244. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

88/2021 FORU DEKRETUA, urriaren 6koa, David Beriain Amatriain jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona, hilondoan.

David Beriain Amatriain kazetaria Iruñean jaio zen 1977an, baina amaren sorlekuan, Artaxoan, bizi izan zen txikitatik eta lotura handia izan zuen herri horrekin. Zoritxarrez apirilaren 26an hil zuten Arliko natura parkean, Burkina Fason, Al Qaedarekin lotutako JNIM taldeak erreibindikatu zuen eraso terrorista baten ondorioz; bertan hil zituzten, halaber, Roberto Fraile kazetaria eta Rory Young kontserbazionista irlandarra.

Kazetari nafar honek Informazio Zientziak ikasi zituen Nafarroako Unibertsitatean (1999). 2002an, 25 urte besterik ez zituela, La Voz de Galicia egunkariak kontratatu eta Irakera bidali zuen gatazka armatuaren berri ematera, eta handik Afganistanera bidaiatu zuen, talibanen erretratua jasotzeko asmoz. 2008an, Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen (FARC) kanpalekuetan bideo kamera batekin sartzea lortu zuten kazetari bakanetako bat izan zen; bertan egindako “Hamar egun FARCekin” izeneko erreportaje sortari esker jaso zuen José Manuel Porquet Saria, Kazetaritza Digitalarena, eta finalista izan zen Bayeux-Calvados Normandy Sarian, zeina gerra korrespontsalak saritzen dituztenen artean ospe handiena duena baita mundu osoan.

Bere ibilbide profesionala ezin oparoagoa izan zen lehenbiziko urteetan, eta han zen beti, gerra gatazka nagusietan eta destino arriskutsuenetan, errealitatearen berri emateko. Eskuzabaltasunez eta ausardiaz jarri zuen arriskuan bere bizia, gizarteak jakin zezan zer ari zen gertatzen beste herrialde batzuetan.

Hala bada, 2010ean Afganistanera, Kolonbiara eta Irakera itzuli zen, eta gaurkotasun handiko erreportajeak egin zituen Venezuelan eta Kongon, besteak beste. 2011n zuzendari lanak egin zituen Sea Bites Percebeiros film dokumental laburrean, percebeiroen (lanperna biltzaileak) zeregin arriskutsua kontatzeko, eta hautagaitza lortu zuen 2012ko Goya Sarietarako.

2011n, Japoniara Fukushimako zentral nuklearraren istripuaren berri ematera joandako kazetari taldeko kide ere izan zen. 2012an, bere emazte Rosaura Romerorekin batera 93 Metros ikus-entzunezko ekoiztetxea sortu zuen, ikus-entzuneko formatu handietan, datuen kazetaritzan, publizitateko edukien diseinuan eta beste teknologia berritzaile batzuetan espezializatua. 2013an, dokumental bat egin zuen Kenyan, Lamun hirian ANIDAN eta Pablo Horstmann fundazioek haur eta helduen prostituzioaren eta HIESaren arloan egiten duten lanaz, eta 2014an Amazonas aldera jo zuen, hango hilketei buruzko dokumental bat egiteko, yasumien lurraldetik gertu, biodibertsitatearen aldetik izugarri aberatsa den eremu batean.

David Beriainen hilketak atsekabe handia eragin zuen mundu osoan eta bereziki Foru Komunitatean. Hilondoko sari batzuk jaso ditu, esate baterako Merezimendu Zibilaren Domina, Espainiako Gobernuak 2021eko maiatzean emana, eta Luka Brajnovic Saria, hil horretan berean, Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultatearen eskutik.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du David Beriain Amatriain jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak 2021eko urriaren seian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. David Beriain Amatriain jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea, hilondoan.

2. Foru dekretu hau interesdunaren senitartekoei jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko urriaren 6an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2114777