244. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

86/2021 FORU DEKRETUA, urriaren 6koa, Florencio Domínguez Iribarren jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Florencio Domínguez Iribarren 1956an jaio zen, Caparroson. Informazioaren Zientzietako lizentziaduna da (1979) eta Komunikazio Publikoko doktorea (1997), biak Nafarroako Unibertsitatean; Tenerifeko Jornada arratsaldeko egunkariaren erredaktore burua izan zen, eta Vasco Press albiste agentziakoa 1982tik 2015era. Halaber, analista lanak egin zituen La Vanguardia, Bilboko El Correo eta Diario de Navarra egunkarietan. Espainiako terrorismoari buruzko informazioan aditua da.

Hainbat azterketa eta ikerlan argitaratu ditu, batez ere ETA erakundeari buruzkoak. Liburu hauen egilea da: “ETA: estrategia organizativa y actuaciones (1978-1992)”; “De la negociación a la tregua. ¿El final de ETA?”; “Dentro de ETA. La vida diaria de los terroristas”; “Las raíces del miedo”; “ETA en Cataluña. Desde Terra Lliure a Carod Rovira”; “Josu Ternera: una vida en ETA”; “Las conexiones de ETA en América”; eta “La agonía de ETA”. Eta hauetan parte hartu du: “Vidas rotas: historia de los hombres, mujeres y niños víctimas de ETA” eta “La historia de ETA”. Guztira hogei bat argitalpen ditu, bera egile bakarra dela edo beste batzuekin elkarlanean.

Florencio Domínguez Iribarrenek aintzatespen eta goresmen ugari jaso ditu, besteak beste, Madrileko Prentsak kazetaritza espezializatuaren arloan ematen duen Javier Bueno Saria, 2009an; Covite Nazioarteko Saria, 2010ean; Merezimendu Zibilaren Gurutze Nagusia, 2015ean; Francisco Cerecedo Kazetaritza Saria, Europako Kazetarien Elkarteak emana, 2017an, eta, urte berean, Teobaldo Saria, Nafarroako Kazetarien Elkarteak giza balioen eta eskubideen alde egindako kazetaritza lanaren arloan ematen duena.

2016az geroztik Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroa Fundazioko lehendakaria da, instituzio horren sorrera landu zuen adituen batzordeko burua izan ondoren.

Florencio Domínguez nabarmendu da kazetaritza lan ona egiteagatik terrorismoaren biktimen arloan, haiei laguntza ematen eta, batez ere, kazetaritzako profesionalei laguntzeko zerbitzu etengabekoan, betiere zorroztasunari eta analisiari lehentasuna emanez eta lanbidearen balio etiko eta deontologikoek gidatuta, giza balio eta eskubideen defentsan. Zalantzarik gabe, kazetaritza lan onaren adibide bat da, egoera bereziki gogorra zen garaian.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Florencio Domínguez Iribarren jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak 2021eko urriaren seian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Florencio Domínguez Iribarren jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko urriaren 6an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2114770