248. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

430/2021 EBAZPENA, urriaren 11koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez luzatzen baitira araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen ziurtapen probak egiteko zehaztapenak, urriaren 16ko 430/2020 Ebazpenaren bidez onetsiak, 2021-2022 ikasturteko ebaluazio prozesuak arautuko dituztenak. Horrekin batera, ebazpen horren XIII. eranskina aldatzen da, non irakaskuntza horietan aplikatu beharreko igoera eta ziurtapen irizpideak ezartzen baitira.

Araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzen oinarrizko mailako, tarteko mailako eta maila aurreratuko curriculumak, Nafarroan, abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuaren bidez ezarri ziren (foru dekretu horren bidez egokitu zen abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretua Nafarroako Foru Komunitatean).

Urtarrilaren 11ko 1/2019 Errege Dekretuak oinarrizko ebaluazio printzipio komun batzuk ezarri zituen araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzetako B1 eta B2 tarteko mailak eta C1 eta C2 maila aurreratuak ofizialki ziurtatzeko probetarako.

Hezkuntzako zuzendari nagusiaren urriaren 16ko 430/2020 Ebazpenaren bidez, araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzen ziurtapen probak egiteko zehaztapenak onetsi ziren maila hauetarako: B1 tarteko maila, B2 tarteko maila, C1 maila aurreratua eta C2 maila aurreratua. Zehaztapen horiek ebazpen horren I. eranskinetik XII.era bitartekoetan jaso ziren. I., IV., VII. eta X. eranskinak 2020ko 271. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, azaroaren 19koan, eta Hezkuntzako Atarian kontsulta daitezke https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/idiomas-plurilinguismo/escuelas-oficiales (HEOko azterketetarako zehaztapenak azterketariarentzat).

Zehaztapen horiek Nafarroako hiru hizkuntza eskola ofizialetako ziurtapen probetan aplikatu dira, 2020-2021 ikasturteko deialdi arruntean eta berezian, eta iritzi da ez dela aldaketarik egin behar. Hortaz, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak 2021-2022 ikasturtera luzatzea proposatu du.

Mailaz igotzeko eta ziurtapena egiteko betebeharrak, ordea, aldatu beharrean daude (aipatutako 430/2020 Ebazpenaren XIII. eranskinean jasota zeuden). Hortaz, testu hori ordezteko beste testu bat proposatzen da, ebazpen honen eranskinean jaso dena.

Horrenbestez, erabiliz Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak emandako ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen ziurtapen probak egiteko zehaztapenen luzapena onestea. Horrenbestez, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren urriaren 16ko 430/2020 Ebazpenaren I. eranskinetik XII.era bitartekoetan erredaktatu bezala geldituko dira.

2. Hezkuntzako zuzendari nagusiaren urriaren 16ko 430/2020 Ebazpenaren XIII. eranskinaren aldaketa onestea. Ebazpen honen eranskinean agertzen den bezala erredaktatuta geldituko da.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

5. Ebazpen hau igortzea Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Atzerriko Hizkuntzen Atalera, Ikasketak Antolatzeko Atalera eta Nafarroako hizkuntza eskola ofizialetara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urriaren 11n.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

(Urriaren 16ko 430/2020 Ebazpenaren XIII. eranskina aldatzen du)

Igoera eta ziurtapen irizpideak, Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzetako mailetan aplikatu beharrekoak

1.–Igoera irizpideak ikasle ofizialentzat.

a) A1 oinarrizko maila, A2 oinarrizko maila, B2.1 tarteko maila eta C2.1 maila aurreratua.

Ikasleak mailaz igoko dira deialdi arruntean etengabeko ebaluazioaren bidez edo deialdi berezian (iraileko azterketa) gutxienez 5 puntu lortuta (edo %50) ebaluatzen den hizkuntza jarduera bakoitzean.

b) B1 tarteko maila, B2.2 tarteko maila eta C1 maila aurreratua.

Ikasleak mailaz igoko dira gutxienez 5 puntu lortuta (edo %50) ebaluatzen den hizkuntza jarduera bakoitzean kasuan kasuko ziurtapen proban.

c) Maila igoeraren gaineko kalifikazioa honela jasoko da ebaluazio agirietan: “Mailaz igotzen da” idatzita, eta horren ondoren zenbakizko nota (5 edo hortik gorakoa, dezimal batekin), edo, bestela, “Ez-gai” idatzita.

2.–Ziurtapen irizpideak ikasle ofizial zein libreentzat.

a) A1 oinarrizko maila eta A2 oinarrizko maila.

Ikasleek, indarreko zehaztapenen arabera, ziurtapena lortuko dute guztira 6ko edo hortik gorako nota jasotzen badute 10en gainean (edo guztizkoaren %60). Gainera, probaren barruko hizkuntza jarduera bakoitza gainditu beharko dute, 5eko edo 5etik gorako nota lortuta (edo %50).

b) B1, B2.2, C1 eta C2.2 mailak.

Ikasleek, indarreko zehaztapenen arabera, ziurtapena lortuko dute guztira 6,5eko edo hortik gorako nota jasotzen badute (edo guztizkoaren %65), eta, gainera, probaren barruko hizkuntza jarduera bakoitzean gutxienez 5 puntu lortu beharko dituzte (edo guztizkoaren %50).

c) Ziurtapenaren gaineko kalifikazioa honela jasoko da ebaluazio agirietan: “Gai” idatzita, eta horren ondoren zenbakizko nota jarrita dezimal batekin, “Ez-gai” idatzita, edo “Ez aurkeztua” idatzita.

Iragarkiaren kodea: F2114967