244. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Aisialdiko lokalen funtzionamendua arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2021eko ekainaren 24an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasieran onestea Zizur Nagusian aisialdiko lokalen funtzionamendua arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa.

Informazioa jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2021eko 174. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 27an, eta Udaleko iragarki oholean. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da.

Zizur Nagusian, 2021eko irailaren 27an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

AISIALDIKO LOKALEN FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZAREN ALDAKETA

Zioen azalpena

Martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legeak arautzen ditu Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak, baldin eta publiko orokorrari zuzenduak badira edo jendea biltzeko gai badira, titulartasuna publikoa edo pribatua izan, irabazi asmorik izan edo ez, eta normalean edo noizean behin egiten badira. Foru Lege horren 1.2 artikuluak berariaz salbuesten ditu bere aplikazio eremutik eremu pribatu hutsera mugatutako jarduerak, familia edo gizarte arlokoak, baldin eta jendearentzat irekita ez badaude; hala ere, adierazten duenez, dibertsiorako edo aisialdirako jarduera horiek egiteko erabiltzen diren lokalek beharrezko baldintza teknikoak bete beharko dituzte hirugarrenei eragozpenik ez sortzeko eta pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatzeko, batez ere, egituren sendotasunari, instalazioen funtzionamenduari, suteen kontrako prebentzio eta babes neurriei eta osasungarritasun eta higieneko baldintzei dagokienez. Horretarako, udal lizentzia egokia eduki beharko dute.

Hala, urte horietan zehar, Nafarroako hainbat udalerrik erabaki dute jarduera horiek arautzea, horretarako ordenantzen bidez.

Zizur Nagusian, gazteek aisiarako biltoki gisa erabiltzen dituzten etxabeak ugaritu egin direnez, herritarren kexa asko sortu dira; izan ere, lokaletan neurri zuzentzailerik eta isolamendu akustikorik ez izatearen ondorioz eragozpenak izaten dituzte ondoko bizilagunek, bereziki gauez sortzen diren zaratengatik, eta horrek, bizilagunen atsedena galarazteaz gain, segurtasun eza eta beldurra eragiten ditu, jarduera horiek kontrolik ez izateagatik. Egoera hori aurre egiteko, tartean dauden interes guztiak bateratzeko ahaleginean –gazteen aisia eta auzokideen atsedena–, Zizur Nagusiko Udalak tresna bat gaitu zuen, honako honen bidez: “Zizur Nagusiko aisialdiko biltoki finko zein denbora baterakoak arautzen dituen ordenantza” (martxoaren 13ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 31/2006 zenbakikoa).

Ordenantza hau indarrean egon den urteetan lortu da deskribatutako problematika neurri batean gutxitzea, baina beharrezkotzat jotzen da aisialdi pribatuko jarduera mota horien garapena arautzeko beste urrats bat egitea. Gaur egun, indarrean jarraitzen du jarduera horiek antolatzeko araudia ezarri zuen udal borondateak, hirugarrenei eragozpenik ez eragiteko eta pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatzeko.

Nolanahi ere, ordenantza honek, auzo gatazkak konpontze aldera, alderdien arteko bitartekaritza erraztuko duten tresnak jarriko ditu martxan, bitartekotza elkarrizketaren bidez gatazkak konpontzeko.

Ordenantza honen prestaketan Udaleko hainbat alorrek parte hartu dute, diziplinartekotasunez, ekarpen esanguratsuak egiten ahal zituztelako fenomeno hau osorik hartu eta lantzeko. Prozesu honetan, ukitutako pertsonen elkarte guztiek esku hartzen ahal dute. Hainbat udalek onetsitako arauak ere kontuan hartu dira, arau honen helburuarekin bat etorri eta Zizur Nagusiko udalerrian egokiro aplikatzen ahal diren alderdiak eta prozedurak hartuta.

Horrenbestez, ordenantza honek arautu nahi du baimen administratiboa emateko prozedura, partikular interesdunek titulartasun pribatuko lokaletan jarduera sailkatu gisa sailkatua ez dagoen aisialdiko jarduera bat egin ahal dezaten, aldez aurretik egiaztatuta legediaren araberakoa dela, betiere interes publikoa eta ukitutako hirugarrenak babestu nahirik.

Alde horretatik, garrantzitsua da jardueraren erabiltzaileek une oro lokalaren alderdi jakin batzuk ezagutzea eta kontuan hartzea, hala nola jarduera zehatza, gehieneko edukiera, soinuaren gehieneko maila, etab.

Dokumentu honetako 9. artikuluan jasotako beharrezko zuzkiduren helburua ez da jada araututa dauden alderdietan eskakizunak gehitzea, baizik eta erabilera hori arauz konfiguratu eta egokitzea. Horrela, oro har, aisialdiko lokal txikietan ematen den erabilerarako, honako baldintza hauek bete behar dituzte:

–Eraikineko erabilera nagusiekiko edo baimenduekiko eta herriko leku zehatzarekiko bateragarritasuna.

–Tamaina eta intentsitate mugatuak.

–Konkurrentzia publikoko erabilera duten antzeko lokalekiko distantzia.

–Kaltegabetasunaren bermea.

–Arau eskakizunen ordezko konponbideak hartzeko aukera.

–Luzaroan erabiltzen ez diren lokaletan erabilera bideragarria eta errenta doitua, egokitzapen jakin batzuk teknikoki edo ekonomikoki bideragarriak ez direnean, neurri batean erabiltzaileen aukera ekonomiko urrien ondorioz.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta helburuak.

Ordenantza honen helburua da aisialdiko lokalek bete behar dituzten funtzionamendu baldintzak arautzea, ordutegia barne, bateragarri egin ahal izateko lokal horien erabiltzaileen interesak eta dagozkien eraikinetako eta udalerriko leku horietako bizilagunenak. Horren bidez bermatu nahi da lokal horiek funtzionamendu egokia izatea, eragozpenik eta arriskurik ekar ez dezaten.

Aldi baterako, egungo erregulazioa osatzen duten hirigintzako arauak onartu arte, hemen sartzen dira lokalen oinarrizko eraikuntza eta kokapen baldintzei eta dagokion lizentzia lortzeko prozedurari buruzko arauak.

Zehatzago, hona hemen ordenantza honen helburuak:

–Lokalen erabilera bizilagunen eskubideekin bateragarri egitea.

–Bermatzea aisialdi alternatiborako eskatzen diren lekuek segurtasun eta higiene baldintza gutxienekoak betetzen dituztela, erabiltzaileei beraiei eta herritarrei oro har eragozpenik eta arriskurik ekar ez diezaieten.

–Inplikatutako alderdien arteko erantzukizunen araubidea ezartzea, eskubideak eta betebeharrak kontzientziatzeko modu gisa. Alde horiek honako hauek dira: jabeak, maizterrak eta, adingabeen kasuan, haien gurasoak eta/edo tutoreak.

–Egun dauden lokalak oraingo araudian sartzen laguntzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza honen mendean geratzen dira aisialdiko lokal eta biltoki guztien erabilera, abian jartzea eta eskualdatzea, bai Zizur Nagusian egun direnena bai udalerri honetan etorkizunean irekitzen direnena.

Ordenantza honek arautzen duen esku-hartze administratiboak ez ditu deusetan ukatzen udal honi eta beste administrazio publiko batzuei, beren eskumenak direla-eta, dagozkien gainerako baimen, lizentzia eta esku-hartzeak.

3. artikulua. Aisialdiko lokalaren definizioa.

Ordenantza honen ondorioetarako, honako hauek hartuko dira aisialdiko lokaltzat: azalera mugatua dutenak (gehienez 100 m² erabilgarri), eta okupazio ertain/baxukoak, aisialdirako jarduerak dituztenak, zaletasunei eta antzekoei buruzkoak, bertan egoteko nahiz biltzeko, etxabe edo antzekoetan, eremu pribatu hutsera mugatuta, gizarte edo familia izaerarekin, jendearentzat zabalik egon gabe eta berariazko arauketarik izan gabe.

4. artikulua. Organo eskuduna.

Lizentziak emateko, kontrolak egiteko, errekerimenduak gauzatzeko, kautelazko neurriak hartzeko, ixteko aginduak emateko eta aisialdiko lokalen baldintzekin edo funtzionamenduarekin zerikusia duten gainerako jarduerak egiteko eskumena izanen du Alkatetzak, zeregin horiek eskuordetzeko aukera eragotzi gabe.

Lokal horiek izapidetzeaz, kudeatzeaz eta kontrolatzeaz arduratuko dira, batez ere, Hirigintza Arloa, Herritarren Segurtasunaren Arloa, eta Gazteriaren eta Herritarren Partaidetzaren Arloa, hargatik eragotzi gabe Udaleko beste edozein arlo tekniko, haren eskumenek lokal horien ohiko funtzionamenduari eragiten badiote.

LEHEN TITULUA

Lokalaren funtzionamendurako baldintzak eta baimenen araubidea

I. KAPITULUA

Funtzionatzeko baimen administratiboa

5. artikulua. Funtzionatzeko baimen administratiboa.

Aisialdiko lokal bat erabili, abian jarri eta/edo eskualdatu aurretik, Zizur Nagusiko Udalaren baimen administratiboa lortu beharko da.

6. artikulua. Lokalen arteko gutxieneko distantzia.

Zizur Nagusiko Udalak etxabe edo aisialdiko lokaletarako baimena eman ahal izateko, aldez aurreko baldintza izanen da halako erabilera duten lokal horien artean gutxienez 50 metroko distantzia egotea. Halaber, baldintza hori bete beharko da lokal horiek handitzea eskatzen denean.

Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, lokalen arteko distantziak betetzen direla egiaztatu beharko da lizentzia eskaeraren espedientean, eta jarduera kokatu edo zabaldu nahi den establezimenduaren kokapena adierazi beharko da, bai eta lokal hurbilenen erreferentzia ere. A eta B lokalen arteko distantzia honako hau izanen da: bi lokalen fatxaden bi puntu hurbilenak espazio publikoarekin lotzearen ondoriozko gutxieneko lerro hautsia.

Ez da baimenik emanen lokalek, aipatu gutxieneko tarteak beteta ere, paretaren bat partekatzen badute edo mugakideak badira.

Hainbat eskaera aldi berean egiten badira eta, baimenak ematea bateraezina bada haien arteko tarteak direla eta, etxabea edo lokala erabiltzeko lehentasuna izanen du Zizur Nagusiko Udalean eskaera lehenik erregistratua duenak, baldin eta baimenerako beharrezko baldintzak betetzen baditu.

Lokalen arteko gutxieneko distantzia hori ez zaie aplikatuko hurrengo ordenantza indarrean sartzen den egunean funtzionamendurako lizentzia duten aisialdiko lokalei.

II. KAPITULUA

Baimentzeko prozedura

7. artikulua. Aisialdiko lokalak funtzionatzeko behar den baimen administratiboaren eskaera.

Ordenantza honetan araututako jarduerak gauzatu aurretik, sustatzaileek, ordezkariaren bidez, Udalari eskatuko diote funtzionatzeko behar den baimen administratiboa.

Eskabidearekin batera, honako administrazio agiri hauek aurkeztuko dira beti:

A) Identifikazioko inprimakia, honako datu hauek gutxienez zehaztuko dituena (II. eranskina):

–Etxabearen helbidea.

–Etxabea dagoen auzokideen erkidegoko lehendakaritzaren eta administrazioaren izena eta helbidea.

–Taldearen izena, baldin eta taldea pertsona juridiko gisa badago eratuta (elkartea, merkataritzako sozietatea, etab.). Harremanetarako pertsonak estatutuek edo barne arauek zehaztutakoak izanen dira. Kasu honetan, estatutuen eta karguak izendatzeari buruzko akten kopiak aurkeztuko dira.

–Taldea ez badago pertsona juridiko bezala eratuta, hura osatzen duten pertsonen erantzunkidetasuna egiaztatzeko, idatzizko konpromisoa emanen zaio Udalari, eta hartan jasoko dira kide guztien izena, helbidea, telefonoa, kontratuaren kopia eta taldeko bi kideren izendapen onartua, azken horiek guztien ordezkariak izan daitezen eta Udalak, beharra izanez gero, jakinarazpenak haiei bidal diezazkien. Taldea adingabeek eratzen badute, haien gurasoetako bat ere izendatuko da.

B) Ordezkaritza egiaztatzeko agiria, adinez nagusiak dauden aisialdiko lokaletan, III. eranskinaren arabera.

C) Adingabeak dauden aisialdiko lokalen kasuan, gurasoak edo legezko tutoreak sinatutako baimena, adingabe horiek aisialdiko lokala erabil dezaten. (IV. eranskina).

D) Titulartasuna ziurtatzeko edo eskatzaileek lokala erabiltzea zilegi dutela erakusteko agiriak, eta errentariak etxabearen jabetza erakustekoak. Horretarako, errentamenduaren kontratuaren edo erabilera lagapenaren kopia, edo jabetza eskritura aurkeztu beharko da.

E) Suteen aurkako eta erantzukizun zibileko aseguru polizaren kopia. Poliza horrek higiezinean egindako kalteak eta hirugarrenei eragindakoak babestuko ditu eta ordenantza honetan adierazitako gutxieneko arriskuak estaliko.

F) Lokalean eginen den jardueraren deskribapen laburra.

G) Ordenantza honen 10. artikuluan aipatzen diren ekipamenduei dagozkienak betetzen direla justifikatzeko agiria eta jabearen zinpeko adierazpena. (V. eranskina).

H) Aisialdiko lokaleko kideen zerrenda. (VI. eranskina).

Prozedura hasteko eskaerari, orobat, honako agiri tekniko hauek erantsiko zaizkio:

A) Lokalaren plano kotaduna, instalazio elektrikoak, altzariak, eta suteen kontrako eta ebakuatzeko neurriak azaltzen dituena; oinplanoa eta fatxada.

B) Lokalaren jabearen adierazpena, higiezinak energia elektrikoa baduela dioena; energia elektrikoa izaten ahal du bai instalazio propio bati esker bai behar adinako segurtasun neurriak betetzen dituen beste edozein bideri esker. (V. eranskina).

C) Lokalerako tramitatu bada jada hirigintzako udal espediente bat eta erabilera berria dela-eta ez badago egokitu beharrik: edukiaren inbentarioa. Bertan adieraziko dira arriskurik handiena sor dezaketen materialak, instalazioak, etxetresna elektrikoak, etab.

D) Lokala modu batera edo bestera erabiltzeko ez bada hirigintzako udal espedienterik tramitatu, edo erabilera hura oso bestelakoa bada eskaeran agertzen denarekiko: proiektu tekniko ikus-onetsia, non deskribatuko baitira eginen diren obrak eta lokalak izanen dituen ezaugarriak, behin egokitzapena egin eta gero. Txostena, baldintzen agiriak, planoak, aurrekontua eta segurtasun zein osasun azterlana ere aurkeztuko dira.

Betiere honako hauek aurkeztuko dira:

–Kokalekuaren planoa, 1:5000 eskalakoa gutxienez.

–Lokalaren planoa, eskala batean emana, teknikari batek sinatua, non azalduko baitira azalera, banaketa, solairuarteak eta altuera libreak; orobat, suteen aurka paratutako neurriak.

–Teknikari eskudunak sinatutako ziurtagiria, ikus-onetsia, non azalduko baitira eginen diren jarduerak, lokalak dituen instalazio eta ekipamenduak, eta non ziurtatuko baita biltoki gisa erabiltzeko egokia dela; orobat aipatuko da zenbat pertsona sartzen ahal diren.

–Suteei aurrea hartzeko instalazioen ziurtagiriak eta homologazioa.

–Lokala egokitzeko lanak egin badira, obra amaierako ziurtagiria aurkeztu beharko da, lanen benetako kostuarekin.

–Egindako lanak txikiak badira, zuzendaritza teknikorik gabekoak, lanen benetako kostua frogatzen duten agiriak aurkeztuko dira, fakturak esate baterako.

8. artikulua. Zuzenketa.

Zizur Nagusiko Udalak errekerimendua eginen dio eskatzaileari, hamar eguneko epean eskabideko akatsak edo aurkeztutako agirienak zuzendu ditzan, agiri horiek gutxieneko eskakizunak betetzen ez dituztenean edo gutxienekoak jasotzen ez dituztenean; eskatzaileari jakinaraziko zaio, hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Kasu horretan, ebazpena emanen da atzera egite hori deklaratuz, eta agiriak itzuliko zaizkio sustatzaileari.

9. artikulua. Izapidetzea.

Aurkeztutako eskabideak iragarki taulan egonen dira hamabost eguneko epean, eta bizilagun komunitateko buruari horren berri emanen zaio, ukitutako parte guztiek esan beharrekoak esan ditzaten.

Eskabidea onartu eta aurreko artikuluetan adierazitako agiriak aurkeztu ondoren, Udalaren hirigintza zerbitzuek horien gaineko txostena idatziko dute, zehazteko ea ongi betetzen ote diren egituren sendotasunari edo instalazioen funtzionamenduari buruzko baldintza teknikoak, suteei aurrea hartzeko eta haietatik babesteko neurriak, osasungarritasun eta higiene baldintza beharrezkoak, eta teknikoki beharrezkotzat jotzen den beste edozein baldintza.

Dagokion udal teknikariak txostena eman ondoren, horren edukia kontuan izanda, Udalak behar diren errekerimenduak eginen ditu ebazpena eman aurretik edo, bestela, ebazpena emanen du, funtzionatzeko baimen administratiboa emateko edo ukatzeko, eta neurri osagarriak ezartzen ahalko ditu, jarduerak behar den gisan egiteko.

Nolanahi dela ere, prozedurak bat eginen du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

10. artikulua. Ezinbesteko dotazioak.

Eskabidearen baimena tramitatzeko, ziurtagiri teknikoa aurkeztuko da, teknikari eskudunak sinatua eta lanbide elkargoak ikus-onetsia, non ziurtatuko baita higiezinak jarraian zehaztuko diren dotazioak badituela. Ziurtatze hori lokalak dagoeneko badituen elementuei buruzkoa izaten ahalko da edo, bestela, abian jarri aurretik ezarriko direnei buruzkoa.

a) Eraikuntza Udalaren edo Udalaz gaindiko araudiaren araberakoa izatea.

b) Edateko ur korrontearen zerbitzua.

c) Komun zuloa eta konketa dituen komuna.

d) Aireztatze sistema natural edo behartua.

e) Suteei aurrea hartzeari eta erabilpen segurtasunari buruzko Kode Teknikoa betetzea.

f) Larrialdietako argiak eta seinaleak, Kode Teknikoaren araberakoak.

g) Nolanahi ere, musika ekipoa jartzen bada, bi aukera aurreikusi beharko dira: lokalaren sabaia intsonorizatzea edo soinu potentziaren mugagailua jartzea (etxebizitzetarako eskatutako hots maila bermatuko duena, lokalaren ezaugarriak kontuan izanik). Musika ekipoa instalatzen ez bada, teknikoki justifikatuko da lokala intsonorizatu beharra dagoen ala ez dagoen. Horrek guztiak ez du ukatzen zehapen espedienteak abiaraztea, zaratei buruzko araudia ez betetzeagatik.

h) Zaratei buruzko gainerako zehaztapenak betetzea: 30 dB (A) etxebizitzetan, 45 dB (A) patioan eta 50 dB (A) kaleetan.

i) Erantzukizun zibileko aseguru poliza sinatzea.

j) Lokalak ezin du sukalderik izan, ezta janariak prestatzeko bestelako tresnarik ere.

k) Josteta makinak dirurik ordaindu behar ez denetakoak izanen dira, eta saririk ematen ez dutenetakoak.

l) Gehieneko okupazioa, udal zerbitzuek gainbegiratuko dutena, aplikatzekoa den araudiaren araberakoa.

m) Lokalaren egitura egokia izatea izanen duen erabilerarako.

11. artikulua. Ebazpena.

Alkate udalburuak, txosten teknikoak ikusi ondoren, ebazpen arrazoitua emanen du, funtzionatzeko baimen administratiboa emateko edo ukatzeko, gehienez ere bi hilabeteko epean, eskabidea aurkezten denetik aitzina. Funtzionatzeko baimen administratiboa emanen da jabetza eskubidea mugatu gabe eta hirugarrenei kalterik egin gabe.

Prozedurako interesdunei eta prozeduran txostenak egin dituzten organoei eta beste administrazio publikoei jakinaraziko zaie ebazpena.

Bi hilabeteko epean ez bada ebazpenik eta jakinarazpenik, eskakizuna ezetsi dela ulertuko da.

Baimena eman eta urtebete igarotzen bada jarduera hasi gabe, funtzionatzeko baimen administratiboa iraungitzat eta ondoriorik gabekotzat joko da.

12. artikulua. Funtzionatzeko baimen administratiboak eskualdatzea.

Ordenantza honetan araututako baimenak (lokalek funtzionatzeko baimen administratiboak) eskualdatzen ahalko dira, baina titular zahar eta berriek horren berri emanen diote idatziz Udalari, hark baimen administratiboaren eskualdaketa onets dezan; horretarako, emateko ezarrita dagoen prozedura berari jarraituko zaio.

Nolanahi dela ere, etxabe edo aisialdiko lokal moduan erabiltzeko Zizur Nagusiko Udalaren baimena daukan higiezinaren titularrak Udalari jakinarazi behar dio lokalaren alokairu kontratuan gertatzen den titulartasun aldaketa oro.

13. artikulua. Ondorioen iraungipena eta baliogabetzea.

1. Ordenantza honetan araututako aisialdiko lokalek funtzionatzeko baimen administratiboak ondoriorik gabe geratuko dira, haien ezinbesteko baldintzak ez badira betetzen, eta baliogabetu eginen dira administrazioak haiek ematea ekarri zuten inguruabarrak aldatzen direnean edo beste inguruabar batzuk sortzen direnean, baldin eta horiek baimena eman zen garaian egon izan balira hura ukatzea ekarriko balute, eta baliogabetzen ahalko dira gai honi buruzko beste irizpide batzuk ezartzen direnean.

2. Baimen administratiboak baliogabetzen ahalko dira, huts baten ondorioz eman badira.

III. KAPITULUA

Bestelako baimenak

14. artikulua. Funtzionatzeko baimen administratiboa aldez aurretik lortu beharra.

Funtzionatzeko baimen administratiboa aldez aurretik lortu beharko da, gero baimen hauek lortu ahal izateko: energia elektrikoa eskuratzeko lotunea izateko baimena edo energia horren hornidura handitzekoa, erregai likidoak edo gas erregaiak erabiltzekoa, edateko urez hornitzekoa eta jarduera egiteko ezinbestekoak diren beste baimenak; salbu eta irizpide teknikoei jarraikiz zehazten direnak, neurri zuzentzaileak ezartzeko probak egin behar direla eta.

15. artikulua. Jardueraz aldatzea.

Delako jarduerarako ezarritako mugetako bat iragaten baldin bada, eta hori dela-eta beste jarduera multzo batean katalogatzen ahal bada, dagokion araubide teknikoa aplikatuko da. Halakoetan beste lizentzia bat eskatu beharko da, egiten den jarduerarekin bat datorren lizentzia, hain zuzen ere. Lizentzia hori eskatu eta ebatzi arte, eta zein den kasua, funtzionatzeko baimena eman edo irekitzeko lizentzia eskuratu arte ez da jarduera bakar bat ere eginen lokalean.

BIGARREN TITULUA

Funtzionatzeko baimen administratiboaren edukia

16. artikulua. Erabilera mugak.

Funtzionatzeko baimen administratiboak babesten du lokalak aisialdiko espazio eta biltoki gisa erabiltzea, ordenantza honetan eta sektorean aplikatzekoa gertatzen den araudian jasotzen diren muga eta xedapenekin bat.

Betiere honako muga hauek beteko beharko dira:

1. Erabileren mugak:

a) Biltegiratzeko erabilera esklusiboa ezartzen da, eta debeku da bertan egoteko erabiltzea, lokalak 2,2 metrotik gorako garaiera erabilgarria ez badu gutxienez.

b) Ezin da lastairarik, kartoirik eta plastikorik (edalontziak kenduta) erabili edo pilatu, ezta sutea sortu edo zabaltzeko arriskua izan dezakeen beste ezein material ere.

c) Aisialdiko lokalen halako erabilerak bakarrik baimenduko dira beheko solairuetan, eta debeku dira bizitegi anitzeko eraikinetako etxebizitzetan.

2. Zarata mugak:

a) Debeku da gainditzea araudi aplikagarrian ezarritako gehieneko zarata maila, egunez zein gauez; lokalaren erabilera baimenean laburturik zehaztuko dira gehieneko zarata mailak, bai eguneko orduetarako bai gauekoetarako.

b) Instalazioak telebista edo musika ekipoa baldin badu, etxebizitza kaltetuenean izan daitekeen hots mailarik altuena 36 dBA izanen da eta 30 dBA 22:00etatik aitzinera, betiere zaratei buruzko araudian ezarritakoaren arabera.

c) Soinu ekipoa piztuta dagoen aldiro, ate-leihoek itxita egon beharko dute.

3. Edukiera mugak:

Lokalaren gehieneko edukiera muga erabiltzaile kopuru osoari dagokio, eta kontuan hartuko da Eraikingintzaren Kode Teknikoan eta suteen aurkako segurtasuneko CTE-DBI agiri oinarrizkoan ezarritakoa.

Nolanahi dela ere, bete beharreko gehieneko edukiera mugarako, honako irizpide hau ezarri da:

–Aisialdiko lokalen erabilera muga ezartzeko, kontuan hartuko da, aurkeztutako planoa aintzat hartuta, erabiltzaileak egoteko eremuen azalera erabilgarria, honako irizpide honen arabera:

  • Lehen 20 metroetan: bi metro koadro pertsonako.
  • 20 metrotik gora: bost metro koadro pertsonako.

Gehieneko edukiera hori, lokalaren sarreran bertan erraz ikusteko moduko plaka edo euskarri batean ezarriko da.

4. Ordutegi mugak:

Aisialdiko lokalek jarraian zehazten den erabilera ordutegia bete beharko dute, eta itxita, hustuta eta erabili gabe egon beharko dute hurrengo ordenantzan jasotzen ez diren orduetan.

–Irekiera:

  • Astelehenetik ostiralera: 08:00retatik aurrera.
  • Larunbat, igande eta jaiegun bezperetan: 9:00retatik aurrera.

–Itxiera:

  • Igandetik ostegunera:
  • Neguko ordutegia (Herriko Jaien ondorengo egunetik ekainaren 1era arte): 23:00etan.
  • Udako ordutegia (ekainaren 1etik herriko jaien azken egunera arte): 00:00etan.
  • –Ostiral, larunbat eta jaiegun bezperetan: 03:00retan.

Hurrengo egunetan, ez da ordu muga hori beteko. Dena dela, jarduerak bizilagunei eragozpenak sortzen dizkiela egiaztatzen bada, beharrezkoak diren proportziozko neurriak ezartzen ahalko dira, bizilagunen atsedena bermatzeko. Nolanahi ere, Alkatetza Dekretuaren bidez aldatzen ahalko da ordutegia, hala badagokio.

–Herriko festak.

–Sanferminak: uztailaren 6tik 14ra.

–Inauterietako larunbata.

–San Andres festak:

–Gabonetako jaiak (abenduaren 24a eta 31 eta urtarrilaren 5a).

Aisialdirako lokal bakoitzak bi egun gehiago eskatzeko aukera izanen du, urtero. Horretarako, Zizur Nagusiko Udaleko Gazteriaren eta Herritarren Partaidetzaren Arloan eskaera aurkeztu beharko du, behar bezala arrazoituta. Azken horrek Alkatetzari helaraziko dio eskaera horiek onartu edo ukatu diren, eta horien kontrola eginen du.

5. Beste muga batzuk:

–Ezin da altzaririk atera kalera eremu publikoa okupatuz.

–Adingabeei alkoholdun edariak kontsumitzea galarazi eta mugatzeari buruzko martxoaren 16ko 10/1991 Foru Legeak adingabekoendako ezarri alkohol debekuak beteko dira.

–Adingabeek alokatzen badute lokala, kontratua sinatzen duten gurasoen edo legezko tutoreen ardura izanen da han alkoholdun edariak ez kontsumitzea eta lokala eskola ordutegian ez erabiltzea.

–Eskola adinean dauden gazteei debekatzen zaie aisialdiko lokalak erabiltzea eskola ordutegiaren barrenean, jolas orduak barne direla.

–Eremu publikoa garbitu beharko da, baldin eta zerbaitetarako erabili denean zikindu bada.

–Lokalean ezin izanen da merkataritzako inolako jarduerarik edo salmentarik egin.

–Ez da izanen sukalderik, ez lurruna, kea edo usaina sortzen duen elementurik.

–Lokalak baldintza egokietan egon beharko du, kontserbazio eta garbitasun aldetik.

–Lokalaren barruan ezin izanen da hondakinik pilatu zabor poltsetatik edo edukiontzietatik kanpo.

–Hondakinak bereizi egin behar dira motaren arabera: organikoa, plastikoak, beirak, papera eta kartoia, eta hondakinak.

–Beste edozein, ordenantza honetako edo sektore honetan aplikatzekoa den araudiko xedapenen ondoriozkoa.

Baimendutako erabilera baldintzak ez betetzea lokalaren erabiltzaileen erantzukizuna izanen da.

17. artikulua. Lokalean eduki beharreko nahitaezko dokumentazioa.

Lokalean, honako hauen kopiak egonen dira Udalaren eta gainerako administrazio publikoen eskura, beren eskumenak baliatzeko:

–Emandako lizentziak, baimenak eta/edo aurretiazko komunikazioen eta/edo erantzukizunpeko adierazpenen agiriak, behar bezala izapidetuak Udal Erregistroan sartzean, bai eta dagokien dokumentazio teknikoa ere.

–Egindako udal kontrol eta ikuskapenei buruzko dokumentazioa.

–Titulua, udal honek emana, jardueraren erabiltzaileek argi eta garbi ikus dezaketen lekuan jarria, honako hau adieraziz: (I. eranskina).

  • Jarduera.
  • Titularra.
  • Kokapena.
  • Lizentziak emateko ebazpena.
  • Barrualdeko gehieneko soinu maila.
  • Gehieneko jende kopurua.
  • Jarduteko ordutegia.

–Ordutegien salbuespenak ezartzen dituzten egunak emanez gero, baimen hori ematen duen Alkatetzaren Ebazpena.

HIRUGARREN TITULUA

Funtzionatzeko baimen administratiboaren mendeko jarduerak ikuskatzea

I. KAPITULUA

Ikuskapena

18. artikulua. Ikuskapenaren xedea eta helburuak.

1. Funtzionatzeko baimen administratiboaren mendeko jardueren ikuskapenaren xedea da bermatzea bai legediarekin bat datorrela bai funtzionatzeko baimen administratiboan bertan ezarritako txostenak, baldintzak eta gainerako inguruabar interesgarriak betetzen direla.

Jardueren ikuskapenak honako helburu hauek ditu, zehazki:

–Egiaztatzea jarduerak egiten direla baimenean adierazitako baldintzei eta indarra duen legediari jarraikiz.

–Zehaztea eraginkorrak ote diren funtzionatzeko baimen administratiboan dauden prebentzio eta zuzenketa neurriak.

–Egiaztatzea jarduera funtzionatzen dagoen bitartean sortzen dituen kalte-galerak.

2. Betiere, ebazpenean ezarriko dira lokalak izanen dituen aldian behingo berrikusteak, zehaztapen teknikoei jarraikiz. Berrikuste horrek baimen administratiboa berritzea baldintzatzen ahalko du. Inguruabarrak bultzaturik, berrikustea aurreratzen ahalko da, lokala erabiltzeko baimenari eusteko baldintzek bere hartan ote dirauten egiaztatzeko.

19. artikulua. Ikuskatzeko eskumenak.

Aisialdirako lokalak eta lokal horietan egiten diren jarduerak ikuskatuko dituzte udaltzainek, bai eta ikuskapenerako gaitutako funtzionarioek ere, espezializazio teknikoa behar den kasuetan; azken hori agintaritzaren agentetzat hartuko da.

Horretarako, Udaleko Zerbitzu Teknikoek egokitzat jotzen dituzten ikuskapen guztiak eginen dituzte instalazioen funtzionamendu egokia eta ezarritako neurri zuzentzaileak eta adierazitako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

Lokalen titularrek edozein unetan eta aldez aurretik jakinarazi gabe utzi beharko diete sartzen ikuskapena eta kontrola egiteko baimena duten pertsonei, eta ikuskapenean behar den laguntza eman beharko dute.

20. artikulua. Ikuskatzaileen ahalmenak.

Funtzionatzeko baimen administratiboari lotutako jardueren ikuskatzaileen ahalmenak hauek dira:

a) Organo eskudunari proposatzea urratutako legedia babesteko eta, beharrik bada, hura bere onera ekartzeko neurriak eta aldatutako errealitate fisikoa lehengoratzeko neurriak.

b) Organo eskudunari jakinaraztea ordenantza honetan zehaztutako arau-hausteak izan daitezkeen egintzak izan direla, eta egindako urratsen berri ematea; orobat, proposatzea zehapen prozedura abia dadila.

c) Indarra duen legedia babestearen arloan organo eskudunak esleitutako beste edozein jarduketa egitea.

II. KAPITULUA

Erregistroak

21. artikulua. Funtzionatzeko baimen administratiboen erregistroa.

Udal erregistroa sortuko du Udalak, eta eman diren funtzionatzeko baimen administratibo guztiak eta haiei buruzko datu eguneratuak jasoko dira han. Gazteriaren eta Herritarren Partaidetzaren Arloa arduratuko da hori kontrolatu eta kudeatzeaz. Horregatik, baimenen titularrek bost eguneko epean jakinaraziko beharko dituzte udal erregistroetan diren datuen aldaketa guztiak, beharrezko bada aldaketa erakusten duten agiriak erantsita, taldeko kideen aldaketaren berri ere emanda, ordenantza honetako 7.A) artikuluan xedatuarekin bat.

LAUGARREN TITULUA

Zehapen araubidea

I. KAPITULUA

Arau-hausteak

22. artikulua. Definizioa.

Sektoreko legediak ezartzen dituenak ukatu gabe, ordenantza honek arauturiko gaietan arau-hauste administratiboak dira ondorengo artikuluetan sailkatutako eta zehatutako egintzak eta ez egiteak.

Ordenantza honetako zehapenak zehazteko, kontuan hartuko dira honako printzipio hauek:

a) Diru bidezko zehapena ezarriko da, kontuan izanda zehatuarentzat egindako arau-haustea ez izatea onuragarriagoa hautsitako araua betetzea baino.

b) Halaber, behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egitatearen larritasunaren eta ezartzen den zehapenaren artean. Honako irizpide hauek hartuko dira bereziki aintzat zehapena mailakatzeko:

i. Egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den.

ii. Kalteak nolakoak diren.

iii. Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

c) Ordenantza honetan bildutako arau-hauste administratiboak zehatzeko, espedientea instruitu beharko da aldez aurretik, aplikazioko arauan ezarritako prozedurari jarraituz.

d) Erantzukizunaren inguruabar astungarritzat hartuko dira giza osasunean izan dezakeen eragina, kaltearen atzeraezintasuna, lekuaren ezaugarriak, asmoa, berrerortzea eta kutsadura edo istripurako arriskua.

e) Auzokoen arteko bizikidetza arazorik egonez gero, Zizur Nagusiko Udalak horiek bitartekaritzaren bidez konpontzearen alde eginen du, betiere alderdi guztiek horri heldu nahi badiote. Bitartekaritza prozesu horretan parte hartuko dute aisialdiko lokalaren erabiltzaileek, eragindako auzotarrek, udaltzainek eta Gazteriaren eta Herritarren Partaidetzaren Arloko teknikariek, bai eta gatazka konpontzeko beharrezkoak izan daitezkeen beste arlo batzuetako teknikariek ere.

f) Auzoei behin eta berriz eragozpenak egiten zaizkiela egiaztatzen bada edo pertsonen segurtasuna arriskuan badago, sorburua lokalaren barrenean nahiz kanpoan egon (azken kasu honetan, jakina, arazoa lokalaren jarduerari lotuta dagoela frogaturik), eta betiere ezin bada aurreko atalean ezarritakoaren arabera konpondu, Udalak, kautelazko neurri gisa, lokala zuzenean ixten ahalko du, gertaerak egiaztatuta eta aldez aurreko errekerimendurik gabe.

Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke. Aurreko printzipioen arabera mailakatuko dira arau-hauste eta zehapenak hiru kategorietako bakoitzean.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta bat datozen edo ordezko izan daitezkeen gainerakoetan jasotako zehatzeko prozedura eta araubidea aplikatuko dira arau-hausteak daudenean.

23. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

1. Arau-hauste oso astunak hauek izanen dira:

a) Lizentzia eskabidean eskatzaileek azaldu dituzten eta aisialdiko lokalen erabilerarako baimena emateko ebazpenean jaso diren xedeetarako erabili beharrean lokala, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Lokala ireki eta/edo erabiltzea behar den baimena eskuratu baino lehen.

c) Gai sukoiak pilatzea, pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arriskutsuak badira.

d) Lokala berralokatu, laga edo eskualdatzea.

e) Pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arrisku oso larriak dakartzaten elementuak edo sukaldea instalatzea.

f) Ordenantza honetako 10. artikuluan jasotzen diren gutxieneko ekipamenduak aldatu, mugatu edo kentzea, ondorioz pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arrisku oso larriak ekarrita.

g) Lokalean gehienez sartzen ahal den jende kopurua gainditzea, horren ondorioz pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arrisku oso larriak sor badaitezke.

h) Zizur Nagusiko Udalak baimendutako langileei sartzen ez uztea.

i) Zizur Nagusiko Udalak dotazioei edo erabileraren mugei buruz egindako errekerimenduari kasurik ez egitea.

j) Epea itxita denean, hartan jardutea.

k) Lokalaren jabeak hura behar den egoeran ez izatea segurtasun, egituraren sendotasun eta bizigarritasun baldintzak bermatzeari dagokionez.

2. Arau-hauste astunak hauek izanen dira:

a) Lokala baldintza egokietan ez edukitzea, kontserbazio eta garbitasun aldetik.

b) Lokalean gauez edo egunez animaliak edukitzea arduradunik gabe.

c) Ordenantza honetan ezarritako garbiketari buruzko eginbeharrak ez betetzea.

d) Adingabeek alkohola kontsumitzeko debekua ez betetzea.

e) Leihoak eta ateak itxita ez edukitzea musika izanez gero.

f) Gai sukoiak pilatzea.

g) Pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arrisku larriak dakartzaten elementuak edo sukaldea paratzea.

h) Ordenantza honetako 10. artikuluan ezarritako gutxieneko ekipamenduak aldatu, mugatu edo kentzea.

i) Lokalera sartzeko baimendutako jende kopurua gainditzea.

j) Eremu publikoa behin eta berriz okupatzea, barreneko jarduera kanpoaldera zabalduta.

k) Jardueran aritzea horretarako ezarritako ordutegitik kanpo.

l) Droga toxikoak, gai sorgorgarriak edo psikotropikoak eduki edo/eta kontsumitzea.

m) Adingabeek edari alkoholdunak izatea, kontsumitzea edo haiei eskaintzea.

3. Arau-hauste arinak hauek izanen dira:

a) Dokumentazioa ez eguneratzea, ordenantza honetako 21. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

b) Edozein altzari mota kalera ateratzea.

c) Ordenantza honetan edo lege aplikagarrietan astuntzat edo oso astuntzat jotzen ez diren arau-hausteak.

24. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.

1. Ordenantza honetan zehaztutako arau-hausteak honako epe hauetan preskribituko dira:

a) Arau-hauste oso astunak direnean, hiru urte igarotakoan.

b) Arau-hauste astunak direnean, bi urte igarotakoan.

c) Arau-hauste arinak direnean, sei hilabete igarotakoan.

2. Arau-hausteen preskripzio epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen.

25. artikulua. Subjektu erantzuleak.

Ordenantza honen 23. artikuluan arau-hauste gisa sailkaturik agertzen diren egintzak benetan egin dituzten pertsonak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

Nolanahi ere, arau-haustea egin badute juridikoki eratzean araudian ezarritako formetako bat (elkarte, erantzukizun mugatuko sozietate etab.) hartu ez duen talde bateko kideek eta/edo ezin bada autorea bereizi, taldeko gainerakoen ordezkari gisa agertzen diren kideei zuzenduko zaie espedientea, ordenantza honetako 7. artikuluan xedatuarekin bat. Horrek guztiak ez du ukatzen zehapena, ekonomikoa bada, taldeko kide gisa agertzen diren guztiei eskatzea modu solidarioan, baldin eta ez badute borondatezko epean ordaintzen.

II. KAPITULUA

Zehapenak

26. artikulua. Zehapenen mugapena.

1. Arau-hauste oso astunak egiteagatik, honako zehapen hauetakoren bat edo batzuk ezartzen ahal dira:

–251 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna eta/edo,

–Lizentzia baliogabetzea, lokala behin betiko ixtea aurreikusitako erabilerarako, eta 3 hilabetetik 3 urtera bitarteko epean beste lizentzia bat eskuratu ezina.

2. Arau-hauste astunak egiteagatik, honako zehapen hauetakoren bat edo batzuk ezartzen ahal dira:

–101 eurotik 250 eurora bitarteko isuna eta/edo,

–Baimena etetea, lokala gehienez ere 180 egunetarako itxita.

3. Arau-hauste arinak egiteagatik, honako zehapen hauetako bat edo batzuk ezartzen ahalko dira:

–100 eurora bitarteko isuna eta/edo,

–Ohartarazpena.

27. artikulua. Goragoko mailako zehapena.

Batere ukatu gabe 22. artikuluan aipatzen den berrerortzeari buruzko printzipioa, edozein mailatako arau-hausteak behin eta berriz eginez gero, goragoko mailako zehapena jarriko da, baldin eta kalifikazio bereko 5 arau-hauste baino gehiago egiten badira urtebetean edo 3, hilabeteko epean.

28. artikulua. Zehapenen preskripzioa.

1. Arau-hausteak egiteagatik jarritako zehapenak epe hauetan preskribatuko dira:

a) Arau-hauste oso astunak direnean, hiru urte igarotakoan.

b) Arau-hauste astunak direnean, bi urte igarotakoan.

c) Arau-hauste arinak direnean, urtebete igarotakoan.

2. Zehapenen preskripzio epea zenbatzen hasiko da zehapena ezartzen duen ebazpena exekutagarria den egunaren biharamunetik edo ebazpenaren aurkako errekurtsoa jartzeko epea bukatzen den egunaren biharamunetik aurrera.

29. artikulua. Zaraten alorreko zehapenen araubidea.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta bat datozen edo ordezko gisa aplika daitezkeen gainerakoetan jasotako zehatzeko prozedura eta araubidea aplikatuko dira arau-hausteak daudenean.

30. artikulua. Zehapenen etenaldia.

1. Zehapena jartzen duen ebazpenean ezartzen ahalko da ezen egindako arau-hausteari dagokion zehapena eteten dela, honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Arau-haustea ez izatea zarata mugei buruzkoa.

b) Arau-haustearen aurreko urtean inolako arau-hausterik egin ez izana.

c) Arau-haustea oso astuna ez izatea.

d) Gertaerak onartzea eta zehapen espedientean etendura eskatzea.

e) 60 euroko fidantza jartzea. Urtebeteren buruan itzuliko da baldin ordezko zehapena bete eta ez bada berriz inolako arau-hausterik egiten.

Etenaldia 3 hilabetekoa izanen da, gutxienez ere, eta urtebetekoa, gehienez ere. Dagokion organoak hartuko du bere borondatez neurri hori Zizur Nagusiko Udalean.

31. artikulua. Zehapenak ordeztea eta zehapen prozedura amaitzea.

1. Zehapen ebazpenean ezartzen ahalko da ezen egindako arau-hausteari dagokion zehapenaren ordez beste ordainbideren bat jartzen ahal dela, honako baldintza hauek betetzen badira:

Zehapenen ordezko ordainbideak honako taula honetan zehazten dira:

a) Ordeztu beharrekoa: baimenaren etenaldia, lokala 7tik 180 egunera bitarte itxita. Ordezkoa: 50 euroko isuna etenaldiko egun bakoitzeko.

b) Ordeztu beharrekoa: 101etik 250 eurora bitarteko isuna. Ordezkoa: Herriaren aldeko lanak: 25 eurorengatik egun bat egin beharko da lanean.

c) Ordeztu beharrekoa: 100 eurora bitarteko isuna. Ordezkoa: Herriaren aldeko lanak: 25 eurorengatik egun bat egin beharko da lanean.

2. Herriaren aldeko lanak, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera zehapen batzuen ordez egiten ahal direnak, kargu-orrian agertuko dira, espedientatuek alegazioetan aukera ditzaten. Zehapenaren ebazpenean, organo eskudunak zehatz-mehatz adieraziko du ordezko zehapen gisara eta komunitatearen alde zer lan mota egin behar den eta zenbat denboran. Era berean, zehaztuko du zer organo edo nor arduratuko den ordezko zehapena osorik eta modu egokian bete dela ziurtatzeaz. Txosten hau proposamen modura igorriko zaio organo eskudunari, hark zehapena bete dela aitortzen duen ebazpena eman dezan.

3. Zehapena diruzkoa baino ez bada, edo diruzko zehapen bat edo diruzkoa ez den beste bat ezar badaiteke, baina bigarrena bidegabea dela justifikatu bada, ustezko erantzuleak, ebazpena eman aurreko edozein unetan, borondatez ordaintzeak prozedura amaitzea ekarriko du, aldatutako egoera berrezartzeari edo arau-hausteak eragindako kalte-galeren ordaina zehazteari dagokienez izan ezik.

Bi kasuetan, zehapena diruzkoa baino ez denean, prozedura ebazteko eskumena duen organoak % 30eko murrizketa aplikatuko dio proposatutako zehapenaren zenbatekoari. Aipatu murrizketa zehaztu beharko da prozeduraren hasiera jakinaraztean, eta hori eraginkorra izanen da, baldin eta uko egiten bazaio administrazio bidean edozein ekintza edo errekurtso jartzeari zehapenaren aurka.

32. artikulua. Zehapenak pilatzea.

Egintza eta oinarri juridiko berengatik arau-hausleari ordenantza honetako, beste ordenantza bateko eta aplikatzeko diren beste lege batzuetako zehapenak ezartzen ahal zaizkionean, zehapenik handiena ezarriko zaio.

Organo eskudunak egitateak zigor arloko arau-hausteak izan litezkeela irizten dionean, zigor arloko jurisdikzioko organo eskudunari edo Ministerio Fiskalari jakinaraziko dio. Zehapen prozedura administratiboaren organo instrukziogileak tramitazioa etenen du epaileek ebazpena eman bitartean, delitu administratiboaren eta delitu penalaren egintza, subjektuak eta oinarria berberak direnean.

III. KAPITULUA

Zehapen prozedura

33. artikulua. Behin-behineko neurriak.

Ordenantza honetan sailkatutako arau-hauste batengatik zehapen prozedura hasten denean, zehapena ezartzeko eskumena duen organoak behin-behineko neurri hauetako bat edo batzuk hartzen ahal ditu, besteak beste:

a) Zuzenketa, segurtasun edo kontrol neurriak, arriskua edo kaltea egiten ez jarraitzeko.

b) Tresnak edo ekipoak zigilatzea.

c) Instalazioen zati bat edo instalazio guztiak denbora baterako ixtea.

d) Jarduerak etetea.

34. artikulua. Zehapen prozedura.

1. Zehapenak ezartzeko, dagokion zehapen prozedura instruituko da, estatuan administrazio prozedura erkideari buruzko legeetan ezarritakoarekin bat.

2. Zehapen prozedura amaitzen duen ebazpena arrazoitua izanen da, eta espedientean azaldutako gai guztiak ebatziko ditu. Prozedura hasi eta gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie ebazpena interesdunei.

35 artikulua. Organo eskuduna.

Alkatea izanen da zehapen espedienteak abiarazteko eta ebazteko organo eskuduna.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Martxan dauden lokalak

Erabilera hauetarako lizentzia daukaten aisialdiko lokalak araudi berrira egokitu beharko dira, eta Ordenantza honen 5. artikuluan aipatzen den baimena eskatu beharko dute, gehienez ere sei hilabeteko epean, araudi hau indarrean jartzen denetik aurrera.

Martxan dauden lokalekin lotuta eragozpenak salatu eta egiaztatu badira, eta lokal horiek lizentzia badute Ordenantza hau indarrean jarri baino lehenagotik, Udal honek beste lizentzia bat eskatzen ahalko du, arau honetako xedapenen araberakoa, egokitzat jotzen badu.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.

Lokalak erabiltzeko lizentzia eskuratzeak ordenantza honetan xedatutakoa onartzea dakar.

Bigarrena.

Ordenantza honek aurreikusten ez duen hartan, Estatuko zein Nafarroako lege edo dekretuetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Hirugarrena.

Ordenantza honek 2022ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Laugarrena.

Indargabetuta gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko udal arauak edo honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

Honako hau indarrean jartzean, indargabetuta geratuko da “Zizur Nagusiko aisialdiko biltoki finko zein denbora baterakoak arautzen dituen ordenantza” (martxoaren 13ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 31/2006 zenbakikoa).

I. ERANSKINA.–Erabilera lizentzia.

II. ERANSKINA.–Aisialdiko lokala identifikatzeko formularioa.

III. ERANSKINA.–Ordezkaritza frogatzen duen dokumentua.

IV. ERANSKINA.–Aisialdiko lokaleko adingabeentzako baimena.

V. ERANSKINA.–Lokaleko jabearen zinpeko adierazpena.

VI. ERANSKINA.–Lokaleko kideen zerrenda.

Deskargatzeko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: L2114243