250. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

4465E/2021 EBAZPENA, urriaren 11koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez 2021eko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onesten baitira prestakuntza programak egiteko. Programa horiek landunei zuzenduta daude, aldaketa teknologikoekin eta eraldaketa digitalarekin zerikusia duten gaitasun profesionalak lortu eta hobetu ditzaten. DDBN identifikazioa: 589536.

COVID-19aren pandemiak eragindako egoerak agerian utzi du eraldaketa digitalaren garrantzia, bai eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiek (IKT) ekoizpen sarean duten eragin sakona ere. Mugikortasuna murriztu den hilabeteetan, nabarmena izan da telekomunikazio-sareen gaitasuna eta ahalmena konektatuta egoteko, premia larria egon denean behar horri erantzuteko. Horrez gain, ikus-entzunezko zerbitzu digitalak aisialdian eta entretenimenduan kontsumitzen diren ondasun gisa finkatu dira, eskura dagoen alternatiba baitira mugikortasun mugek ukitutako jarduerei eusteko. Telelana ere nabarmen handitu da, eta bultzatu egin da hezkuntzaren digitalizazioa.

Ekonomiaren eta gizartearen eraldaketa digital azkar horren ondorioz, gaitasun digitalak oinarrizko tresna bihurtu dira, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren aldetik eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatu ahal izateko. Horrela bada, lehentasun nagusietako bat da gaitasun digitalak eskuratzea eta garatzea. Hori aintzat hartuta, are beharrezkoagoa da bermatzea gizarte osoak eskuratzen ahal dituela ekonomia digital berriak eskaintzen dituen aukerak, bai eta gaikuntza digitala sustatzea ere, besteak beste, landunen artean eta enpresetan, laguntza emanez azken horiek digitalizatzeko eta eredu produktiboa ekonomia emankorrago, sendoago eta iraunkorrago baterantz bideratuz, ongizatea eta gizarteratzea hobetzeko.

Horregatik guztiagatik, bidezkoa da prestakuntza programak bultzatzea, kalitatezko enplegua sortzeko eta lanean ari direnen prestakuntzazko eguneratze profesionala, lanbide sustapena eta aukerak indartzeko, etorkizunari aurre egiteko dauzkaten gaitasunak sendotzeko.

Irailaren 9ko 30/2015 Legeak, Lan arloan enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duenak, eta lege hori garatzeko uztailaren 3an emandako 694/2017 Errege Dekretuak sistemaren erreforma integralari ekin diote, esparru juridiko berria ezarriz prestakuntza arloko ekimenentzat.

694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren bidez, oinarriak ezarri ziren administrazio eskudunek prestakuntza eskaintza finantzatzeko dirulaguntza publikoak nola eman arautzeko. Agindu horrek araututako prestakuntza eskaintzaren ekimenen artean, administrazioek landunentzat egin ekimena aurreikusten da, zeharkako prestakuntza programen bidez garatu dena.

Agindu horretan ezarritakoa garatzeko, deialdi honen dirulaguntza jasotzen ahalko dute prestakuntza programek, baldin eta landunei zuzenduta badaude eta aldaketa teknologikoekin eta eraldaketa digitalarekin lotutako lanbide gaitasunak eskuratu eta hobetzera bideratuta badaude.

Dirulaguntza hau kudeatutako dirulaguntza da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3.4.a) artikuluaren arabera. Estatuari dagokio horren araudi osoa edo oinarrizkoa ezartzea, eta osoki zein partzialki kudeatzea, berriz, beste administrazio publiko batzuei.

Deialdi honek eragin zuzena du “Talka plana eta gaitasun digitalak nafar langileen artean hedatzea” izeneko neurrian, zeina jasota baitago 2021-2024 aldirako Nafarroako Enplegu Planean, zehazki 2.2.2 helburu estrategikoan, “Eskaera eta beharren araberako prestakuntza planifikatu eta diseinatzea, lurraldearen ikuspegitik, enpleguan zuzeneko eragin handiagoa izan dezan.”

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi hau arautuko duten oinarriak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jasotakoak, bai eta gainerako eranskin guztiak ere.

2. Dirulaguntza publikoen deialdia onestea, 2021ean zeharkako prestakuntza programak finantzatzeko. Programa horiek landunei zuzenduta egonen dira, aldaketa teknologikoekin eta eraldaketa digitalarekin zerikusia duten gaitasun profesionalak lortu eta hobetu ditzaten.

3. Guztira, 625.000 euroko gastua baimentzea, partida honen kargura: 950002 96200 4819 242104 partida, “Landunen lanbide prestakuntzarako laguntzak. Konferentzia Sektoriala” izenekoa.

4. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta aipatu aldizkarian argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko urriaren 11n.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da dirulaguntza batzuk emateko prozedura arautzea, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan eginen diren prestakuntza programa batzuk finantzatzeko. Programa horiek landunei zuzenduta egonen dira, eta aldaketa teknologikoekin eta eraldaketa digitalarekin zerikusia duten gaitasun profesionalak lortzera eta hobetzera bideratuta, horien bidez langileen garapen pertsonala ahalbidetzeko eta langileak gaitzeko lanbide jardueran modu kualifikatuan aritzeko.

2.–Entitate onuradunak.

2.1. Prestakuntza entitateak izaten ahalko dira, publikoak edo pribatuak izan, oinarri hauetan araututako dirulaguntzen onuradun, barnean sartuta titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuak, kasuan kasuko Prestakuntza Entitateen Erregistroan inskribaturik daudenak dirulaguntzaren xede diren prestakuntza espezialitateak emateko, dela aurrez aurre, dela teleprestakuntzaren edo modalitate mistoaren bidez; eta prestakuntza ekintza zabaltzeko jarduerak egin baino lehen, Nafarroako Foru Komunitatean behar bezala inskribatutako instalazioak eduki beharko dituzte eskatutako prestakuntza espezialitateak emateko.

Halaber, inskribatuak dauden prestakuntza entitateen batasunek ere parte hartzen ahalko dute deialdian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Batasun horren eraketa agiri pribatu batean jaso beharko da, eta bertan elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Kasu horretan, berariaz adieraziko dira, laguntzaren eskabidean, batasuneko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Taldea ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

Entitateek prestakuntza eman nahi badute inskribatutako instalazioak ez diren beste batzuetan, eskabidean zehaztu beharko dute non eginen duten prestakuntza, eta instalazio horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztu. Betiere, eskatutako prestakuntza ekintzetarako inskribaturik egon beharko dute instalazio horiek, entitate eskatzaileen instalazioentzat ezarritako epe beretan.

Prestakuntza entitateek teleprestakuntza bidez edo modalitate mistoaren bidez eman nahi badituzte prestakuntza espezialitateak, inskribatutako instalazioak titulartasun propiokoak izaten ahal dira, edo hirugarrenenak, haien erabilera akordio edo hitzarmen bidez bermatuta. Akordio edo hitzarmen horiek eskaera aurkezten denean izan beharko dituzte, eta eskaerarekin batera aurkeztu. Nolanahi ere, ikastetxeek, propioak edo besterenak izan, instalazio horiek akreditatuta izan beharko dituzte eskatutako prestakuntza espezialitateetarako, prestakuntza ekintza zabaltzeko jarduerak egin baino lehen.

2.2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aipatutako inguruabarren batean dauden pertsonak edo entitateak.

2.1 oinarrian sartutako batasunak ezin izanen dira onuradun izan baldin eta taldeko entitateren batek debeku horietakoren bat badu.

3.–Prestakuntza programak eta prestakuntza ekintzak.

3.1. Deialdi honen babesean, dirulaguntzak ematen ahalko dira zeharkako prestakuntza programak gauzatzeko. Programa horiek landunei zuzenduta egonen dira, eta aldaketa teknologikoekin eta eraldaketa digitalarekin zerikusia duten gaitasun profesionalak lortzera eta hobetzera bideratuta.

3.2. Emandako prestakuntza programak egiten ahalko dira dirulaguntza ematen den egunetik 2022ko ekainaren 30era arte .

Programa bakoitzeko finantzatzen ahal diren prestakuntza ekintzak III. eranskinean aipatzen direnak izanen dira. Horrez gain, prestakuntza programa bakoitzak “Oinarrizko gaitasun digitalak” (IFCT45) edo “Gaitasun digital aurreratuak” (IFCT46) ikastaroa izan beharko du gutxienez.

Prestakuntza ekintza guztien erreferentzia izanen da irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoa, eta horien iraupena, edukiak eta emateko baldintzak bertan ezarritakoak izanen dira.

3.3. Prestakuntza ekintzak modalitate presentzialean ematen direnean, astean 40 ordukoak izanen dira gehienez, eta 8 ordukoak eguneko gehienez.

Prestakuntza ekintzak teleprestakuntza bidez ematen direnean, ikasleentzat programatutako ordu kopurua ez da izanen aurreko paragrafoan aurreikusitakoa baino handiagoa.

3.4. Modalitate presentzialean edo ikasgela birtual bidezko modalitate presentzialean antolatzen diren prestakuntza ekintzak gehienez 30 ikasleko taldeetan egiteko programatuko dira.

Teleprestakuntzaren modalitatean, gutxienez tutore bat izan beharko da 80 parte-hartzaileko.

Ekintza mistoetan muga horiek errespetatu eginen dira, prestakuntza emateko modalitatearen arabera.

3.5. Prestakuntza ikasgela birtualeko modalitate presentzialean emateko, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 29ko 233/2020 Ebazpena beteko da. Ebazpen horren bidez, enplegurako lanbide prestakuntzaren arloko jarraibide bereziak onetsi ziren, koronabirusa (COVID-19) dela-eta egun dugun egoeraren ondorioz (ebazpen hori, aurrerago, zuzendari kudeatzaile berak urriaren 8an emandako 408/220 Ebazpenaren bidez aldatu zen).

4.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

4.1. Prestakuntza programa bakoitzeko ematen den dirulaguntzaren zenbatekoa ez da 10.1 oinarrian adierazitakoa baino handiagoa izanen.

4.2. Prestakuntza guztia Iruñean eta Iruñerrian pilatu ez dadin, hiru eskualdeko programa hauek ezarri dira:

–Agoizko, Altsasuko eta Doneztebeko eskualdea.

–Lizarrako, Lodosako eta Tafallako eskualdea.

–Tuterako eskualdea.

Eskualdeko programak dira enplegu agentziei esleitutako herrietan ematen direnak hasieratik bukaerara; eskualdekoak ez diren programak, berriz, Iruñean eta Iruñerrian emandakoak dira.

Eskualdekoa ez den prestakuntza programa bat bakarrik finantzatuko da entitate bakoitzeko.

Eskualdeko prestakuntza programa bat baino gehiago finantzatzen ahalko da entitate bakoitzeko, baldin eta eskualde ezberdinetan bada.

Eskualdeko prestakuntza programen kasuan, dirulaguntzak erabiliko dira, soilik, modalitate presentzialean edo mistoan egiten diren prestakuntza ekintzez osatutako prestakuntza programak egiteko.

2.1 oinarrian aurreikusitako batasunetako kideei ere aplikatuko zaizkie muga hauek.

5.–Prestakuntza programetako parte-hartzaileak.

5.1. Honako hauek hartzen ahalko dute parte deialdi honetan aurreikusten diren prestakuntza programetan:

a) Zerbitzua administrazio publikoetako prestakuntza akordioen aplikazio eremutik kanpoko enpresetan edo entitate publikoetan ematen dutenak, baldin eta Gizarte Segurantzan lanbide prestakuntza gisa kotizatzen badute.

b) Egoera hauetako batean daudenak: aldizkako langile finkoak, lanik gabeko aldietan; prestakuntza aldian langabeziara pasatzen diren langileak; edo enplegu erregulaziora pasatzen diren langileak, enpleguaren etete aldian daudenean.

c) Besteren kontura ari diren nekazaritzako langileen sistema bereziari atxikitakoak, lanik gabeko aldietan Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuak daudenak; langile autonomoen araubide bereziari atxikitakoak (lan mutualitate batekoak diren autonomoak barne); itsasoko langileen araubide bereziari atxikitakoak; eta lanbide prestakuntzarengatik kotizatzen ez duten Gizarte Segurantzako gainerako langileak.

d) Kooperatibetako, lan sozietateetako eta ekonomia sozialaren bestelako enpresa eta entitateetako bazkideak eta langileak.

e) Langabeak, enplegu zerbitzu publikoetan lan-eskatzaile gisa inskribaturik badaude. Nolanahi ere, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 5.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera, ez da beharrezkoa izanen lan-eskatzaile gisa inskribaturik egotea baldin araudi berariazkoak hala aurreikusten badu, eta, zehazki, Gazteen Bermearen Sistema Nazionalean inskribaturik daudenen kasuan, urriaren 15eko 18/2014 Legean aurreikusitakoaren arabera (lege hori hazkundeari, lehiakortasunari eta efizientziari buruzko presako neurriak onesteari buruzkoa da).

Pertsona horiek deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza ekintzetan izanen duten parte-hartzea, gehienez ere, %30ekoa izanen da prestakuntza programa osoan, hartan prestakuntza hasten duten pertsonen kopuru osoarekin alderatuta.

Langabetzat hartzeko, prestakuntzaren hasieran langileak dauden lan egoerari jarriko zaio arreta.

f) Administrazio publikoetako langileei dagokienez, 3.1.a) eta e) oinarrietan aurreikusitako prestakuntza programetan parte hartzen ahalko dute, baina gehienez ere plan bakoitzean parte hartzen dutenen %10 izanen dira.

g) Prestakuntza entitatearen plantillako pertsonek entitateak kudeatzen dituen prestakuntza ekintzetan parte hartzen ahal dute, betiere gainditu gabe programaren parte-hartzaile guztien %10eko muga eta plantilla guztiaren %10eko muga.

5.2. Eskatzaileek behin baino ezin izanen dute parte hartu prestakuntza ekintza bakoitzean.

Parte hartzeko eskaerak entitate onuradunek gordeko dituzte, eta prestakuntza ekintzen ebaluazio, jarraipen eta kontrolerako organo eskudunen eskura egonen dira.

5.3. Entitate onuradunak hautaketaren ardura izanen du –berdintasun eta objektibotasun irizpideei jarraikiz eginen duena–, baita parte-hartzaileek prestakuntza ekintzan sartzeko baldintzak edo hura egiteko oinarrizko gaitasunak dituztela segurtatzeko ardura ere, kasuan kasuko ekintzaren errekerimenduen arabera.

5.4. Pertsona hauek izanen dute lehentasuna prestakuntzaren sarbidean: aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen menpean dauden langileak (baldin Enplegua babesteko zenbait neurri sozial hartu zituen irailaren 29ko 30/2020 Errege Lege-dekretuan ezarritako baldintzetan badaude), emakumeak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzutik igorritako pertsonak, desgaitasuna duten pertsonak, kualifikazio apaleko pertsonak, 45 urtetik goitikoak, 30 urtetik beheitikoak, luzaroko langabeak eta enpresa txiki eta ertainetako langileak.

Kualifikazio baxuko pertsonatzat hartuko dira ikastaroa hasten denean ondoko kotizazio taldeetako batean daudenak: 06, 07, 09 edo 10. Langabeak edo langile autonomoak badira, hauetako bat ere ez dutenak hartuko dira: lanbide txartela, 2. edo 3. mailako profesionaltasun-ziurtagiria, lanbide heziketako titulua edo unibertsitateko titulua.

Luzaroko langabetzat hartuko dira enplegu agentzia batean inskribatuak egon direnak gutxienez 12 hilabetez hautapenaren aurreko 18 hilabeteetan.

5.5. Ikasleek prestakuntza ekintzetara joan beharra dute, eta haiek aprobetxatu. Prestakuntza ekintzan parte hartzeak dituen betebeharren berri emanen die parte-hartzaileei entitate onuradunak. Honako hauek kanporatzeko arrazoiak dira:

a) Hilabetean justifikatu gabeko hiru huts egite baino gehiago egitea.

b) Prestakuntza ekintza probetxuz ez segitzea.

c) Prestakuntza ekintza normaltasunez egitea trabatzea.

d) Begirune edo adeitasun falta irakasleekin, ikaskideekin edo prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko langileekin.

e) Prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

f) Prestakuntza ematen duen zentro edo entitateko funtzionamendu araudian jasotzen den beste edozein.

5.6. Prestakuntza ekintza bidezko arrazoirik gabe uzten duten ikasleek ezin izanen dute izena eman ez eta parte hartu ere Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak antolatutako beste prestakuntza ekintza batean harik eta 3 hilabete pasatzen diren arte aurreko prestakuntza uzten denetik. Kanporatutako ikasleen kasuan, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea kanporatzen denetik zenbatzen hasita.

5.7. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntza ekintza bat kautelaz eteten ahal du, prestakuntza normaltasunez emateko eragin nabarmena duten irregulartasunak antzematen direnean.

6.–Bekak eta laguntzak.

6.1. Prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten langabeak martxoaren 28ko TME/368/2019 Aginduaren IV. kapituluan ezarritako beken eta laguntzen onuradun izaten ahalko dira, baldin betetzen badituzte arau horretan eta oinarri honetan ezarritako betebehar eta baldintzak.

Langabetzat joko da prestakuntzaren hasieran langabezian eta enplegu eskatzaile gisa inskribatuta dagoena enplegu zerbitzu publikoetan. Bestela, ez da beka edo laguntzarik jasotzeko eskubiderik izanen. Era berean, beka eta/edo laguntza jasotzeko eskubidea eten eginen da baldin eta langabea lanean hasten bada.

Bekak eta laguntzak zuzeneko kontzesioko araubidearen arabera emanen dira, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 6.5.d) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Entitate onuradunak langabeei informazioa emanen die eskuratzen ahal dituzten laguntzei eta bekei buruz eta horiek eskuratzeko eskatzen diren betebeharrei buruz, bai eta bekak eta laguntzak eskatzeko ereduei buruz ere. Nafarroako Atarian egonen dira eskuragarri (www.nafarroa.eus), tramiteen atalean dagoen deialdiaren fitxan, bekei eta laguntzei buruzko informazioa, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta eskabide ereduak.

Langabeek prestakuntza ekintza bukatu aurretik eskatu beharko dute laguntza edo beka, eta eskatutako dokumentazioa ere orduan aurkeztu beharko dute.

Entitate onuradunak ikasleen eskaerak eta frogagiriak bidaliko ditu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura 10 egun naturaleko epean, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita, honako hauekin batera: ikasleak prestakuntzara bertaratu direla frogatzeko agiriak eta eskatutako laguntzari edo bekari buruzko dokumentazioa.

Bi hilabete baino gehiago irauten duten prestakuntza ekintzen kasuan, entitateak tarteko bidalketa bat egiten ahalko du, eskabidearekin eta prestakuntzara bertaratu izanaren frogagiriekin eta eskatutako bekari edo laguntzari buruzko dokumentazioarekin, hots, epe horri dagozkionekin.

6.2. Bekak eta laguntzak:

a) Desgaitasuna duten pertsonentzako beka.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzat, betiere Estatuko edo autonomia erkidegoko erakundeak egiaztaturik. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

b) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako beka.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dagokien beka da, eta honako hauen bidez egiaztatuko da: administrazio eskuduneko edo harrera zentroko gizarte zerbitzuen ziurtagiria, ebazpen judiziala, babes agindua edo fiskaltzaren txostena. Bekaren zenbatekoa 10 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, haietako batengatik bakarrik kobratuko du beka hau.

c) Garraiorako laguntza.

Prestakuntza ekintzetara joaten diren langabeek eskubidea izanen dute garraio publikorako laguntza jasotzeko. Ikasleek zer enplegu agentziatan emana duten izena, horko datu-basean ageri den helbidea hartuko da kontuan, nahiz eta jakinarazpenetarako emandako helbidea beste bat izan. Kontuan hartzen ahalko da zein helbidetan bizi ohi den, baldin eta helbide hori ez badator bat aipatu datu-basearekin eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiazta badezake.

Prestakuntzara joateko hiri-garraio publikoaren sarea erabiltzen badute, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 1,5 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute.

Beharrezkoa balitz hiriarteko garraio publikoa erabiltzea, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 15 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen lukete. Hiriarteko lekualdaketan garraio publikoa erabili beharrak eragindako benetako gastua garraio txartelen bitartez frogatuko da.

Langabearen ohiko helbidetik zentrora joateko garraiobide publikorik ez badago, edo garraiobide horrek ordutegi erregular bat ez badu prestakuntza ekintzarako egokia, norberaren ibilgailua erabili beharraren ondoriozko laguntzarako eskubidea izaten ahalko da. Gorabehera hori laguntzaren ordainketan eskudun den organoak aztertu beharko du. Norberaren ibilgailua erabili beharraren ondoriozko laguntza kilometroko 0,19 eurokoa izanen da, muga honekin: 15 euro bertaratze egun eta ikastaro bakoitzeko.

d) Mantenurako laguntza.

Goizez eta arratsaldez garatzen diren jardueretan parte hartzen duten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, baldin eta horixe bada prestakuntza ekintzaren ohiko ordutegia (eta ez salbuespenezkoa), eta bizilekua ekintza ematen den herritik 20 km-ra baino gehiagora badute. Laguntza horren zenbatekoa 12 eurokoa izanen da ikastaroko egun bakoitzeko.

e) Ostaturako eta mantenurako laguntza.

Laguntza horretarako eskubidea izanen da, garraio sarea dela-eta, joan-etorriak klaseak hasi aurretik eta bukatu ondoren egunero egin ezin direnean eta langabearen bizilekua ekintza ematen den herritik 90 km-ra baino gehiagora dagoenean. Betiere, gorabehera hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko organo kudeatzaileak aitortu beharko du. Gehienez ere 31,66 euro hartzen ahalko da egunean kontzeptu honengatik. Gainera, langabeak hasieran eta bukaeran ohiko bizilekutik egiten dituen joan-etorrien zenbatekoa kobratzen ahalko du, gehienez ere 30 euro, biak baturik. Laguntza hori ez da bateragarria izanen norberaren ibilgailuan edo hiriarteko garraioan egindako joan-etorrietarako laguntzarekin.

Ostatuko gastu erreala errentamendu kontratuaren bidez, fakturaren bidez edo froga-balioa duen beste edozein agiriren bidez frogatuko da.

f) Kontziliaziorako laguntza.

12 urtetik beherako seme-alabak edo mendekotasuna duen 2. mailarainoko ahaideren bat dituzten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, horiekin bizi badira, eta prestakuntza ekintza hastean betebehar hauek betetzen badituzte:

–Lan eskaintza egoki bati ere uko egin ez izana.

–Lan igoera, prestakuntza edo moldaketako jardueretan parte hartzeari uko egin ez izana, langabezia-sorospena edo kotizaziopeko prestazioa agortzen denetik hilabeteko epean.

IPREM-Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoaren %75etik gorako errentarik ez izatea. Ulertuko da betebehar hori betetzen dela baldin familia-unitatea osatzen duten kide guztien errenten baturak, kideen kopuruarekin zatiturik, IPREMaren %75 gainditzen ez badu, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 22. artikuluarekin bat.

Kontziliaziorako laguntzaren zenbatekoa eguneko IPREMaren %75ekoa izanen da, ikaslea ikastarora bertaratzen den egun bakoitzeko.

6.3. Bekak edo laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko da prestakuntza ekintza bakoitzean hilean hirutan baino gehiagotan huts eginez gero justifikaziorik gabe. Nolanahi ere, ez da eskubiderik izanen prestakuntza ekintzara agertzen ez den egunei dagozkien garraio eta mantenurako laguntzak jasotzeko, ezta justifikatu gabeko hutsegiteei dagozkien bekak eta kontziliaziorako laguntzak jasotzeko ere.

Prestakuntza ekintzak ikasgela birtual bidezko modalitate presentzialean edo teleprestakuntza modalitatean direnean, garraiorako, mantenurako eta ostaturako laguntzak soilik jasoko dira langabeek aurrez aurreko prestakuntza ekintzetara agertu behar dutenean.

7.–Eskabideak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

7.1. Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz. Horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatua erabiliko da.

7.2. Aurkezten den eskaera bakoitzak prestakuntza programa bakar bat izan beharko du.

Entitate berak ezin izanen du finantzaketarik eskatu, deialdi honen kargura, prestakuntza programa bat baino gehiago gauzatzeko. Salbuespena da eskualdeko programa baterako finantzazioa eskatzea, beste programa bat eskatzen ahalko baita, 4.2 oinarrian ezarritakoarekin bat. 2.1 oinarrian aurreikusitako batasunetako kideei ere aplikatuko zaie muga hori.

Aurkezten den eskaera bakoitzak prestakuntza programa bakar baterako izan beharko du.

Prestakuntza programa bakoitzerako eskatutako zenbatekoak ezin izanen ditu gainditu 10.1 oinarrian eskualdeko programetarako eta eskualdekoak ez diren programetarako ezarritako mugak.

7.3. Entitate eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu:

a) Adierazpena, dioena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Helburu bererako eskatu edo emandako dirulaguntzen adierazpena.

c) Behar adina instalazio eta giza baliabide badituela dioen adierazpena, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoko espezialitateen prestakuntza emateko.

d) Erakunde eskatzailearen adierazpena, adierazten duena eskaeran emandako informazioa eta datuak benetakoak direla.

Eskabidea sinatzean hartuko dute indarra adierazpen horiek.

7.4. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskabidea sinatzen duten pertsonak edo pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Entitateak eskatutako prestakuntza programaren laburpen-memoria, Nafarroako Atariko deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera.

c) Entitateek prestakuntza eman nahi badute inskribatutako instalazioak ez diren beste batzuetan, horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztu beharko dute.

d) Entitateek inskribatu nahi badituzte teleprestakuntza modalitateko edo modalitate mistoko prestakuntza espezialitateak hirugarrenen titulartasunekoak diren instalazioetan, horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztu beharko dute.

d) 9.2 oinarriko berdintasunaren irizpidea frogatzea, hala badagokio. A.3.

e) Aurrekoaz gain, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beste zeinahi dokumentu edo informazio eskatzen ahalko du, baldin eta espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen badu.

Ez da beharrezkoa izanen dokumentu horiek igortzea, aurrez beste edozein administraziotan aurkeztu badira. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez.

7.5. Eskaerak aurkezteko epea 10 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.6. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, egiaztatzen bada eskaera bakarra aurkezten dela Tuterako eskualdeko programetan, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitateari aukera ematen ahal dio aurkeztutako programa handitzeko, betiere 10.1 oinarrian adierazitako eskualdeko mugak gainditu gabe.

8.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

8.1. Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztuta, horrek deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei errekerimendua egiten ahalko zaie akatsak zuzen ditzaten, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuz, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskabideari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

8.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan, ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

9.–Balorazio irizpideak.

9.1. Balorazio irizpideak aplikatzeko, 2019ko ekitaldiko datu kontsolidatuak hartuko dira kontuan.

9.2. Aurkeztutako eskaeren balorazio teknikorako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

A) Entitate eskatzaileak programa garatzeko duen gaitasun frogatua: 30 puntu gehienez, honela banatuta:

2.1. oinarrian aurreikusitako batasunen kasuan, prestakuntza emanen duen entitateak eskaera egiteko unean duen gaitasuna baloratuko da.

A.1. Inkestetan lortutako puntuazioa.

Irizpide honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Baloratuko da zer puntuazio lortu duten zentroek 2019ko ekitaldian Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta entitateak batik bat landunentzat diren prestakuntza programetan, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutakoetan barne, parte hartzen dutenei egindako inkestetan.

Kalkulua inkestetako 3 baliotik 4 baliora arteko tartea kontuan hartuta eginen da. Ezarritako tartearen gutxieneko balioari (3) ez zaio punturik emanen, eta gehieneko balioari (4), berriz, 15 puntu. Hainbanaketa proportzionala eginen da 3tik 4ra doan tarte horretan.

Entitate bat 2019ko ekitaldian ez bada batik bat landunei zuzendutako eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako ezein prestakuntza programaren onuradun, Nafarroako Espezializazio Adimentsurako Estrategiari lotutakoak barne, ekitaldi horretan kontzeptu horregatik lortutako batez besteko puntuazioa emanen zaio.

A.2. Kaudimen finantzarioa.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: entitate eskatzaileak prestakuntzaren arloan edozein administrazio publikotatik lortu dituen dirulaguntzen bolumena zati entitatearen negozio bolumen osoa (bi kasuetan 2019ko ekitaldia hartuko da aintzat). Portzentajea ehuneko 50 eta ehuneko 10 bitartean dagoenean, 1-10 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

Entitate baten 2019ko ekitaldiko negozio bolumena 0 bada, ez zaio punturik emanen.

A.3. Berdintasuna.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: 5 puntu emanen dira, baldin eta eskaera aurkezteko egunean, entitate eskatzaileak egiaztatzen badu baduela berdintasun plan bat indarrean, Nafarroako Gobernuaren Hitzarmen Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan erregistratuta edo estatuko lan arloko agintaritzaren Hitzarmen Kolektiboen, Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistro eta Gordailuan erregistratuta, edo aurkezten badu aitorpen bat, bertan azalduta gauzatu dituela genero-berdintasunaren arloko hiru neurri gutxienez, honako arlo hauetakoren batean: 1. Hautapen eta kontratazio prozesua; 2. Lanbide-sailkapena; 3. Prestakuntza; 4. Lanbide sustapena. 5. Lan baldintzak, gizonen eta emakumeen soldata-auditoretza barne; 6. Erantzunkidetasuna, bizitza pertsonaleko, familiarreko eta laneko eskubideei dagokienez; 7. Emakumeen ordezkaritza neurriz beherakoa; 8. Ordainsariak; eta 9. Sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentzioa.

B) Prestakuntza ekintzen alderdi teknikoak: 50 puntu gehienez ere, honela banatuta:

B.1. Lehentasunezko pertsonak.

Irizpide honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: lehentasunezko pertsonen portzentajea ehuneko 30 eta ehuneko 100 bitartean dagoenean, 0-15 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

5.4 oinarrian adierazitakoak hartuko dira lehentasunezko pertsonatzat. Programan lehentasunezko pertsonatzat hartutako parte-hartzaileen kopurua zehazteko, parte-hartzaile bat kolektibo batekin baino gehiagorekin identifikatzen ahal bada, behin baino ez da zenbatuko.

B.2. Parte-hartzaile landunen portzentajea.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: pertsona landunen portzentajea ehuneko 70 eta ehuneko 100 bitartean dagoenean, 0-10 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

B.3. Parte-hartzaileen lurralde-eremua.

Irizpide honetan 20 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuari dagozkion parte-hartzaileen portzentajea ehuneko 50 eta ehuneko 90 bitartean dagoenean, 1-20 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

Pertsona horiek Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuari dagozkiola ulertuko da komunitate horretan bizi badira.

B.4. Efizientzia ekonomikoa.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Honela kalkulatuko da:

Prezioa merkatzen bada, III. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoak kontuan hartuta, ehuneko puntu bakoitzeko: 1 puntu. Ehunekoak osoak ez badira, zati proportzionala emanen da.

9.3. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak 2019ko ekitaldian lehentasunez landunak prestatzeko programak (Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutakoak barne) emateko bideratutako dirulaguntza ez gauzatzeak honako zigor hauek ekarriko ditu berekin:

–Emandako dirulaguntzaren %10era arteko ez-gauzatzeak: ez dago zigorrik.

–Emandako dirulaguntzaren %10 baino gehiago ez gauzatzeak: 0-10 tarteari dagokion puntuazioa kenduko da, proportzioan.

Kalkulua honela eginen da: 2019ko ekitaldiari dagokion ordaindutako dirulaguntza zati emandako dirulaguntza.

9.4. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak segimendu eta kontrol jardueretan atzematen badu zerbait ez dela bete 2019an batik bat landunei zuzendutako prestakuntza programetan, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutakoetan barne, kontuan hartuko da eskaera bakoitzaren azken balorazioa zehazteko orduan, dirulaguntzen deialdien kasuan kasuko II. eranskinean adierazten den moduan.

9.5. Balorazio teknikoaren ondorioetarako, ezin izanen da aldaketarik egin aurkeztutako programetan behin eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan.

10.–Esleitzeko irizpideak.

10.1. Dirulaguntzak nori eman erabakitzeko, aurkeztutako eskaeren artean dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituztenak alderatuko dira, horien artean lehentasun hurrenkera bat ezartzearren, 9. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat. Programa mota bakoitzerako finkatu den kreditu erabilgarria gainditu gabe, laguntzak esleituko zaizkie ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditu, eta ezarritako irizpideak aplikatuta balorazio handiena lortzen duten eskaerei:

Lehenik eta behin, ordena honetan, eskualdeko prestakuntza programak esleituko dira, muga hauekin:

–Agoizko, Altsasuko eta Doneztebeko eskualdea: 30.000 euro.

–Lizarrako, Lodosako eta Tafallako eskualdea: 45.000 euro.

–Tuterako eskualdea: 100.000 euro.

Gainera, Tuterako eskualdeko programetan 50.000 euroko muga ezartzen da entitate bakoitzerako.

Eskualdeko programak esleitzean, lehendabizi eskualdeko programa bakar bat bai, baina eskualdekoa ez den bakar bat eskatu ez duten entitateei emanen zaie, gero eskualdeko programa bat baino gehiago bai, baina eskualdekoa ez den bakar eskatu ez dutenei, eta, bukatzeko, eskualdekoa ez den programa bat eskatu dutenei.

Baldin eta, eskualdeko lehen esleipen hori egin eta gero, aurrekontu erabilgarria gelditzen bada eskualderen batean, diru-kopuru hori erabiliko da dirulaguntzarik jaso ez duten gainerako eskualdeetako programak diruz laguntzeko. Ordena honi jarraikiz eginen da esleipena, eskualdeko aurrekontu muga eta eskualdeko eskaerak agortu arte: Tutera; Lizarra, Lodosa eta Tafalla; eta Agoitz, Altsasu eta Doneztebe.

Esleipen hori eginda, aurrekontu erabilgarririk badago, eskualdekoak ez diren zeharkako programetarako eskura daitekeen zenbatekoa handituko da aurrekontu horrekin.

Azkenik, eskualdekoak ez diren zeharkako prestakuntza programak esleituko dira, 50.000 euroko mugaren programa bakoitzeko.

Baldin, esleipen hori eginik, aurrekontu erabilgarrik badago, onuradun izan ez diren eta eskualdekoak ez diren programak esleituko dira, ordena honetan: Tutera; Lizarra, Lodosa eta Tafalla; eta Agoitz, Altsasu eta Doneztebe.

10.2. Onuradunak izanen dira soilik balorazio handiena lortu duen entitatearen puntuazioaren %50 gutxienez lortu duten eskaerak, eta kasua bada, eskualdeko programak eta eskualdekoak ez direnak bereiziko dira.

Programak diruz lagunduko dira baldin eta aurrekontu erabilgarria behar adinakoa baldin bada eskatutako dirulaguntzaren %30 gutxienez finantzatzeko.

Hurrengo esleipen prozesuetan, zegokiena baino zenbateko gutxiagoko esleipena jaso duten prestakuntza programek izanen dute lehentasuna, dirulaguntza teorikoa bete arte.

10.3. Puntuazioan berdinketa gertatzen bada, berdinketa hausteko irizpidetzat hartuko da parte-hartzaile gehien dituen programa.

11.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.

11.1. Norgehiagokako araubidea erabiliko da laguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan adierazitako moduan.

11.2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

11.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

11.4. Eskaerak baloratzeko ebaluazio batzorde bat eratuko da, kide hauek osatua:

a) Batzordeko burua: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordeko kideak: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko bi teknikari; horietako bat batzordeko idazkaria izanen da.

Ebaluazio Batzordeak txosten loteslea eginen du. Bertan, deialdian ezarritako irizpideekin bat, eskaeren ebaluazioaren emaitza zehaztuko da zerrenda batean, puntuazio handienetik puntuazio txikienera ordenatuta.

11.5. Ebaluazio Batzordearen txostenean aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoa eskaerakoa baino txikiagoa denean, 10 eguneko epea emanen da alegazioak aurkez ditzaten. Epe horretan alegaziorik aurkezten ez bada, aurreikusitako dirulaguntza mantenduko da. Edonola ere, eskaeraren balorazio teknikoan kontuan hartutako baldintzak errespetatu beharko ditu entitate onuradunak.

11.6. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza eta, kasua bada, geroko alegazioak ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio ebatz dezan.

11.7. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

12.–Entitate onuradunen betebeharrak.

12.1. Deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak galarazi gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Deialdi honetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenentzako doakotasuna errespetatzea.

b) Irakasleei hilero ordainsaria ordaintzea.

c) Entitate onuraduna behartuta dago deialdi honetan jasotako prestakuntza jardueretara joateak dakarren arriskua estaltzera; horretarako, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatu beharko du edo, bestela, horren berme gutuna. Estaldura hau izan beharko du gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, ikastaroaren orduetan gertatutako edozein istriputarako; horren barnean, bisitak egiteko irteera baimenduak eta ohiko bizilekutik ikastaroa ematen deneko tokira joateko behar den denbora (joan-etorria edozein garraiobidetan izaten ahal da). Gutxieneko kalte-ordaina 36.000 eurokoa izanen da heriotzagatik eta 72.000 eurokoa baliaezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek ikastaroan, irteeretan eta in itinere joan-etorrietan sortzen badira.

d) Entitate onuradunak bertaratze ziurtagiri bat luzatu eta eman beharko dio prestakuntza ekintza bukatzen duen parte-hartzaile bakoitzari, edo bestela, diploma bat prestakuntza ebaluazio positiboarekin gainditzen duen parte-hartzaile bakoitzari.

Bertaratze ziurtagiriak edo diplomak parte-hartzaileei emateko gehieneko epea bi hilabetekoa da, prestakuntza ekintza bukatzen den egunetik aurrera.

e) Prozedura instruitzeko eta prestakuntza ekintzak gauzatu eta justifikatzeko faseetan Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabiliz, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea.

f) Prestakuntza ekintzak abian jarri, gauzatu eta justifikatzeko prozesuari buruzko dokumentazioa eta informazioa (parte-hartzaileek jasotzen ez dituzten bertaratze ziurtagiriak eta aprobetxamendu diplomak barne) zentroan gorde beharko da, ikuskapen eta kontrolaren eskura, gutxienez 4 urtez. Epe hau zenbatuko da entitate onuradunak dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten entitateek, organo eskudunari igorri beharko diote dokumentazioaren kopia.

g) Deialdi honen babesean antolatzen diren ekintzen gaineko informazio eta publizitate jardueretan adieraztea finantzaketa publikoa izan dutela, eta, horrekin batera, dirulaguntza zein administraziok eman duen.

12.2. Gardentasun betebeharrak:

12.2.1. Erakunde eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, arestiko foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, honako hau adieraziz:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Erakundeak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren erakundeen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Apartatu honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko web-orrian argitaratuta badago.

12.2.2. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreko apartatuko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Aurreko bi puntuetan aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, adierazpen eredu normalizatu bat egonen da eskuragarri Nafarroako Atariko Tramiteen atalean (www.nafarroa.eus).

Gardentasun betebeharrak ez betetzeak ekar lezake 500 eurotik 5.000 eurora arteko hertsapen-isunak jartzea aipatu foru legearen 12.5 artikuluan adierazitako moduan.

13.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.

13.1. Entitate onuradunak gauzatuko ditu prestakuntza programak, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

13.2. Prestakuntza talde bakoitzaren hasiera IRIS aplikazio informatikoa erabiliz jakinaraziko da, prestakuntza ekintza hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez.

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, taldea/ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko da, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo taldea/ekintza hasi ondoren gertatzen bada.

Aurretik aipatutako epeetan jakinarazi ezik, ez egintzat joko da prestakuntza taldea, salbu eta aurreikus ezineko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

13.3. Prestakuntza ekintza hasten duten parte-hartzaileen zerrendaren berri emateko, IRIS aplikazio informatikoaren bidez eginen da, prestakuntza ekintzaren orduen %25 eman baino lehen.

13.4. Prestakuntza ekintza hasi ondoren plaza hutsik badago edo norbaitek bere tokia uzten badu, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira joandakoen ordez, betiere prestakuntza ekintzak irauten duen denboraren %25 igaro baino lehen.

14.–Gastu diruz lagungarriak.

Prestakuntza entitateak bete beharko du martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 13. artikuluan gastu diruz lagungarrei buruz ezarritakoa, dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa modulu ekonomikoen bidez egin ala ez.

15.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

15.1. Dirulaguntzaren justifikazioa moduluen bidezko egiaztapen moduan eginen da.

15.2. Entitate onuradunek ez dute kontabilitatean edo merkataritzan garrantzia duten liburu, erregistro eta agiriak aurkeztu beharrik, ez eta egindako gastuak justifikatzeko bestelako dokumentaziorik ere. Hala ere, jasotako funtsen aplikazioaren frogagiriak gorde beharko dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-jardueren xede izan daitezkeen bitartean, bai eta hori eskatzen duen beste edozein legezko betebeharri erantzuteko ere.

15.3. Dirulaguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, erakundeak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoari jarraituz. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Diruzaintzako fluxuen aurreikuspenen gaineko ziurtagiria, entitateak egina.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu eta/edo eskuratu diren maileguen zerrenda, banku entitateen ziurtagiriak gehituta.

–Funtsen beharra dagoela dioen txostena, non adieraziko baitira entitateak une horretan dituen banku-kontuen saldoak.

–Funts horniduren beharra frogatzen duen beste formularen bat.

Prestakuntza jarduera hasi aurretik, ordainketa aurreratua aurreikusten ahalko da, gehienez ere emandako zenbateko osoaren %25 izanen dena. Halaber, %35 gehiago ere ordaintzea aurreikus daiteke, prestakuntza jardueraren hasiera egiaztatu ondoren. Halaber, onuradunak eskaturik, aurrerakin bakar bat ordaintzen ahalko da, emandako zenbatekoaren %60 gehienez, prestakuntza jardueraren hasiera egiaztatu ondoren.

b) Ordainketa egitea justifikazio partzialarekin. Erakunde onuradunak gauzatutakoaren memoria teknikoa aurkeztu beharko du. Erakundeak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta justifikazio partzialarekin egindako ordainketaren baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren %60; gainerako %40a diruz lagundutako jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

15.4. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1. Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena. Halaber, emaitzak eta kalitatearen ebaluazioaren balorazioa jasoko ditu, 17.1 oinarrian ezarri bezala.

2. Justifikazio-memoria ekonomiko bat, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

a) Entitate onuradunaren akreditazioa edo, hori ez bada, adierazpen bat modulutzat hartutako unitate fisikoen kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza orduak).

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, jarduketa memoriako jarduera-datuetan eta oinarri arautzaileen moduluetan oinarriturik kalkulatua.

Prestakuntza ekintza bakoitzeko ematen den dirulaguntzaren zenbatekoa ez da III. eranskinean adierazitako kostua baino handiagoa izanen.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako diru-sarreren edo dirulaguntzen xehetasuna, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

15.5. Dirulaguntza justifikatzeko epea hilabetekoa izanen da, prestakuntza programa bukatu eta biharamunetik hasita.

Dirulaguntza justifikatzeko ezarritako epea iragan bada prestakuntza ekintzaren bukaerako agiriak (aurreko apartatuetan adierazitakoak, alegia) aurkeztu gabe, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitate onuradunari eskatuko dio agiri horiek aurkez ditzala, 15 eguneko epean. Epe hori luzaezina izanen da. Epe horietan justifikaziorik ez aurkezteak ekarriko du justifikatu gabeko gastu eta ordainketak kobratzeko eskubidea galtzea edo 19. oinarrian aurreikusitako itzulketa-prozedura hastea.

15.6. Justifikatutako gastua ez bada iristen aurreratutako edo/eta justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbateko osora, bidezkoa izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren alde, aurreratutako edo/eta justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez erakunde onuradunak uko egiten dio laguntza zati horri.

15.7. Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hori aurkeztu eta biharamunetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnak itzultzeko. Kasu horietan dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuta.

15.8. Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatze aldera, eta ekintza presentzialen kasuan, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzako orduen %75era edo gehiagotara joan bada. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzako modalitatearen bidez eman badira, ikasle batek ekintza bukatu duela joko da haren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian-aldian egiten diren kontrolen %75 eginez gero, konektatuta egon den ordu kopurua gorabehera.

Prestakuntza orduen %25 eman ondoren parte-hartzaileren batek ekintza uzten badu, eta arrazoia lana, beka edo lanetik kanpoko praktikak aurkitzea ez bada, prestakuntza ekintzen ondoriozko desbideratzeak onartuko dira, gehienez ere ekintza hasi duten parte-hartzaileen %15enak.

15.9. Justifikazioaren ondorioetarako, langabetuen kasuan prestakuntza ekintza bukatu dutela ulertuko da baldin eta ekintza bertan behera utzi behar izan badute lana, beka bat edo lanekoak ez diren praktikak aurkitzeagatik, bai eta egiaztatutako gaixotasunagatik edo istripuagatik baja hartu badute ere, baldin eta aipatutako kasuetan, gutxienez, prestakuntza ekintzaren %25 egin badute.

Ezin dira 15 egun natural baino gehiago pasatu langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanetik kanpoko praktika hasten duen egunera arte.

Dirulaguntzak justifikatzeari begira prestakuntza ekintza bukatu duten pertsonak nortzuk diren zehazteko atal honetan ezarritakoa ez da aplikatuko eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzearen ondorioetarako, bat etorriz abuztuaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoarekin.

15.10. Dirulaguntza zehazteko, prestakuntza ekintzako azkenean likidatu eta ordaindutako dirulaguntza kontabilizatuko da, hasieran emandako dirulaguntza amaitu arte.

16.–Prestakuntzaren ebaluazioa, kontrola eta jarraipena egiteko plana.

16.1. Erakunde onuradunek beren prestakuntzaren kalitatearen ebaluazioa eta kontrola eginen dituzte. Horretarako, lagin adierazgarri bat hartu beharko da, prestakuntza jaso dutenen taldeen %5ekoa, gutxienez. Lagin horrek barne hartuko ditu prestakuntza programako ekintzak, bai eta programan agertzen diren ikaskuntza modalitate guztiak ere.

16.2. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluaziorako, “Kalitatea ebaluatzeko galde-sorta” erabiliko da, Nafarroako Atariko tramiteen atalean den eredu normalizatua baliatuz (www.nafarroa.eus).

Entitate onuradunek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari igorri beharko diote parte-hartzaileen galde-sorta guztien tabulazioa biltzen duen fitxategiaren (edo fitxategien) kopia bat, egin diren ekintzen kalitatea aztertu ahal izateko. Galde-sortan jasotako galdera bakoitzaren tabulazioa bi modutara aurkeztuko da: batetik, programako prestakuntza ekintzetan eratzen den talde bakoitzeko, eta bestetik, programa osoari buruzkoa.

16.3. Entitateak bilduko ditu, 15.4 oinarrian aipatzen den jarduketa memorian, emaitzak, balorazioa eta, hala bada, hartutako neurriak.

16.4. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarraipen eta kontrolerako lan hauek egiten ahalko ditu:

a) “Denbora errealeko” jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea, horrek iraun bitartean eta egiten den tokian bertan, eta horretarako froga fisikoak eta testigantzak erabiltzea, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta irakasleei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko asmoz: prestakuntza ekintzak nola egin diren, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, begiratuko da ea argitalpenetan eta bestelako hedabideetan adierazi den ekintzak Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela.

b) “Ex post” jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egin ahal izanen dira, erakunde onuradunei, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta/edo irakasleei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabiliz, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko, besteak beste:

–Prestakuntza ekintzak egin direla.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua.

–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaiela.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrolerako ekintza horien ondorioz ez-betetzeak daudela ikusiz gero, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

Ez-betetzeak kontuan hartzen ahalko dira hurrengo urteetako deialdien balorazioan.

17.–Azpikontratazioa.

17.1. Entitate onuradunek ezin izanen dute hirugarrenekin azpikontrataziorik egin esleitutako prestakuntza ekintza gauzatzeko. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat hartuko irakasleen kontratazioa. Irakasleen kontratazioa aipatzen denean, pertsona fisikoen kontratazioa baizik ez da ulertu behar.

Ebaluazioa eta kontrola ez dira prestakuntza jardueratzat hartzen, eta, horren ondorioz, hirugarren batek egin ditzake.

Ez da azpikontrataziotzat hartuko entitate onuradunak berak diruz lagundutako prestakuntza programa egiteko egin behar dituen bestelako gastuak.

17.2. Entitate onuradunak baliabideak izan beharko ditu prestakuntza programaren plangintza eta koordinazio eginkizunetarako eta, betiere, diruz laguntzen den jarduera gauzatzeko erantzukizun guztia hartuko du administrazio publikoaren aurrean. Hala hark nola kontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol organismoen eginkizunak egoki betetzen direla.

18.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

18.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak berekin ekarriko du dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galtzea, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharra, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa agintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak).

18.2. Aurreko atalean aipatutako ez-betetzeak honako irizpide hauen arabera zehaztuko dira:

a) Prestakuntza programa ez betetzea.

Erabateko ez-betetzetzat joko da emandako prestakuntza %25era ez iristea (honela neurtuta: orduen kopurua bider pertsona kopurua), eta horrek dirulaguntza deuseztatzea eta, hala badagokio, aurretik jasotako zenbatekoak itzultzea ekarriko du. Prestakuntzaren zati bat gauzatzeak, baldin eta %25etik gorakoa bada, emandako dirulaguntza hein berean murriztea ekarriko du.

b) Lehentasunezkotzat jotako pertsonen portzentajea ez betetzea.

Programa diruz laguntzeko baloratu diren lehentasunezko pertsonen portzentajea betetzen ez bada, programa horri dagokion azken likidazioaren zenbatekoa murriztuko da, lortutako eta egin gabeko puntuen proportzioan. Kalkulatuko da zer portzentaje izan duten puntu horiek entitatearen azken balorazioan, eta ehuneko hori kenduko da azken likidaziotik.

c) Landunen portzentajea ez betetzea.

Programa diruz laguntzeko baloratu diren landunen portzentajea betetzen ez bada, programa horri dagokion azken likidazioaren zenbatekoa murriztuko da, lortutako eta egin gabeko puntuen proportzioan. Kalkulatuko da zer portzentaje izan duten puntu horiek entitatearen azken balorazioan, eta ehuneko hori kenduko da azken likidaziotik.

d) Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuari dagozkion pertsonen portzentajea ez betetzea.

Programa diruz laguntzeko baloratu diren Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuari dagozkion pertsonen portzentajea betetzen ez bada, programa horri dagokion azken likidazioaren zenbatekoa murriztuko da, lortutako eta egin gabeko puntuen proportzioan. Kalkulatuko da zer portzentaje izan duten puntu horiek entitatearen azken balorazioan, eta ehuneko hori kenduko da azken likidaziotik.

e) Ikasle langabeen portzentajea ez betetzea.

Likidazio ondorioetarako, parte hartzen duten langabeak %30 baino gehiago badira, portzentaje horretatik goiti parte hartzen duten langabeak kenduko dira, parte hartzea ezarritako mugaraino iritsi arte. Arau orokor gisa, likidazioaren kalkuluan kalte gutxien ekartzen duten pertsonak kenduko dira.

f) Ebaluazio eta kontrol jarduketak ez betetzea.

Baldin 16.1 oinarrian ezarritako ebaluazio eta kontrol jarduketa horiek egiten ez badira, honako murrizketa hauek aplikatuko dira:

–Ebaluazio eta kontrol jarduketak gutxienez prestakuntza taldeen ehuneko 2,5ean egin ez badira, azken likidazioan ehuneko 3ko murrizketa aplikatuko da.

–Ebaluazio eta kontrol jarduketak prestakuntza taldeen ehuneko 2,5etik ehuneko 5era egin badira, azken likidazioan ehuneko 1,5eko murrizketa aplikatuko da.

18.3. Dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatu dela jakitean hasiko da ofizioz dirua itzultzeko prozedura, oinarri arautzaile hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

18.4. Apartatu honetan ezarritako itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean “dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei” buruz ezarritakoa.

18.5. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo dirulaguntzari espresuki uko egiteagatik liberatutako kopuruak erabiltzen ahalko dira hasiera batean dirulaguntzarik jaso ez zuten entitateei dirulaguntza emateko, puntuazioaren araberako hurrenkeran eta beste deialdi baten beharrik gabe.

19.–Datuen babesa.

19.1. Erakunde eskatzaileek eta erakunde onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

19.2. Entitate eskatzaileen, onuradunen eta parte-hartzaileen identifikazio datuak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, entitate eta pertsona interesdunak honako hauetan aitortzen zaizkien eskubideez baliatzen ahalko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorra; Datuak Babesteari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta gainerako garapen arauak.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datuak Babesteari buruzkoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean. Entitate onuradunen ardura izanen da prestakuntza programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu erregelamenduaren 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

20.–Aplikatu beharreko araudia.

20.1. Oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: martxoaren 28ko TMS/368/2019 Agindua (agindu horren bidez, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen da, eta horren bidez garatzen da irailaren 9ko 30/2015 Legea, lan arloko enplegurako lanbide heziketaren sistema arautzen duena, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintzarekin eta horren finantzaketarekin lotuta, eta ezartzen dituena horiek finantzatzera bideratutako dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak); azaroaren 25eko TES/1109/2020 Agindua (agindu horren bidez martxoaren 28ko TMS/368/2019 Agindua aldatzen da, eta horren bidez uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen da, eta haren bidez garatzen da irailaren 9ko 30/2015 Legea, lan arloko enplegurako lanbide heziketaren sistema arautzen duena, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintzarekin eta horren finantzaketarekin lotuta, eta ezartzen dituena horiek finantzatzera bideratutako dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak); irailaren 9ko 30/2015 Legea, lan arloko enplegurako lanbide heziketaren sistema arautzen duena; eta uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena. Aplikagarri izanen dira, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein xedapen arau-emaile.

21.–Dirulaguntzen publizitatea.

21.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Erakunde onuradunek berariaz aipatu behar dute Nafarroako Gobernuaren eta Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioaren finantzabidea informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta ekintzak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian, eta inola ere izan gabe erakunde sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Kasu guztietan, otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatuko dira. Foru dekretu horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.

21.2. Entitateak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

22.–Errekurtsoak.

Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

II. ERANSKINA

Ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko penalizazioen araubidea

Aurkitutako ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko penalizazioen araubide hau ezartzen da, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarritakoari jarraikiz, egiten dituen jarraipen eta kontrol jarduketen esparruan:

1) Ez-betetzeengatiko penalizazioa deialdiaren baremoan lortutako puntu kopuru osoaren ehuneko 30era artekoa izan daiteke gehienez, honako mailaketari jarraikiz:

–Ez-betetze arin bakoitzagatik: %1eko penalizazioa.

–Ez-betetze astun bakoitzagatik: %5eko penalizazioa.

–Ez-betetze oso astun bakoitzagatik: %10eko penalizazioa.

2) Aipatutako ez-betetzeak metagarriak izanen dira, eta, denak batera, ezin dira sekula izan baremoan lortutako puntu kopuru osoaren penalizazioaren %30etik gorakoak.

3) Aurkitutako gabeziak zuzenduz gero, 1) puntuan aurreikusitako penalizazioa %50 murriztuko da.

4) Hauek izanen dira ez-betetze arinak:

–Onartutako pertsonen eskabiderik ez izatea.

–Emandako material didaktikoaren hartze-agiririk ez izatea.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren ikastaro osoaren planifikazio osoari dagokionez (CP-3):

  • Dokumentuan ageri diren prestakuntza moduluko eta/edo prestakuntza unitateko orduen kopurua bat ez etortzea ziurtagirian jarritakoekin.
  • Ikastaroak prestakuntza unitate sekuentziaturik baldin badu, haiek ez egotea programaturik bata bestearen ondotik emateko.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren ikastaroko prestakuntza modulu bakoitzaren planifikazio didaktikoari dagokionez (CP-4):

  • Bildurik ez egotea ziurtagiriko eduki eta ebaluazio irizpide guztiak.
  • Ebaluazio irizpideak (1. zutabea) ez dira agertzen ezagutzen eta trebetasunen arabera sailkaturik, egoki den gaitasunaren barnean.
  • Edukien multzoek (2. zutabea) ez dituzte esleiturik gaitasunak eta/edo ebaluazio-irizpideak.
  • Estrategia metodologikoek (3. zutabea) ez dituzte esleiturik gaitasunak eta/edo ebaluazio-irizpideak.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren ikastaroko prestakuntza modulu bakoitzeko amaierako ebaluazio probari dagokionez (CP-8):

  • Proba egoki egiteko jarraibideak zehazturik ez egotea.
  • Proba kalifikatzeko sistema zehazturik ez egotea.
  • Moduluak prestakuntza unitaterik baldin badu, amaierako ebaluazioko probak biderik ez ematea unitate bakoitzaren puntuazioa identifikatzeko.

–Banakako ebaluazio txostenean (CP-6) jasotako emaitzak ez egotea adierazita 0tik 10era bitarteko puntuazioekin.

–Lanekoak ez diren praktiken kasuan:

  • Lanekoak ez diren praktiketako prestakuntza programak ez izatea jarraipena eta ebaluazioa egiteko irizpide eta prozedurarik (PNL-2).
  • Praktiketan dauden ikasleen kontrolerako eta segimendurako orrietan ez egotea haien sinadurarik (PNL-4), edo jarduera deskribatu gabe egotea.
  • Praktiketan dauden ikasleen kontrolerako eta segimendurako orrietan, jarduera ez egotea deskribaturik (PNL-4).
  • Praktiketatik salbuestea zilegi ez izatea.
  • Salbuespena eskatzeko aurkeztutako agiriak ez izatea egokiak.
  • Jasota ez egotea praktikei egindako ukoak, kasua bada.

5) Hauek izanen dira ez-betetze astunak:

–Ikasleen aseguruaren estaldura nahikoa ez izatea.

–Kontratatutako aseguruari dagokion aldia nahikoa ez izatea.

–Asistentzia-kontrolaren orriak ez bidaltzea egunero Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura.

–Ikasleari “gai” kalifikazioa ematea nahiz eta prestakuntza modulu bakoitzeko orduen %75era ez bertaratu.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren kasuan:

  • Plangintza didaktikoan (CP5) modulu bakoitzaren amaierako ebaluazioa ez egotea.
  • Moduluak prestakuntza unitaterik baldin badu, ikaskuntza prozesua izaten den bitartean, ez proposatzea gutxienez ebaluazio jarduera bat prestakuntza unitate bakoitzeko plangintza didaktikoan (CP-5).
  • Prestakuntza modulu bakoitzeko amaierako ebaluazioaren probak (CP-8) ez izatea teoria eta praktika.
  • Prestakuntza moduluko amaierako kalifikazioa lortzeko sistema ez etortzea bat araudiarekin (CP-6).
  • Moduluan amaierako probaren bigarren deialdirik ez egitea lehenago gainditu ez dutenentzat.
  • CP-6an jasotako amaierako puntuazioa bat ez etortzea ikastaroaren aktan (CP-7) jasotako amaierako kalifikazioarekin.

–Praktikak egiteko hitzarmenik ez izatea.

–Modalitate presentzialeko prestakuntza ekintzek 30 parte-hartzaileko gehieneko kopurua gainditzea, edo 25 parte-hartzailekoa profesionaltasun ziurtagiriaren kasuan.

6) Hauek izanen dira ez-betetze oso astunak:

–Ikasleek asegururik ez izatea.

–Asistentzia-kontroletan ikasleen sinadura faltsuak egotea.

–Bat ez etortzea jatorrizko sinadurak eta NL-NEZaren gordailura bidalitakoak.

–Praktiken kasuan, sinadurak bat ez etortzea ikasleen ebaluazioa egiteko dokumentuan ageri den asistentzia-kopuruarekin (PNL-5).

III. ERANSKINA

PRESTAKUNTZA EKINTZAK, GAITASUN DIGITALEI BURUZKO ZEHARKAKO PRESTAKUNTZA PROGRAMEI LOTUTAKOAK-2021

ESPEZIALITATEAREN KODEA

ESPEZIALITATEAREN IZENA

MODALITATEA

AURREZ AURREKO ORDUAK

TELEPRESTAKUNTZAKO ORDUAK

MODULU EKONOMIKOA (AURREZ AURRE)

MODULU EKONOMIKOA (TELEPRESTAKUNTZA)

PRESTAKUNTZA PROGRAMA

ADGD11

BLOCKCHAIN: APLIKAZIOAK ENPRESETAN

AURREZ AURREKOA

30

30

0

7,62 euro

ADGD11

ADGD14

ONLINE SALMENTA ENPRESAN: GIZA BALIABIDEAK ETA KOMUNIKAZIORAKO TRESNAK

AURREZ AURRE EDO TELEPRESTAKUNTZA

50

50

50

7,62 euro

5,715 euro

ADGD14

ADGD336PO

TALENTUA ETA ENPRESA DIGITALA

AURREZ AURRE EDO TELEPRESTAKUNTZA

30

30

30

6,86 euro

5,145 euro

ADGD336PO

ADGG010PO

MERKATARITZA ELEKTRONIKOA

AURREZ AURRE EDO TELEPRESTAKUNTZA

40

40

40

6,86 euro

5,145 euro

ADGG010PO

ADGG042PO

INFORMAZIOAREN TEKNOLOGIA ENPRESARI APLIKATUA

AURREZ AURRE EDO TELEPRESTAKUNTZA

30

30

30

6,86 euro

5,145 euro

ADGG042PO

ADGG055PO

BULEGOTIKA HODEIAN: GOOGLE DRIVE

AURREZ AURRE EDO TELEPRESTAKUNTZA

100

100

100

6,86 euro

5,145 euro

ADGG055PO

ADGG081PO

WEB 2.0 ETA SARE SOZIALEN OINARRIAK

AURREZ AURRE EDO TELEPRESTAKUNTZA

10

10

10

6,86 euro

5,145 euro

ADGG081PO

COMM006PO

KOMUNITATE BIRTUALAK KUDEATZEA

AURREZ AURRE EDO TELEPRESTAKUNTZA

100

100

100

6,92 euro

5,190 euro

COMM006PO

COMT017PO

DENDA BIRTUALAK SORTZEA ETA ONLINE MERKATARITZA JARDUERA GARATZEA. OINARRIAK

AURREZ AURRE EDO TELEPRESTAKUNTZA

75

75

75

6,92 euro

5,190 euro

COMT017PO

IFCD042PO

ALGORITMOEN PROGRAMAZIOA EXCELEKIN

AURREZ AURRE EDO TELEPRESTAKUNTZA

30

30

30

7,25 euro

5,438 euro

IFCD042PO

IFCD078PO

3D ESKANERRAK ETA 3D SOFTWAREAK

AURREZ AURREKOA

20

20

0

7,25 euro

IFCD078PO

IFCD70

ECLOUD HODEIAN LAN EGITEA

TELEPRESTAKUNTZA

100

0

100

6,038 euro

IFCD70

IFCD88

GOOGLE ANALYTICS ETA GOOGLE METATAGS

AURREZ AURRE EDO TELEPRESTAKUNTZA

30

30

30

8,05 euro

6,038 euro

IFCD88

IFCM007PO

GOOGLE ETA HAREN APLIKAZIOAK

AURREZ AURRE EDO TELEPRESTAKUNTZA

30

30

30

7,25 euro

5,438 euro

IFCM007PO

IFCM008PO

GOOGLE ADWORDS ETA HAREN APLIKAZIO PUBLIZITARIOAK

AURREZ AURRE EDO TELEPRESTAKUNTZA

30

30

30

7,25 euro

5,438 euro

IFCM008PO

IFCM043PO

BUILD A BUSINESS TRANSFORMATION VISION WITH GOOGLE CLOUD

AURREZ AURREKOA

7

7

0

7,25 euro

IFCM043PO

IFCT056PO

ORDENAGAILUEN INSTALAZIOA ETA MANTENTZE-LANAK

MISTOA

30

8

22

7,25 euro

5,438 euro

IFCT056PO

IFCT101

BUSINESS INTELLIGENCE ETA ERALDAKETA DIGITALA

TELEPRESTAKUNTZA

30

0

30

5,438 euro

IFCT101

IFCT102

ZIBERSEGURTASUNA TELELANEAN

TELEPRESTAKUNTZA

15

0

15

5,438 euro

IFCT102

IFCT104

ZIBERSEGURTASUNA MIKROENPRESENTZAT

TELEPRESTAKUNTZA

15

0

15

5,438 euro

IFCT104

IFCT105

BUSINESS INTELLIGENCE ZURE NEGOZIORAKO

AURREZ AURRE EDO TELEPRESTAKUNTZA

40

40

40

8,05 euro

6,038 euro

IFCT105

IFCT106PO

EKIPOEN BABESA SAREAN

AURREZ AURRE EDO TELEPRESTAKUNTZA

10

10

10

7,25 euro

5,438 euro

IFCT106PO

IFCT126PO

4.0 ENPRESAK: HASTAPENAK

AURREZ AURRE EDO TELEPRESTAKUNTZA

60

60

60

7,25 euro

5,438 euro

IFCT126PO

IFCT133PO

ZIBERSEGURTASUNA

AURREZ AURRE EDO TELEPRESTAKUNTZA

25

25

25

7,25 euro

5,438 euro

IFCT133PO

IFCT135PO

ZIBERSEGURTASUNA ERABILTZAILEENTZAT

TELEPRESTAKUNTZA

10

0

10

5,438 euro

IFCT135PO

IFCT45

OINARRIZKO GAITASUN DIGITALAK

AURREZ AURRE EDO TELEPRESTAKUNTZA

60

60

60

7,25 euro

5,438 euro

IFCT45

IFCT46

GAITASUN DIGITAL AURRERATUAK

AURREZ AURRE EDO TELEPRESTAKUNTZA

60

60

60

7,25 euro

5,438 euro

IFCT46

IFCT87

3D PROGRAMAZIOA ETA INPRIMAKETA: HASTAPENAK

AURREZ AURRE EDO TELEPRESTAKUNTZA

30

30

30

8,05 euro

6,038 euro

IFCT87

IFCT90

X.0 DESAFIOAK: DIGITALIZAZIOAK EKARRITAKO ERRONKAK

AURREZ AURREKOA

40

40

0

8,05 euro

IFCT90

IFCT98

3D INPRIMAKETAREN FABRIKAZIO ADITIBOA

AURREZ AURRE EDO TELEPRESTAKUNTZA

30

30

30

8,05 euro

6,038 euro

IFCT98

IMSV23

NORTASUN DIGITALA IKUS-ENTZUNEZKOEN ARLOKO PROFESIONALENTZAT

AURREZ AURRE EDO TELEPRESTAKUNTZA

60

60

60

7,95 euro

5,963 euro

IMSV23

SSCE153PO

SARE SOZIALAK TRESNA DINAMIZATZAILE GISA

AURREZ AURRE EDO TELEPRESTAKUNTZA

30

30

30

6,64 euro

4,980 euro

SSCE153PO

Iragarkiaren kodea: F2114948