244. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

87/2021 FORU DEKRETUA, urriaren 6koa, Isabel Sola Gurpegui andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Isabel Sola Gurpegui San Adrianen jaio zen 1967an. Biologiako ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitatean (1992), eta Lizentziako Sari Berezia eskuratu zuen. Ondoren, Ingeniaritza Biomedikoko master bat egin zuen, eta koronabirusei buruzko doktore tesia Madrileko Unibertsitate Autonomoan. Haren tesiak, “Interferencia con la infección por coronavirus mediante la expresión de IgA recombinante en animales transgénicos” (Koronabirusak eragindako infekzioarekiko interferentzia, IgA birkonbinagarriaren adierazpenaren bidezkoa, animalia transgenikoengan) izenekoak, Hipra Laborategien saria jaso zuen, Animalien Osasunaren arloko doktore tesi onenarena.

1998az geroztik, Isabel Sola Gurpegui Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlaria da eta koronabirusen arloko aditu nagusietako bat. Izan ere, duela urte batzuk hartu zuen bere gain Bioteknologiako Zentro Nazionaleko koronabirusen taldeko zuzendarikidearen kargua; zentro hori Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiari atxikita dago eta Espainian koronabirusak ikertzen dituen laborategi bakarra da.

Horrez gain, hiru patente asmatu ditu koronabirusetik eratorritako infekzio-bektoreen garapenaz eta haien aplikazioez; patente horietako batek saria jaso zuen Madrid+D patente lehiaketan. Horrekin batera, Isabel Sola Gurpegui irakaslea da Madrileko Unibertsitate Autonomoko Biologia Molekularraren Doktoretza ikastaroetan.

Bere ikerketa lanaren itu nagusia birusak identifikatu, analizatu eta deskubritzea da, bai eta ikertzea birus horiei nola aurre egin, birus hilgarria edo arriskutsua izan litekeena agertzen denean zer egin eta nola jokatu jakiteko. Covid-19aren pandemia dela eta, azaleratu dira Isabel Sola Gurpeguik egindako ikerketa eta lana, parte hartu baitu mota guztietako biltzar, jardunaldi, konferentzia eta hitzaldietan eta hedabideetan, garai hauetan ezinbestekoa dugun dibulgazio lan handia eginez.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Isabel Sola Gurpegui andrea saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak 2021eko urriaren seian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Isabel Sola Gurpegui andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko urriaren 6an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2114771