245. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

JAITZ

Aldaketa, landabideen erabilera arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Jaizko Udalak, 2021eko uztailaren 22an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Jaizko landabideen erabilera arautzen duen udal ordenantza aldatzea. Iragarkia 2021eko 188. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abuztuaren 12an.

Maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez aldatutako Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluaren arabera, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Jaitzen, 2021eko abuztuaren 28an.–Alkatea, Francisco Javier Eraso Azqueta.

JAIZKO UDALERRIKO LANDABIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek xede du Jaizko udal mugarteko bide publikoen arloan arauketa ezartzea.

2. artikulua.

Udalaren menpeko bideetan, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearekin bat eginen da zirkulazioa.

3. artikulua.

Debeku da arras:

1.–Lurra lantzean, traktorearekin bidera ateratzea buelta ematera.

2.–Harriak eta nekazaritzako hondakinak bidera, arekara eta erretenera botatzea.

3.–Bideko arekara lurra bota eta hura betetzea, lur-sailetan nekazaritzako lanak egitean.

4.–Nekazaritzako hondakinak areka, bide eta erretenetan erretzea.

5.–Administrazioaren baimenik gabe, lehiaketak edo lasterketak egitea, eta ausarkeriaz gidatzea.

6.–Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

7.–Kamioiak bertatik igarotzea, 3.500 kilotik goitikoak badira, salbu eta:

–Nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerekin ikusteko duten zerbitzuak.

–Basogintzako jarduerekin zerikusia duten zerbitzuak, aldez aurretik Udalaren baimen idatziarekin.

–Udalaren jabetzako bide edo kale publikoetan egin beharreko mantentze-lanak.

–Eraikin berriko obrak edo etxebizitzak eta haiei atxikitako lokalak, etxaldeak eta aziendarako bordak zaharberritzeko obrak.

8.–Udalerrian azienda bazkatzeko eremua mugatzen duten pasabide kanadarren artean dauden herri lurretan baimenik gabe aparkatzea, eta haietatik iragatea.

Udaleko alkateak emanen du zirkulatzeko baimena. Beren ibilgailuak erabiltzeko beharra duten pertsonek eskatzen ahalko dute, betiere eskatzeko arrazoiek, Alkatetzaren iritziz, baimena ematea justifikatzen badute, eta baimen hori orokorra izanen ahalko da, edo aldi baterako eta tarte jakin batzuetarako.

Debeku horretatik salbuetsita egonen dira Jaizko bizilagunen ibilgailuak, zirkulatzeko zerga ordaintzen badute, bai eta udalerriko ehiza barrutiari atxikitako ehiztariak ere, ehiza garaian.

9.–Berariaz debeku dira lehiaketak eta ibilgailu motordunak taldeka ibiltzea, are antolaturik daudenean ere.

Taldeka ibiltzen direla ulertuko da ibilgailu motordunak hiru edo gehiago direnean, lehiaketa xederik gabe, ibilbide berari segika.

4. artikulua. Euri edo elur egunetan pistetan barna ibiltzea gaiztoa denean, baimena espresuki eman beharko da, egun zehatz horietan zura nahiz eraikuntzako materialak, makina handiak, ondasun eta ekipoak garraiatzeko, herriko bide eta mendi pistetan kalte larriak egitea eragozteko.

5. artikulua.

Finken titularrek izanen dute arekak garbitzeko ardura, bideak hobeki zaintzen lagundu dezaten.

6. artikulua.

Adarrek areka ez gainditzeko maneran landatuko dira arbolak bide ondoan.

7. artikulua.

Udalaren landabideetan ibiltzean, bideen egoerak eta haien ezaugarriek erakutsiko dute zer abiadura komeni den, eta abiadura apalduko da ibilgailu bereziekin, motel dabiltzan ibilgailuekin, azienda saldoekin edo oinezkoekin topo egitean; are gehiago hautsa pilatzen deneko aro idorretan; izan ere, abiadura bizian joanez gero, bideak hondatu egiten dira, zirkulazioa hobetzeko botatzen den harea-geruza desagertzen delako.

Dena dela, 40 kilometro ordukoa da gehieneko abiadura.

8. artikulua.

Partikularrek baimena eskatu beharko diote Udalari finketan sartu eta ateratzeko pasabideak egiteko, eta gutxienez 40 zentimetroko diametroa duten hormigoizko hodiekin eginen dituzte, haien kontura egin ere. Udalak fidantza eskatu ahalko du, egokitzat jotzen duen zenbatekokoa, finketako sarbideak behar den bezala egiten direla bermatzeko.

9. artikulua.

Finken itxituretan zortasun eremu bat izanen da, hiru metrokoa bidearen kanpo ertzetik neurtuta.

10. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea, horra arau-haustea.

Ordenantza hau hausten duenak 150,00 euroko zehapena izanen du, aparte utzirik egindako kalteengatik ordaindu beharreko kalte ordainak; hori guztia Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat. Nork bere borondatez ordaindu ezean, premiamendu bidez bilduko dira isunak.

Iragarkiaren kodea: L2114260