura arautzen duena.

Profesionaltasun ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak xedatzen du lan arloko administrazioak behar den profesionaltasun ziurtagiria egin eta emanen diola eskatzen duenari, betiere, hezkuntza sisteman egindako ikasketen bidez, eskuratu baldin badute kasuan kasuko profesionaltasun ziurtagiria osatzen duten gaitasun unitateei lotutako lanbide modulu guztiak gainditu izana egiaztatzeko ikasketa ziurtagiria, hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorrari buruz indarra duen Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat. Hala ere, ez dago zehaztuta zein prozedura segitu behar den gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak gainditu izana egiaztatzeko ikasketa ziurtagiriek izan ditzaten profesionaltasun ziurtagirien eta egiaztagiri partzial metagarrien ondorio berberak.

1147/2011 Errege Dekretuak, uztailaren 29koak, hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duenak, 52. artikuluaren 6. apartatuan ezartzen du lan arloan eskumena duten administrazioek behar den profesionaltasun ziurtagiria eginen dietela hala eskatzen dutenei, betiere hezkuntza sisteman egindako lanbide irakaskuntzen bidez lortu badu behar den ikasketa ziurtagiria, hots, profesionaltasun ziurtagiri hori osatzen duten gaitasun unitateak gainditu izana egiaztatzen duena, haiei loturiko lanbide moduluak gaindituak izateagatik, eta lanbide heziketako titula lortu ez badute.

Bestalde, 1224/2009 Errege Dekretuak, uztailaren 17koak, lan esperientziaren bidez eskuratutako lanbide gaitasunak aitortzeari buruzkoak, honako hau jasotzen du lanbide gaitasuna egiaztatzeko prozeduraren helburuen artean: pertsonei bizialdi osoko ikaskuntza eta lanbide kualifikazioaren gehikuntza erraztea, aukera emanez egiaztapen partzial metagarria lortzeko, lanbide heziketako titulua edo profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratutako prestakuntza osatze aldera.

Bizialdi osoko ikaskuntza errazteko eta ikaskuntza hori egiaztatzeko asmo horrekin, Hezkuntzako kontseilariaren urtarrilaren 12ko 2/2017 Foru Aginduak Nafarroako hezkuntza sistemako lanbide heziketako ikasleek profesionaltasun ziurtagiriak eta egiaztapen partzial metagarriak eskatzeko prozedura arautzen du. Hala eta guztiz ere, eta Hezkuntza Departamentuak gaitasuna eta enplegurako lanbide heziketa egiaztagarria egiaztatzeko eskumenak bere gain hartu ondoren, ziurtagiriarekin lotutako eskumenarekin, beharrezkoa da gaitasunak egiaztatzeko prozedura eta hezkuntza sistemaren prestakuntza (hezkuntza sisteman gainditutako lanbide moduluen edo lanbide gaitasuna ebaluatzeko, aitortzeko eta egiaztatzeko prozeduran parte hartzen duten pertsonek egiaztatutako eskumen unitateen aitorpenari dagokionez) konektatuko dituen mekanismo bat arautuko duen garapen bat.

Horregatik, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuko zuzendariaren txostena aztertu da.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Lanbide moduluak eta gaitasun unitateak aitortzeko jarraibideak onartzea, lanbide gaitasuna ebaluatzeko, aitortzeko eta egiaztatzeko prozeduren testuinguruan.

2. Ebazpen honen I. eranskinean jasotako jarraibideak Nafarroako Gobernuak gaitasuna ebaluatzeko, aitortzeko eta egiaztatzeko antolatzen dituen prozeduretan parte hartzen duten pertsonei soilik aplikatuko zaizkie.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskina Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuari, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuari, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoari helaraztea, dagozkion ondorioetarako.

5. Ebazpen honen eta bere eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Iruñean, 2021eko urriaren 1ean.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

I. ERANSKINA

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak lanbide gaitasuna egiaztatzeko antolatzen dituen prozeduretan parte hartzen duten pertsonentzako egiaztapen partzial metagarriak aitortzeko eta integratzeko jarraibideak

Jarraibide hauek prozedura batzuk zehazten dituzte, hain zuzen ere, gaitasuna ebaluatzeko, aitortzeko eta ebaluatzeko Nafarroan antolatutako prozeduretan parte hartzen duten pertsonek beste egiaztagiri ofizial batzuk integratu ahal izan ditzaten prozeduraren esparruan lortzen direnekin, dagozkion egiaztagiriak lortzeko.

1.–Egiaztapen partzial metagarriak aitortzea.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak gaitasuna egiaztatzeko antolatzen dituen prozeduren esparruan, honako hauek integratzen ahalko dira profesionaltasun ziurtagiriak lortze aldera: ziurtagiri horietan jasotako gaitasun unitateei buruzko egiaztagiriak, ziurtagiri horien prestakuntza moduluei buruzko egiaztagiriak eta lanbide heziketako titulu ofizialetan sartutako lanbide moduluak, profesionaltasun ziurtagirietako gaitasun unitateekin bat datozenak.

Aitorpen hori bi baldintza hauek betetzen direnean bakarrik eskatzen ahalko da:

–Gaitasun unitateak, prestakuntza moduluak edo lanbide moduluak profesionaltasun ziurtagirian jasota egotea, eta horien gaitasun unitateei gaitasuna ebaluatzeko, aitortzeko eta egiaztatzeko prozedura egin behar izatea.

–Aitortu daitezkeen gaitasun unitateek, prestakuntza moduluek edo lanbide moduluek, interesduna parte hartzen ari den egiaztapen prozeduraren bidez ebaluatzen diren gaitasun unitateekin batera, profesionaltasun ziurtagiri bat lortzeko aukera ematea.

2.–Gaitasun unitateak, lanbide moduluak edo prestakuntza moduluak aitortzea.

Aurreko puntuan adierazitako baldintzekin, honako hauek eskatzen ahalko dira:

a) Gaitasun unitateak txertatzea. Interesdunak gaitasun unitate bat egiaztatu izanaren ziurtagiri ofizial bat badu, unitate hori txertatzen ahalko du profesionaltasun ziurtagiri bat osatu ahal izateko, zeinahi delarik ere ziurtagiri hori eman duen administrazioa (lanekoa edo hezkuntzakoa) eta autonomia erkidegoa.

b) Profesionaltasun ziurtagirien prestakuntza moduluak aitortzea. Interesdunak baldin badu profesionaltasun ziurtagiri batean jasotako prestakuntza modulu bat ebaluazio positiboarekin gainditu izanaren ziurtagiri ofizial bat, modulu horri lotutako gaitasun unitatea aitortzeko eskatzen ahalko du.

c) Lanbide heziketako tituluen lanbide moduluak aitortzea. Interesdunak baldin badu profesionaltasun ziurtagiri batean jasotako gaitasun unitate bati lotutako lanbide modulu guztiak ebaluazio positiboarekin gainditu izanaren ziurtagiri akademiko ofizial bat, gaitasun unitate hori aitortzeko eskatzen ahalko du.

3.–Egiaztapen partzial metagarriak aitortzeko eta txertatzeko eskaera.

Aurreko puntuan aipatutako egiaztapen partzialetako bat aitortzea eta txertatzea nahi duten eta egiaztapen prozedura batean parte hartzen duten pertsonek Hezkuntza Departamentuko Kualifikazioen eta Lanbide Orientazioaren Atalari zuzendutako eskaera bat aurkeztu beharko dute, parte hartzen duten egiaztapen prozedurako ebaluazio fasean izena eman aurretik. Eskabidearen eredua II. eranskinean ezarritakoa da.

4.–Eskabideen ebazpena.

Kualifikazioen eta Lanbide Orientazioaren Atalak ebaluazio fasean izena emateko epea amaitu baino lehen ebatziko ditu eskabideak, izen emateko hori hartutako erabakiaren arabera egin ahal izateko.

5.–Aitortutako gaitasun unitateak egiaztatzea.

Prestakuntza moduluak edo lanbide moduluak aitortzeko eskabidea onartzen bada, onarpen hori behin-behinekoa izanen da harik eta egiaztapen prozedura amaitu arte.

Prozedura gaitasun unitateen ebaluazio positiboarekin amaitzen bada, eta 2.a puntuan aurreikusitakoaren arabera txertatutakoekin batera eta behin-behinean aitortutakoekin batera, eskatzaileak dagokion profesionaltasun ziurtagiria lortu badezake, Hezkuntza Departamentuak onartu zituen gaitasun unitatearen edo unitateen egiaztapen ziurtagiria emanen du, eta, horrek dagokion profesionaltasun ziurtagiria ematea eskatzeko eskubidea emanen du.

II. eranskina.–Eskabidea (DOCa).

Iragarkiaren kodea: F2114579