244. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

225E/2021 EBAZPENA, irailaren 28koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baitzaio Funesko udal-mugartean baliabide eolikoaren bi neurketa dorre instalatzeko proiektuari. Renovables de la Ribera SL da sustatzailea.

Goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “M” epigrafean dago. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Neurketa anemometrikorako bi dorre instalatzea aurreikusi da, bat normala eta bestea indartua, 80 metroko altuerakoak, Funesko 11. poligonoko 130. lurzatian eta 13. poligonoko 404. lurzatian (ETRS89 UTM30N koordenatuak, X:597.336; Y:4.683.176 y X:598.384; Y:4.681.185).

Bi kasuetan, dorrea sekzio triangeluarreko saretazko egitura bat da, altzairuzko tiranteen bidez heldutakoa, hiru planotan kokatuta, elkarren artean 120º-ko angelua utzita. Dorreak hormigoizko zapaten bidez atxikiko dira lurrera. Alboetako hiru tirante lerroetarako haizeen ainguraketa zapatak dorrearen oinarritik 25 eta 50 metrora proiektatzen dira. Dorreak gorri eta zuri aeronautikoz margotuko dira, eta, horrez gain, gaueko balizamendu autonomoa jartzea planteatzen da, 2 baliza multiled keinukari gorriz osatua.

Espedientean Funesko Udalaren aldeko txostena dago. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak txostena egin du, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin.

Ingurumenaren Eraginaren Atalak aldeko txostena egin du, baldintza batzuk ezarrita, besteak beste: antena autosoportatua izan behar da, eta ez kable txarrantxatuen bidezkoa, fauna hegalariaren gaineko eraginak murrizteko.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Funesko udal-mugartean baliabide eolikoaren bi neurketa dorre instalatzeko proiektuari. Proiektuaren sustatzailea Renovables de la Ribera SL da.

2. Baimen honek honako neurri hauek bete beharko ditu, aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoez gain:

Ingurumen arlokoak:

• Eskatutako neurketa dorreen instalazioa proposatutako kokapenen ingurunean dauden ingurumen balioen kontserbazioarekin bateragarri egiteko, bereziki fauna hegalariarekin, neurketa antenak autosoportatuak izan beharko dira, eusteko kable txarrantxaturik jarri gabe.

• Beharrezkoak diren obrak amaitutakoan, okupatutako eremu osoko obra hondarrak garbituko dira, eta ukitutako eremuak lehengoratu. Obren eragina jasan duten azalera guztiak aurrez behar bezala desugertu eta metatutako lur geruzaz estaliko dira, eta tokiko berezko belar hazien nahasketa batez ereinen dira, laborantzarako ez badira. Soberako lurren eta obra materialen hondakinak kudeatzaile baten esku jarri beharko dira, edo zabortegi baimendura eraman beharko dira, izaeraren arabera.

• Dorrea funtzionamenduan dagoen aldian, jarraipen plan bat garatuko da, puntu hauek aurreikusiko dituena, antzeko beste instalazio batzuetarako ezarrita dagoen antzera:

  • Hilean hileko bisitak, instalazioak abifaunaren gainean duen eragina kontrolatzeko, aztarnarik edo hilotzik dagoen begiratuta.
  • Neurketa antena instalatuta dagoen urteetan, lau hilean behingo txostenak. Txosten horietan, bisita horien emaitzak jasoko dira, abifaunarekin gertatzen ahal diren gorabeheren erregistroari dagokionez: espeziea, kategorizazioa, ezaugarriak (arra/emea/heldua, heldugabea, gaztea, etab.), kopurua, garaia, etab.

• Ingurumen ukipenetarako baimenaren ebazpena ematen denetik gehienez 5 urtera desmuntatuko da dorrea. Eremua garbi geldituko da, eta lurrak leheneratuko dira; sortutako hondakinak bakoitzaren izaeraren arabera kudeatuko dira, dagokien araudia betez.

Hirigintza arlokoak:

• Baimen honek parametro eolikoak neurtzeko bi dorre eraikitzea baizik ez du babesten, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honetan ezartzen diren determinazioei jarraituz.

• Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

• Egin nahi den jarduerak uki edo oztopatu ditzakeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

• Bete beharko da Herri-lurren Atalak 2020ko irailaren 14an emandako txostenean jasotako determinazio hau: “Proiektuak Funesko Udaleko herri-lurren jabegokoak diren eremuak ukitzen dituenez, sustatzaileak Udal horri eskatu beharko dio herri-lur horien desafektazio espediente bat hasteko, erabileraren lagapenagatik, Nafarroako Gobernuari dagokion onarpena eskatuz, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezartzen denaren arabera.”

• Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.

• Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

• Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 6.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo ahalik eta txikienak direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak) 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Funesko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Taldera (Tuterako koordinazio unitatea) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko irailaren 28an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2114401