245. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

125/2021 EBAZPENA, urriaren 13koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez arautzen baita Nafarroako Foru Komunitatean 2021-2022 ikasturtean urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko zikloen onarpen prozeduraren bigarren aldia, “Administrazio kudeaketa” eta “Erizaintzako zainketa lagungarriak” zikloetarako.

Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren ekainaren 4ko 60/2021 Ebazpenaren bidez ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitatean urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko zikloen eskaintza eta onartua izateko prozeduraren jarraibideak eta egutegia, 2021-2022 ikasturterako. Ebazpen horretan xedatu denez, onarpen prozedura bi alditan gauzatuko da, eta lehen aldirako jarraibideak ezarri dira. Ebazpen horren 2. eranskinean arautzen da bigarren aldiari dagokion onarpen prozesua Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak zehazten duenaren arabera eginen dela lehen aldiz ezarri diren zikloetan (“Administrazio kudeaketa” eta “Erizaintzako zainketa lagungarriak” zikloak hala dira).

Hori horrela, ikusirik Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman duela lehen aldiz ezarri diren “Administrazio kudeaketa” eta “Erizaintzako zainketa lagungarriak” zikloetako bigarren onarpen aldia arautzeko eta onarpeneko bigarren aldi horretarako jarraibideak eta egutegia ezartzeko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Arautzea 2021-2022 ikasturtean Lanbide Heziketako online eskaintzan lehen aldiz ezarriko diren zikloetako onarpen prozesua eta onestea 2021-2022 ikasturtean Lanbide Heziketa urrutitik eta online egin nahi duten pertsonak onartu eta matrikulatzeko prozeduraren bigarren aldirako jarraibideak eta egutegia. Ebazpen honen eranskinetan ageri dira.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, Eskolatze Bulegora, Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara.

4. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko urriaren 13an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

Urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko eskaintza berria eta ikastetxeak. Onarpen eta matrikulazio prozeduraren bigarren aldia arautzeko jarraibideak Lanbide Heziketako “Administrazio kudeaketa” eta “Erizaintzako zainketa lagungarriak” zikloak urrutitik eta online modalitatean egiteko. 2021-2022 ikasturtea

1. Eskaintza: Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak ekainaren 4an emandako 60/2021 Ebazpenean ezarri bezala, honako hauek dira 2021-2022 ikasturtean lanbide heziketa urrutitik eta online modalitatean egiteko eskaintzako ziklo berriak:

–“Administrazio kudeaketa” erdi mailako heziketa zikloa (HLO) Ikastetxea: Donapea IIP.

–“Erizaintzako Zainketa Lagungarriak” erdi mailako zikloa (LOGSE). Ikastetxea: Nafarroako Lanbide Eskola Tekniko Sanitarioa II.

2. Hona hemen eskaintzen diren moduluak:

a) “Administrazio kudeaketa”. Zikloaren eskaintzari hasiera ematen zaio lanbide modulu hauekin:

–“Enpresa komunikazioa eta bezeroarentzako arreta”.

–“Salerosketako administrazio eragiketak”.

–“Kontabilitateko teknika”.

–“Ingelesa I (NA01)”.

b) “Erizaintzako zainketa lagungarriak”. Eskaintzari hasiera ematen zaio lanbide modulu eta prestakuntza-bloke hauekin:

–“Erizaintzako oinarrizko teknikak I”. (Oinarrizko anatomia, fisiologia eta patologia).

–“Lanerako prestakuntza eta orientabideak”.

–“Pazientearentzako laguntza psikologikoa eta osasunaren sustapena”.

3. Betebehar hauek bete beharko dira urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko eskaintzen diren moduluetan ikaspostua eskatzeko:

a) Frogatzea betetzen direla apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 5.1 eta 5.2 oinarrietan ezarritako sarrera baldintzak. Foru agindu horren bidez arautu zen erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan onartua izateko prozedura.

b) Gutxienez 18 urte beteak izatea izena ematen den urte naturalean.

4. Ebazpen honen bidez arautzen den Lanbide Heziketako online eskaintzako ziklo berrietako lanbide moduluetan onartua izateko prozesuan, lehentasunezko irizpide bat aplikatuko da Nafarroan erroldatuta gutxienez urtebete daramatela frogatzen duten eskatzaileentzat, edo azkeneko 5 urteetan, gutxienez urtebeteko lan esperientzia frogatzen dutenentzat lanaldi osoan, edo baliokidea, Nafarroako enpresetan.

5. Erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetako moduluetara sartzeko eskatzen duten ikasleen lehentasun-zerrenda, beraz, honela eginen da:

–Lehenik: Nafarroan gutxienez urtebete erroldaturik daramatela frogatzen dutenak, edo, azkeneko 5 urteetan, gutxienez urtebeteko lan esperientzia frogatzen dutenak lanaldi osoan, edo baliokidea, Nafarroako enpresetan.

–Bigarrenik: aurreko bi egoera horietako bakar batean ere ez daudenak.

6. Talde horietako bakoitza honela ordenatuko da:

–Lehenik: inskribatu nahi den ziklo bereko moduluren bat gainditua dutenak urrutiko modalitatean (online) 2020-2021 ikasturtean.

–Bigarrenik: inskribatu nahi den ziklo bereko moduluren bat gainditua dutenak, eskaintzaren edozein modalitatetan, baina ez 2020-2021 ikasturtean, ez eta urrutiko modalitatean (online) ere; edo eskatzen duten zikloko lanbide kualifikazioetako gaitasun-unitateren bat badutela frogatu dutenak.

–Hirugarrenik: inskripzioa egiteko epea bukatzen den egunean, gutxienez urtebeteko lan esperientzia frogatzen dutenak lanaldi osoan, edo baliokidea, apirilaren 7ko 546/1995 Errege dekretuan ezarritako Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikari tituluaren gaitasun orokorren arloan, edo urriaren 30eko 1631/2009 Errege Dekretuan ezarritako Administrazio kudeaketako teknikari tituluaren gaitasun orokorren arloan, dagokionaren arabera.

–Laugarrenik: aurreko apartatuan adierazitako gaitasun orokorren arloekin zerikusirik ez duen lan esperientzia frogatzen dutenak; urtebetekoa gutxienez, lanaldi osoan, edo baliokidea, inskribatzeko epea bukatzen den egunean.

–Bosgarrenik: lan esperientzia frogatzen ez dutenak, edo urtebetetik beherakoa dutenak lanaldi osoan, edo baliokidea, inskribatzeko epea bukatzen den egunean.

6. Sortzen diren bost talde horietan, lehentasun zerrenda irizpide hauei jarraikiz prestatuko da:

a) Honela ordenatuko da lehen taldea:

–Lehenik: Lanbide Heziketa urrutitik eta online egiteko zer ziklotarako egiten den eskaera, hartan lanbide-moduluak Nafarroan egin dituzten ikasleak.

–Bigarrenik: Lanbide Heziketa urrutitik eta online egiteko zer ziklotarako egiten den eskaera, hartan lanbide-moduluak beste autonomia erkidego batzuetan egin dituzten ikasleak.

Honela ordenatuko dira bi talde horiek:

–Lehenik: kasuan kasuko zikloko tituluaren barruan gainditutako, aitortutako edo baliozkotutako lanbide-modulu kopuruaren arabera eta/edo, kasua bada, frogatutako gaitasun-unitate kopuruaren arabera, kopuru handienetik txikienera ordenatuta. Zenbatzearen ondorioetarako, balio berekotzat jotzen dira lanbide-modulua eta gaitasun-unitatea.

–Bigarrenik: berdinketarik bada, egindako online zikloan gainditutako lanbide-moduluen batez besteko nota hartuko da kontuan, handienetik txikienera ordenatuta.

–Hirugarrenik: berdinketa hausten ez bada, aplikatuko da Hezkuntza Departamentuan 2021eko maiatzean egindako zozketa publikoaren emaitza, zozketa hori aplikatzekoa baita 2021-2022 ikasturteko onarpen prozesuetan.

b) Honela ordenatuko da bigarren taldea:

–Lehenik: kasuan kasuko zikloko tituluaren barruan gainditutako, aitortutako edo baliozkotutako lanbide-modulu kopuruaren arabera eta/edo frogatutako gaitasun-unitate kopuruaren arabera, kopuru handienetik txikienera ordenatuta. Zenbatzearen ondorioetarako, balio berekotzat jotzen dira modulua eta gaitasun-unitatea.

–Bigarrenik: puntu-berdinketarik bada, zikloan sartzeko baldintza gisa erabilitako ikasketa-espedientearen batez besteko notari erreparatuta ebatziko da, nota altuenetik txikienera ordenatuta.

–Hirugarrenik: berdinketa hausten ez bada, aplikatuko da Hezkuntza Departamentuan 2021eko maiatzean egindako zozketa publikoaren emaitza, zozketa hori aplikatzekoa baita 2021-2022 ikasturteko onarpen prozesuetan.

c) Honela ordenatuko da hirugarren taldea:

–Lehenik: frogatutako lan esperientziaren arabera (urtetan kontabilizatuko da), esperientzia handienetik txikienera ordenatuta; urtera iristen ez den lan esperientziaren zatikia baztertu eginen da, eta ez da kontabilizatuko. Lan esperientzia hurrengo jarraibidean ezarritakoaren arabera finkatuko da.

–Bigarrenik: puntu-berdinketarik bada, zikloan sartzeko baldintza gisa erabilitako ikasketa-espedientearen batez besteko notari erreparatuta ebatziko da, nota altuenetik txikienera ordenatuta.

–Hirugarrenik: berdinketa hausten ez bada, aplikatuko da Hezkuntza Departamentuan 2021eko maiatzean egindako zozketa publikoaren emaitza, zozketa hori aplikatzekoa baita 2021-2022 ikasturteko onarpen prozesuetan.

d) Honela ordenatuko da laugarren taldea:

–Lehenik: frogatutako lan esperientziaren arabera (urtetan kontabilizatuko da), lan esperientzia handienetik txikienera ordenatuta; urtera iristen ez den lan esperientziaren zatikia baztertu eginen da, eta ez da kontabilizatuko. Lan esperientzia hurrengo jarraibidean ezarritakoaren arabera finkatuko da.

–Bigarrenik: puntu-berdinketarik bada, zikloan sartzeko baldintza gisa erabilitako ikasketa-espedientearen batez besteko notari erreparatuta ebatziko da, nota altuenetik txikienera ordenatuta.

–Hirugarrenik: berdinketa hausten ez bada, aplikatuko da Hezkuntza Departamentuan 2021eko maiatzean egindako zozketa publikoaren emaitza, zozketa hori aplikatzekoa baita 2021-2022 ikasturteko onarpen prozesuetan.

e) Honela ordenatuko da bosgarren taldea:

–Lehenik: zikloan sartzeko baldintza gisa erabilitako ikasketa-espedientearen batez besteko notari erreparatuta ebatziko da, nota altuenetik txikienera ordenatuta.

–Bigarrenik: berdinketa hausten ez bada, aplikatuko da Hezkuntza Departamentuan 2021eko maiatzean egindako zozketa publikoaren emaitza, zozketa hori aplikatzekoa baita 2021-2022 ikasturteko onarpen prozesuetan.

7. Azpitalde eta talde horietako bakoitza ordenatzeko baremazioa eginen da, baldin eta aurreikusten bada goragoko lehentasun azpitaldean inskribatuta dauden pertsonek ez dituztela beteko eskainitako ikaspostu guztiak. Azpitaldea barematzeko beharrik ez badago, 2021-2022 ikasturteko onarpen prozesuetan aplikatzeko eskolatze-zozketaren araberako hurrenkeran ordenatuta agertuko da zerrendetan.

8. Gaitasun orokorren arloko lan esperientzia zehaztea:

–Azaroaren 21eko 44/2003 Legeak, Osasun arloko lanbideen antolamenduari buruzkoak, 3. artikuluan xedatuaren arabera, Lanbide Heziketako osasun arloko profesionaltzat hartzen dira, erdi mailako taldean, Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikari titulua dutenak. Hori horrela, erabaki da Erizaintzako zainketa lagungarrietako gaitasun orokorren arloko lan esperientziarik ez dela existitzen ebazpen honen bidez arautzen den LHko online eskaintzan onartua izateko ondorioetarako.

–Onarpen eta orientazio batzordearen eskumena da Administrazio kudeaketako teknikari tituluaren arloko lan esperientzia zehaztea.

–Onarpen eta orientazio batzordearen eskumena da deialdi honen xede diren tituluen arloko gaitasun orokorrekin zerikusirik ez duen lan esperientzia zehaztea.

9. Uztailaren 19ko 122/2010 Foru Aginduaren 6.2 artikuluan xedatutakoa garatuz, modulu bakoitzean bi ikaspostu gordeko dira desgaitasuna frogatzen duten ikasleentzat. Orobat, modulu bakoitzean bi ikaspostu gordeko dira goi mailako edo goi errendimenduko kirolari izatea frogatzen duten ikasleentzat.

Modulu batean gordeta dauden ikaspostu libreak baino pertsona gehiagok frogatzen badute desgaitasuna, edo modulu batean gordeta dauden ikaspostuak baino goi mailako edo goi errendimenduko kirolari gehiago badaude, honako irizpide hauek erabiliko dira erreserbako ikaspostuen adjudikazioa ebazteko:

a) Ikaspostua gordetzea desgaitasuna izateagatik: sartzeko nota altuenaren arabera esleituko da.

b) Ikaspostua gordetzea goi mailako edo goi errendimenduko kirolari izateagatik: esleituko da Lanbide Heziketako zikloetan onartzeko prozeduraren jarraibideak eta egutegia arautzen dituen maiatzaren 11ko 41/2021 Ebazpenaren I. eranskinean jasotakoaren arabera (“Ikaspostuak gordetzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa, desgaitasuna izateagatik, goi mailako edo errendimendu handiko kirolaria izateagatik eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak izateagatik” oinarria, 2.b) apartatua).

Norbaitek kasu batengatik baino gehiagorengatik eskatzen baldin badu gordetako ikaspostu bat eman diezaiotela, eskaerak ordena honen arabera lehenetsiko dira:

–Lehenik: ikaspostua gordetzea desgaitasunagatik.

–Bigarrenik: ikaspostua gordetzea goi mailako edo errendimendu handiko kirolaria izateagatik.

Ikasle jakin horientzat erreserbatutako ikaspostuak betetzen ez badira, eskaintza orokorrekoei gehituko zaizkie.

10. Eskaerak aurkeztea. Eskatzaile bakoitzak eskaera bakar bat aurkeztu beharko du, behar bezala beterik, heziketa ziklo bakar bateko moduluetarako; eskaera hori egokituko zaie Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitateko fitxan inskribatzeko agertzen diren ereduei. Honako helbide honetan daude ereduak:

http://www.navarra.es/home_eu/servicios/ficha/3674/formacion-profesional-on-line

11. Izena emateko eskaera aurkezteko epea 2021eko urriaren 25etik 29ra bitartekoa da (14:00ak arte), honako jarraibide hauen arabera:

–Zer heziketa ziklo eta modulu aukeratu diren, horiek ematen dituen ikastetxeko bulego administratiboetan aurkeztuko da edo horietara zuzenduko da izena emateko eskabidea. Ikastetxeek eskabidearen fotokopia zigilatua emanen diete ikasle eskatzaileei, zein egunetan sartu den adierazita.

–Inskripzio-orria bide hauek erabiliz aurkezten ahal da:

a) Educa-Ataria bidezko erregistro telematikoa, aukeratutako zikloa eta moduluak eskaintzen dituen ikastetxeari zuzendua, eta, horretarako, erabiliko da Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitateko” fitxaren esteka, helbide honetan dagoena:

http://www.navarra.es/home_eu/servicios/ficha/3674/formacion-profesional-on-line

Izena emateko epea urriaren 29ko 23:59an amaituko da.

b) Aurrez aurre, aukeratutako zikloa eta moduluak ematen dituen ikastetxean.

Izena emateko epea urriaren 29ko 14:00etan amaituko da.

–2021-2022 ikasturtean onartua izateko prozesuan, salbuespenez, inskripzio orriak jasotzen dituzten ikastetxeetako zuzendariek eskatzen ahalko diete irakasle batzuei egin ditzatela antolaketa eta kudeaketa lan batzuk 2021-2022 ikasturteari dagokion inskripziorako eta onartze prozesurako.

–Aipatu tramite fitxan onarpen prozesurako jarraibideak dituzten agiriak izanen dira. Gainditutako moduluak baliozkotzeko edo aitortzeko eskaerei buruzko informazioa ere egonen da, ikaspostua lortu eta zikloan matrikulatu diren ikasleentzat.

–Inskripzioa ez eskatzeko gomendatzen da honako egoera honetan dauden moduluetan: horien baliozkotzea Estatuko oinarrizko araudian ezarrita egonda, Nafarroako araudiaren arabera baliozkotu edo aitortzen ahal direnak.

–Ezin da urrutiko LHren online modalitaterako eskaintzen diren zikloetatik batean baino gehiagotan inskribatu, ez eta ikastetxe batean baino gehiagotan ere. Inskripzio-orri bat baino gehiago aurkeztuz gero, bertan behera geratuko dira guztiak, eta, ondorioz, ez dira tramitatuko.

–Onarpen prozesuan parte hartuko dute, bakar-bakarrik, urrutiko LHren online modalitatean sartzeko ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten pertsonek.

12. Inskripzio-orriarekin batera inskripzio-orriaren ereduetan adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da. Atzerritarrek eskubidea dute espainiarren baldintza berberetan sartzeko derrigorrezkoa ez den irakaskuntza sisteman, halaxe xedatu baita Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan.

13. Desgaitasuna izateagatik edo goi mailako errendimenduko kirolaria izateagatik ikaspostua gordetzeko aukera izateko, maiatzaren 11ko 41/2011 Ebazpenaren 1. eranskinean dagokion oinarrian ezarritako dokumentazioa aurkeztu behar da, izena emateko ezarritako epean. Ebazpen horren bidez 2021-2022 ikasturtean Lanbide Heziketako zikloetan onartzeko prozeduraren jarraibideak eta egutegia arautu ziren.

14. Lan esperientzia frogatzeko agiriak Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren abuztuaren 6ko 82/2021 Ebazpenean dagokion oinarrian ezarritakoak izanen dira.

15. Jendaurrean egon beharko dute, bai barematzeko irizpideek, bai erreklamazioren bat egin ahal izateko ezarri den prozedurak.

Dokumentuz egiaztatzen ahal diren irizpideak bakarrik onartuko dira baremorako.

16. Eskatutako ikasketei eta zikloari dagokien sarrera nota frogatzeko, beteko da Nafarroan zikloetan onartzeko prozesua arautzen duen apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 12. oinarrian adierazitakoa. Teknikariaren titulua izan edo Prestakuntzako Ikastaroa edo Sarrerako Ikastaroa egina dutenentzat, sarrerako nota izanen da erdi mailako zikloan lortutako batez besteko nota.

17. 2021-2022 ikasturteko onarpen prozeduretan berdinketak hausteko zozketa, ebazpen honetan aipatzen dena, Hezkuntza Departamentuan egin zen, eta haren emaitza aplikatzen da helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzako zikloetan onartzeko prozeduran, beharrezkoa izanez gero. Zozketa hori 2021eko maiatzean egin zen.

18. Ikaslea modulu batean onartutzat joko da hala agertzen denean onartutako ikasleen behin betiko zerrendetan, eta ikaspostua duenean lehen 40 ikaspostuetako batean, edo ikastetxeko zuzendaritzak ikaspostua esleitzen dionean, bat etorriz uztailaren 19ko 122/2010 Foru Aginduaren 7. artikuluan ezarritakoarekin.

19. Lanbide modulu bakoitzean onartzen diren pertsonen zerrendak, behin-behinekoak eta behin betikoak, izanen dira onarpen prozeduraren emaitzen berri emateko bide ofiziala.

Zerrenda horiek, kasuan kasuko zikloko moduluetarako prestatuko direnak, jendaurrean jarriko dira LHko zikloak online ematen dituzten ikastetxeetan eta Nafarroako Gobernuko Tramiteen Katalogoko urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitateko tramite-fitxan, helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_eu/servicios/ficha/3674/formacion-profesional-on-line

20. Egutegia ebazpen honen 2. eranskinean ezarritakoa da.

21. Ikaspostua lortzen dutenek epe horietan egin beharko dute matrikula. Baldin eta matrikula ez bada egiten ikasle onartuen behin betiko zerrendan adierazten diren epeetan, ikasleak dagokion ikasposturako eskubidea galduko du.

Urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitateko zikloetan matrikula eginda ere, kurtsoa hasten denetik 15 eguneko epean ikasle-jardueretan hasten ez diren ikasleei baja emanen die ofizioz ikastetxeak, non eta ez dagoen bidezko arrazoiren bat, eta matrikularen ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

Matrikula egiteko, abuztuaren 6ko 82/2021 Ebazpenean, dagokion oinarrian adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Matrikula eginda, 2022ko maiatzean egitekoa den amaierako ebaluazioko deialdi arrunt baterako eskubidea izanen da.

Ikaspostua lortuta ere, ezartzen diren egunetan matrikulatzen ez direnak onarpen prozesutik baztertuko dira, eta esleitutako ikaspostuaren ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

22. Onarpen eta orientazio batzordeak, uztailaren 19ko 122/2010 Foru Aginduaren 7.3 artikuluan xedatzen duen moduan, eraginik gabe uzten ahalko du ikaslearen matrikula baldin eta ikasturteko lehen hamabostaldian kurtsoa hasten ez badu, bere matrikulari dagokion moduluetan, urrutiko LHren online modalitateko eskolak hasteko ezarritako egunetik zenbatzen hasita. Kasu horretan, matrikularekin loturik dagoen deialdia ez da erabilitzat hartuko.

Ikasleak eskatuz gero, ikastetxeko zuzendaritzak baliorik gabe uzten ahalko du modulu bateko matrikula, baldin eta ikasturtea hasten denetik hilabete bat igaro baino lehen eskatzen bada, uztailaren 19ko 122/2010 Foru Aginduaren 7.4 artikuluan ezarritakoari jarraituz. Kasu horretan, matrikularekin loturik dagoen deialdia ez da erabilitzat hartuko.

23. Onarpen prozesuaren epe arrunta bukatu ondoren hutsik gelditzen diren ikaspostuak itxaron zerrendan daudenei eskainiko dizkie ikastetxeak, lehentasun ordenari zorrozki jarraituta, harik eta denak esleitu arte.

Ikastetxeak jakinarazi beharko du, bai iragarki-taulan bai webgunean, horrelako ikaspostu hutsik gelditu denetz, interesdunek jakin dezaten.

Ikasturtearen hasiera-egunetik 15 eguneko epean, bidezko arrazoirik izan gabe, ikasle-jardueretan hasten ez direnei ofizioz emanen zaien bajaren ondorioz hutsik gelditzen diren ikaspostuak ere eskainiko dizkie ikastetxeak behin betiko itxaron zerrendan daudenei, lehentasun ordenari zorrozki jarraituta, harik eta ikaspostu guztiak esleitu arte.

Ikastetxeak jakinarazi beharko du, bai iragarki-taulan bai webgunean, horrelako ikaspostu hutsik gelditu denetz, interesdunek jakin dezaten.

24. Ebazpen honetan adierazitako egunak aginduzkoak dira. Egun bereziren bat jaieguna bada ikastetxe batean, jai ez den hurrengo egunera aldatuko da, eta behar duen publizitatea emanen dio ikastetxeak.

25. 2021-2022 ikasturtean Nafarroan urrutiko LHko heziketa ziklo batean online modalitatean matrikulatuta dauden ikasleak Nafarroan Batxilergoko ikasketetan ere matrikulatuta egon daitezke aldi berean, baldin eta, sarrera-baldintzak betetzeaz gainera, “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan matrikulatzen badira urrutiko irakaskuntzen araubidean.

26. 2021-2022 ikasturtean modalitate honetako matrikula egitea bateraezina da beste egoera hauekin:

–2021-2022 ikasturtean Hezkuntza Departamentuaren mendeko derrigorrezko hezkuntzaren ondoko irakaskuntzetan eta goi mailakoetan matrikulatzearekin, ikastetxe berean nahiz beste batzuetan. Salbuespena da aurreko paragrafoan aipatutako kasua.

–2021-2022 ikasturtean matrikulatuta egotearekin, edozein eskaintza modalitatetan eta edozein autonomia-erkidegotan.

–2021-2022 ikasturtean matrikulatzearekin Lanbide Heziketako tituluak lortzeko probetan.

–2021ean eta 2022an lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura batean parte hartzearekin, prestakuntzarekin lotutako gaitasun unitateetan. Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitateko tramite-fitxan daude egoera hauen bateragarritasunari buruzko orientabideak: Lanbide Heziketa online egiteko moduluetan matrikulatzea eta lanbide gaitasunak ebaluatu eta frogatzeko prozeduretan parte hartzea. Helbide honetan dago fitxa hori:

http://www.navarra.es/home_eu/servicios/ficha/3674/formacion-profesional-on-line

–Matrikulatuta dagoen moduluetako gaitasun-unitateei lotutako enplegurako prestakuntza-ikastaroak egitearekin.

Nafarroan Lanbide Heziketako irakaskuntzetan urrutiko modalitatean (online) eta, aldi berean, lehen aipatutako kasuetan matrikulatu edo parte hartuz gero, ofizioz deuseztatuko da dagokion moduluaren matrikula.

27. Lantokiko Prestakuntza moduluan ezin izanen da ez inskripziorik, ez matrikularik egin, modulu hori ez baita eskaintzan sartzen.

28. Ebazpen hau eta eranskinak ikastetxeetako iragarki-taulan jarriko dira ikusgai, haiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita onarpen eta matrikulazio prozesua bukatzen den arte, interesdun guztiek haien berri izan dezaten.

29. Eskatuz gero, ikastetxeek beren eginkizunei buruzko txostenak bidali beharko dizkiete departamentuko zerbitzuei eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari.

30. Jakinarazpenak egiteko bideak:

–Administrazio kudeaketa eta Erizaintzako zainketa lagungarriak zikloak urrutiko LH online modalitatean ematen dituzten ikastetxeak.

–Tramitazio eta onarpen kontuak, ikastetxeentzat. Telefonoa: 848 426 977.

–Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atala. Telefonoa: 848 423 232-848 428 981.

–Faxa: 848 426987.

–Helbide elektronikoa:

dpto-fponlinelh@educacion.navarra.es

2. ERANSKINA

Urrutiko Lanbide Heziketa online eginen duten ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko prozesuaren egutegia. 2021-2022 ikasturtea.
Bigarren aldia - Lehen aldiz eskaintzen diren zikloak

EPE ARRUNTA: BIGARREN ALDIA

HASIERA EGUNA

BUKAERA EGUNA

Inskribatzeko eskaerak jasotzea.

(Inskribatzeko epea)

2021eko urriaren 25a

2021eko urriaren 29a

(14:00ak arte, bertara agertuta)

(23:59 arte, bide telematikotik)

Onartuen behin-behineko zerrenda argitaratzea

2021eko azaroaren 5a

Onartuen behin-behineko zerrendari erreklamazioak aurkeztea

2021eko azaroaren 5a

2021eko azaroaren 9a (14:00ak arte)

Onartuen behin betiko zerrenda argitaratzea

2021eko azaroaren 11

Ikastetxean ikaspostua lortu duten ikasle onartuen matrikulazioa

2021eko azaroaren 12a

2021eko azaroaren 15a

IKASPOSTU HUTSEN ESLEIPENA

Ikaspostu hutsak dituzten moduluetan, onartuen zerrendan agertu arren ikasposturik eskuratu ez duten ikasleentzat.

2021eko azaroaren 19a

BALIOZKOTZEEN ETA AITORPENEN ESKAERA

Ikaslea matrikulatu den ikastetxean

2021eko azaroaren 12a

2021eko azaroaren 15a

DATA GARRANTZITSUAK

Informazio bilera

2021eko azaroaren 16a

Kurtsoko eskolen hasiera

2021eko azaroaren 17a

Eskolen bukaera

2022ko maiatzaren 31

Azken ebaluazio partziala

Azken eguna: 2022ko maiatzaren 18a

Berreskurapen programa garatzea

Amaierako ebaluazio saioaren aurreko egunera arte

Amaierako ebaluazioa (ikasleei kalifikazioak ematea)

Azken eguna: 2022ko maiatzaren 31

Iragarkiaren kodea: F2114957