244. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

311E/2021 EBAZPENA, irailaren 23koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Vianako udal-mugarteko ugalketarako zerramen ustiategi baten ingurumen baimen integratua berrikusten duena. Instalazioaren titularra Diaz de Zerio ENSa da (575 NA zenbakia).

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 8ko 0699/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 9ko 432E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratua eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren zuzendariaren ekainaren 9ko 138E/2021 Ebazpenaren bidez aldatua.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuen Legearen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, 26. artikuluan ezartzen du ezen baimenaren baldintzak berrikusi egin behar direla, teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio honetan egiten den jardueraren sektore industrialari dagokionez, aipatu ondorioak argitara eman ziren otsailaren 15eko 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakiaren bidez, non ezarri baitziren etxeko hegaztien edo zerri aziendaren hazkuntza intentsiborako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, bat etorriz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria emisioei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin.

Aplikatuz uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoa (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen lege horren testu bategina), 2019ko abuztuaren 12an Diaz de Zerio ENSari (575 NA) eskatu zitzaion 2020ko apirilaren 15a baino lehen aurkez zezala ingurumen baimen integratua berrikusteko prozedura tramitatzeko beharrezkoa zen dokumentazio teknikoa, horrela, instalazioa Batzordearen 2014/687/EB Betearazpen Erabakian eskatzen diren baldintzetara egokitzeko. Titularrak 2020ko ekainaren 18an aurkeztu zuen dokumentazioa.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ondorioztatu du instalazioak betetzen duela Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakian adierazitakoa, non ezarri baitziren etxeko hegaztien edo zerri aziendaren hazkuntza intentsiborako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, bat etorriz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria emisioei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuen Legea garatzen duen Industria emisioen Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori urriaren 16ko 815/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoari jarraikiz, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak baliatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Berrikustea Vianako udal-mugartean ugalketarako zerramen ustiategi baten ingurumen baimen integratua. Izan ere, egiaztatu da instalazioa egokitzen zaiola Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakiari, etxeko hegaztien edo zerri aziendaren hazkuntza intentsiboari dagokionez; hori guztia bat etorriz teknika erabilgarri onenen ebaluazioarekin, zeina jasotzen baita ebazpen honen eranskinean. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan eta ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Diaz de Zerio ENSa (575 NA) da.

Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa, 15P02251022762008 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, deusetan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Diaz de Zerio ENSari (575 NA), Vianako Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Nekazaritza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari.

Iruñean, 2021eko irailaren 23an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2114256