245. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARES

Aldaketa, sustapen pribatuaren bidez Alde Zaharreko etxebizitzak zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen ordenantzan. Hasierako onespena

Garesko Udalak, 2021eko uztailaren 15ean egin zuen osoko bilkuran, hasierako onespena eman zion sustapen pribatuaren bidez Garesko Alde Zaharreko etxebizitzak zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen ordenantzaren aldaketari. Hasierako onespena 2021eko 182. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 5ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1. artikuluan xedatuari jarraikiz, (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen), eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Garesen, 2021eko irailaren 28an.–Alkatea, Oihan Mendo Goñi.

SUSTAPEN PRIBATUAREN BIDEZ GARESKO ALDE ZAHARREKO ETXEBIZITZAK ZAHARBERRITZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da herriko etxebizitza pribatuen parkea sustatzea eta dinamizatzea, arrazoi sozialak eta interes orokorrekoak direla medio. Horretarako, herrigune historikoko eraikinak zaharberritzeko sustapen pribatu bidezko jarduketak lagundu eta sustatuko dira, hala nola honelako obrak (zerrenda ez exhaustiboa): fatxadak, balkoiak, moldurak, estalkien birgaikuntza, erlaitzak, teilatu hegalak, erretenak, zorrotenak, kanpoko zurgin lanak, eraikinen pintura eta apainketa orokorra, besteak beste. Ordenantza honen arabera ezin dira inola ere lagundu eraikin berriak altxatzeko edo egun daudenak ordezkatzeko jarduketak, zaharberritze lanetarako 287/1998 FDaren 62.2 artikuluan zehaztutako mugez kanpo.

2. artikulua. Baldintza orokorrak.

Udal laguntza jaso dezakete aurreko artikuluan aipatu diren obrek, baldin eta bermatzen bada eraikinak, itxuraz, egitura aldeko segurtasun baldintzak betetzen dituela.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

Laguntzak Nafarroako Gobernuak foru agindu bidez zedarritua duen Garesko herrigune historikoan dauden eta 40 urtetik gora duten eraikinetan egindako lanei baizik ez zaizkie aplikatuko.

4. artikulua. Udalaren laguntza motak.

Laguntzak Garesko Udalak ordenantza honek araututako baldintzetan onuradunei emaniko dirulaguntza edo ekarpen gisa hartuko dira, eta honelakoak izaten ahalko dira:

–Obrak egiteagatik ezarritako udal tributuen ehuneko jakin bateko dirulaguntza, onuradunek aldez aurretik eskubide eta tasa guztiak ordaindu behar izatearen kalterik gabe.

–Eremu publikoa material eta aldamioekin okupatzeko tasaren gainean, gehienez ere 4 hilabete (okupatutako azalera zenbatekoa den udal zerbitzuek zehaztuko dute obraren beharren arabera).

–Obretarako dirulaguntza, ordenantza honen 1., 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

5. artikulua. Udalaren baliabide ekonomikoak.

Ordenantza honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoei aplikatzeko baliabideen guztizkoa udal aurrekontuan zehaztutakoa izanen da. Espresuki xede horretara bideratutako partidak agortuko balira, beste batzuk ere erabiltzen ahalko dira.

6. artikulua. Laguntza ekonomikoen onuradunak.

Udal laguntzak eskuratu ahal izanen dituzte, baldintza guztiak betetzen badituzte, honako hauek:

a) Eraikin osoen jabeak eta/edo etxebizitzen jabeak.

b) Jabeen komunitateak, beren organo zuzentzaileak badira jarduketak bultzatzen dituztenak.

c) Etxebizitzen errentariak, Hiri Errentamenduei buruzko Legearen xedapenen arabera.

7. artikulua. Laguntza ekonomikoen zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa 1. artikuluko obrak gauzatzeko aurrekontuaren % 20 izanen da eta, gehienez ere, 1.000 euro, baldin eta obraren kostua 10.000 eurotik beherakoa bada, edo 5.000 euro, baldin eta obraren kostua 10.001 eurotik gorakoa bada. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren likidazioaren % 50 ere diruz laguntzen ahalko da, 900 euroko gehieneko mugarekin.

8. artikulua. Laguntzen tramitazioa eta ordainketa.

Udalari aurkeztuko zaizkio laguntza ekonomikoen eskaerak, ordenantza honetan jasotako zaharberritzeetarako direnean, dokumentazio hau erantsita:

a) Laguntzaren eskabidea.

b) Udal zergak ordainduta daudela egiaztatzen duen ziurtagiria.

Eskaerak obretarako lizentzia eskatzearekin batera eginen dira: obra bukatutakoan, Udalari jakinaraziko zaio, ikuskatzera joan dadin eta eskariaren gaineko ebazpena eman dezan.

9. artikulua. Laguntzak galtzea.

Ordenantza honetako baldintzak eta betekizunak ez betetzeak, zehazki, txosten teknikoan beharrezkotzat jotzen diren obrak ez egiteak, baita aurkeztutako dokumentazioan edozein datu faltsutzeak ere, udal laguntzak deuseztatu eta kentzea ekarriko du kasuan kasuko espedientean, eta jasotakoa itzultzeko ere eskatu ahalko da.

Laguntzen deuseztapena bati bakarrik egiten ahal zaio, jabeen komunitate batean bat bakarra baldin bada baldintzaren bat bete ez duena.

Ordenantza honetan araututako laguntzak galduko dira, halaber, eskatzaileek, zaharberritze obrak egitean, ez badituzte betetzen Garesko BBBPBa edo obra lizentzia ematean ezarritako baldintzak.

10. artikulua. Laguntzak emateko lehentasun irizpideak.

Eskatutako laguntzen zenbatekoa aurrekontuko baliabideak baino gehiago denean, horiek onartzeko lehentasun ordena ezartzen ahal da irizpide hauen arabera:

1. Eskatzailearen eta/edo haren familia unitatearen errenta (norbanakoen eskaeretan baino ez da erabiliko).

2. Eraikinaren katalogazioa edo interesa.

3. Ohiko etxebizitza izatea.

11. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da beste batzuekin, betiere guztien artean ez bada gainditzen planteatutako obra gauzatzearen kostu osoa. Kostu hori gaindituz gero, soberakina itzuli beharko du onuradunak.

12. artikulua.

Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legean, Lurzoruari buruzko Foru Legean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legean eta horiekin bat heldu diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: L2114335