243. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

909E/2021 EBAZPENA, irailaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita Oibarko Udal Planaren aldaketa egituratzaile bati buruz. Aldaketak 8. poligonoko 509. lurzatiari eragiten dio, eta Francisco Ruiz Usoz da sustatzailea.

Oibarko Udalak 2021eko uztailaren 9an onetsi zuen, hasiera batez, aldaketa hori, eta jendaurrean jarri zuen iragarki bat argitaratuta Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 182. zenbakian, 2021eko abuztuaren 5ekoan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren xedea da udalerriko hiri-lurzoruan sartzea 8. poligonoko 509. lurzatia; guztira 924,46 m²-ko azalera du, eta etxebizitza bat ezartzeko erabiliko da.

509. lurzatia herriaren ipar-mendebaldeko sarreran dago, NA-5120 errepidearen oinean eta 508A hiri-lurzatiaren ondoan. Lurzati horrek etxebizitza hornitzeko behar diren zerbitzu eta azpiegitura guztiak ditu.

Larreak eta sastraka baxuak dituen lursail batean eginen da aldaketa, eta, ez duenez ingurumen balio nabarmeneko elementurik ez gunerik, proposatutako erabilera aldaketak ez du ingurumenean eragin nabarmenik eraginen. Proposamenean, lehendik dagoen oinezkoentzako espaloiari jarraipena ematea aurreikusten da.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazioaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Oibarko Udal Planaren aldaketa egituratzaileari buruz, ez baitu ondorio nabarmenik sortuko ingurumenean. Aldaketak 8. poligonoko 509. lurzatiari eragiten dio, eta Francisco Ruiz Usoz da sustatzailea. Eremua urbanizatzeko, determinazio lotesle gisa sartuko da honako hau: hiri-lurzoruan dagoen espaloiaren ondoan zuhaitzak landatzen jarraitzea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Oibarko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko irailaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2113920