248. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2776/2021 EBAZPENA, urriaren 6koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, administrazio publikoko teknikarien (arlo ekonomikoa) lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez osatzeko deialdiak onesten dituena; bata, aldi baterako kontratazioetarako, eta bestea, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko. Horiez gain, lanpostu horretan trebatzeko lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proba egiteko deialdia ere onesten da.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat administrazio publikoko teknikarien (arlo ekonomikoa) lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta, bestetik, beste zerrenda bat, aipatutako lanpostuetan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, lanpostu horietan prestakuntza egin nahi duten izangaien zerrendak egiteko.

Azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuaren lehenbiziko xedapen iragankorrak ezartzen duenez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean prestakuntzarako zerbitzu berezietan deklaratu diren langile finkoei araubide hori bera aplikatuko zaie, baldin eta 347/2004 Foru Dekretuak indarra hartzen duen egunean agortu ez badituzte aipatutako apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako sei eta lau urteko gehieneko prestakuntzaldiak.

Azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, gehienez ere lau urte iraunen duen bigarren prestakuntzaldian sartzeko, langileek kasuan kasuko deialdian zehazten diren prestakuntza ikastaroak edo hautaprobak egin beharko dituzte (foru agindu horren bidez, lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezietan betetzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zen).

Hori guztia kontuan harturik, bidezkoa da administrazio publikoko teknikari (arlo ekonomikoa) gisa trebatzeko lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proba egiteko deialdia onestea.

Deialdi hauek honako hauetan ezarritakoari jarraikiz onesten dira: Administrazioaren zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza arautzen dituen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzeko abenduaren 30ean emandako 199/2004 Foru Agindua; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua; eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea administrazio publikoko teknikarien (arlo ekonomikoa) lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez osatzeko deialdiak; bata, aldi baterako kontratazioetarako, eta bestea, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko. Horiez gain, lanpostu horretarako lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proba egiteko deialdia ere onesten da. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak jakinaraztea Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2021eko urriaren 6an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I.–DEIALDIA, ADMINISTRAZIO PUBLIKOKO TEKNIKARI GISA (ARLO EKONOMIKOA) PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIETAN ARITZEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Deialdia egiten da administrazio publikoko teknikari (arlo ekonomikoa) lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran ariko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, B, C edo D mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

c) Lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egin izana.

d) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

e) Ekonomiako unibertsitateko lizentziadun titulua izatea, edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziadun titulua, edo Enpresa Zientzietako lizentziadun titulua edo Zientzia Aktuarial eta Finantzarioetako lizentziadun titulua, edo aurreko horietako baten balio berekotzat hartutako beste titulu bat, edo ekonomiaren, enpresaren, kontabilitatearen edo finantzen arloko gradudun titulua (Gizarte Zientzien eta Zientzia Juridikoen jakintza arloa), edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulua lortzeko moduan egotea.

Titulu hori ezin da izan langile finkoari jarduneko zerbitzuan aritzeko balio diona.

Tituluak atzerrian lortu badira, eduki beharko dira homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak.

e) Administrazio publikoko teknikari (arlo ekonomikoa) gisa zerbitzu berezietan prestakuntza jasotzeko zerrenda batean ez egotea.

2.2. Aurreko atalean jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta prestakuntzak iraun bitartean ere.

2.3. Gidabaimena nahitaezko duen lanpostu bat eskuratu nahi izanez gero, B motako gidabaimena edukitzea.

2.4. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek II. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko.

Eskabide hori interesdunen eskura dago Interneten bidez, www.nafarroa.eus helbidean, deialdiaren fitxan, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta. Halaber, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko bulego guztietan dago eskuragarri.

Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, organo eskudunak emandako dokumentazioa erantsi beharko dute, eskaneaturik, hori frogatzeko.

Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zer egokitzapen eskatzen duten zehaztu. %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Aurreko ataletan xedatutakoa galarazi gabe, parte hartzeko eskaerarekin batera ez da beste agiririk aurkeztu behar. Izan ere, bigarren oinarriko 2.1.e) atalean eskatzen dena, eta beharrezkoa bada, 2.3 atalean ezarritakoa, deitzen zaien unean frogatu beharko dute izangaiek, deialdi honetako arau komunen zazpigarren oinarrian ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.–Eskabideak nola eta noiz aurkeztu.

Deialdietarako arau komunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bitartekoak erabiliz eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.

Bosgarrena.–Hautapen prozesua nola eginen den eta haren balorazioa.

Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

II.–DEIALDIA, ADMINISTRAZIO PUBLIKOKO TEKNIKARI (ARLO EKONOMIKOA) GISA LAU URTEKO BIGARREN PRESTAKUNTZALDIAN SARTZEKO PROBARAKO

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenbizikoa.–Betebeharrak.

Administrazio publikoko teknikari (arlo ekonomikoa) gisa trebatzeko lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proban parte hartzen ahalko dute lanpostu horri dagokion prestakuntza zerbitzu berezietan egiteko izangaien indarreko zerrendan ageri diren langileek, betebehar hauek betetzen badituzte:

a) Azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuak indarra hartu zuen egunerako, prestakuntzarako zerbitzu berezietan deklaratu izana apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean.

b) Prestakuntzarako zerbitzu berezietan gutxienez ere lau urtez aritu izana, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean. Betebehar hori eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko da.

c) Eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

Bigarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

2.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek III. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko.

Eskabide hori interesdunen eskura dago Interneteko www.nafarroa.eus helbidean, deialdiaren fitxan, deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

2.2. %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskaeran; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa erantsi beharko dute, organo eskudunak emana.

Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zer egokitzapen eskatzen duten zehaztu. %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangai horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

2.3. Aurreko bi ataletan xedatutakoa galarazi gabe, parte hartzeko eskabidea beste agiririk ez da aurkeztu behar.

Hirugarrena.–Eskabideak nola eta noiz aurkeztu.

Deialdietarako arau komunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako moduan eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.

Laugarrena.–Hautapen prozesua nola eginen den eta haren balorazioa.

Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

II.–DEIALDIA, ADMINISTRAZIO PUBLIKOKO TEKNIKARIEN (ARLO EKONOMIKOA) LANPOSTUETAN ARITZEKO ALDI BATERAKO KONTRATATUAK IZATEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Deialdia egiten da administrazio publikoko teknikarien (arlo ekonomikoa) lanpostuetan ariko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Ekonomiako unibertsitateko lizentziadun titulua izatea, edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziadun titulua, edo Enpresa Zientzietako lizentziadun titulua edo Zientzia Aktuarial eta Finantzarioetako lizentziadun titulua, edo aurreko horietako baten balio berekotzat hartutako beste titulu bat, edo ekonomiaren, enpresaren, kontabilitatearen edo finantzen arloko gradudun titulua (Gizarte Zientzien eta Zientzia Juridikoen jakintza arloa), edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulua lortzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, eduki beharko dira homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Aurreko atalean jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta kontratazioak iraun bitartean ere.

2.3. Gidabaimena nahitaezko duen lanpostu bat eskuratu nahi izanez gero, B motako gidabaimena edukitzea.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek IV. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko.

Eskabide hori interesdunen eskura dago Interneten bidez, www.nafarroa.eus helbidean, deialdiaren fitxan, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta. Halaber, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko bulego guztietan dago eskuragarri.

Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, hautapen prozesua kudeatzen duen organoaren bidez, espedientea izapidetzeko eta ebazteko behar diren nortasunari, adinari eta titulazioari buruzko datuak kontsultatuko ditu. Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira, edo beste sistema baliokide baten bidez, izangaiaren aurkakotasun arrazoitua izan ezean.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD bidez) hautapen prozesua kudeatzen duen organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio bakarrik, Nortasun Agiri Nazionalaren kopia eskaneatua.

b) %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, organo eskudunak emandako dokumentazioa erantsi beharko dute, eskaneaturik, hori frogatzeko. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean zehaztu zer egokitzapen eskatzen duten.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Bigarren oinarriko 2.1.c) atalean eskatzen den betebeharra eta, hala badagokio, 2.3 atalean ezarritakoa agiri bidez egiaztatu beharko dira deialdia egiten den unean, deialdietako arau komunen zazpigarren oinarrian ezarritakoaren arabera.

3.4. Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien kopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko ditu parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.–Eskabideak nola eta noiz aurkeztu.

Deialdietarako arau komunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bitartekoak erabiliz eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.

Bosgarrena.–Hautapen prozesua nola eginen den eta haren balorazioa.

Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

III.–BI DEIALDIETARAKO ARAU KOMUNAK

Lehenbizikoa.–Eskabideak aurkeztea.

Parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkeztu beharko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

Halaber, deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkezten ahalko dira, edo beste edozein erregistro bulegotan (zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian ageri da: www.nafarroa.eus), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Bigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Bi deialdietan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak ikusgai jarriko ditu deialdietan onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrendak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) eta iragarki-taulan.

Zerrenda horien kontra, interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu, idazki bat aurkeztuta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, haiek argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak edo zuzenketak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsi eta argitara emanen ditu Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) eta iragarki-taulan, bertan adierazita noiz eta non eginen den deialdian ezarritako proba.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

4.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Miren Ausín Lecuna andrea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaiburua: Silvia Garícano Gorozarri andrea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Industria Enpresentzako Laguntzen Bulegoko burua.

Epaimahaikidea: Ana María Osés Marín andrea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Europako Programen Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Marta Paternain Remón andrea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko administrazio publikoko teknikaria (arlo ekonomikoa).

Epaimahaikidea: Javier Quintana Lacalle jauna, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko administrazio publikoko teknikaria (arlo ekonomikoa).

Ordezko epaimahaikidea: Nerea Fernández Estanga andrea, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Departamentuko administrazio publikoko teknikaria (arlo ekonomikoa).

Epaimahaikidea: Sonia Álvarez Rodríguez andrea, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: César Valencia Guembe jauna, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Epaimahaikide-idazkaria: Dolores Miranda Beguiristain andrea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Europako Funtsen Kontrolerako Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Amaya Larequi Górriz andrea, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Aurrekontuen Ataleko burua.

4.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, kalifikazio epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

4.3. Hautaproba egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburu eta idazkari lanak egiten dituzten pertsonek edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

4.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdietako oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

4.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Bosgarrena.–Proba.

5.1. Hautapen prozesua proba baten bidez eginen da. Proba horretan, test motako 50 galdera, gehienez ere, erantzun beharko dira, idatziz; galderak ebazpen honen I. eranskinean ageri diren gaiei buruz izanen dira. Galdera bakoitza erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Proba hau egiteko 120 minutu izanen dira, gehienez ere.

Proba egiteko, zilegi izanen da kalkulagailua erabiltzea.

Izangaiek mutur lodiko bolaluma urdin edo beltza eraman beharko dute probara. Ezin izanen da gailu elektronikorik edo bestelako materialik erabili.

5.2. Probak 100 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazio horren %30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

Bigarren prestakuntzaldian sartzeko proba egiten dutenei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie. Horretarako, oinarri honetan ezarritako balorazioa hartuko da kontuan. Deialdi honetan “gai” kalifikazioa lortzen ez dutenak berriz aurkezten ahalko dira Administrazioak, bigarren prestakuntzaldian sartzeko, aurrerago antolatzen dituen probetan.

5.3. Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek proba egitera agertu beharko dute aldean daukatela Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

5.4. Proba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Seigarrena.–Emaitzak.

6.1. Proba kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) eta iragarki-taulan argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

6.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, parte-hartzaileen artean berdinketarik izanez gero, epaimahaiak irizpide hauen arabera jokatuko du:

a) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraitzen badu, aldi baterako kontratazioetarako deialdian ezarritako irizpideari jarraikiz hautsiko dira berdinketak.

b) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak zozketa bakar baten bidez erabakiko dira, zeina kalifikazio epaimahaiak eginen baitu. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena. Emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta iragarki-taulan jarriko dira jendaurrean.

6.3. Aurkeztutako alegazioak eta berdinketak ebatzita, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) eta iragarki-taulan:

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangai berrientzako deialdiko hautapen prozesua gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Bigarren prestakuntzaldia egiteko sarrera-proba “gai” kalifikazioarekin gainditu duten izangaien zerrenda.

–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

6.4. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio probak gainditu dituzten izangaien zerrendak, onets ditzan. Zerrendekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidaliko dio.

Zazpigarrena.–Administrazio publikoko teknikarien (arlo ekonomikoa) lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda eta dei egitea.

7.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jaso ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen baten bidez onetsiko ditu izangaien zerrendak. Ebazpen hori argitara emanen da Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.nafarroa.eus) eta iragarki-taulan.

7.2. Izangaiak prestakuntzaldian aritzeko deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoaren arabera eginen dira: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zuena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

7.3. Izangaiei aldi baterako kontratatzeko dei egiten zaienean eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honetako oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian, 4. apartatuan, ezarritakoa, non arautzen baitira desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko xehetasunak.

7.4. Deia jasotzen duten izangaiek eskatzen den titulazioaren betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, Ekonomiako unibertsitateko lizentziadun tituluaren kopia aurkeztu beharko dute, edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziadun tituluarena, edo Enpresa Zientzietako lizentziadun tituluarena edo Zientzia Aktuarial eta Finantzarioetako lizentziadun tituluarena, edo aurreko horietako baten balio berekotzat hartutako beste titulu batena, edo ekonomiaren, enpresaren, kontabilitatearen edo finantzen arloko gradudun tituluarena (Gizarte Zientzien eta Zientzia Juridikoen jakintza arloa), edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, edo eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratzeko baldintzak betetzearen ziurtagiria. Halaber, B motako gidabaimenaren kopia aurkeztu beharko dute.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak hautapen prozesutik baztertu eginen dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Zortzigarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, oinarrien eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoa zer egintzaren kontra jarri nahi den, hura argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin eta jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–Enpresaren ondarearen, finantzen eta kostuen egoeraren azterketa.

2. gaia.–Kontabilitate-plan orokorra, urtarrilaren 12ko 1/2021 Errege Dekretuaren idazketaren arabera.

3. gaia.–Finantza eragiketa bakunak eta konposatuak. Errentak eta maileguak.

4. gaia.–Administrazio publikoen aurrekontua. Aurrekontuetako kontabilitatea. Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorra, apirilaren 13ko EHA/1037/2010 Aginduaren idazketaren arabera.

5. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa

6.–11/2005 Foru Legea, abenduaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

7.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Nafarroako Kontratu Publikoei buruzkoa.

8.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

9.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: atariko titulua.

10.–2/2012 Lege Organikoa, apirilaren 27koa, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Prestakuntzarako zerbitzu berezietarako eskabidea (PDFa).

III. eranskina.–Lau urteko bigarren prestakuntzaldirako eskabidea (PDFa).

IV. eranskina.–Eskabidea, aldi baterako kontrataziorako (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2114849