247. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANGUREN

Ordenantza, arautzen dituena Mutiloako herri-lurretako aprobetxamenduak. Behin betiko onespena

Arangurengo Udalak, aurtengo ekainaren 29an egindako bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea ordenantza bat, arautzen dituena Mutiloako (Aranguren) herri-lurretako aprobetxamenduak, eta jendaurrean jarri zen, iragarkia argitara emanik 2021eko 178. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 30ean, eta Udalaren iragarki-taulan.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta testu osoa argitaratzen, eraginkortasun juridikoa izan dezan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Mutiloan, 2021eko urriaren 5ean.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA MUTILOAKO
HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, Mutiloako mugarteko herri-ondasunak administratzeko eta haien gainean xedapen egintzak emateko, eta ondasun horiek defendatzeko, berreskuratzeko eta aprobetxatzeko, bat etorriz indarra duen legediarekin eta, bereziki, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea) eta hura garatzen duen araudiarekin.

Ordenantza hau onesten denetik aurrera, egiten diren herri-lurretako aprobetxamenduak ordenantzaren xedapenen arabera arautuko dira.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute tributurik izanen beren gain.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko modua.

4. artikulua. Hauek dira herri-lurretako ondasunen gaineko arauak: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; Nafarroako Toki-erakundeen Ondasunen gaineko Erregelamendua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluaren hirugarren apartatua.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Arangurengo Udalaren ahalmenak dira herri-ondasunen gainean xedatzea, haiek administratzea, aprobetxamendu-araubidea ezartzea eta antolatzea, ordenantza honetan azaltzen den eran.

Herri-ondasunen inguruan Arangurego Udalak hartzen dituen erabakiek beharko dute Nafarroako Gobernuaren baimena, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du haien onura publikoa edo soziala, eta, hori baino lehen, Arangurengo Udalak frogatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz; azken bi horiek izanen dira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatzen bada, lur horiek Arangurengo Udalaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Gauzatuko den prozedura izanen da ezarrita dagoena Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan eta Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 143. artikuluan eta hurrengoetan.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Arangurengo Udala ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta aurka eginen dio haien kalterako pribatizazio saio edo ekintza orori.

8. artikulua. Arangurengo Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aurretik legelariak txostena eginda eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko ditu, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Arangurengo Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Arangurengo Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko berariazko onespena beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Arangurengo Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, iraungi daitezen baimen, emakida edo beste zernahiren bidez herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Arangurengo Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Arangurengo Udalak ez dituenean sustatzen herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak, posible izanen da herritarren ekimena; betiere, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako eran. Udalak berez berreskuratzen ahalko du, noiznahi, herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik abiarazita dagokion prozedura, ofizioz edo salaketa bidez, interesdunari entzunaldia emanda eta legelariak txostena eginda, non agertuko baitira usurpatu den jabetza egiaztatzeko behar adina agiri eta froga. Hori guztia, jarraikiz Toki Administrazioari buruzko foru legedian ezarritako prozedurari.

Halaber, Udalak akzio zibilak sustatuko ditu, horiek beharrezkoak direnean herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.

b) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. 1. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte familia-unitateen titularrek:

a) Adin nagusikoa izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea.

b) Mutiloako (Mutiloagoiti - Mutiloabeiti) bizilagun gisa inskribaturik egotea Arangurengo Biztanleen Udal Erroldan, sei urteko antzinatasunez gutxienez ere, salbu “laborantza ekologikoko familia baratzeak” izeneko herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduetan; halakoetan, urtebeteko antzinatasuna beharko da.

c) Mutiloan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea benetan.

d) Zerga betebeharrak egunean izatea Arangurengo Udalarekin.

e) Nekazaria edo abeltzaina izatea, nekazaritza araudiarekin bat, salbu “laborantza ekologikoko familia baratzeak” izeneko herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduetan; halakoetan, ez da beharrezkoa izanen.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, baldin, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Arangurengo Udalak ebatziko ditu artikulu hau interpretatzean sortzen diren zalantzak, halakorik sortuz gero, banan-banan.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

16. artikulua. Hiru modalitatetan eginen dira Mutiloako laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak.

b) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa edo Arangurengo Udalaren zuzeneko ustiapena.

Arangurengo Udalak hiru modalitate horiek erabiliko ditu laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak

17. artikulua. 1. Modalitate honen onuradun izateko, familia-unitatearen titular diren herritarrek bete beharko dituzte 15. artikuluan ezarritako baldintzak, eta diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak familia-unitateko kide bakoitzeko, edo familia-unitatearen diru-sarrerek izan beharko dute, guztira, soldata hori halako bat eta erdi baino txikiagoak.

2. Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duen kiderik baldin badago, agiri bidez frogatuta, kide bakoitzeko kontatuko da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu beharreko irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Kontuan hartuko dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak edukitzea errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez, landa-lurreko ondasunen, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen zergapeko kapitala, hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena, kenduta norberaren etxebizitzari dagokiona, bai eta mota horretako beste edozein datu ere.

18. artikulua. 1. Honako azalera hau ezarri da ereduzko lotetzat, modalitate honetan:

–Lehorreko lurra: 25 erregu.

2. Zehazteko zer lote emanen zaizkien 16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio ereduzko loteari:

a) Hiru kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea; hots, 50 erregu lehorreko lur.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea; hots, 70 erregu lehorreko lur.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia-unitateak, 3 koefizientea; hots, 80 erregu lehorreko lur.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia-unitateak, 5 koefizientea; hots, 90 erregu lehorreko lur.

19. artikulua. Familia-unitate askok betetzen badituzte lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamendurako ezarritako baldintzak, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Arangurengo Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, beheratzen ahalko ditu ordenantza honen 17. eta 18. artikuluetan adierazitako faktoreak, proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Udalak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa mota honetarako.

20. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urtekoa izanen da.

21. artikulua. Herri-lurzatien onuradunek honako kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu mota honetan:

–Lehorreko lurrak: 28 euro erreguko eta urteko.

Urtero eguneratuko da, gehienez ere KPIaren arabera. Nolanahi ere, kanonak beharko du izan Arangurengo Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa, gutxienez ere.

22. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste eraren baten bidez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere hartuko da zuzenean eta pertsonalki egindakotzat, baldin elkartzen badira kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan eta kide guztiek betetzen badituzte 15. artikuluan adierazitako baldintzak.

23. artikulua. Ordenantza honen ondorioetarako, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da baldin adjudikaziodunak edo bere familia-unitateko kideek egin behar badituzte laborantza lanak, ordenantza honen 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik hartu gabe, salbu horretara behartzen badituzte urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborantzaren izaera ez da galduko, baldin soldatapekorik hartzen bada, Udal honen iritziz laborantza pertsonalki egitea eragozten dion eta gerora erasandako eritasun batengatik edo aldi baterako beste arrazoi batengatik.

Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Arangurengo Udalari, behar den baimena eman dezan.

Baldin Udalaren iritziz ezintasun fisikoa edo beste arrazoiren bat behin betikoa bada eta ez badago egiterik herri-lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik, 24. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

24. artikulua. Ezintasun fisikoa izateagatik edo beste arrazoi bategatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki laboratu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Arangurengo Udalak lurzatiok hurrengo aprobetxamendu modalitatearen bidez adjudikatuko ditu, hau da, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Udalak lurzatien titularrei ordainduko dizkie adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak, kanona kendu ondoren.

Udalak izanen du ahalmena erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo beste arrazoiren bat, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian ematen edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaren epea bukatu arte.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

25. artikulua. Arangurengo Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, ziurtatzeko laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela.

Honako kasu hauetan iritziko zaio ez dela zuzeneko laborantza pertsonalik egiten:

a) Nekazaritzako makinak edukita, ez badituzte erabiltzen adjudikatu zaizkien herri-lurrak lantzeko.

b) Udalaren txostenaren arabera, adjudikatutako lurzatietan ez baldin bada egiten zuzeneko laborantza pertsonala, aintzat hartuta ordenantza honetako 22., 23. eta 24. artikuluetan xedatzen dena.

c) Baldin honako hauei buruzko frogagiriak eskatzen badira eta ez badira aurkezten Udalak agindutako epean: lurrak lantzeko lanak, lehengaiak erosteko lanak eta produktuak saltzeko lanak, berek eginak edo Udalak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean ez bada aitortzen nekazaritzako etekinik, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Baldin ez badira lantzen adjudikatutako lurzatiaren %80 bederen.

f) Baldin laborantzako lurren jabe izanik, errentan eman badizkiete hirugarren batzuei.

2. ATALA

Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak

26. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, zuzenean adjudikatuko dira gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere. Banatuko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitatearen titular diren herritarren artean, baldin Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda badaude.

27. artikulua. Lehentasuna duten herritarrentzako adjudikazioa egin ondoren zehaztuko du Udalak herritarrentzako zuzeneko adjudikazio loteen azalera, kontuan hartuta gelditzen den azalera eta eskatzaileen kopurua.

28. artikulua. Adjudikazioaren epea 20. artikuluan adierazitako berbera da.

29. artikulua. Kanon hau ordaindu beharko dute aprobetxamendu modu honen bidez herri-lurrak hartzen dituzten onuradunek:

–Lehorreko lurrak: 28 euro erreguko eta urteko.

Zenbateko horiek dagozkio 2019. urterako proposatutako kanonari, eta kanon hori urtero eguneratuko da, KPIaren igoera gehituz gehienez ere.

30. artikulua. Adjudikaziodunak zuzeneko laborantza pertsonala eginen du; horretarako, bete beharko da 22., 23., 24. eta 25. artikuluetan xedatutakoa.

31. artikulua. Arangurengo Udalak beretzat gordeko du herri-lurretako laborantza lurren %5, onuradun berriei adjudikatzeko.

32. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, behin lehentasuna duten herritarrentzako adjudikazioa egin ondoren, kendu eginen dira diru-sarrera handienak dituzten familia-unitateen titularren eskaerak.

33. artikulua. Mutiloako mugartean, Arangurengo Udaleko Ingurumen Zerbitzuak bultzatutako laborantza ekologikoko familia baratzeen proiektuaren barnean, 1. puntuan xedatutako horretatik erreserbatuko dira Arangurengo katastroko 2. poligonoko 457. eta 539. lurzatiak, zozketa bidez adjudikatzeko –eta zozketaren ondoren, eskaeren antzinatasun-ordenaren arabera– Mutiloako (Aranguren) erroldan izena emana duten familia-unitateen titularrei. Horretarako, honako hauek ezartzen dira:

–Gehienez adjudikatuko diren loteak: 83.

–Adjudikatuko den azalera: 150 m².

–Kanona: 25 euro/urte, urtero KPIaren igoera gehituz gehienez ere.

3. ATALA

Arangurengo Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

34. artikulua. Arangurengo Udalak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, baldin laborantzako lurrik badago soberan, enkante irekian eginen du adjudikazioa; azken horri emanen zaion epea bukatuko da hurrengo banaketa egin behar den unean.

Udalak ezarriko du erreguaren hasierako prezioa; prezio hori izanen da ezaugarri berak dituzten inguruko lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIaren arabera.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurrik gelditzen bada soberan, Arangurengo Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

35. artikulua. Arangurengo Udalak, behin Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza hau onetsi ondoren, erabakitzen ahalko du noiz hasten den ordenantza honetan araututako aprobetxamenduen eskabideak aurkezteko epea, eta ediktua jarriko du iragarki-taulan; kasu horretan, 15 eguneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek eska ditzaten herri-lurretako aprobetxamenduak.

36. artikulua. Eskaerei erantsiko zaie honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazioa:

a) Mutiloako bizilaguna izatea (Mutiloagoiti - Mutiloabeiti), gutxienez sei urte lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Ordainduta izatea Udal honekiko betebehar fiskalak.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork duen ezintasun fisikorik edo psikikorik.

d) Familia-unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai udalerri honetan bai beste batzuetan, zehaztuta lehorreko lurrak diren ala ureztalurrak.

e) Familia-unitateko kide bakoitzak lantzen dituen lurrak errentan edo jabetzakoa ez den beste tituluren baten bidez, bai udal-mugarte honetan bai beste batzuetan, zehaztuta lehorreko lurrak diren ala ureztalurrak.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak.

Zinpeko deklarazioa egiaztatzeko, Arangurengo Udalak ahalmena izanen du eskatzeko beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak, errenta mailak egiaztatzearren; errenta maila horiek oinarrituko dira agirietan eta datu objektiboetan, 17.3 artikuluan zehazten den bezala.

g) Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda egotea, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioa eskatzen dutenentzat.

37. artikulua. Arangurengo Udaleko Gobernu Batzarrak onartuen zerrenda onetsiko du adjudikatzeko modu bakoitzean, bai lehentasunezkoan bai zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

38. artikulua. Udaletxe honen iragarki-taulan jarriko da modalitate bakoitzeko behin-behineko zerrenda, 10 egun balioduneko epean, bidezko iritzitako alegazioak egin daitezen. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betiko bilakatuko da, besterik gabe.

39. artikulua. Alegaziorik eta zuzendu beharreko akatsik egonez gero, horien gaineko ebazpena emanen du Udalak, eta onetsiko du modalitate bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda.

40. artikulua. Ikusirik lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamendurako eskubidea duten familia-unitateen titularren behin betiko zerrenda, Arangurengo Udalak loteak adjudikatuko ditu, eta horien ezaugarriak eta azalera izanen dira ordenantza honen 18. artikuluan ezarritakoaren araberakoak.

Loteak banatzean, ahalegina eginen da haietaz baliatzeko eskubidea duten bizilagunekin ados jartzeko; desadostasunik bada, zozketa eginen da.

Lurzatien adjudikazioa bukatu ondoren, jendaurrean jarriko da onuradunen eta dagozkien herri-lurzatien zerrenda, 15 egunean, Udalaren iragarki-taulan. Udaleko Gobernu Batzarrak onetsi beharko ditu zerrendok.

41. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak ebatzita eta akatsak zuzenduta, halakorik bada, Udalak behin betikotzat joko du laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

42. artikulua. Ehiza aprobetxamendua, baldin Arangurengo ehiza barrutia eratu bada herri-lurrak sartuz, arautuko da jarraituz abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeari eta haren osagarri diren xedapenei (17/2005 Foru Legea, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzkoa).

IV. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

43. artikulua. 1. Arangurengo Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin lur horiek honako xede hauetako bat badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, laguntza eman dakien inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela frogatzen duten herritarrei.

d) Desafektazioa egitea, trukaketarako edo salmentarako.

e) Kalifikazio urbanistikoa ematea, nekazaritzakoa ez den beste zernahi erabileratarako.

44. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik hamabost egunean jendaurrean edukita, eta epe horretan aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondoren.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

45. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako egitate hauek:

a) Lurrak zuzenean eta pertsonalki ez erabiltzea, ordenantza honetan ageri diren salbuespenekin.

b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Udalak ezartzen dituen epeetan.

c) Herritarrentzako aprobetxamendua, kasuan kasukoa, nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Azpierrentamenduan uztea edo hirugarren batzuei lagatzea zuzeneko adjudikazioaren edo enkante publikoaren bidez adjudikatutako herri-lurretako loteak.

e) Herri-lurrak lantzea Udalak adjudikatu gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, soro utziak.

f) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

g) Landaketa iraunkorrak egitea Udalaren baimenik izan gabe.

h) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

j) Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduetarako eskubidea justifikatzen duten agiriak faltsutzea, edo ondasunak ezkutatzea, horrek dakarrenean eskubide hori lortzea.

k) Bizilagun izateari uztea, edo ez bizitzea urtean bederatzi hilabetez jarraian, gutxienez.

Laborantza ekologikoko familia baratzeen kasuan, gainera:

l) Baratzea landu gabe uztea 3 hilabete gutxienez bidezko arrazoirik gabe, edo haren azaleraren %75 baino gutxiago lantzea.

m) Nekazaritza ekologikoaren arloan, indarreko legeriak baimendu gabeko herbizidak, pestizidak eta ongarri kimikoak erabiltzea.

m) Hirugarren bati errentan ematea edo lagatzea, partez nahiz osoki.

n) Metrotik gorako zuhaitzak nahiz zuhaixkak landatzea, edo landare igokariak eta/edo bestelako elementuak paratzea, ondoko lurzatian sartzen ahal badira edo itzal egiten ahal badiote.

o) Legeak baimentzen ez dituen espezie exotikoak edo psikotropikoak landatzea nahiz ereitea.

p) Baratzeetan edukitzea, haztea nahiz ustiatzea edozein abere, salbu oiloak, gehienez ere lau.

q) Paisaia hondatzen duten elementuak jartzea (bereizteko txapak, parrillak, hesiak, etab.) eta baratzea erabiltzea bere jarduerarako ez den bestelako materialak gordetzeko (mahaiak, bankuak, aulkiak, igerilekuak, etab.), salbu bi bidoi urdin eta 1.000 litroko bi ur-biltegi.

r) Lurzatien itxitura aldatzea, erabiliz hesiak, harriak nahiz bestelako gauzak edo materialak, edo dagoen itxitura kentzea, izan lurzatien artekoa nahiz perimetrokoa.

s) Putzuak egitea edo ura kanpotik hartzea, alegia, saretik kanpo.

t) Baratzean sortutako hondakinak erretzea, edo bestelakoak erretzea, landaregaiak izan nahiz ez izan.

u) Erabiltzea fauna harrapatzeko tranpak edo bestelakoak, edo amu pozoitsuak, edo ehizatzea, zuhaitzak moztea edo baratzeko edo inguruko flora edo fauna kaltetzen ahal duen beste zerbait egitea.

v) Aparkalekutarako egokitutako tokietatik kanpo uztea ibilgailua.

w) Sortzen diren hondakinak behar bezala ez kudeatzea, konpostajearen bidez eta baratzean bertan. Beste baratze edo orube batzuetan uztea baratzean sortutako hondakinak edo sasiak garbitzetik eta beste garbiketetatik sortutako hondarrak.

x) Udalak ezarritako neurriak eta estandarrak betetzen ez dituen etxola eta/edo berotegia ezartzea.

y) Zolatak jartzea, edozein agregakin edo materialetakoak (salbu etxolaren oinarria), eta egitea portxeak edo edozein eraikuntza, material artifizialekin edo naturalekin (mahats-parra, etab.).

46. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a) Aurreko a), b), c), f), g) eta i) apartatuetako arau-hausteak eginez gero, emakida azkenduko da; hala ere, horrek ez du galaraziko Nafarroako Gobernuko organo eskudunek zehapenak jartzea.

b) Aurreko d) eta k) apartatuetako arau-hausteak eginez gero, emakida azkenduko da.

c) Aurreko l), m), n), o), p), q), r), s), t), u), v), x) eta y) eginez gero, hasierako jakinarazpen bat eginen da hautsitako arauaz, eta 15 egun naturaleko epea emanen da lehengoratzeko. Epe hori iraganik, aldaketarik izan ez bada, bigarren jakinarazpen bat eginen da, eta beste epe bat emanen, 15 egun naturalekoa, eta orduan ere lehengoratzen ez bada, emakida kontratua errebokatu eginen da alde bakarretik.

d) Aurreko h) apartatuko arau-haustea eginez gero, herri-lurren adjudikaziodun izateko desgaikuntza ezarriko da.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, ezarriko den gehieneko zehapena izanen da lotearen urteko errentamendu balioa halako bi edo zehapenaren xede zehatzari dagokion zatia.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

Iragarkiaren kodea: L2114589