244. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

309E/2021 EBAZPENA, irailaren 20koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Beteluko udal-mugartean brontze galdaketarako instalazio baten ingurumen baimen integratua berrikusten duena. Instalazioaren titularra Wisco Española SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak apirilaren 30eko 0872/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak eguneratua ekainaren 11ko 257E/2014 Ebazpenaren bidez.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, 26. artikuluan ezartzen du ezen baimenaren baldintzak berrikusi egin behar direla teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio honetan egiten den jardueraren sektore industrialari dagokionez, aipatu ondorioak argitara eman ziren Batzordearen ekainaren 13ko 2016/1032 Beterazpen Erabakiaren bidez; erabaki horretan metal ez-ferrosoen industrietarako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria emisioei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat.

2019ko apirilaren 17an, Wisco Española SAri eskatu zitzaion aurkezteko, 2019ko irailaren 30a baino lehen, ingurumen baimen integratua berrikusteko prozedura tramitatzeko beharrezkoa zen dokumentazio teknikoa, instalazioa Batzordearen 2014/687/EB Betearazpen Erabakian eskatzen diren baldintzetara egokitzeko, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginean, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitakoan, 26. artikuluan, xedatutakoa aplikatuz. Titularrak 2020ko irailaren 30ean aurkeztu zuen dokumentazioa.

2020ko otsailaren 4an, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak isurketen onargarritasunari buruzko nahitaezko txosten loteslea eman du, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 19. artikuluan aurreikusita dagoena (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-Dekretuaren bidez onetsi zen), instalazio horren isurketa baimena aldatzeko baldintzak ezarriz.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuen Legea garatzen duen Industria emisioen Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori urriaren 16ko 815/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Adierazitakoari jarraikiz, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak baliatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Berrikustea Beteluko udal-mugartean brontze galdaketarako instalazioaren ingurumen baimen integratua, instalazioa egokitzeko metal ez-ferrosoen industrietarako TEOri buruzko ondorioak ezartzen dituen Batzordearen 2016ko ekainaren 13ko 2016/1032/EB Betearazpen Erabakira; hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak. Instalazio horren titularra Wisco Española SA da.

Bigarrena.–2021eko abenduaren 31 baino lehen, titularrak fabrikaren perimetroko pantaila akustikoak egin beharko ditu, Batzordearen 2016/1032/EB Betearazpen Erabakiaren (2016-06-13koa) 18. TEOa betetzeko. Erabaki horren bidez, metal ez-ferrosoen industrietarako erabilgarri dauden teknika onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dira. Izan ere, halaxe xedatzen du ingurumen baimen integratuaren II. eranskinak 5. atalean (erabilgarri dauden teknikarik onenak), instalazioak sortutako zarata maila murrizteko. Halaber, prozesua ikuskatzeko 4.0 proiektua martxan jarri beharko du.

Hirugarrena.–Era berean, 2021eko abenduaren 31 baino lehen, titularrak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, fabrikaren perimetroan pantaila akustikoen proiektua egiteari eta prozesua ikuskatzeko 4.0 proiektua martxan jartzeari buruzkoa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.

Laugarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena eguneratzea, hots, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Urei buruzko Legearen testu bateginaren (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege-Dekretuaren bidez onetsia) hamargarren xedapen gehigarrian eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Indarraldi horretan zehar legeriak isurketen baimenetarako epe luzeago bat ezartzen badu, ez da eragozpen teknikorik izanen hasierako epea, besterik gabe, arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko. Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikulua eta uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, deusetan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Wisco Española SAri, Beteluko Udalari eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari igortzea, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko irailaren 20an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2114261