244. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

84/2021 FORU DEKRETUA, urriaren 6koa, Helena Taberna Ayerra andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Helena Taberna Ayerra altsasuarra gaur egun zinema zuzendari eta gidoilaria bada ere, Nafarroako Gobernuko teknologia berrietarako koordinatzaile gisa egin zituen lehen urratsak ikus-entzunezkoen munduan. 90eko hamarkadaren erdialdean hasi zen zinemagintza profesionalean, eta film labur asko idatzi, zuzendu eta ekoizteko lanak egin zituen, fikziokoak nahiz dokumentalak.

2000. urtean plazaratu zuen bere lehen film luzea, “HYPERLINK “https://eu.wikipedia.org/wiki/Yoyes_(filma)\o “Yoyes (filma)”, “Yoyes”, ETA erakundean ardura postuak izan zituen lehen emakumezkoaren bizitzari buruzkoa, eta oihartzun handia izan zuen kritikari, sariei eta ikusle kopuruei dagokienez.

2002an bere ekoiztetxea sortu zuen, Lamia Producciones, material didaktikoak argitaratzeko sail bat barne, filmen analisia, gaiena nahiz generokoa, hezkuntza, gizarte edo kultura kolektiboetara gerturatzeko helburua zuena. 2003an “Extranjeras” (Atzerritarrak) pelikula dokumentala zuzendu zuen, emigrazioaren fenomenoa jorratzen duena, eta sari bat baino gehiago jaso zituen.

2006an, beste emakumezko zine zuzendari batzuekin batera, Helena Taberna Ayerrak CIMA sortu zuen, emakumezko zinemagileen eta ikus-entzunezkoen arlokoen elkartea. Gaur egun, elkarteak 500 bazkide baino gehiago ditu eta handitzen segitzen du bai proiektuetan bai bazkide kopuruan.

2008an, “La buena nueva” (Berri ona) plazaratu zuen, oraingoan memoria historikoa eta Gerra Zibila gaitzat harturik.

Film horrek 15 sari jaso zituen nazioarteko zenbait jaialditan. 2010ean, “Nagore” film dokumental luzea estreinatu zuen, genero indarkeriari buruz gogoeta egiteko proposamen batekin.

2016an, Tabernak “Acantilado” (Labarrak) zuzendu zuen, Lucía Etxeberria idazlearen “El contenido del silencio” (Isiltasunaren edukia) liburuaren egokitzapen libre bat, sekten unibertsoari buruzkoa.

Bere azken film luzea, “Varados” (Hondartuak), 2019an plazaratu zuen Donostiako 67. Zinemaldiko Zinemira sekzioaren inaugurazioan. Errefuxiatuen egungo egoeraren gaiari heldu zion lan horretan.

Helena Taberna Ayerrak aitortza ugari jaso ditu bere ibilbidean. Gaur egun lanean ari da Isaac Rosaren “Feliz final” (Amaiera zorionekoa) eleberri arrakastatsuaren egokitzapenean, literatur sorkuntzaren mundura hurbiltzeko beste saio batean alegia, hasierako lanetatik landu duen joera.

Erakunde batzuek, besteak beste Euskal Filmotekak, Nafarroako Filmotekarekin elkarlanean, haren filmografiaren atzera-begirakoak antolatu dituzte 2018-2019an, eta 2018an “La luz de un sueño: el cine de Helena Taberna” (Amets baten argia: Helena Tabernaren zinema) argitaratu zen, Carlos Roldán Larretaren liburua.

Kulturaren munduan oro har eta, bereziki, zinemaren munduan izan duen ibilbide luze eta arrakastatsua dela eta, Helena Taberna Ayerra Nafarroako kulturaren enbaxadore bikaina da Estatuan eta nazioartean.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Helena Taberna Ayerra andrea saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak 2021eko urriaren seian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Helena Taberna Ayerra andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko urriaren 6an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2114768