244. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

331E/2021 EBAZPENA, irailaren 29koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Kasedako udal-mugartean elikagaientzako bilgarri artifizialak fabrikatzen dituen instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzen duena. Instalazioaren titularra Viscofan SA da.

Instalazio horrek badu jadanik ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren uztailaren 5eko 402E/2019 Ebazpenaren bidez emana, eta gero Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 9ko 39E/2021 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2021eko uztailaren 12an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, hondakin uretan sulfatoak ezabatzeko 2. kristalizadorea ezartzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2021eko abuztuaren 10eko irizpenean adierazi zuen aldaketa hori ez-funtsezkoa zela, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmentzat jo zuen, aldaketa garrantzitsuak baitakartza instalazioak funtzionatzeko baldintzetan. Hortaz, lehendik duen ingurumen baimen integratua aldatu egin behar da, aipatutako aldaketak han jasotzeko.

Halaber, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2021eko abuztuaren 10ean emandako irizpenaren arabera, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitze proiektuak ez du ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua egin beharrik, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez delako, eta ulertzen delako proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez dakarrelako aipatutako 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratua aldatzen duen administrazio prozedura tramitatzeko. Hori dela eta, 2021eko abuztuaren 10ean, prozedura hori abiatu zen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, hots, bigarren kristalizadore eta zentrifugatzaile bat instalatzeko sulfato sodikoa kristalizatzeko solairuan.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak. Titularrak, orobat, zenbait ohar aurkeztu ditu, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Kasedako udal-mugartean elikaduraren arloko bilgarri artifizialak egiteko dagoen instalazioaren aldaketa nabarmena baimentzea, hondakin uretan sulfatoen 2. kristalizadorea jartzeko proiektua gauzatzeko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen I. eranskinean adierazitako baldintzak. Instalazioaren titularra Viscofan SA da.

Bigarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

Hirugarrena.–Proiektuari hasiera emateko eta jarduera martxan jartzeko epeak izanen dira ezarrita daudenak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11. artikuluan. Bestela, aldaketa nabarmenaren baimena iraungitzat emanen da, eta ez du inolako ondoriorik izanen. Orobat, aipatutako epeetan bete ez diren aldaketaren zatiak gauzatzeko eta abian jartzeko, instalazioa aldatzeko espediente bat tramitatu beharko da.

Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak ez betetzeak ingurumeneko diziplina neurriak hartzea ekarriko du, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak, IV. tituluan jasotako neurriak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Viscofan SAri, Kasedako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko irailaren 29an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2114418