245. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

213E/2021 EBAZPENA, irailaren 29koa, Berrikuntzako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onesten baita kultura zientifikoa sustatzeko, Nafarroan I+G+b zabaltzeko eta STEM. Cosmos 21 bokazioak sustatzeko laguntzen 2021eko deialdia. DDBN identifikazioa: 586071.

Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legeak hitzaurrean ezartzen duenez, I+G+b-k oparotasuna areagotzen du, bizi kalitatea hobetzen du eta sorkuntzazko konponbideak ezartzen ditu gure gizarteak dituen desafio nagusietarako. Foru legearen 3.1 artikuluaren arabera, hau da bere helburuetako bat: herritar guztien ongizatea eta bizi kalitatea hobetzea, gizartearen erronkak eta arazoak bideratzen laguntzeko. Era berean, 21.1.h) artikuluan, lege honen xedea eta helburuak betetzeko aurreikusitako neurriak zehazten dira; besteak beste, bokazio zientifiko-teknikoen pizgarri diren neurriak, ikasketa zientifiko-teknikoko prestakuntza sustatuz, indar berezia eginez emakumeen artean, bai eta gizarte guztiari zuzendutako dibulgazio zientifikoa ere.

Hori horrela, kultura zientifikoa sustatzeko, Nafarroan I+G+b zabaltzeko eta STEM. Cosmos 21 bokazioak sustatzeko laguntzen 2021eko deialdiaren bitartez, diruz lagundu nahi dira Nafarroako gizartearen ezagutza zientifikoa eta teknikoa sustatzeko eta handitzeko jarduerak, Nafarroan egindako I+G+b proiektuen emaitzak zabaltzeko jarduerak eta gai zientifiko-teknikoen aldeko bokazioak sustatzeko jarduerak, eta hori guztia, zientziaren eta herritarren arteko lotura areagotzea lortzeko eta zientifikoki kultuak diren pertsonak prestatzen laguntzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Kultura zientifikoa sustatzeko, Nafarroan I+G+b zabaltzeko eta STEM. Cosmos 21. bokazioak sustatzeko laguntzen 2021eko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea (ebazpen honen eranskinean jaso dira).

3. 150.000 euroko kreditua baimentzea, 2021eko aurrekontuko “Suspertu plana. Zientzia dibulgatzeko, I+G+b zabaltzeko eta STEM bokazioak sustatzeko laguntzak” izeneko G20001 G2100 4819 467308 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Sarrigurenen, 2021eko irailaren 29an.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honen bitartez, diruz lagundu nahi dira Nafarroako gizartearen ezagutza zientifikoa eta teknikoa handitzeko jarduerak, Nafarroan egindako I+G+b proiektuen emaitzak zabaltzeko jarduerak eta ikasleen artean gai zientifiko-teknikoen aldeko bokazioak sustatzeko jarduerak, eta hori guztia, zientziaren eta herritarren arteko lotura areagotzea lortzeko eta zientifikoki kultuak diren pertsonak prestatzen laguntzeko.

2. oinarria. Onuradunak.

1. Honako hauek izan daitezke laguntza hauen onuradunak:

a) Nafarroako I+G+b Sistemaren (SINAI) Erregistroan erakunde berezi gisa inskribatuta dauden erakundeak.

b) Nafarroako I+G+b Sistemaren (SINAI) Erregistroan inskribatuta dauden gainerako eragileak.

c) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak edo fundazioak, baldin eta nortasun juridikoa badute, egoitza Nafarroan badute eta Nafarroako Elkarteen Erregistroan edo erregelamenduz dagokien erregistroan inskribatuta badaude.

2. Ezin dira onuradun izan honako hauek:

a) Administrazio-zehapen irmoa edo kondena-epai irmoa betetzen ari direnak sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiek direla eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain daudenak ere.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatzen diren debekuetako bat hausten dutenak.

3. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskabidean eskatzaileak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

4. Laguntzen eskaeran dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko.

3. oinarria. Jarduera diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira Nafarroan kultura zientifikoa, teknologia eta berrikuntza sustatzeko egindako jarduerak. Jarduera horiek, zentzu zabalean hartuta, honako hauekin dute zerikusia: dibulgazio zientifikoa gauzatzea, prestatzea, sustatzea, kudeatzea eta laguntza teknikoa ematea, bai eta zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren emaitzak eta komunikazio soziala zabaltzea ere.

2. Jarduerak jarduketa lerro hauetakoren batean sartuta egon beharko dute:

a) Kultura zientifikoa sustatzea: edozein gai zientifiko eta teknologikori buruzko dibulgazio eta komunikazio jarduerak sartzen dira, betiere espezializatu gabeko jendeari zuzenduta badaude eta helburua zientzia, teknologia eta ikerkuntza Nafarroako gizarteari hurbiltzea bada.

b) Nafarroan I+G+b zabaltzea. Nafarroan egiten diren I+G+b jarduerei esker lortutako aurrerapenak eta emaitzak herritarrei jakinarazteko jarduerak sartzen dira, bai SINAIko eragileek bai I+G+b jarduerak gauzatzen dituzten enpresa eta elkarte batzuek ere egindakoak.

c) STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika, ingelesezko sigletan) bokazioak sustatzea: unibertsitateaz kanpoko etapetako ikasleen eta gazteen artean alfabetatze zientifikoa ez ezik, metodoarekin eta ikerkuntzarekin zuzeneko harremana izanik ikasketa zientifiko-teknologikoekiko interesa ere sustatzea helburu duten jarduerak; bereziki, neskatoei eta neska nerabeei zuzendutakoak.

3. Proposatutako jarduerek nabarmendu beharko dute ezagutza zientifikoak gizartearen erronkei erantzuten diela, eta, bereziki, I+G+b 2030 Agendarekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokatzen duela, bai eta foru erkidegoko, estatu mailako edota Europako beste esparru legal edo estrategiko batzuekin ere, hala nola Europako Itun Berdea (European Green Deal), “Etxaldetik mahaira” estrategia eta 2030erako Biodibertsitatearen Estrategia.

4. Proposatutako jarduketa bakoitzeko gutxieneko aurrekontua 3.000 eurokoa izanen da.

4. oinarria. Gastu diruz lagungarriak.

1. Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira behean adierazitako gastu kategoriak, baldin eta, zalantzarik gabe, finantzatu beharreko jarduketekin zuzenean lotuta badaude, gauzatzeko beharrezkoak badira eta ezarritako gauzatze aldian egin badira, eta laguntzaren justifikazioa aurkeztean benetan ordainduta badaude. Gastu identifikagarriak eta kontrolagarriak izan beharko dira, eta merkatu prezioak eduki.

a) Langileak: diruz lagundutako jardueran zuzenean dihardutenak eta jarduera horretan diharduten bitartean. Gehienez ere 40 euroko dirulaguntza emanen da ordu bakoitzeko.

b) Material suntsikorra, hornidurak eta antzeko produktuak, laguntzaren xede diren jarduerak gauzatzearekin zuzenean lotuta daudenak.

c) Kanpoko lankidetzak:

I. Ikastaroetan eta prestakuntzako eta sentsibilizazioko beste jarduera batzuetan, txostengileak, hizlariak eta irakasleak kontratatzea, baita jarduera gauzatzeko behar diren monitoreak edo pertsonak ere.

II. Material grafikoak eta ikus-entzunezkoak formatu fisikoan edo elektronikoan argitaratzea, betiere edukia adierazten bada eta Departamentuak aldez aurretik onartzen badu, bai eta material horiek Nafarroako Foru Komunitateko edozein hizkuntza ofizialetara itzultzeko gastuak ere.

III. Aholkularitza, azterlanak egiteko, prestakuntza jarduerak prestatzeko, zabaltzeko, publizitatea egiteko eta antzeko zerbitzuetarako, laguntzaren xede den jarduera zuzenean gauzatzeko soilik badira.

d) Beste gastu batzuk:

I. Mugikortasuna: Diruz lagundutako jarduera gauzatzen parte hartzen duten langileen bidaia, lokomozio, dieta, ostatu eta mantenu gastuak, bai erakundeko langileenak, bai jarduera gauzatzeko kontratatutako langileenak, bai 4.1.c.i oinarriarekin bat datozen hizlarienak, betiere jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta justifikazioan argi eta garbi identifikatzen bada nork egin duen gastua.

Honela mugatuko dira gastuak:

–Ostatua eta dietak: Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako eta 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean –2012ko abenduaren 17koan– argitaratutako erabakian jasotako baldintzetara mugatuko dira.

–Garraioa: norberaren autoa erabiliz gero, 0,33 euro ordainduko dira kilometroko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuko gastuak. Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

Epigrafe honetan sartzen dira parte hartzaileak jarduera eginen den tokira eramatearekin lotutako gastuak, halakorik badago. Horretarako garraioa kontratatu behar bada –esaterako, autobusa–, zerbitzu horren kostua onetsiko da.

II. Aretoen alokairua, itzulpena eta hitzaldien, ekitaldien, kongresuen, mintegien eta bileren antolaketa.

III. Diruz lagundutako jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren istripu asegurua eta erantzukizun zibileko asegurua, hala badagokio.

IV. Aurreko apartatuetan jasota ez dauden beste gastu batzuk, betiere jarduketaren ondoriozkoak badira eta jarduera gauzatzeko beharrezkoak badira.

2. Aurrekontuak Nafarroako Aurrekontu Orokorretan edo Estatuko Administrazio Orokorrean sartuta dituzten erakundeen kasuan, gastu diruz lagungarriek, gainera, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Laguntzek kostu marjinalen modalitateari jarraituko diote. Ulertzen da halakoak direla finantzatutako jarduerak gauzatze hutsak zuzenean sortzen dituen gastuak.

b) Langileen kostuei dagokienez, finantzatutako jarduera gauzatzeko kontratatu beharreko langileen kostua baino ez da hautagarria izanen.

3. Jardueren proposameneko gastuetatik deskontatuko dira diru sarrerak salduta edo antzeko beste kuota mota batzuen bidez lortutako diru sarrerak.

4. Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia badute ere, honako hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Hondakinei eta haien fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen aplikazio eremuan sartutako material suntsikorrak.

b) Zeharkako gastu orokorrak; hau da, jarduketari dagozkion gastu orokorrak, beren izaeragatik zuzenean egotzi ezin direnak, bulegoko materialaren eta informatikako kontsumigarrien gastuak barne.

c) Jardueraren kudeaketa administratiboari eta laguntza eskabidea izapidetzeari dagozkion gastuak.

d) Zeharkako zergak, balio erantsiaren gaineko zerga eta beste batzuk, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal badira.

e) Ordezkaritza gastuak, protokolo gastuak eta luxu gastuak, barne hartuta hizlarientzako sariak edo opariak.

f) Jarduerara joaten direnentzako catering gastuak eta antzekoak.

5. Diruz lagungarria den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), hornidura ondasunetarako edo aholkularitza eta laguntza enpresek zerbitzuak emateko, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza erantsiko ditu, eta hautatutako eskaintza aukeratzeko arrazoiak emanen.

Ez dira hiru eskaintzak erantsiko, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

6. Hirugarrenen bitartez azpikontratatzen ahalko dira finantzatutako jarduketaren parte direnak, baldin eta entitate onuradunak egin ezin baditu (dena dela, memoria teknikoan egiaztatu beharko da hori).

Azpikontratatzen den jardueraren zenbatekoak ezin du gainditu finantzatutako jardueraren zenbatekoaren % 50.

5. oinarria. Gauzatze aldia.

Diruz lagundutako jardueren gauzatze aldia 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartekoa izanen da.

6. oinarria. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskabideak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, helbide elektroniko gaitu bat eduki beharko da nahitaez.

3. Laguntza eskabide bat aurkeztu behar da proposatutako jarduera bakoitzeko.

4. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen arabera:

a) Eskabide telematikoa, 2.4 oinarrian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena erantsita.

b) Memoria teknikoa, proposatutako jarduera deskribatzen duena.

c) Jardueraren aurrekontua, gastuak eta diru sarrerak bilduko dituena.

5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, organo eskudunak entitateari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria. Laguntzaren zenbatekoa eta hura emateko prozedura.

1. Diruz lagundu daitekeen aurrekontuari –laguntzak kudeatzen dituen organoak aurkeztutako memoria ebaluatu ondoren onartutakoari– aplikatu behar zaion laguntzaren gehieneko intentsitatea honako hau izanen da:

a) % 80, erakunde berezien kasuan (2.1.a) oinarria) eta irabazi-asmorik gabeko elkarteen eta fundazioen kasuan (2.1.c) oinarria).

b) % 50, SINAIko gainerako eragileen kasuan (2.1.b) oinarria).

2. Emanen den laguntzaren gehieneko zenbatekoa 15.000 eurokoa izanen da jarduera eta eskabide bakoitzeko.

3. Dirulaguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira haien artean lehentasuna ezartzeko, 8. oinarrian ezarritako ebaluazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa honela kalkulatuko da: eskaerei oinarri honen 1. puntuan ezarritako intentsitatea aplikatuko zaie, finkatutako lehentasun ordenaren arabera, deialdi honetarako erabilgarri dagoen aurrekontuaren kreditua agortu arte.

4. Erakunde bakoitzak gehienez ere proposamen baterako dirulaguntza jasoko du. Hala ere, lehenengo txandako eskabide guztiei dirulaguntza eman ondoren kreditu erabilgarria badago, entitate bakoitzeko proposamen batek baino gehiagok jasotzen ahalko dute laguntza, deialdiaren kreditua agortu arte, betiere aurreko 3. puntuan aipatutako lehentasun zerrendan agertzen badira.

8. oinarria. Ebaluazio irizpideak.

1. Aurkeztutako proposamenak ebaluatzeko, honako irizpide hauei jarraituko zaie (I. eranskinean zehaztuta ageri dira):

EBALUAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO PUNTUAZIOA

a) Proposamenaren kalitate teknikoa

40

20

b) Proposamenaren bideragarritasuna

30

15

c) Zeharkako irizpideak

30

15

GUZTIRA

100

50

2. Aurreko apartatuan biltzen diren balorazio irizpideen arabera proposamenak ebaluatu ondoren, laguntzak kudeatzen dituen organoak –Elikakatearen arloko I+G+b Atalak– zerrenda bat prestatuko du aurkeztutako proposamen guztiekin, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta.

3. Berdinketa gertatuz gero, C apartatuan lortutako puntuazioa kontuan hartuta ebatziko da, eta hala ere irauten badu, lehenik A eta gero B apartatuetan lortutakoa hartuko da kontuan, berdinketa hautsi arte.

4. Proiektuak lehentasun ordenari jarraikiz finantzatuko dira, baldin eta ebaluazio irizpide bakoitzean eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortu bada.

9. oinarria. Laguntzak ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan adieraziko da entitate onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira, gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda eta laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna Berrikuntzako zuzendari nagusia da. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematikoki, eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik zenbatzen hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskabidea ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.

10. oinarria. Diruz lagundutako jarduerak justifikatzeko epea eta modua.

1. Beranduenez ere 2021eko abenduaren 9an, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Gastu aitorpena. Abenduari dagozkion gastuak aurreikuspen bat izanen dira.

b) Egindako jardueraren aurretiko memoria.

Aurreko gastu aitorpena aurkezteko unean jarduera amaituta badago, hurrengo epigrafean aipatutako dokumentazioa onetsiko da.

2. Beranduenez ere 2022ko martxoaren 31n, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Jarduerari buruzko behin betiko memoria.

b) Jarduera egin dela egiaztatzeko dokumentazio grafikoa edo ikus-entzunezkoa (material editatuak, argazkiak, bideoak...).

c) Gastuen justifikazioa, justifikazio kontu baten bidez, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduan xedatuarekin bat (89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2013ko maiatzaren 13koa).

d) Justifikatutako gastuen dokumentazio lagungarria (ordainketa egiaztatzen duten fakturak eta banku ziurtagiriak).

e) Hornitzailea 4.5 oinarrian adierazitakoaren arabera hautatu izanaren justifikazioa.

3. Dokumentazioa modu telematikoan aurkeztu beharko da beti, laguntzen fitxaren bidez, fitxa horretan eskura dauden inprimakiei jarraituz.

4. Onuraduna behartuta dago dirulaguntzen organo kudeatzaileak eskatzen dion edozein agiri aurkeztera, beharrezkotzat jotzen bada jardueren finantzaketa justifikatzeko.

11. oinarria. Dirulaguntza ordaintzea.

1. 10.1 oinarriaren arabera aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, laguntzak kudeatzen dituen organoak organo eskudunari igorriko dio konturako ordainketa egiteko proposamena. Proposamen horretan, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebeharrak betetzen dituztela adieraziko da.

2. Berrikuntzako zuzendari nagusiak ordaintzeko ebazpena emanen du sei hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hau aurkezten denetik zenbatzen hasita. Epe hori etenda geldituko da, aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.

3. 10.2 oinarrian aipatutako dokumentazioa aztertu ondoren, ebazpen bat emanen da, baliozkotutako zenbatekoa zehaztuko duena. Ebazpen horrek espedientea itxiko du, eta bertan adieraziko da justifikatu ez diren baina ordainduta dauden zenbatekoak itzuli beharko direla, hala den kasuan.

4. Justifikazio agiriak aztertu ondoren egiaztatzen bada eskabidean adierazitako zeharkako balorazio irizpideei buruzko alderdiak aldatu egin direla eta, ondorioz, dirulaguntza jasotzeko lortutako puntuazioa baino puntuazio txikiagoa lortzen bada, laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

12. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntzaren onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez, webgune horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Oinarri arautzaile hauetan eta, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean, ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatu beharko dituzte dirulaguntzaren xede diren jarduerak.

c) Diruz lagundutako jardueren inguruan sortzen den dokumentazio guztian eta haiek zabaltzeko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero rolei lotu gabekoa eta aniztasun irudia emanda, bai emakumeei bai gizonei dagokienez, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin.

d) Jarduera idatziz edo modu grafikoan zabalduz gero, Nafarroako Gobernuak finantzatutakoa dela adieraziko da, eta, oro har, bere webgunean eta antzeko euskarrietan.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, kasua bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Ez-betetzeak mailakatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Frogagiriak aztertuta ondorioztatzen bada dirulaguntzaren helburuak nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

b) Helburuak hein batean ez betetzeak berekin ekarriko du jardueraren irismenaren arabera galtzea dirulaguntza kobratzeko eskubidea.

Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kausaren bat gertatzen bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak proposatzen ahalko du ez dadila deklaratu laguntza kobratzeko eskubidearen galera.

c) Ez badira betetzen deialdi honetan ezarritako betebehar formalak, finkatutako epeak 10 egunez edo gehiagoz gainditu gabe, ordaintzekoa den laguntza % 5 gutxituko da. Deialdi honen ondorioetarako, betebehar formaltzat jotzen dira diruz lagundutako jarduera (10. oinarrian adierazitakoa) justifikatzeko dokumentazioa aurkeztearen ingurukoak eta 12.1.a) oinarriaren betebeharrean ezarritakoa.

13. oinarria. Laguntzen bateragarritasuna.

1. Dirulaguntza hauek bateragarriak dira helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk edota partikularrek ematen dituzten dirulaguntzekin.

2. Diruz lagundutako jardueretarako emandako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak batuta, ezin izanen du gainditu, inola ere, jarduera horien kostuaren % 100.

3. Eskatzaileak dirulaguntzaren xede diren jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabideen berri eman beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari. Hain zuzen ere, eskaera aurkezten den unean emanen da horren berri; gero, jakin bezain laster, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzean.

14. oinarria. Emandako dirulaguntzak jakitera ematea.

I+G+b Zerbitzuak ikusgai jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuta (http://www.infosubvenciones.es), honako datu hauekin: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

15. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, oinarriak argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

I. ERANSKINA

Jarduerak ebaluatzeko irizpideak (8. oinarria)

BALORAZIO IRIZPIDEAK

PUNTUAZIOA

a) Proposamenaren kalitate teknikoa

40

a.1. Helburuak

0/5/10

a.2. Deskribapena

0/5/10

a.3. Justifikazioa

0/5/10

a.4. Inpaktua

0/5/10

b) Proposamenaren bideragarritasuna

30

b.1. Erabiliko diren metodologiak, teknikak, dinamikak, etab.

0/5/10

b.2. Proposatutako kronograma

0/5

b.3. Ekipamendua

b.3.1. Taldearen esperientzia

b.3.2. Taldearen osaera

0/2,5

0/2,5

b.4. Jardueren aurrekontua

0/5/10

c) Zeharkako irizpideak

30

c.1. Gizartearen helburuak eta guztien ongia

0/6/9

c.2. Emakumeak eta zientzia

c.2.1. Neskatoek eta neska nerabeek parte hartzea

c.2.2. Zientzia, genero ikuspegiarekin

0/4

0/4

c.3. Inklusibitatea

c.3.1. Proposamenaren irisgarritasun maila

c.3.2. Lurralde kohesioa

0/4

0/2/3/4

c.4. Euskararen erabilera

0/5

GUZTIRA

100

a) Proposamenaren kalitate teknikoa:

a.1. Jardueraren helburuak: Behar bezala definituta dagoela eta ikuspegia deialdiaren helburu orokorrekin eta aukeratutako jarduketa ildoaren helburuekin bat datorren baloratuko da.

Jardueraren diseinuaren eta helburu horien arteko egokitzapena ere baloratuko da.

Apartatu honi 0, 5 edo 10 puntuko balorazioa emanen zaio, era honetan:

–Jardueraren helburuak zehatzak dira, eta bat datoz deialdiaren eta jarduketa lerroaren helburu orokorrekin eta jardueraren diseinuarekin: 10 puntu.

–Jardueraren helburuak zehatzak dira, baina ez datoz bat deialdiaren zein jarduketa lerroaren helburu orokorrekin edo jardueraren diseinuarekin: 5 puntu.

–Jardueraren helburuak ez dira zehatzak, edota ez datoz bat deialdiaren zein jarduketa lerroaren helburu orokorrekin edo jardueraren diseinuarekin: 0 puntu.

a.2. Jardueraren deskribapena: Kalitate orokorra, garapen maila eta proposamenaren xehetasuna baloratuko dira, kultura zientifikoa eta berrikuntza sustatzeko jarduera gisa.

Jarduera gauzatzeko aurreikusitako zereginen deskribapenean dagoen xehetasun maila ere baloratuko da.

Apartatu honi 0, 5 edo 10 puntuko balorazioa emanen zaio, era honetan:

–Jarduera argi eta garbi azalduta dago, eta aurreikusitako zereginak zehatz-mehatz deskribatuta daude: 10 puntu.

–Jarduera argi eta garbi azalduta dago, baina aurreikusitako zereginak ez daude zehatz-mehatz deskribatuta: 5 puntu.

–Jarduera ez dago argi eta garbi azalduta, eta aurreikusitako zereginak ere ez daude zehatz-mehatz deskribatuta: 0 puntu.

a.3. Proposatutako jardueraren justifikazioa: Jarduera gauzatzea beharrezkoa eta egokia dela justifikatzen duten arrazoien deskribapen zehatza baloratuko da.

Apartatu honi 0, 5 edo 10 puntuko balorazioa emanen zaio, era honetan:

–Proposamenak argi eta garbi identifikatzen du zergatik den beharrezkoa eta egokia jarduera: 10 puntu.

–Proposamenak identifikatzen du zergatik den beharrezkoa eta egokia jarduera, baina ez ditu arrazoiak argi eta garbi azaltzen: 5 puntu.

–Proposamenak ez du identifikatzen zergatik den beharrezkoa eta egokia jarduera: 0 puntu.

a.4. Jardueraren inpaktua: Jardueraren eragina kuantifikatzea ahalbidetzen duten adierazleak sartzea baloratuko da: helburuak betetzea, aurrekontua, parte hartzea, zeharkako irizpideak, etab.

Apartatu honi 0, 5 edo 10 puntuko balorazioa emanen zaio, era honetan:

–Proposamenak balorazio irizpideen bizpahiru multzo betetzen diren neurtzeko adierazleak ditu (kalitate teknikoko irizpideak, bideragarritasun irizpideak eta zeharkako irizpideak): 10 puntu.

–Proposamenak balorazio irizpideen multzo bat betetzen den neurtzeko adierazleak ditu (kalitate teknikoko irizpideak, bideragarritasun irizpideak eta zeharkako irizpideak): 5 puntu.

–Proposamenak ez du adierazlerik balorazio irizpide bat bera ere betetzen den neurtzeko, edota proposatutako adierazleak ez dira egokiak: 0 puntu.

b) Proposamenaren bideragarritasun teknikoa:

b.1. Erabiliko diren metodologiak, teknikak, dinamikak, etab.: Jendeak jarduerarekiko duen interesa mantentzeko elementu berritzaile eta erakargarririk proposatu den baloratuko da (eduki berriak, formatu eguneratuak, ingurune birtualak, etab.).

Apartatu honi 0, 5 edo 10 puntuko balorazioa emanen zaio, era honetan:

–Jarduerak elementu berriak eta berritzaileak ditu, eta behar bezala deskribatuta daude: 10 puntu.

–Jarduerak elementu berriak eta berritzaileak ditu, baina ez daude behar bezala deskribatuta: 5 puntu.

–Jarduerak ez du elementu berririk ez berritzailerik: 0 puntu.

b.2. Kronograma: Proposatutako jardueraren faseen deskribapena baloratuko da, fase bakoitzeko zereginak eta mugarri nagusiak adierazita.

Era berean, jarduera modu errealistan egituratuta eta planifikatuta dagoen baloratuko da, deialdiaren baldintzen eta epeen esparruan erabili beharreko denborak, erantzukizunak eta baliabideak dimentsionatuta eta doituta.

Apartatu honi 0 edo 5 puntuko balorazioa emanen zaio, era honetan:

–Kronogramak zehatz-mehatz deskribatzen ditu jarduera gauzatzeko faseak, eta bat datoz jardueraren helburuekin: 5 puntu.

–Kronogramak ez ditu zehatz-mehatz deskribatzen jarduera gauzatzeko faseak, edo ez datoz bat jardueraren helburuekin: 0 puntu.

b.3. Lantaldea: Baloratuko da lantaldeko kideen erdiek, gutxienez, zientzia eta berrikuntza zabaltzeko antzeko jardueretan nahikoa esperientzia izatea, eta gizonen eta emakumeen presentzia orekatua izatea, % 40 eta % 60 artean.

b.3.1. Taldearen esperientzia:

–3 urtekoa edo hortik gorakoa: 2,5 puntu.

–3 urtetik beherakoa: 0 puntu.

b.3.2. Taldearen osaera:

–Orekatua: 2,5 puntu.

–Ez-orekatua: 0 puntu.

b.4. Jardueraren aurrekontua: Baloratuko da ea partidak egokiak diren helburuak lortzeko.

Era berean, kostuen neurria eta erabili beharreko baliabideak arrazoizkoak, justifikatuak eta egokiak diren baloratuko da, bai proposatutako jardueraren neurriari dagokionez, bai gizartean eragina izateko duen gaitasunari eta ikusgarritasun edo nabaritasun mailari dagokienez.

Apartatu honi 0, 5 edo 10 puntuko balorazioa emanen zaio, era honetan:

–Aurrekontua arrazoizkoa da, eta koherentea proposatutako jarduerarekin; gainera, zehatz-mehatz dago deskribatuta: 10 puntu.

–Aurrekontua arrazoizkoa da, eta koherentea proposatutako jarduerarekin; baina ez dago zehatz-mehatz deskribatuta: 5 puntu.

–Aurrekontua ez da ez arrazoizkoa, ezta koherentea ere proposatutako jarduerarekin, eta ez dago zehatz-mehatz deskribatuta; edo, aurrekontua zehatz-mehatz dago deskribatuta, baina ez da arrazoizkoa, eta ez da koherentea proposatutako jarduerarekin: 0 puntu.

c) Zeharkako irizpideak:

c.1. Gizartearen helburuak eta guztien ongia: Baloratuko da jarduerak nola nabarmentzen duen ezagutza zientifikoak gizartearen erronkei erantzuten diela, eta, bereziki, Garapen Jasangarrirako Helburuak eta foru erkidegoko, estatu mailako edota Europako beste esparru legal edo estrategiko batzuk ere, hala nola Europako Itun Berdea (European Green Deal), “Baserritik mahaira” estrategia eta 2030erako Biodibertsitatearen Estrategia.

Apartatu honi 0, 6 edo 9 puntuko balorazioa emanen zaio, era honetan:

–Jarduerak lehentasuna ematen dio ezagutza zientifikoak gizarte erronken konponbideari egiten dion ekarpenari: 9 puntu.

–Jarduerak gizarte erronken ikuspegia jasotzen du, baina ez du lehentasunik: 6 puntu.

–Jarduerak ez du ikuspegi hori jasotzen: 0 puntu.

c.2. Emakumeak eta zientzia: Jardueraren ikuspegia genero ikuspegiarekin egindako I+G+b-an oinarritzen den baloratuko da.

Neskatoen eta neska nerabeen parte hartzea sustatzeko eta parte hartze ez-sexista bermatzeko aurreikusitako neurriak ere baloratuko dira.

Honela baloratuko da apartatu hau:

c.2.1. Neskatoek eta neska nerabeek parte hartzea sustatzea:

–Horiek sustatzeko neurriak aurreikusten dira: 4 puntu.

–Ez da halako neurririk aurreikusten: 0 puntu.

c.2.2. Zientzia, genero ikuspegiarekin:

–Jarduerak genero ikuspegiarekin egindako zientzia nabarmentzen du: 4 puntu.

–Jarduerak ez du ikuspegi hori jasotzen: 0 puntu.

c.3. Inklusibitatea: Baztertze arriskuan dauden, dibertsitate funtzionala duten edo beste edozein motatako arrakala duten pertsonen proposamenerako irisgarritasuna ahalbidetzeko aurreikusitako neurriak baloratuko dira.

Iruñerritik kanpo edo 1.500 biztanle baino gutxiagoko herriguneetan egiten diren jarduerak ere baloratuko dira.

Honela baloratuko da apartatu hau:

c.3.1. Proposamenaren irisgarritasun neurriak:

–Halako neurriak aurreikusten dira, eta behar bezala deskribatuta eta justifikatuta daude: 4 puntu.

–Ez da horrelako neurririk aurreikusten, edo proposatutako neurriek ez dute inklusibotasuna justifikatzen: 0 puntu.

c.3.2. Lurralde kohesioa:

–Jarduera 1.500 biztanletik beherako herriguneetan eta Iruñerritik kanpo egin da: 4 puntu.

–Jarduera 1.500 biztanletik beherako herriguneetan egin da. 3 puntu.

–Jarduera 1.500 biztanletik gorako herriguneetan eta Iruñerritik kanpo egin da: 2 puntu.

–Gainerako egoerak: 0 puntu.

c.4. Euskararen erabilera: Jarduera euskaraz egin den baloratuko da.

Apartatu honi 0 edo 5 puntuko balorazioa emanen zaio, era honetan:

–Proposamenak aurreikusten du jarduera euskaraz egitea: 5 puntu.

–Proposamenak ez du aurreikusten jarduera euskaraz egitea: 0 puntu.

Iragarkiaren kodea: F2114510