250. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

541/2021 EBAZPENA, urriaren 22koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, 5., 8. eta 10. oinarriak aldatzen dituena deialdi honetan: “COVID lerroa, laguntza zuzenak emateko Nafarroako autonomoei eta enpresei, kaudimena babesteko eta sektore pribatuaren zorpetzea murrizteko”.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren ekainaren 30eko 342/2021 Ebazpenaren bidez onetsi ziren “COVID lerroa, laguntza zuzenak emateko Nafarroako autonomoei eta enpresei, kaudimena babesteko eta sektore pribatuaren zorpetzea murrizteko” izeneko deialdia eta haren oinarri arautzaileak (2021eko 166. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 19koa). Gero, akats zuzenketa bat egin zitzaion, 2021eko 176. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, uztailaren 29koan.

Deialdi hori irailaren 16ko 458/2021 Ebazpenaren bidez aldatu zen (2021eko 220. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 17koa), besteak beste, laguntza horiek 2020ko martxoaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitarteko kostu finkoek eragindako kontabilitate-galerak konpentsatzeko ere erabili ahal izateko. Horretarako, laguntzen eskatzaileek Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean inskribaturiko pertsona fisiko edo juridikoak eginiko txostena aurkeztu behar zuten, deialdiko 8.4 oinarriko c) letran adierazitako alderdiak egiaztatzeko.

Bada, zailtasunak izan direla ikusita eskaera txosten horrekin osatzeko, egokia da 5. eta 8. oinarri arautzaileak aldatzea, aldi horretan jarduera ekonomikoan kontabilitateko galerak izan dituzten pertsonei laguntzak eskuratzen laguntzeko.

Azkenik, deialdiaren 10. oinarria aldatzen da, 50.000 euroko edo hortik gorako laguntzak justifikatzeko eskatzen den txostena arautze aldera.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskudantziak erabiliz, hala ematen baitizkit bere 32. artikuluan martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoak,

EBAZTEN DUT:

1. Aipatu deialdiaren oinarri arautzaile hauek aldatzea:

1.1. 5. oinarriaren –“Gastu diruz lagungarriak eta ordainketa-agindua”– 4. apartatuko lehen paragrafoa. Hona testu berria:

“4. Halaber, laguntzak bideratzen ahal dira estali gabeko kostu finkoek eragindako kontabilitate galerak konpentsatzera, dirulaguntzari dagokion aldian –2020ko martxoaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitartean– eta 2021eko martxoaren 13a baino lehenagoko kontratuen ondoriozkoak badira. Laguntzaren zenbatekoak ez du inola ere gaindituko diruz lagungarriak diren kostu finko estaligabeen %70. Kostu finko horiek hauek izanen dira: eskabide-orriko 3) apartatuko estali gabeko kostu finkoak, ken 1) apartatuko guztizkoa (“Hornitzaileei eta bestelako hartzekodunei (finantzarioak eta ez-finantzarioak) egin beharreko ordainketak”).

1.2. 8. oinarriaren –“Eskaerak aurkezteko epea eta modua”– 4. apartatuko c) letra. Hona testu berria:

“c) Laguntza 5. oinarriaren 4. apartatuan aipatzen diren kostu finkoek eragindako kontabilitate-galeretarako eskatzen bada, honela jokatuko da:

1.a. Laguntzaren eskatzaileak “Estali gabeko kostu finkoei buruzko erantzukizunpeko adierazpena” eta “COVID lerroko galeren eta irabazien kontua (5/2021 LED)” bete beharko ditu, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduen arabera.

2.a. Dokumentazio hori aztertuta, eskatzaileak izendatzen duen Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako pertsona fisiko edo juridikoak txosten bat eginen du. Txosten hori laguntzen fitxa honetan zehazten diren prozeduretara egokituko da: “Auditoreak eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpenari buruz egin beharreko berariazko prozedurak”.

Txosten horrek eranskin gisa gehituko ditu 1. puntuan adierazitako bi agiriak.

Eskatzaileak urteko kontuak nahitaez auditatu behar baditu, txostena auditore berak eginen du.

3.a. Laguntzaren xede izanen diren estali gabeko kostu finkoak “5/2021 ELD COVID lerroko Galera eta Irabazien Kontua” izenekoan jasotakoak izanen dira, auditoreak bere txostenean salbuespenen bat egin dien gastuak kenduta.

Zenbateko hori eskaera-inprimakiko 3) apartatuan (“Laguntzaren xedeko kontabilitate galerak, auditorearen txostena dutenak”) jasoko da, eta horri aipatutako txostena erantsi beharko zaio.

1.3. 10. oinarriaren –“Jasotako dirulaguntzaren aplikazioaren justifikazioa”– 3. apartatua. Hona testu berria:

“3. Laguntzaren zenbatekoa 50.000 eurokoa edo hortik gorakoa bada, horiez gain onuradunak izendatzen duen Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean inskribaturiko pertsona fisiko edo juridikoak eginiko txosten bat aurkeztu beharko da. Txosten hori laguntzen fitxan jasotako prozedura hauen arabera eginen da: “Auditoreak laguntzaren justifikazioari buruz egin beharreko berariazko prozedurak”.

Eskatzaileak urteko kontuak nahitaez auditatu behar baditu, txostena auditore berak eginen du.”

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko urriaren 22an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

Iragarkiaren kodea: F2115249