245. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VALTIERRA

Udal ordenantza, bide publikoetako pasabide lizentziak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Valtierrako Udalak, 2021eko ekainaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Valtierrako bide publikoetako pasabide lizentziak arautzen dituen ordenantza. Haren iragarkia 2021eko 176. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 29an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, zeina maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza fiskalean egindako aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Valtierran, 2021eko irailaren 29an.–Alkatea, Manuel Resa Conde.

UDAL ORDENANTZA, PASABIDE IRAUNKORREKO LIZENTZIAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau honako lege testu hauen babespean ezartzen da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122. artikulua; Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 93.-96. artikuluak (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia); eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikulua eta hurrengoak.

2. artikulua. Definizioa.

Pasabidea honetara definitzen da: bide publikoko tarte bat erreserbatzea, espaloiaren egitura eta haren zintarria aldatuz edo aldatu gabe, ibilgailuak pareko eraikinera sartu ahal daitezen.

Erreserbak ordenantza honetan ezartzen diren seinaleak izan beharko ditu; horien xedea izanen da ibilgailuak aparkatzea galaraztea horretarako seinalatutako aldean.

3. artikulua. Zerga egitatea.

Zerga egitatea da eremu publikoan edo erabilera publikoko lurretan honako aprobetxamendu hau egitea: espazio publikoa erreserbatzea, erabilera pribatuko eraikin eta orubeetan 2 gurpil edo gehiagoko ibilgailuek sarbidea edo pasabidea izan dezaten, sestra aldatuz nahiz aldatu gabe.

4. artikulua. Subjektu pasiboak.

Honako hauek behartuta daude ordaintzera:

a) Udal lizentzien titular diren pertsona fisiko edo juridikoak.

b) Ibilgailuen sarbideak eta pasabideak zer eraikinetan ezarri diren, haien jabeak.

5. artikulua. Tasak.

Valtierrako Udalak, osoko bilkuran, urtero erabakiko ditu tasak.

6. artikulua. Tributu kuota.

Tributu kuota zehazteko, karga oinarriari dagozkion tasak aplikatuko zaizkio.

7. artikulua. Ordainketa.

Aprobetxamendua ematen denetik sortzen da tasa ordaindu beharra. Hala ere, toki entitateak aprobetxamenduari dagokion zenbateko osoa edo horren zati bat eskatzen ahalko du aurretik.

8. artikulua. Likidazioa.

Tasaren likidazioa urtero eginen da, dagokion ekitaldi ekonomikoko urtarrilaren 1etik 31ra arte, deusetan ukatu gabe prezioa hiru hilean behin hainbanatzea, egon diren altetarako. Bajarik izanez gero, ordea, ez da hiruhilekoko hainbanaketa inolaz ere itzuliko.

9. artikulua. Iruzurra.

Arau hauste eta zehapenei dagokien orotan honako hauetan xedatuari jarraituko zaio: ordenantza fiskal orokorra; Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea; Zirkulazioaren Kode Orokorra; eta haiekin bat heldu diren arauak.

10. artikulua. Eraikuntzaren ezaugarriak eta bereizgarriak.

1. Ibilgailuen pasabideen edo sarbideen luzera. Ibilgailuen pasabide eta sarbide bakoitzaren luzera, zintarriaren gainean neurtua, lokalaren sarbidea gehi % 25 izanen da, gehienez ere, eta betiere Udalak baimentzen duena.

2. Gau eta eguneko pasabideen ezaugarriak bereizgarri batean agertuko dira; haren eredua Udalak zehaztuko du, berea izanen baitu. Sarbideko atarian paratu beharko da.

3. Pasabideko zintarriak horiz pintatu beharko dira, eta udal zerbitzu eskudunek finkatzen dituzten arauei jarraikiz, jabearen kontu betiere.

11. artikulua. Plakak.

Gau eta eguneko pasabideen ezaugarriak erakusgarri batean agertuko dira; honatx eredua: R-308 debeku seinalea (aparkatzeko debekua), marra biribil hori batez inguratua, eta azpiko aldean hondo horiko laukizuzen bat, Udalak emandako lizentzia zenbakia izanen duena. R-308 seinalearen gainean honako idazkun hau agertuko da: “Gau eta eguneko pasabidea”. Udalak banatuko ditu pasabidearen bereizgarria daramaten plakak, erabiltzaileen kontura betiere.

12. artikulua. Administrazio emakida.

1. Pasabideak gau eta egunekoak baizik ez dira izanen. Ibilgailuak eguneko 24 orduetan iragaten ahalko dira; hortaz, debeku izanen da haren aitzinean aparkatzea, baita pasabidearen titularrarenak diren ibilgailuentzat ere.

2. Finken eta negozio lokalen jabe edo errentariek pasabiderako lizentzia eskatzen ahalko dute eta haien titularrak izaten ahalko dira. Pasabidea emateak berekin dakartzan betebeharren erantzulea izanen da beti emakidaren titularra, eta, haren ordez, higiezinaren jabea.

3. Eskabidea idatziz eginen zaio Valtierrako Udalari. Udal zerbitzuek txostena eginen dute, eta hura Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko zaio, onets dezan.

13. artikulua. Lizentziak.

1. Ordenantza honetan arautzen diren pasabide lizentziak ematea aukerakoa izanen da beti, prekarioan eta hirugarrenei kalte egin gabe. Hortaz, ez du titularrarendako eskubide subjektiborik sortzen, eta horrek kendu eta espaloia eta zintarria lehengoratu beharko ditu, bere kontura, Udalak horren errekerimendua egiten badio, edo, betiere, edozein arrazoirengatik baja ematen badiote.

2. Ibilgailuen pasabide edo sarbide lizentzia lortzeko, ibilgailuak sartzeko eta ateratzeko beharra justifikatu beharko dute eskatzaileek.

3. Irizpide orokor moduan, 12.4 artikuluan zehaztutakoa baino leku handiagoa erreserbatzera behartzen duen pasabide lizentziarik ez da emanen, sarbidearen errealitate fisikoak behar bezala justifikatutako eta udal zerbitzuek aztertutako kasu zehatzetan izan ezik.

4. Pasabide lizentziaren titularrek baimena eskatu beharko diote idatziz Valtierrako Udalari, bertan edozein aldaketa egiteko. Handitzeko eta lekuz aldatzeko, lizentzia berria eman beharko da eta, hortaz, ordenantza honetan aurreikusitako tramite eta baldintzak bete beharko dira. Lekuz aldatzen denean, utzitako pasabidea kentzeagatik sortutako gastuak ere ordainduko ditu titularrak.

5. Pasabiderako lizentziak baliorik gabe geratuko dira besterik gabe ordenantza honetan ezarritako edozein obligazio bete gabe utziz gero.

14. artikulua. Titularraren betebeharrak.

Honako betebehar hauek izanen ditu titularrak:

1. Bere kontura egitea pasabidea egokitzeko behar diren obrak, udal baimena lortu eta obra lizentzia egokia jaso ondoren.

2. Pasabidea eta plaka bereizgarria ongi zaintzea.

3. Zoladura berritzea, ibilgailuen joan-etorriak direla-eta haren egoera ona ez bada.

4. Lizentziaren titularrak aprobetxamendua bukatu eta gero baja ematera beharturik daude, eta, behar izanez gero, Udalak utzitako diskoak itzultzera eta espaloia eta zintarria lehengoratzera. Horrela egiten ez bada, aprobetxamenduak jarraitzen duela ulertuko da, harik eta espaloiak eta zintarria zeuden bezala utzi eta diskoak itzuli arte.

5. Erabilpen pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbeste emanen dio ordainetan entitateari.

15. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Gau eta eguneko pasabidearen erakusgarria paratzen bada, edo espaloia marra horiarekin margotzen bada, Udalaren baimenik izan gabe, Udalak aipatu bereizgarria hiru eguneko epean kentzeko eskatuko dio hura duen higiezinaren titularra den pertsona fisikoari edo juridikoari, edo, hala egokituz gero, errentariari.

Aipatu epea iraganik, ez badu baimena eskatu edota erakusgarria kendu ez badu, Udalak isuna ezarriko dio arau-hausleari, 3,01 eurokoa araua hausten den egun bakoitzeko.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, pasabideak ordenantzan ezarritako baldintzak betetzen baditu, arau hausleak pasabiderako lizentzia eskatzen ahalko du, urtebeteko tasak halako bi ordainduta.

Era berean, arau haustea izanen da, alde batetik, Udalak emandako ofizialak ez diren plakak edo bereizgarriak paratzea, baldin eta huts egitea eragiten ahal badute, edo pentsatzea espazio publikoa erreserbatuta dagoela, Valtierrako Udalak baimendu gabe, bai eta, bestetik, espaloia horiz margotzea ere, baimen egokia lortu gabe.

Iruzurtzat hartuko da behar den baimenik eskatu gabe aprobetxamendua egitea. Gainerako arau-hausteetan eta zehapenei dagokienez, jarraikiko zaio Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta harekin bat heldu diren arauetan xedatuari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, ordenantza fiskal orokorrean edo, hala egokituz gero, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2114371