244. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

114E/2021 EBAZPENA, urriaren 6koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programaren (MOVES III programa) deialdiaren 4.5 oinarria aldatzen duena.

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak uztailaren 6an emandako 51E/2021 Ebazpenaren bidez, izen hau duen dirulaguntzarako deialdia onetsi zen: “Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III programa), Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan”.

Aipatutako deialdiaren 4.5 oinarrian adierazi zen jarduketa diruz lagungarriak Nafarroan gauzatu behar direla eta I. eranskinean ezarritako baldintzak bete behar dituztela. Haren azken apartatuan adierazi zen BEZa inolaz ere ez dela gastu diruz lagungarritzat onartuko.

Halaber, III. eranskineko azken paragrafoan, 2. pizgarri-programari dagokionez (Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak ezartzea), adierazi zen BEZa inolaz ere ez dela gastu diruz lagungarritzat onartuko.

Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutuak (aurrerantzean, IDAE) koordinatzen eta garatzen ditu programa horiek. Eginkizun horiek garatzen dira Energia Aurrezteko eta Efizientzia Energetikorako Aholku Batzordearen bidez, zeina araututa baitago urtarrilaren 17ko 18/2014 Errege Dekretuak onetsiriko IDAEren estatutuaren 12. artikuluan. Batzorde horretan autonomia-erkidego guztiak eta Ceuta eta Melilla hiriak daude ordezkatuta.

Autonomia-erkidegoek antzeko irizpideak jarraitzen dituzte deialdiak argitaratu aurretik eta dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko orduan; beraz, ez dago alde nabarmenik kasuan kasuko lurraldearen arabera. Hori dela eta, aldian-aldian Nafarroako deialdia kudeatzen duen organoari igortzen zaizkio irizpideak, azalpenak eta hainbat iturritatik sortzen diren galderen erantzunak.

BEZa gastu diruz lagungarritzat jotzeari dagokionez, IDAEk 2021eko maiatzaren 31n gai horri buruzko interpretazio bat bidali zion Nafarroako Gobernuari, zeina jasota baitago 50. FAQ agirian; bertan adierazi zen BEZa ez zela inola ere gastu diruz lagungarritzat hartuko.

Hala ere, 2021eko irailaren 21ean, IDAEk bere interpretazioa aldatu zuen horren gainean, eta adierazi zuen autonomia-erkidegoek beren deialdietan sartzen ahalko dutela BEZa diruz lagungarria izanen dela, baldin eta hura ezin bada berreskuratu.

Horrenbestez, eta IDAEk egindako interpretazio berria aintzat hartuta, bidezkoa da aldatzea 4.5 oinarriko eta III. eranskineko (2. pizgarri-programa: Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura ezartzea) azken paragrafoa, Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III programa) izeneko deialdian. Deialdi hori Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan kokatzen da, eta Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren uztailaren 6ko 51E/2021 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea 4.5 oinarriko eta III. eranskineko (2. pizgarri-programa: Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura ezartzea) azken paragrafoa, “Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III programa)” izeneko dirulaguntzaren deialdian. Deialdi hori Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan kokatzen da, eta Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren uztailaren 6ko 51E/2021 Ebazpenaren bidez onetsi zen. Horrenbestez, honela idatzita geldituko da:

“BEZa ez da gastu diruz lagungarritzat hartuko onuradunak berreskuratu edo konpentsatu dezakeenean. Halakoetan, eskaeran adierazi beharko da.”

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko urriaren 6an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2114808