244. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

85/2021 FORU DEKRETUA, urriaren 6koa, Lorenzo Sarratea Azcarraga jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Lorenzo Sarratea Azcarraga Elizondon jaio zen 1969an. 25 urte egin ditu esnea ekoizten Erronkari Gaztaren jatorri-deitura babesturako, familiaren Ernauteneko Borda ustiategian, haren ardura 2012an hartu zuenez geroztik. Horrekin batera, bertako euskal txerri arrazaren ustiaketan ere aritzen da, abeltzaintzaren sektorerako dibertsifikazioaren aldeko apustu argia eginda.

2019ko apirilaren 16an Erronkari jatorri-deituraren kontseilu arauemailearen hauteskundeak egin zirelarik, burutza hartu zuen bere gain maiatzaren 8an. Erakundeak 40 urte bete ditu aurten.

Erronkari Gaztaren jatorri-deitura Estatuko zaharrena da elikagaien arloan, eta Espainiako Gazten Jatorri-deitura jaso zuen aurrenekoa, Nekazaritza Ministerioaren 1981eko martxoaren 2ko Aginduaren bidez.

Kontseilu Arau-emailearen zeregina da Erronkari Gazta sustatu, ikertu eta kontrolatzea, produktuaren kalitatea zaintzeko, INTIA Ziurtapenaren Unitate Teknikoaren bitartez, zeinak kontrolatu eta ziurtatzen baititu, UNE-EN ISO/IEC 17065 arauan ezarritakoarekin bat, nekazaritza, elikadura, mahastizaintza eta ardogintzako produktuak eta edari alkoholdunak, kalitate bereziturako araudi publikoen (jatorri-deiturak, adierazpen geografikoak, araudi publiko espezifikoak, etab.) menpe daudenak.

Horrekin batera, Erronkari jatorri-deitura Reyno Gourmet markak ere babesten du, Nafarroako kalitate ziurtapena duten nekazaritzako elikagaien erreferentziako zigilua den aldetik.

Lorenzo Sarratea Azcarragak hezurmamitzen du, azken batean, azken 40 urteetan abeltzain eta ekoizle belaunaldi batzuek egin duten apustu pertsonala, Nafarroako Mendialdean jarduteko, kalitatean eta produktu esklusiboen ekoizpenean oinarrituta, paregabeko lehengai bat baliatuz: ardi esnea, antzinako garaietatik hasita lurrarekiko lotura bihurtu diren bertako latxa eta rasa ardien esnea, zehazki.

40 urte hauetan, Erronkari Gazta Nafarroaren enbaxadore izan da bere produktuen bidez, eta lagundu du gure erkidegoaren irudia elikagaien bikaintasunarekin lotzen. Erronkari Gazta erabat naturala da, larreetako belarraz eta bazkaz elikatzen diren ardi osasuntsuek, gehienbat bertako latxa arrazakoek, emandako esneaz egina.

Gazta hau egin eta ontzeko eremua da, soilik, Erronkaribarra osatzen duten zazpi udalerriak biltzen dituena: Burgi, Garde, Izaba, Erronkari, Urzainki, Uztarroze eta Bidankoze.

2020an 128 artalde zeuden inskribatuta, eta 38.000 ardi inguru. 2.478.000 litro esne erosi ziren produktua egiteko, eta 400.000 kilo gazta egin ziren. Erronkari Gaztaren jatorri-deitura babestuan, guztira, 5 gaztandegi daude sartuta, nahitaez Erronkaribarrean kokaturik behar dutenak, eta 128 ustiategi, horietatik 4 iaz inskribatuak. Gaur egun 14 marka daude baimenduta Marken Erregistroa Mantentzeko datuen arabera.

Horrenbestez, Erronkari jatorri-deiturak lagundu du eta laguntzen du landa-inguruneak bizirik jarrai dezan, populazioa finkatu eta lurraldea saretzen baitu, eta bereziki garrantzitsua da garapen sozial eta ekonomikorako, bai ibar horretan bai gazta egiteko esnearen jatorriko gainerako eskualdeetan.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Lorenzo Sarratea Azcarraga jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak 2021eko urriaren seian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Lorenzo Sarratea Azcarraga jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko urriaren 6an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2114769