247. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

236E/2021 EBAZPENA, urriaren 4koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: zuntz optikoaren linearen proiektua, NA-137 errepidearen eta Burgiko TZren artean, Burgiko udal-mugartean. Sustatzailea Navarra de Servicios y Tecnologías SA da.

2021eko maiatzaren 25ean, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “kategoria” epigrafean dago. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren helburua da Burgiko udal-mugartean, NA-137 errepideko 14+900 kilometro puntuko DF kutxatila Burgiko telekomunikazio zentroarekin lotzea, zuntz optiko bidez.

Horretarako, zuntz optikoa DF kutxatila berritik zabalduko da, Burgiko zeharbidean, NA-137 errepideko PK14+900 kilometro puntuan. Kanalizazio hori errepidea zeharkatzeko zulo baten bidez eginen da, eta trituboa duen zanga batetik jarraituko du Errekaxkako Bidea kaletik Ezka ibaiaren ondoraino. Zubia zeharkatzeko, dauden hodiak aprobetxatuko dira, eta, erabili ezin badira, tritubo bat jarriko da metalezko egitura baten gainean, ibaiaren gaineko zubiari atxikita, eta beste zanga batekin jarraituko du, behe tentsioko linea lotzeko zutoineraino. Zuntz optikoaren hedapenak Burgiko telekomunikazio zentroko behe tentsioko lineatik jarraituko du, eta, ondoren, zangako kanalizazio berritik, Burgiko telekomunikazio zentroraino.

Espedientean Burgiko Udalaren hirigintzarekiko bateragarritasunari buruzko aldeko txostena dago.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin du, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: zuntz optikoaren linearen proiektua, NA-137 errepidearen eta Burgiko TZren artean, Burgiko udal-mugartean. Sustatzailea Navarra de Servicios y Tecnologías SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Linearen lan kalean egin beharreko inausketak eta sasi garbitzeak zuhaitz eta zuhaixkei ahalik eta kalte gutxien eragiteko irizpideen arabera eginen dira, trazadura egokituz eta inausketa eta seinalizazio lanak kemenduz, Ingurumena Zaintzeko Taldeak gainbegiratuta.

–Belar-sastrakak garbitu, lurrak mugitu eta hodia paratu aurretik, eremua ikuskatu beharko da, fauna espezieei eragozpenik ez sortzeko.

–Zanga irekitzean, landare lurra gordeko da geroago zangaren azaleko partea betetzeko.

–Zangak zabalik gelditzen badira egun batetik bestera, arrapalak kokatu beharko dira, hara ezustean eror daitezkeen animaliak atera ahal izateko. Zanga ireki eta ahal den lasterren bete beharko da, barnean animaliarik harrapatuta ez dagoela egiaztatu ondoren.

–Jarduera hasi baino 72 ordu lehenago, Erronkaribar-Zaraitzuko Barrutiko Ingurumena Zaintzeko Atalari abisua eman beharko zaio telefonoz (948475055 / 699307698). Barrutiko Ingurumena Zaintzeko Atalak denbora edo tokiaren gaineko mugak jartzen ahalko ditu lanen garapenaren arabera.

–Zuntz optikoa zabaltzeko lanetan sor daitezkeen materialak beren izaeraren arabera kudeatu beharko dira, betiere hondakinen gaineko indarreko araudia betez.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eta garbitu eginen dira.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen hau bakarrik lurzoru urbanizaezinean kokatutako azpiegituraren zati baterako da, telekomunikazio zentrora arteko konexioa egiteko, zuntz optikoko hoditeria jarriz, Burgiko 2. poligonoko 28. lurzatian.

–Ez dira baimen honen zati sarea konektatuko zaion Komunikazio Zentroan aurretik zeuden azpiegiturak, ezta hargune elektrikoa ere. Ustez azpiegitura horiek legezko egoeran daude. Baimena eraginkorra izateko baldintza izanen da horiek benetan legezko egoeran egotea.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

–Egin gogo den jarduerak ukitzen ahal dituen edo hartarako trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, jarduketak Ezka ibaiaren polizia eremua ukitzen duenez, Ebroko Ur Konfederazioaren baimena eskuratu beharko du sustatzaileak.

–Kontuan hartuz zuntz optikoaren lineak herri-lurrei eragiten diela, Herri-lurren Atalak 2021eko ekainaren 25ean emandako txostenean jasotakoak bete beharko dira; honako hau zehazten du:

  • Atal honetan ez dago jasota telekomunikazio zentroaren okupazioa onartzeko espedientea. Beraz, beharrezkoa da Udalak egiaztatzea nola formalizatu zen herri-lurren lagapen hori.
  • Herri lurzoruaren okupazioa arautzeko prozedura, bai oraingo proiektuaren bidez, bai, hala badagokio, telekomunikazio zentroaren bidez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan jasotzen da. Horretarako, Udalak baldintza agiri bat eginen du, eta beharrezkoa izanen da, halaber, Foru Komunitateko Administrazioak onestea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez.

–Trazadurak onura publikoko mendiak ukitzen dituenez, bete beharko dira Basoak Kudeatzeko Atalaren 2021eko ekainaren 9ko txosteneko zehaztapenak:

  • Lanei ekin baino lehen abisua eman behar zaio Erronkaribar-Zaraitzuko Barrutiko Ingurumena Zaintzeko Atalari (699307698).
  • Instalazio berria ezartzeko ezinbestekoa bada 15 cm-tik gorako diametroa daukan zuhaitzen bat moztea, aurretik abisua eman behar zaio Ingurumena Zaintzeko Atalaren Erronkaribar-Zaraitzuko Barrutiari.
  • Zuntza hedatzeko eta lanak behar bezala egiteko beharrezkoa izanez gero, belar-sastrakak kentzen ahalko dira kanalizazioaren proiekzioko lur-zerrendan. Zerrendaren zabalera ongi lan egin ahal izateko behar bestekoa izan liteke.
  • Lanetan hondakinik sortzen bada, behar den hondakindegira eraman beharko da, proiektuko hondakinak kudeatzeko planean zehazten den bezala.
  • Ekainaren 15aren eta irailaren 30aren artean, orokorrean, eta lehorte baldintzek hala aholkatuz gero beste egun batzuetan, elementu batzuk eraman beharko dira (sua itzaltzeko ur motxilak, sua itzaltzeko tresnak, aitzurrak, eta abar), lanetan sor daitezkeen suak itzaltzeko. Neurri horiek bereziki zainduko dira zerra erradialak edo soldadurak erabiliz gero edo txinpartak sor ditzaketen bestelako lanak eginez gero. (222/2016 Foru Agindua).
  • Azpiegiturak egiteko behar diren lanak amaitu eta gero, ukitutako alderdiak lehengoratu eginen dira; hori horrela, kaltetzen diren bideak eta mendiko pistak konponduko dira, baita jarduketa gauzatzean ukitu diren beste azpiegitura batzuk ere. Halaber, instalazioaren eraikuntzan sortzen diren hondakin guztiak ere baimendutako tokietara eraman beharko dira.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

–Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Burgiko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Erronkaribar-Zaraitzuko Koordinazio Unitatea), Pirinioak-Zangoza Eskualdeko NASUVINSA Bulegora, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura (Herri-lurren Atala), Basoen eta Ehizaren Zerbitzura (Basoak Kudeatzeko Atala) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko urriaren 4an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2114526