247. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FUNES

”Funesko Udalaren Musika Eskola” erakunde autonomoaren estatutuak. Behin betiko onespena

Funesko Udalak, 2021eko abuztuaren 12an egindako bilkura berezian, onetsi zituen ”Funesko Udalaren Musika Eskola” erakunde autonomoaren estatutuak.

Iragarkia argitaratu zen 2021eko 198. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 24an, eta jendaurreko aldia iragan da inork erreklamaziorik aurkeztu gabe; hortaz, behin betiko onetsitzat jotzen da, jarraituz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administraziori buruzko Foru Legea). Hona hemen testua osorik.

Funesen, 2021eko urriaren 7an.–Alkatea, Ignacio F. Domínguez Martínez.

“FUNESKO UDALAREN MUSIKA ESKOLA” ERAKUNDE AUTONOMOAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

Izaera, xedeak eta helburua

1. artikulua. Erakundearen izaera.

1. Funesko Udalaren Musika Eskola eratua dago izaera administratiboa duen erakunde autonomo gisa, lege-babes dituela apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 85. artikulua (lege horren bidez arautzen dira toki-araubidearen oinarriak) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 196. artikulua (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).

Horrenbestez, izaera administratiboa duen erakunde autonomoa da, Funesko Udalaren menpekoa, eta berezko nortasun juridikoa eta ondarea dauzka. Funesko Udalak sortu du, estatutu hauetan zehazten diren egitekoak garatzeko.

2. Ulertzen da ezen Udalak zerbitzu publikoa egiteko duen eskumenak eta erakunde autonomoaren eraketak ez dietela kalterik egiten Udalak sinatzen dituen lankidetza hitzarmenei, hain zuzen ere beste administrazio, pertsona edo erakundeekin (izan publikoak ala pribatuak) sinatzen dituenei, helburu izanik Funesko Udalaren Musika Eskolaren funtzionamenduan parte hartzea.

2. artikulua. Helburuak.

Erakundearen xedea da Funesko Udalaren Musika Eskola sustatzea, bultzatzea eta kudeatzea. Eskolaren bidez, herriko musika heziketa bideratuko du, eta, horretarako, eskolak ongi funtzionatzeko ekintzak egin beharko ditu.

Erakunde autonomoa xede horren bila ariko da; irabazteko asmorik gabeko zerbitzu publiko gisa.

3. artikulua. Helburuak.

Xede hori lortzeko, bere ahalen heinean, erakundeak honako hauetara zuzenduko du bere lana, plan pedagogikoaren garapenaren arabera:

1. Musikaren ezagutza eta zaletasuna sustatzea.

2. Musika hezkuntzaren eskaintza zabal eta askotarikoa garatzea.

3. Musika mota guztiak entzuteko interesa sustatzea eta ikasleen zentzu kritikoa lantzea.

4. Musika tresnen irakaskuntza eskaintzea, ikasleek jo dezaten bakarka nahiz taldean.

5. Musika tresna jotzen ikastearekin batera, musika irakaskuntza osagarria ematea.

6. Ahots taldeetan eta musika tresnen taldeetan parte hartzeko interesa sustatzea ikasleengan.

7. Gaitasun berezia eta bokazioa duten ikasleak bideratzea ikasketa profesionalera, eta bultzada eta prestakuntza egokiak ematea, hainbat mailatan, irakaskuntza horretan hasteko.

8. Sustatzea joan daitezela programatzen diren kontzertuetara, eskolan eta eskolatik kanpo, ahalik eta eskaintza zabalena eginez.

9. Modu aktiboan parte hartzea herriko eta inguruko kultura jardueretan.

10. Sustatzea trukaketa eta lankidetza Funesko eta beste herri batzuetako kultura eta hezkuntzako erakunde batzuekin.

4. artikulua. Erakunde autonomoaren ahalmenak.

Erakunde autonomoak bere jarduketa azaldutako helburuetara egokitzeko, honako hauek egiten ahalko ditu, bere gobernu eta administrazioko organoen bidez, jarraikiz estatutu hauetan eta indarra duen ordenamendu juridikoan araututakoari:

a) Edonolako ondasunak erosi eta eduki, eta horiek besterendu eta kargatu.

b) Bere ondarea administratu, baita bestelako pertsona fisiko edo juridikoek lagatako ondasunak ere.

c) Tasak edo prezio publikoak hartu.

d) Jaraunspenak, legatuak eta dohaintzak onartu, eta dirulaguntzak, sorospenak eta bestelako laguntzak eskuratu edozein erakunde publiko nahiz pribatutatik, are pertsona fisikoengandik ere.

e) Edonolako kontratuak, hitzarmenak eta lankidetza itunak sinatu.

f) Zerbitzua egiteko behar diren langileak kontratatu.

g) Aurrekontuen proiektua eta urteko kontuak egin eta onetsi, ondoren tramitatzeko.

h) Ekintza judizial eta administratiboak erabili.

5. artikulua. Helbidea.

Patronatuaren helbidea Musika Eskolaren lokaletan dago (Antonio Moreno Kultura Etxea, Auroroen plaza 1, Funes).

6. artikulua. Iraupena.

Funesko Udalaren Musika Eskolako Patronatua denbora mugagaberako eratu da, eta desegiten ahalko da eta iraungirik gelditu, estatutu hauetan ezartzen den moduan.

II. KAPITULUA

Gobernu eta administrazio organoak. Parte-hartzea

7. artikulua. Gobernua eta administrazioa.

Zuzendaritza Kontseilua, Patronatuko burua eta zuzendaria arduratuko dira Patronatua gobernatzeaz eta administratzeaz, estatutu hauetan ezarritakoari jarraikiz.

8. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluaren osaera.

1. Zuzendaritza Kontseilua da Patronatuaren gobernu-organo gorena. Kide hauek ditu:

–Kontseiluburua: alkatea edo hark eskuordetutako zinegotzia. Kontseiluburuak berdinketak hautsiko ditu bere kalitateko botoaren bidez.

–Kontseiluburuordea: alkateak izendatutako zinegotzia. Kontseiluburua ordeztuko du kargua hutsik dagoenean eta burua kanpoan edo gaixorik denean.

–Kideak: Udalbatzako zinegotzi bana, hura osatzen duten alderdi politiko bakoitzaren ordezkari gisa. Funesko Udaleko Osoko Bilkuraren agindu korporatibo bakoitzaren sortze prozesuan eratutako udal talde bakoitzak ordezkari bat izendatuko du.

–Eskolan matrikulatutako ikasleen familien 2, 3, 4 ordezkari. Ikaslea adinez nagusia bada, bera aritzen ahal da ordezkari gisa.

–Musika Eskolako zuzendaria. Bileretan hitz egin bai, baina ezin izanen du botorik eman.

2. Zuzendaritza Kontseiluko gainerako kideek, zuzendariak izan ezik, izanen dituzte hitza eta botoa.

Alderdi politiko bakoitzak izendatutako kideak boto haztatua emanen du Zuzendaritza Kontseiluan, talde politiko bakoitzak Udaleko Osoko Bilkuran duen zinegotzi-kopuruaren araberakoa.

3. Zuzendaritza Kontseiluaren bileretara joan ahal izanen dira, hitzarekin baina botorik gabe, kontseiluburuak aditu gisa deitutako pertsona guztiak, baldin eta Kontseiluari aholkua eman badiezaiokete Kontseiluak eztabaidatu beharreko alderdi edo gairen bati buruz.

4. Udalaren ordezkariak Osoko Bilkurak izendatuko ditu, Alkatetzaren proposamenari jarraikiz, legegintzaldi bakoitzaren hasieran, batzordeak eratzeko lehen bilkuran. Haien agintaldiak, berritu ezean, iraunen du izendatu zituen Udalbatzak adina gehienez. Hiru hilabeteko epean berrituko dira hauteskundeak egiten direnetik aurrera.

5. Gurasoen eta ikasleen ordezkariak hautatzeko, Patronatuko buruak, udal hauteskundeak izan ondoko ikasturtearen hasieran, irekiko du hamabost egun naturaleko epe bat hautagaiak aurkez daitezen. Epe hori bukaturik, argitaratuko da aurkeztutako hautagaien zerrenda, eta ordezkariak hautatzeko eguna finkatuko. Hautagairik ez badago, ikasleen zentsutik hautatuko da, zozketa eginez. Bi urtetarako aukeratuko dira ordezkariak, aukeratzen dituzten egunetik aitzina kontatzen hasita. Urtero, urriko lehen hamabostaldian, ordezkari horietako bi aldatuko dira, eta Zuzendaritza Kontseiluan denbora gehien daramatenek organo horretako kide izateari utziko diote.

6. Zuzendaritza Kontseiluko idazkaria buruak izendatuko du bere kideen artean, eta hitza eta botoa izanen ditu.

7. Kontseiluko edozein kide noiznahi kentzen ahal dute kargutik, erabilita hautaketarako erabilitako prozedura eta sistema berak. Uko egiteagatik, eritasunengatik, heriotzengatik, kanpoan egoteagatik eta abarrengatik gertatzen diren hutsuneen berri berehala emanen zaio izendapenaren ardura duen erakundeari, ordezkoak jar ditzan.

8. Zuzendaritza Kontseiluko kideek beren karguak utziko dituzte horretarako izendapena amaitzen denean, estatutu hauetan ezartzen den bezala.

9. artikulua. Buruaren eskumenak.

1. Patronatuko buruak dauka erakundearen ordezkaritza nagusia.

2. Patronatuaren buruari zeregin hauek dagozkio:

a) Izatea erakundearen ordezkari eta edukitzea ahalordeak emateko eskumena; bere eginkizunak utz ditzake Zuzendaritza Kontseiluko kide baten esku, baldin Funesko Udaleko udalbatzako kide bada.

b) Zuzentzea Patronatuaren gobernua eta administrazioa.

c) Patronatua ordezkatzea.

d) Deitzea Zuzendaritza Kontseiluaren bileretara edo Patronatuko beste organoren baten bileretara, eta bileretako buru izatea.

e) Patronatuaren titulartasuneko zerbitzuak zuzentzea, ikuskatzea eta bultzatzea.

f) Gastuak xedatzea, bere eskumenen mugen barnean, eta ordainketak agintzea eta kontuak ematea.

g) Langileen buru gisa jardutea.

h) Agintzea argitara eta bete daitezela Patronatuaren erabakiak, eta horiek betearaztea.

i) Urgentzia edo larrialdiren bat denean, premiazko edo ezin atzeratuzko ebazpenak ematea edo neurriak hartzea, eta haien berri ematea Zuzendaritza Kontseiluaren hurrengo bileran, hark eman dezan gai horren gaineko behin betiko ebazpena.

j) Presako neurriak hartzea, inguruabar larriak direla-eta aukerarik ez dagoenean Batzordearen deia egiteko. Hari hurrengo bilkuran emanen zaio guztiaren berri.

k) Beste organo batzuei esleitu ez zaizkien eskudantziak.

10. artikulua. Buruordearen eskumenak.

Patronatuko buruordeak laguntza emanen dio buruari bere eginkizunetan aritzeko, eta hura ordeztuko du kargua hutsik dagoenean eta burua kanpoan edo gaixorik denean. Buruak espresuki utzi beharko du kargua buruordearen esku, salbu egintza hori eragozten duen ezintasun agerikoa denean.

11. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluaren eskumenak.

Zuzendaritza Kontseiluak eskumen hauek izanen ditu:

a) Patronatua antolatzea.

b) Patronatuaren aurrekontu proiektua onestea, bai eta hura aldatzeko proposamenak ere, betearazpen oinarriei jarraikiz, eta, orobat, Udalari igortzea, onets ditzan.

c) Kontuen hasierako proposamena onestea, gero Udaleko Osoko bilkurak onets dezan.

d) Onestea eta aldatzea Patronatuak eman behar dituen zerbitzuen gaineko erregelamenduak, ordenantzak eta funtzionamendu arauak.

e) Onestea Musika Eskolaren barne araubideko arauak eta irakaskuntzari, zerbitzuei eta diziplinari buruzko erregelamenduak, beharrezkoak direnak haren gobernurako, zuzendaritzarako eta administraziorako. Salbuespena izanen da Udalaren eskumenekoa dena; kasu horretan, eskolari dagokio horiek prestatzea eta Udalari helaraztea, hark tramitatu eta onets ditzan.

f) Musika Eskolaren barnean jarduerak koordinatzea eta Eskolaren funtzionamendu egokia kontrolatzea eta begiratzea, administrazio, instalazio eta zerbitzuen arloan.

g) Bere xedeak betetzeko, prestatzea gastu eta diru-sarreren urteroko aurrekontua eta langileen plantilla organikoa, eta Udalari igortzea, hark tramitatu eta onets ditzan.

h) Urtean egindako gastuak ikuskatzea, idazteko behar diren txosten, kontu eta balantzeak. Hori dena eginen da Kontu-hartzailetzaren begiradapean eta Udalari igorriko zaio, onets dezan.

i) Erakunde publikoetan kudeatzea bilatzen den xederako laguntzak.

j) Mota guztietako ondasunak salerostea, kredituak ituntzea, eta dohaintzak, legatuak eta jaraunspenak onartzea, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea) eta aplikatzekoak diren gainerako arauekin.

k) Gastuak baimentzea eta xedatzea, jarraikiz ekitaldi bakoitzeko aurrekontua betearazteko oinarrietan erabakitzen denari.

l) Ikasleak onartzeko irizpideak finkatzea.

m) Prestatzea Patronatuak jaso beharreko tasa eta prezio publikoak, baita urteko diru-sarrerak banatzeko arauak ere. Udalari igorriko zaizkio, onets ditzan.

n) Musika Eskolako plan pedagogikoa onestea, irakasleen klaustroak proposaturik.

ñ) Urte bakoitzerako eskola egutegia onestea.

o) Oinarri espezifikoak onestea langileak hautatzeko probetarako eta lanpostuak betetzeko deialdietarako.

p) Ekintza judizial eta administratiboak abiaraztea bere eskumeneko gaietan.

q) Irakasgai berriak eskaintzeko baimena aztertzea, eta onets dezan eskatzea Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultur Departamentuari.

r) Ekintza zibil, penal, administratibo, kontentzioso eta laneko oro jartzea, edo auzitaratu gisa agertzea Patronatuak bereak dituen eginkizunak betetzeko edo, kasuaren arabera gaitasuna duten udal organoei proposatzea haiek jar ditzaten.

s) Laburbilduz, aritzea Patronatuaren xedeak betetzeari dagozkion eginkizun guztietan, baita barne araudian aurreikusten diren guztietan ere, eta estatutu hauen ondoriozko edozeinetan eta estatutu hauek garatzeko ematen diren erregelamenduen ondoriozko edozeinetan ere bai.

12. artikulua. Zuzendariaren eskumenak.

Zuzendaritzak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Organoaren buruak izendatuko du zuzendaria, Zuzendaritza Kontseiluak proposaturik, bat etorriz aurretik lanpostua betetzeko egindako hautapen-prozesuarekin.

b) Ikastetxearen ordezkari ofiziala izatea.

c) Legeak eta indarra duten gainerako xedapenak betetzea.

d) Begiratzea ikastetxearen funtzionamendu egokia eta irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuen koordinazioa, deusetan ukatu gabe klaustroari egozten zaizkion eskumenak.

e) Prestatzea eta eguneratzea ikastetxeko hezkuntza proiektua, barne araubidearen erregelamendua eta urteko programazio orokorra, kontuan harturik klaustroak egiten dituen proposamenak.

f) Koordinatzea ikasle eta irakasleek egiten dituzten jarduera akademikoak, eta egin egiten direla zaintzea, eskolako jardueren urteko programazioari dagokionez.

g) Kudeatzea ikastetxeko giza baliabideak eta baliabide materialak, haren antolaketa eta funtzionamendu egokien bitartez.

h) Ikastetxeari atxikitako langile guztien buru aritzea.

i) Gainbegiratzea eta koordinatzea ordutegi akademikoak prestatzen direla gainerako kide bakarreko organoekin elkarlanean, eta horiek hertsiki betetzen direla zaintzea.

j) Musika Eskolaren ekitaldi akademikoak antolatzea, deialdia egitea eta haietan buru izatea.

k) Ikastetxearen ziurtagiriak eta agiri ofizialak ikus-onestea.

l) Betearaztea kide anitzeko organoek beren eskumenen esparruan hartzen dituzten erabakiak.

m) Koordinatzea eskola komunitateko sektore guztien partaidetza eta, hartara, ahalegintzea behar diren baliabideak jartzen ahalik eta eraginkorren betearazteko bakoitzaren eskumenak.

n) Sustatzea eta bultzatzea harremanak Eskolaren eta beste ikastetxe batzuen artean.

ñ) Hezkuntzako organo eskudunek eskatzen dizkioten argibideak ematea.

o) Bermatzea eskola komunitateko sektore guztiei eta beraiek ordezkatzen dituzten erakundeei ematen zaiela ikastetxeko bizitzaren berri.

p) Bilera-eskubidea erraztea irakasleei, administrazioko eta zerbitzuetako langileei, ikasleei eta ikasleen gurasoei, jarraikiz Hezkuntzarako Eskubideari buruzko Lege Organikoari.

q) Zaintzea betetzen direla irakasleen klaustroak finkatzen dituen irizpideak ikasleak ebaluatzeko.

r) Material didaktikoa zaintzea eta haren erabilera gainbegiratzea, baita Eskolako liburuei eta artxiboei dagokienez ere.

s) Egitea ikasleen bizi akademikoari dagozkion agiriak eta ziurtagiriak eta, oro har, egitea agintariek eta interesdunek edo haien ordezkariek eskatzen dituzten ziurtagiriak.

t) Ikastetxeko urteko memoria prestatzea, bai eta estatistikei eta ikasleen ikasketei buruzkoa ere.

u) Laguntzea tasa akademikoak eta administratiboak kudeatzen, bai eta indarreko legedian jasotako eskubide oro kudeatzen ere.

v) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan esleitzen zaiona.

III. KAPITULUA

Deialdiak, bilerak eta erabakiak

13. artikulua. Bilkuren araubidea.

1. Aurretik finkatutako egunetan eginen ditu Zuzendaritza Batzordeak bilkura arruntak (martxoan, ekainean, urrian eta abenduan), eta, gutxienez, hiru hiletik behin. Deialdi arruntetan sartuko dira jorratuko diren gaien zerrenda eta aurreko bilerako aktaren zirriborroa.

Zuzendaritza Batzordea aurrez aurre nahiz urrutitik eratu daiteke, eta bilkurak deitzen eta egiten ahal ditu, bai eta erabakiak hartu eta aktak igorri ere.

Zuzendaritza Batzordeak urrutitik egindako bilkuretan, kideak toki desberdinetan egoten ahal dira, baldin baliabide elektronikoen bidez bermatzen bada (halakotzat jotzen dira bide telefonikoak eta ikus-entzunezkoak ere) kideen edo haien ordezko pertsonen identitatea, haien adierazpenen edukia, adierazpen horiek egiten diren unea eta haien arteko elkarreragitea eta interkomunikazioa denbora errealean, eta bilkurak dirauen bitartean bitartekoak eskuragarri egotea. Besteak beste, baliabide elektroniko baliodunak izanen dira, konparaziorako, posta elektronikoa, audiokonferentziak eta bideokonferentziak.

2. Halaber, Zuzendaritza Batzordeak bilkura bereziak egiten ahalko ditu, batzordeburuak horrela erabakitzen duenean berez nahiz batzordekideen heren batek hala eskatuta.

3. Buruak eginen du osoko bilkuretarako deia, gutxienez ere bilkura egiteko aurreikusitako eguna baino bi egun baliodun lehenago, salbu urgentziazko osoko bilkura berezietan; halakoetan, Zuzendaritza Batzordeak berretsi beharko du urgentziazko izaera, gehiengo soilarekin.

4. Lehen deialdian bilkura baliozkoa izateko, batzordekideen erdiek eta bat gehiagok agertu beharko dute. Bigarren deialdian, zeina, egiten bada, eginen baita lehen bilkurarako ezarritako ordua baino ordu erdi geroago, aski izanen da bertaratzea batzordekideen heren bat, baldin burua eta idazkaria bertaratu badira.

5. Bilkurak ezin dira hasi ezta egin ere, bertan ez badira burua eta idazkaria, edo legez haien ordezko direnak.

Bildurik daudenean idazkaria eta Zuzendaritza Batzordeko kide guztiak, edo horien ordezkoak, aurrez aurre edo urrutitik, modu baliodunean era daitezke kide anitzeko organo gisa, bilkurak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, aurrez deialdirik egin gabe, kide guztiek hori erabakitzen badute.

6. Batzordearen erabakiak baliozkoak izanen dira baldin eta agertzen direnen gehiengoaz hartzen badira. Batzordeburuak kalitatezko botoa izanen du berdinketarik izanez gero.

Gaiak, bozkatu baino lehen, eztabaidatu eginen dira, salbu inork ez badu hitza eskatzen.

Buruaren proposamenak baiespenez onetsitzat joko dira baldin ez badago eragozpenik edo kontrakorik. Bestela, ohiko bozketa eginen da, eskua goratuz.

Botoa baiezkoa edo ezezkoa izan daiteke, eta Zuzendaritza Batzordeko kideek zilegi dute abstenitzea ere.

Zuzendaritza Batzordeko kideek kontrako botoa emanez gero edo abstenituz gero, ez dute izanen erabakien ondoriozko erantzukizunik.

Erabakiak botoen gehiengoaren bidez hartuko dira. Urrutitik parte hartzen denean, erabakiak kide anitzeko organoaren egoitzan hartutzat joko dira, eta, halakorik ezean, burua dagoen tokian.

Interes legitimo baten titular direla frogatzen dutenek jo dezakete Zuzendaritza Batzordeko idazkariarengana erabakien ziurtagiria eskuratzeko. Ziurtagiria elektronikoki jaulkiko da, salbu interesdunak berariaz kontrakoa azaltzen badu, Administrazioarekin modu horretan erlazionatzera behartuta egon gabe.

7. Buruak gai zerrendako puntu zehatzen batera gonbidatzen dituenak etortzen ahalko dira Batzordearen bilkuretara, hitza dutela baina botorik gabe, Patronatuaren zerbitzuko langileak izan ala ez.

8. Funesko Udalaren osoko bilkurak zer arau dituen, horiexek zuzenduko dute bilkuren funtzionamendua.

9. Zuzendaritza Kontseiluak aparteko bilera eginen du kontseiluburuak horretarako deialdia eginez gero, edo horretarako idatzizko eskaera egiten badio kideen herenak.

10. Bilkuren aktan jasoko dira Batzordearen erabakiak, eta hartan honako hauek paratuko dira: bilkuren tokia, eguna eta ordua, bertan diren batzordekideen izen-deiturak, eztabaidagai izan diren kontuak, emandako iritzien laburpena eta hartu diren erabakiak.

11. Batzordeburuaren eta idazkariaren sinaduren bidez baimenduko dira aktak.

14. artikulua. Baliabideak.

Interesdunek legez xedatutako errekurtsoak jartzen ahalko dituzte Patronatuko organoen egintza eta erabakien aurka. Ondorio horietarako, bada, administrazio bidea agortuko dute Zuzendaritza Kontseiluaren erabakiek eta Patronatuko buruak bere eskumenak baliatuz ematen dituen dekretuek.

IV. KAPITULUA

Langileak

15. artikulua. Langileak.

1. Patronatuak behar adina langile izanen ditu bere xedeak betetzeko, eta Zuzendaritza Kontseiluak onesten duen plantillan zehaztuko dira haien kopurua, kategoria eta eginkizunak. Plantilla hori, dagokion lan eskaintzarekin batean, urtero prestatuko da aurrekontuekin batean, eta Udalari igorriko zaio, osoko bilkuran onets dadin.

2. Patronatuko langileen araubidea ezarria dago Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileria arautzen duen foru araudian. Langileen ordainsarien baldintzak zehazteko eta aldatzeko, bete beharko dira Funesko Udalak osoko bilkuran hartarako onesten dituen arauak, bat etorriz Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileriari buruzko araudiarekin.

16. artikulua. Patronatuaren kontrola.

Musika Patronatuari kontrol berariazkoak eginen zaizkio, atxikita dagoen zinegotziak une oro zehazten dituenak, langileria gastuen bilakaeraz eta giza baliabideen kudeaketaz.

V. KAPITULUA

Kontratazioa eta ondarea

17. artikulua. Kontratazioa.

Musika Patronatuko kontratazioak eginen dira jarraikiz sektore publikoko kontratazioaren arloan aplikatzekoak diren arau orokorrei.

18. artikulua. Ondarea.

Patronatuko ondarea osatzen dute, batetik, Udalak atxikitzen dizkion ondasunak bere helburuak betetzeko, eta, bestetik, Patronatuak berak eskuratzen dituenak bere funtsen kargura.

19. artikulua. Kontu-hartzailetza.

Zuzendaritza Kontseiluak eguneratuta eduki beharko ditu eskura dituen ondasunen alta eta bajen inbentarioa. Udalak urtero onetsi beharko du inbentario hori.

VI. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa eta baliabideak

20. artikulua. Araubide ekonomikoa.

Patronatuak baliabide hauek dauzka bere helburuak lortzeko:

a) Funesko Udalak berariaz egiten dituen ekarpenak, udal aurrekontuen kargura.

b) Edozein erakundek, publikok nahiz pribatuk, egiten dituen ekarpenak, baita edozein motatako pertsonek egiten dituztenak ere, juridikoek nahiz pribatuek.

c) Dirulaguntzak.

d) Bere jarduerek ekar ditzaketen diru-sarrerak, oro har.

e) Ikasleengandik heldu diren diru-sarrerak (matrikularen kuota eta tasa edo prezio publikoak).

f) Bere aldeko legatuak, dohaintzak, jaraunspenak eta usufruktuak.

g) Bere ondarean produktu, aprobetxamendu, fruitu eta errendimenduak.

h) Kreditu-eragiketen produktua.

i) Bidezko beste diru-sarrera guztiak.

21. artikulua. Kontu-hartzailetza lanak.

Udalean kontu-hartzailetza lanak egiten dituen pertsona arduratuko da egiteaz Patronatuaren diru-sarreren eta gastuen gaineko kontu-hartzailetza eta kontabilizazioa, jarraituz toki-araubidearen oinarriak eta tokiko ogasunak arautzen dituen legediarekin.

VII. KAPITULUA

Patronatuaren tutoretza

22. artikulua. Tutoretza.

Funesko Udala izanen da Musika Patronatuaren tutore. Hala, Udalak eman beharko du behin betiko onespena Zuzendaritza Kontseiluak honako hauei buruz hartzen dituen erabakien gainean: aurrekontuak eta haien likidazioa onestea; ondasun higiezinak eta haien gaineko eskubideak xedatzea; estatutu hauek aldatzea; Patronatua desegitea eta behin betiko onespena eskatzen duten bestelako alderdiak.

VIII. KAPITULUA

Estatutuak aldatzea eta Patronatua desegitea

23. artikulua. Aldaketa.

Estatutu hauek aldatzeko, horretarako proposamena egin beharko du kontseiluburuak edo Zuzendaritza Kontseiluko kideen herenak. Halaber, Udalaren osoko bilkurari igorri beharko zaio, hark behin betikoz onets dezan.

24. artikulua. Desegitea.

Kasu hauetan deseginen da Patronatua:

a) Udalaren osoko bilkurak hala erabakita.

b) Zuzendaritza Kontseiluak proposatuta, gehiengo osoz hartutako erabakiaren bidez. Ondotik, Udalak onetsi beharko du.

25. artikulua. Likidazioa.

1. Patronatua deseginez gero, Zuzendaritza Kontseilua likidazio batzorde bilakatuko da; egiteke gelditu diren erlazio eta egintza guztiak beteko ditu, eta unean bertan egin ezin daitezkeen kontuak segurtatuko ditu.

2. Patronatua desegindakoan, Funesko Udalaren esku geldituko dira haren ondarea –gehikuntza guztiak barne– eta aktiboan ageri diren ekarpenak. Ondasunek utziko diote atxikita egoteari, eta Udalak zuzenean erabat eskura izanen ditu.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

1. Udaleko Osoko Bilkurak estatutu hauek onetsi ondotik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu, eta hamabost egun baliodunera jarriko dira indarrean. Aldatu arte edo berariaz baliogabetu arte egonen dira indarrean.

2. Estatutu hauek indarra hartu eta hurrengo 30 egunen barruan eratu beharko da lehendabiziko zuzendaritza organoa.

3. Estatutu hauen araberako Zuzendaritza Kontseilu berria eratzen den unean, egungo Zuzendaritza Kontseiluak indarrean egoteari utziko dio.

4. Azken botazioan hautatutako ikasleen familien bi ordezkariek jarraituko dute izaten Zuzendaritza Kontseilu berriko kide. Estatutu hauek indarrean jarri eta hurrengo 30 egunen barruan hautatuko dira familien bi ordezkari berriak.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe geldituko dira aurreko estatutuak, bai eta Musika Eskolako edozein arau ere, estatutu hauen aurkakoa den orotan.

Argitara ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Iragarkiaren kodea: L2114785