244. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

EGUESIBAR

Deialdia, langileriaren administrazioko teknikari lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko

Eguesibarko Udaleko Gobernu Batzarrak 2021eko irailaren 28an hartu erabakiaren bidez onetsi zen langileriaren administrazioko teknikari lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko deialdia.

Deialdia eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da langileriaren administrazioko teknikari lanpostu bat (B maila/taldearekin parekatua) oposizio-lehiaketaren bidez eta barne igoera murriztuan betetzea, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan ezarritako prozeduraren bitartez.

1.2. 2018ko plantilla organikoan, zeina ekainaren 29ko osoko bilkuran onetsi baitzen, administrari-ofizialaren lanpostu bat B mailan sailkatu zen eta, ondoren, Tokiko Gobernu Batzarrak 2018ko urriaren 29an onetsitako lan publikoaren eskaintzan sartu. 2020ko plantilla organikoan lanpostu horren izendapena zehaztu zen: langileriaren administrazioko teknikaria (plantillako 1.3 lanpostua), administrari-ofizialen artetik oposizio-lehiaketa murriztuaren bitartez betetzekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan ezarritako prozeduraren bitartez. Horrela sailkatu zen, plantillako administrari-ofizialaren lanpostuetako batean goragoko mailako lanak egin behar direlako langileriaren arloan.

1.3. Hautaprobak gainditu ondoan aipatu lanpostuan aritzeko izendatzen den izangaia B mailan/taldean geratuko da eta plantilla organikoan maila edo talde horretarako ezarritako ordainsariak jasoko ditu.

1.4. Oposizio-lehiaketa gainditzen duen izangaiak lortuko du barne igoera.

1.5. Igoera erdiesten duenak plantillako 1.3 lanpostua beteko du eta deialdiko maila eta kategoriari, eta eskatutako ikasketei egokitutako lan eta eginkizunetan ariko da; nolanahi ere, maila berriari dagozkion eginkizunez gain, ordura arte egiten zituenak ere beteko ditu.

Lanpostuaren eginkizunei dagokienez, lan hauetaz arduratuko da, besteak beste: langileriaren administrazioa, oro har (nominak, kontratazioa, gizarte aseguruak, pentsioak, ezintasuna eta abar), bere arloko aholkularitza teknikoa (langileen eskaerak aztertu eta ebazpenak proposatzea, akordio kolektiboa aztertu eta aplikatzea, errekurtsoak aztertu eta ebazpenak proposatzea, espedienteak egin, konfiguratu eta izapidetzea eta abar), segurtasunaren eta osasunaren arloko koordinazioa, eta lanpostuaren helburuak lortzeko agintzen zaizkion eginkizunak, betiere bere titulazioarekin, gaitasunarekin eta mailarekin bat datozenak.

1.6. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko langileak izendapenaren aitzinetik zuen araubide juridikoa, izan hori funtzionarioena edo lan-kontratudunena. Halaber, eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari eutsiko dio.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Eguesibarko Udalaren zerbitzuko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, C maila edo taldekoa.

b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea barne igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

c) Nafarroako Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun onartua duela frogatzea.

d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, unibertsitateko diplomadunaren, ingeniari teknikoaren edo titulua edo Lanbide Heziketako hirugarren graduko titulua edukitzea; edo horien baliokideak edo goragokoak; edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak I. eranskineko ereduaren araberakoak izanen dira, eta Udalaren erregistro elektronikoan erregistratu beharko dira (https://sedeelectronica.valledeegues.es/eu/), edo bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean; hartan, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen.

Baldin eskabidea aurkezten bada posta bulego batean, aurkeztu beharko da gutun-azal ireki batean, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik.

3.2. Eskabideari deialdian eskatzen den titulazioaren egiaztagiria gehituko zaio.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitu eta aurkeztutakoak ebatzita, alkateak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Amaya Larraya Marcos, Eguesibarko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Inmaculada Múgica Ustárroz, Eguesibarko Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Julia Irisarri Moreno, Eguesibarko Udaleko kontu-hartzailea.

Ordezkoa: Nekane Lazcano Gómez, Eguesibarko Udaleko Ogasuneko kudeatzailea.

Epaimahaikidea: José Miguel Bernal Hierro, Eguesibarko Udaleko Langileriaren Alorreko zinegotzi ordezkaria.

Ordezkoa: Yuliana Anchundia Correa, Eguesibarko Udaleko Gizarte Ongizatearen eta Berdintasunaren Alorreko zinegotzi ordezkaria.

Epaimahaikidea: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.

Ordezkoa: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.

Epaimahaikide-idazkaria: Jesús Erburu Arbizu, Eguesibarko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Pablo Gil Morrás, Eguesibarko Udaleko aholkulari juridiko-kudeatzailea.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (lege horrek hizpide du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa).

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errekusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Lege horren 24. artikulua).

5.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendan iragarriko da oposizio-lehiaketa zein egun, ordu eta tokitan hasiko den; oposizioko probak 2021eko azaro-abendutik aitzina hastea dago aurreikusita.

Gero epaimahaiak, behar den garaian, hurrenez hurren eta arauzko eran iragarriko ditu gainerako probak.

6.3. Lehiaketaldia:

6.3.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala justifikatuak, ondoko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

6.3.2. Merezimenduen baremoa:

a) Nafarroako administrazio publikoetan, C mailako lanpostuetan egindako urte bakoitzeko, 2 puntu. Gehienez ere, 20 puntu.

Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da. Era berean, lanaldi partzialetan egindako zerbitzuen kasuan, proportzioan dagokion puntuazioa esleituko da.

b) Lanpostuaren eginkizunekin lotutako eta erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzeagatik: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere 10 puntu.

–Baloratu beharreko ikastaroetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

–Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei 0,05 puntuko balorazioa emanen zaie.

–Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.

Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean berariaz sartzen dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatuak.

Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak. Era berean, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.

6.3.3. Lehiaketaldiko puntuazioa, gehienez ere, 30 puntukoa izanen da.

6.3.4. Lehiaketaldia buruturik, izangai bakoitzaren puntuazioa Eguesibarko Udaleko iragarki-taulan paratuko da jendaurrean.

6.4. Oposizioaldia:

6.4.1. Lehen ariketa, teoriko-praktikoa: Idatziz erantzutea deialdiko II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzko 30 galderari. Zenbait erantzun emanen dira aukeran galdera bakoitzean, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Lehen ariketa egiteko 60 minutu emanen dira gehienez.

6.4.2. Bigarren ariketa: kasu praktiko bat edo batzuk ebatzi beharko dira, edo proba praktiko bat egin, deialdiaren xede den lanposturako espezifikoa. Betiere, ariketa izanen da lanpostuaren zeregin, eginkizun eta nondik-norakoei buruzkoa, eta hura prestatzeko II. eranskineko gai-zerrenda hartuko da oinarritzat. Bigarren ariketa egiteko 120 minutu emanen dira gehienez.

6.4.3. Epaimahaiak erabakitzen ahalko du lehendabiziko eta bigarren ariketak saio bakarrean egitea, baldin eta bigarren ariketako kasu praktikoak idatziz erantzutekoak badira. Bi ariketak batera eginez gero, lehenbizi test motako zatia zuzenduko da eta, bigarrenik, test motako ariketa hori gainditu duten izangaien kasu praktikoen zatia. Ez dira pliketako kasu praktikoak zuzenduko ez bada gainditu test motako zatia.

6.4.4. Oposizioko ariketen balorazioan 70 puntu ematen ahalko dira gehienez ere, honela banatuak:

–Lehen ariketa: 30 puntu gehienez ere.

–Bigarren ariketa: 40 puntu gehienez ere.

6.4.5. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

6.4.6. Hautaketa-prozedura amaituta, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak, ariketa egin den tokian, eta Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

6.4.7. Deialdi bakarra eginen da probetarako, eta haietara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo horren legezko baliokidea daramatela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

7.1. Ariketaren kalifikazioa burututa, epaimahaiak jendaurrean paratuko du gainditu dutenen zerrenda, lortu duten puntuazioaren arabera ordenatuta, ariketa egin den tokian eta Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

7.2. Epaimahaiak deialdia egin duen organoari igorriko dio gainditu duen eta deialdiko lanpostuan sartzen den izangaiaren aldeko izendapen proposamena, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Aurreko oinarrian aipatzen den hautaketa-prozedura burutu ondoan, alkateak ebazpena emanen du oposizioaldia gaindituta oposizio-lehiaketaren baturan puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko, eta zer mailatan sartzen den zehaztuko du bertan. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean lanpostuaren jabetza hartu beharko du edo lan kontratuaren eranskina formalizatu (hala badagokio). Lanpostuaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan izan ezik, maila berria lortzeko eskubide guztiak galduko ditu.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien aurka nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

2.–68/2009 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen dituena.

3.–113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena.

4.–215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duena.

5.–158/1984 Foru Dekretua, uztailaren 4koa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen ordainsariei buruzko behin-behineko erregelamendua onesten duena.

6.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.

7.–117/1985 Foru Dekretua, ekainaren 12koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen diziplina araubidearen erregelamendua onesten duena.

8.–30/1995 Foru Dekretua, otsailaren 13koa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko funtzionarioen ordezkaritza organoetarako hauteskundeen erregelamendua onesten duena.

9.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa: IV. titulua (Nafarroako Polizietako Langileen Estatutua).

10.–Eguesibarko Udala erakundearen akordio kolektiboa (2015eko 22. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 3koa).

11.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: VII. titulua (Nafarroako toki entitateen zerbitzuko langileak).

11.–2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duena: I. titulua (Lanari buruzko banakako harremana).

13.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa: I. kapitulua: Xedea, aplikazio eremua eta definizioak; III. kapitulua: Eskubideak eta betebeharrak; IV. kapitulua: Prebentzio-zerbitzuak; eta V. kapitulua: Langileen kontsulta eta parte-hartzea.

14.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: II. titulua (Administrazio Publikoen jarduna).

15.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Atariko tituluko V. kapitulua (Funtzionamendu elektronikoa sektore publikoan).

(Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legeriaren arabera eskatuko dira).

Sarrigurenen, 2021eko urriaren 4an.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

Iragarkiaren kodea: L2114786