25. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARATZURI

Herrilurretako baratzeak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena.

2020ko urriaren 8an egindako bilkuran Aratzuriko Kontzejuak erabaki zuen hasiera batean onestea herrilurretako baratzeen erabilera arautzen duen udal ordenantza. Erabakia 2020ko azaroaren 6an eman zen argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean (261. zk.).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen) eta jendaurrean egoteko aldian inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Aratzurin, 2020ko abenduaren 31n.–Kontzejuko burua, M.ª Alicia García Esparza.

HERRILURRETAKO BARATZEAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Printzipio nagusiak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen helburua da arautzea nola erabili, gozatu eta aprobetxatu behar diren Aratzuriko herrilurretako baratzeak, bai eta baratze horiek esleitzeko prozedura, baratzeetako laborantza eta esleipendunen erantzukizunak ere.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantzaren aplikazio-eremuaren barruan Aratzuriko Kontzejuaren herrilurretako baratzeetako lur guztiak daude.

3. artikulua. Definizioak.

a) Erabiltzailea: Baratzea erabiltzeko eta aprobetxatzeko eskubidea ematen duen lizentzia esleitzen zaion pertsona fisikoa.

b) Fruituak: Baratzeko lurraren laborantzaren emaitzako produktuak, hain zuzen ere frutak, barazkiak eta abar.

c) Baratzea: Lizentzia daukan erabiltzaileak barazkiak, lekadunak eta fruta-arbolak lantzeko erabil dezakeen ureztalur-saila.

d) Familia-unitatea: Etxebizitza batean bizi diren pertsona guztiak.

e) “Prekarioan” ematea: Pertsona bati baratze bat erabiltzeko eta gozatzeko eskubidea ematea horretarako legezkoa den titulurik baliatu gabe.

4. artikulua. Lagapenaren iraupena.

4.1. Baratzeen aprobetxamendua edota erabilera 8 urterako emanen d(ir)a. Zortzi urteko aldia igarotakoan pertsona erabiltzaile berriak izendatuko dira aldi horretan jasotako eskaeren arabera.

4.2. Lizentziaren indarraldiko azken hilean erabiltzaileek baratzea garbi utzi behar dute, eta hurrengo esleipendunak laborantzarako erabiltzeko moduan.

5. artikulua. Printzipio orokorrak.

5.1. Xedea: herrilurretako baratzea. Onuradunek ezin dituzte erabili herrilurrak esleipenean ezarritakoak ez beste erabilera, aprobetxamendu eta laborantza batzuetarako, Aratzuriko Kontzejuak berariazko baimenik eman ezean.

5.2. Zuzeneko laborantza pertsonala. Esleipendunek berek zuzenean landu beharko dituzte herrilurretako baratzeak, eta ezin izanen dituzte errentan eman, ez eta ustiatu ere lan pertsonala ez bertze modu baten bidez.

5.3. Baratzeak zaintzeko eta mantentzeko lanak. Baratzeen erabiltzaileen betebehar nagusia izanen da lagatako lursaila behar bezala zaintzea eta mantentzea. Horretarako, baratzea arduraz erabili behar dute, osasungarritasuna bermatu behar dute, lursaila apain eduki behar dute eta lurra landu behar dute. Gainera, herrilurretako baratzeetako denen erabilerarako eremuak ondo artatu eta zaindu behar dira.

5.4. Erabiltzaileekiko eta beren baratzeekiko begirunea. Herrilurretako baratzeen erabiltzaileek ezin diete eragozpenik sortu gainerako erabiltzaileei, eta beste lursailetan ezin dute gaitzik ez kalterik egin.

5.5. Debekatuta dago baratzeak lantzea produktuak saltzeko asmoarekin. Erabiltzaileek ezin dute erabili esleitutako baratzea saltzeko produktuak lantzeko, eta ustiapen ekonomikorako ere ez.

5.6. Norberaren hornidura. Baratzeetan ereiten diren laboreak erabiltzaileak eta beraren familia unitateak kontsumitzeko izanen dira.

5.7. Ingurumenerako aurreneurriak. Pertsona esleipendunek ezin dute erabili lurra edo bertako akuiferoak kutsatzen eta kalte handia eragiten ahal duten ongarririk ez produktu fitosanitariorik.

6. artikulua. Esleipenaren titulua.

Lizentziak baratzea erabiltzeko eskubidea ematen dio pertsona bati, berari ez beste inori. Esleipendunak ezin dio bere lizentzia beste pertsona bati eman, eta lizentzia ordenantzan ezartzen diren baldintzak betetzen diren artean soilik egonen da indarrean.

Erabiltzaileak ezin ditu laga baratzearen aprobetxamenduaren ondoriozko eskubideak, ez haien gaineko kargarik hartu, ez eta haiek kostu bidez edo doan baliatu ere. Beraz, lizentzia eta hark berekin dakartzan eskubideak ezin zaizkie inolaz ere hirugarrenei eskualdatu.

Lizentzia “prekarioan” ematen da; horrenbestez, Kontzejuak noiznahi deuseztatzen ahalko du erabiltzaile bati emandako lizentzia, bidezko arrazoia dagoela frogatuz gero; horrelakoetan esleipendunak ez du edukiko kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik.

II. TITULUA

Esleitzeko prozedura

8. artikulua. Esleipena jasotzeko bete beharreko baldintzak.

Herrilurretako baratzeen aprobetxamendurako lizentzia eskuratu nahi duenak honako baldintza hauek bete behar ditu:

a) Adinez nagusia izan behar da.

b) Aratzurin erroldatuta egon behar da.

c) Urtean 9 hilabetez bederen Aratzurin bizi behar da.

d) Ordainduta eduki behar ditu Aratzuriko Kontzejuarekin eta Oltza Zendeako Udalarekin dauzkan zerga-betebeharrak eta gainerako betebehar guztiak.

e) Familia-unitateko inor ezin da izan beste baratze baten esleipenduna.

f) Pertsona erabiltzailea gauza izan behar da baratzean nekazaritzako lanetan eta laborantzan aritzeko.

g) Ezin du eduki zehapenik ezarrita ordenantza honetan agintzen den zerbait ez betetzeagatik.

9. artikulua. Lizentzia eskatzea.

9.1. Baratze bat esleitzea nahi duten pertsonek eskaera aurkeztu behar dute, eta harekin batera honako agiri hauek:

a) NANaren fotokopia.

b) Erantzukizunpeko adierazpena (1. eranskina).

Oharra: Kontzejuak ofizioz egiaztatuko du eskatzailea Aratzurik erroldatuta dagoenez, arau-hausterik egin duenez eta Kontzejuarekin dauzkan zerga-betebeharrak eta gainerako betebehar guztiak ordainduta dauzkanez.

c) Kanona ordaindu duelako frogagiria (esleipena egin ondoren).

9.2. Pertsona interesdunek 10 egun baliodun edukiko dituzte aurrean azaldutako agiriak aurkezteko, kanonaren ordainketaren frogagiria izan ezik, hori baratzea esleitu ondoren aurkeztu beharko da eta.

10. artikulua. Eskumena eta prozedura.

10.1. Baratzeak esleitzeko eta ordenantza interpretatzeko eskumena Aratzuriko Kontzejuaren Batzarrak dauka.

10.2. Esleitzeko prozedura:

10.2.1. Esleitzeko prozedura hasteko, ediktua argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta iragarkia Kontzejuaren iragarki-oholean.

10.2.2. Horiek argitaratzen direnetik 10 egun balioduneko epealdia egonen da eskaera eta erantzukizunpeko adierazpena aurkezteko Aratzuriko Kontzejuari. Epealdi horretan aurkezten ez badira, eskatzaileak lizentzia esleitzeko prozeduran atzera egin duela ulertuko da.

10.2.3. Eskaerak aurkezteko epealdia amaitutakoan prozedurarako onartu direnen eta baztertu direnen behin-behineko zerrenda onetsiko da eta iragarki-oholean plazaratuko da. Ordutik aurrera 5 egun balioduneko epealdia egonen da alegazioak aurkezteko.

Epealdi horretan alegaziorik aurkeztu ezean, behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko da eta Aratzuriko Kontzejuaren iragarki-oholean plazaratuko da.

10.2.4. Kontzejuak dei eginen die behin betiko zerrendako pertsonei lursailen zozketa publikora joan daitezen. Zozketa-eguna 3 egun baliodun lehenago jakinaraziko da bitarteko telematikoen bidez (eskatzen dutenei) eta Kontzejuaren iragarki-oholean.

10.2.5. Zozketa hasi aurretik Kontzejuak zenbaki bat ezarriko dio baratze bakoitzari. Zozketa egin ondoko bi egun baliodunetan esleipendunen zerrenda Kontzejuaren iragarki-oholean paratuko da.

10.2.6. Baratzea esleitzen zaien pertsonek kanona ordaindu dutelako frogagiriaren aurkeztu beharko diote Kontzejuari, lizentzia eman diezaien.

11. artikulua. Lizentziaren edukia. Ordezkoak eta erreserbakoak.

11.1. Esleipendun bakoitzari ematen zaion lizentzian honako informazio hau agertu behar da: baratzea non dagoen, baratzearen zenbakia eta lizentziaren indarraldia.

11.2. 8. artikuluan ezartzen diren baldintzak bete arren baratzerik esleitzen ez zaien pertsonak ordezkoen zerrendan sartuko dira. Zerrenda horretako ordezkoek lehentasuna edukiko dute beste pertsona guztien aldean esleipendunen artean bajarik gertatuz gero, norbaitek lizentziari uko eginez gero edo lizentziak ematen duen eskubidea norberaren borondatez edo nahitaez galduz gero. Horrelakoetan, zerrendako ordenaren arabera deituko zaie ordezkoei eta esleipenaren iraunaldia lizentziaren indarraldia amaitu artekoa izanen da.

11.3. Honako bi kasu hauetan (hauexetan soilik) familia-unitate batek bi baratze izaten ahalko ditu, kanona ordainduz gero (40 euro urtean): erroldatutako eskatzaileak gaitutako lursailak baino gutxiago badira edo, denborak aurrera egin ahala, lursailen bat esleitu gabe gelditzen bada eta ezin bazaio esleitu ordezko bati.

11.4. Hala ere baratzeren bat esleitu gabe gelditzen bada, Kontzejuak zerrenda bat egiten ahalko du ordenantza honen 8. artikuluaren b) edo c) apartatuetan ezartzen diren baldintzak betetzen ez dituzten pertsonekin, eta “erreserban” edukiko ditu. Zerrenda horretako erreserbako pertsonen kanona honako hau izanen da: 150 euro urtean.

12. artikulua. Lizentzia azkentzea.

Lizentziak honako kasu hauetan azkenduko dira:

a) Indarraldia bukatzen denean.

b) Bi alderdiek erabakita.

c) Kontzejuak bere kabuz erabakita (arrazoiak eman behar ditu).

d) Esleipendunak uko eginez gero.

e) Aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpeneko daturen bat okerrekoa edo faltsua denean edo zerbait falta denean.

f) Erabiltzaile-izaera galduz gero (16. artikulua).

g) 13. artikuluan ezartzen diren betebehar edo xedapenetako bat ez betetzea arau-hauste oso astuntzat jotzen denean.

h) 14. artikuluan segurtasunaz, higieneaz eta apainduraz ezartzen diren jarraibideak behin eta berriz aintzat hartzen ez direnean.

III. TITULUA

Erabileraren eta aprobetxamenduaren baldintzak

13. artikulua. Erabileraren baldintza orokorrak.

13.1. Herrilurretako baratze bakoitza esleipena jasotzen duen pertsonak erabili beharko du edo, bestela, beraren familia-unitateko kideek; honako betebehar hauek edukiko dituzte:

a) Inguruko berezko baratze-landareak baino ezin dituzte laboratu: letxuga, tomateak, tipulak, porruak, kalabazinak, babak etab. Horiez gainera, loreak eta landare apaingarriak ere sar daitezke, eta sendabelarrak ere bai.

b) Erabiltzeko lagatako instalazioak arretaz zaindu behar dira eta jaso direnean egon diren bezala mantendu behar dira. Lursaila garbi eduki behar da beti, landatzen diren landareak alde batera utzita.

c) Jasotzen diren ondasunak gorde eta zaindu behar dira. Baratzea Kontzejuari itzultzen zaionean, beste pertsona bati esleitzeko moduan egon behar da.

d) Lizentziaren titularraren baimenik eduki ezean, ezin diote utzi inori baratzean sartzen. Horren inguruan gertatzen diren gorabehera guztiak Kontzejuari jakinarazi beharko dizkiote.

e) Lagatzen den lursailaren egitura eta azalera ezin dira aldatu. Kontzejuak ezarritako lursailen-zedarriak ezin dira aldatu.

f) Ezin da hesirik paratu lursaila ixteko, mugatzeko, markatzeko edo seinaleztatzeko, ez harrizkorik, ez zurezkorik, ez adreiluzkorik, ez blokezkorik, ez bestelakorik. Kontzejuak ezarritako mugak edo ertzak ezin dira aldatu.

g) Lursailean ezin da ezer eraiki; gainera, ezin da paratu aterperik, ez esekilekurik, ez ingurua aldatzen ahal duen deus. Orobat, esleipendunak ezin du instalatu berariaz lurra lantzeko ez den elementurik: barbakoak, estalpeak, etxolak eta abar.

h) Gainerako baratzeetako erabiltzaileei ez zaie eragozpenik sortu behar; ezin da erabili erabiltzaileei kalteak edo lesioak eragiten ahal dizkien gailurik, tresnarik ez sistemarik. Ezin da hondakinik bota baratzera, eta belar-sastrakak garbitzearen hondarrak eta garbiketa-hondarrak ere ez.

i) Debekatuta dago paisaia narriatzen duten edo dauden instalazioak aldatzen dituzten elementuak jartzea.

j) Laborantzan, garbiketan eta baratzeko gainerako zereginetan ezin da erabili lurra larriki kutsatzen ahal duen sustantziarik.

k) Debekatuta dago lurra, lurzorua edo lurpea hondatzen duten landareak landatzea. Gainera, ezin da landatu espezie exotikorik, ez espezie inbaditzailerik, ez legez laboratu edo erein ezin den espezierik.

l) Baratzean ezin da eduki animaliarik. Ezin da erabili zeporik, tranparik, lakiorik, perdigoi edo balinezko eskopetarik, tiragomarik ez bestelako tresnarik (ez mekanikorik, ez naturalik) lurrez edo airez animaliak, hegaztiak edo pertsonak baratzean sartzea eragozteko. Nolanahi ere, sareak paratzen ahal dira hegaztiak ez sartzeko.

m) Debekatuta dago baratzeko laborantza edo haren erabilera bertan behera uztea; batez ere, fruituak ezin dira bildu gabe utzi kiratsa sortzen badute, lurra zikintzen badute edo inguruari edo paisaiaren ikuspenari kalte egiten badiote, lurzoruan egon zein ez.

ñ) Debekatuta dago sasoikoak ez diren espezieak landatzea, baldin eta fruituak ezin badira bildu ereintzatik zortzi hilabete pasatu baino lehen; gainera, ezin da landatu zuhaitz-espezierik, fruta-arbolak barne.

o) Baratzeko laborantza-lanetan trakzio mekanikodun ibilgailuak erabiltzen ahalko dira: traktoreak, motokultoreak, motozerrak eta abar.

p) Baratzean ez dira pilatu behar laborantzako tresnak.

q) Laborantzako uztondoak erre daitezke, udaldian izan ezik (ekainetik irailera, biak barne).

r) Esleipenduna sasoi onean egon behar da, baratzean laborantzan aritzeko moduan, hain zuzen. Hori dela eta, gaixotasun edo patologia larri batek jotzen badu erabiltzailea eta ondorioz ez bada gauza baratzean lan egiteko hilabete baino aldi luzeagoan, horren berri eman beharko dio Kontzejuari idatziz.

s) Ezin da erabili musika-ekiporik baratzeko egonaldiak alaitzeko, baldin eta musikaren bolumenak beste erabiltzaileen edo herritarren lasaitasuna eragozten badu.

13.2. Aurreko baldintzetako bat ez betetzea arau-haustea izanen da, eta gerta liteke arau-hausleak Kontzejuak emandako lizentzia galtzea.

14. artikulua. Baratzeetan paratzen ahalko diren elementuak.

Kasu guztietan, eta segurtasunaz, higieneaz eta apainduraz ezarritako irizpideak aplikatuz, Kontzejuak eskubidea dauka elementuok aldatzeko eta are kentzeko ere eskatzeko:

14.1. Baratzean ur-biltegia eduki daiteke, gehienez 2 metro kubikokoa, plastikozkoa zein txapazkoa. Modu seguruan ainguratu behar da eta itxura onean artatu behar da.

14.2. Etxola bat egon daiteke laborantza-lanetarako tresnak eta materialak gordetzeko, gehienez 2 x 3 m-koa. Zurezkoa izan behar da; teilatua txapazkoa izan daiteke. Osorik desmuntatzeko modukoa izan behar da; beraz, ezin du eduki eraikuntza-elementu finkorik: hormigoia, zementua eta abar.

14.3. Baratze bakoitzean txorimalo bat paratzen ahalko da.

15. artikulua. Lizentziaren esleipenaren berezko gastuak.

15.1. Baratzea esleitzen zaien pertsonek lizentzia indarrean dagoen artean laborantzak eragiten dituen banakako gastuak ordaindu beharko dituzte (ongarriak, ereindako landareak eta abar), lursaila laborantzarako prest eta ongi zainduta edukitzeko.

15.2. Erabiltzaileek nahitaez ordaindu behar dituzte baratzeen erabilpenak eragiten dituen kostuak ordaintzeko Aratzuriko Kontzejuak Zuzenbidearekin bat etorriz eta arrazoiak azalduta ezartzen dituen karga guztiak.

15.3. Herrilurretako baratzeetan laborantzan aritzeko ordaindu beharreko kanona 8 euro urtean izanen da. Kanona lizentzien indarraldia amaitzen den bakoitzean eguneratuko da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak finkatutako nekazariek jasotako prezio-indizeak aplikatuz.

15.4. Oro har, lehen urtean kanona herrilurretako baratzea esleitzen den unean bertan sortzen da. Geroztik, aurreko esleipenaren indarraldia amaitu baino lehen ordaindu beharko da.

16. artikulua. Erabiltzaile izaera galtzea.

16.1. Erabiltzaile izaera galduko da honako kasu hauetan:

a) Esleipendunak eskubidean atzera egin edo hari uko eginez gero Kontzejuaren aurrean.

b) Heriotza gertatuz gero edo baratzeko lanak egitea eragozten duen gaixotasunak joz gero.

c) Lizentziaren indarraldian zehar Aratzurin erroldatuta egoteari utziz gero; salbuespena: esleipena ordenantza honen 11.4 artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz egin bada.

d) Hilabete baino aldi luzeagoan baratzaren erabilera edo laborantza bertan behera utziz gero.

e) Baratzea esleitzeko kontuan edukitako inguruabarretako bat desagertuz gero.

f) Ordenantza honetan zehazten diren bateraezintasunetako bat gertatu edo debekuetako bat hautsiz gero.

g) Baratzea ordenantza honetan zehazten ez den erabilera edo helburu baterako erabiltzen bada.

h) Gainerako erabiltzaileekin izateko oinarrizko elkarbizitza-arauak betetzen ez badira edo haiekin gizabidez jokatzen ez bada.

16.2. Erabiltzailea izateari uzteak inolaz ere ez du ekarriko Kontzejuak kanona itzuli beharrik, eta diruzko kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik ere ez.

IV. TITULUA

Diziplina-araubidea

17. artikulua. Diziplina-araubidea.

17.1. Herrilurretako baratzeen erabiltzaileek ordenantza honetan ezartzen den guztia bete behar dute.

17.2. Ordenantzan xedatzen denaren aurkako jokabideak arau-haustetzat joko dira; arau-hausleari zehapena ezarriko zaio.

17.3. Baldin eta erabiltzaile batek doloz, erruz, zabarkeriaz edo are ez betetze hutsez kalterik egiten badio herrilurretako baratzea dagoen lursailari, edo baratzearen berezko xedea ez beste baterako erabiltzen badu edo bertako arauetako bat betetzen ez badu, zehapena ezarriko zaio: lizentzia kenduko zaio, ordenantza honetan arautzen den gisan.

17.4. Pertsona esleipendunaren erantzukizuna honelakoa izan daiteke: nagusia edo zuzena, urratzea erabiltzaileak berak egin badu; subsidiarioa, urratzea baratzea erabiltzen ez duen pertsona batek egin badu, erabiltzailea jakitun dela edo haren zabarkeriaren erruz, hots, baratzean sartu ezin ziren pertsonei sartzen utzita.

18. artikulua. Ikuskapena.

18.1. Kontzejuak izendatutako langileek lagatako instalazioak ikuskatzen ahalko dituzte. Langile horiek agintaritzat hartu behar dira beren ikuskapen-ahalmenetan ari direnean.

18.2. Erabiltzaileek baratzean sartzen utzi behar diete aurreko paragrafoan aipatzen diren pertsonei, eta eskatzen duten informazioa eman behar diete, ezinbestekoa baita herrilurretako baratzeen kudeaketaren eta laborantza eta aprobetxamenduen jarraipena egiteko.

V. TITULUA

Erantzukizunen araubidea

19. artikulua. Erantzukizunak eta administrazioko arau-hausteak.

19.1. Baratzeak edo hirugarrenek jasaten dituzten kalteen erantzukizuna edukiko du pertsona esleipendunak.

19.2. Zenbait erabiltzaile kalte baten eragile badira, erantzukizun solidarioa edukiko dute.

19.3. Arau-hausteen mailak honako irizpide hauen arabera ezarriko dira:

a) Arau-hauslearen erruduntasun-maila edo araua hausteko asmoa edukitzea.

b) Arau-hausteak behin eta berriro egitea.

c) Kalteak nolakoak diren.

d) Arau-hauste bat egin eta urtebete igaro aurretik eite bereko beste arau-hauste bat egitea, Aratzuriko Kontzejuak erabaki baten bidez ezarrita.

19.4. Ordenantza honetan ezartzen den zerbait urratzea arau-haustetzat joko da. Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

–Arau-hauste arina: Astun modura sailkatutako arau-hausteetako bat egitea, baldin eta, zenbatekoa txikia edo intentsitatea baxua izanik, astunaren kalifikazioa merezi ez badu. Arau-hauste arina egiten duten pertsonei kargu hartuko zaie idatziz. Hiru arau-hauste arin eginez gero, arau-hauste astuna gertatuko da.

–Arau-hauste astuna: Arau-hauste astuntzat joko da erabiltzaileak jardunez edo jardun ezagatik ordenantza honen 13. artikuluaren apartatuetako bat urratzea. Hiru arau-hauste arin eginez gero, arau-hauste astuna gertatuko da.

–Arau-hauste oso astuna: Astun modura sailkatutako arau-hausteetako bat egitea, baldin eta gertatutakoaren garrantzia dela eta oso astunaren kalifikazioa merezi badu. Bi arau-hauste astun egitea arau-hauste oso astuntzat jotzen ahalko da. Arau-hauste bat oso astuntzat jotzea aski izanen da urratzaileari lizentzia kentzeko.

20. artikulua. Zehapenak.

20.1. Arau-hauste astun eta oso astun guztiei zehapena ezarriko zaie. Ordenantza honen arau-hausteak honako zenbateko hauekin zehatuko dira:

–Arau-hauste astuna: 100 euroko isuna.

–Arau-hauste oso astuna: 300 euroko isuna.

20.2. Hertsapen-isuna ez ezik, arau-hausleak kalte egindako onda-suna konpontzeak edo ordezteak eragiten dituen gastu guztiak ere ordaindu beharko ditu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 117.3. artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz.

20.3. Premiamendu-bidea. Nork bere borondatez ordaindu ezean, isunak premiamendu-bidez kobratuko dira, administrazio-bide egokiak erabiliz.

Zehapen-prozedura ofizioz hasiko da beti, Kontzejuaren Batzarraren erabaki baten bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 58. artikuluan eta horrekin lotutakoen ezartzen denarekin bat etorriz.

21. artikulua. Azken xedapenak.

Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, indarrean diren legezko xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da. Ordenantzaren edukiaren interpretazioaz sortzen diren zalantzak Kontzejuaren Batzarrak argituko ditu.

Ordenantza arautzaile honek indarra hartuko du eta ondorio juridikoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Foru Komunitateak toki entitateen egintza edo erabakiak deuseztatzeko daukan eskumena erabiltzeko epealdia iragandakoan.

I. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2100010