243. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

214E/2021 EBAZPENA, irailaren 17koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baitzaio Aezkoa ibarraren eta Agoitzen arteko EuroVelo 3 ibilbidea eraikitzeko eta hobetzeko proiektuari. Orbaizetako, Orreagako, Aurizko, Erroibarko, Artzibarko, Longidako eta Agoizko udal-mugarteak hartzen ditu barnean, eta sustatzailea Navarra de Suelo y Vivienda SA da.

2021eko martxoaren 22an, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D) epigrafean dago. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen duenez, ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko ditu lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuaren (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketa Orbaizetatik Agoitzera EuroVelo 3 ibilbidea sortzeko bideak eraiki eta hobetzean datza. Europako POCTEFA BICIMUGI proiektuaren barruan sartzen da. Trazadura Organbideko lepoan hasten da, Orbaizetako iparraldeko mugan, eta hegoalderantz doa, arma-olaraino. Han mendebaldera egiten du, eta Orreagako kolegiatara iristen da, Nabalako pistatik; hegoaldera egiten du berriro, Auriztik igarota (tarte horretan Donejakue bidearekin bat egiten du), Aurizberriko (Erroibar) Urrobi kanpinera iritsi aurretik. Handik, NA-1720 errepidearekiko paraleloan doa Artzibartik barrena, Lusarreta, Zaragueta eta Urdirotz igarota, eta, azken herri hori atzean utzi ondoren, trazadurak bat egiten du aipatutako errepidearekin, Uriztik igarota, Zanduetaraino. Puntu horretan, Urrobi ibaia zeharkatzen du zubi batetik, eta hegoalderantz jarraitzen du ibaiaren ezkerreko ertzetik. NA-2040 errepidea gurutzatzen du azpitik, tunel bat erabiliz, Artzira iritsi aurretik, eta, han, Itoitz urtegia inguratzen duen bidea hartzen du, Nagoreko presaraino. Presa horretatik igaro ondoren, NA-1720 errepidea zeharkatu, eta Olaberriraino (Longida) iristen den mendiko bide bat hartzen du. Han, NA-2355 errepidea hartzen du, eta, Nafarroako ubidera iritsi aurretik, ekialderantz doan bide batetik doa, ubidea inguratuz, eta Agoitzen amaitzen da.

Trazadura osotik (57,13 km), 20,19 km egoera onean dauden errepide edo bideetatik igarotzen dira, eta seinaleak bakarrik jarri beharko dira; horretarako, zanga txiki bat irekiko da, eta hormigoia jarriko, egurrezko zutoin adierazleei eusteko. Beste zati batzuk (31,88 km guztira) lehendik dauden bideetatik doaz, eta horietan dagoen kutxa hobetu beharko da. Horretarako, makinekin sartu beharko da (arekak ez ezik, zorua ere hobetu behar da, kareharrizko agregakinen bidez). Azkenik, lehendik dagoen kutxa handitu beharko da bidearen 480 metrotan, eta bide berriak ireki, 4,58 km-tan. Zati horiek izanen dira inpaktu handiena eraginen dutenak, lurrak mugitu eta landaredia betiko hondatuko baita zehaztutako zabaleran. Zabalera horrek eraikuntzako makinak, materialak ekartzekoak eta azpiegitura mantentzekoak igarotzeko modukoak izan behar du. Proiektuaren arabera, ateratako material harritsua, birrindu ondoren, bidearen oinarri gisa erabiltzen ahalko da; horrela, ez da lubetetara botako, eta ez du inpaktu handiagoa eraginen ikusmenari eta landarediari dagokienez. Kareharrizko agregakinak bidetik bertatik gehituko dira.

Gainera, trazadura osoan drainatze hodiak, hesiak, kanadar pasabideak edota ateak jartzea aurreikusten da, bai eta errekak garbitzea ere. Horrez gain, 12 metro luzeko eta 1,5 metro zabaleko zurezko pasabide bat eraikiko da Xuringoa errekaren gainean (Urrobi kanpinaren inguruan); beraz, hormigoizko zapatak eraiki beharko dira ibilguaren ertzetan. Pasabidea garabi kamioiaren bidez jarriko da. Kamioi horrek lehendik dagoen belardian egon beharko du, eta, bertan bidea irekiko denez, ez du kalte gehigarririk eraginen. Hormigoizko sakangune bat ere jarriko da Longidako udal-mugartean.

Ibilbidearen hasierako zatia –mugatik Orbaizetako arma-olaraino doana– “Orreaga-Iratiko Oihana” Kontserbazio Bereziko Eremuan sartzen da. Puntu horretatik Orreagara iritsi arte, trazadura KBEaren hegoaldeko mugatik igarotzen da gehienbat, Nabalako pistatik (zenbait hobekuntza egin beharko dira bertan). Pagadi azidofilo atlantiko bat da, haritz kandugabea duena (Europar Batasunaren intereseko 9120 habitata); kontserbazio egoera onean dago, eta haren zati bat KBEan sartuta dago. Trazadurak Urrobi kanpinaren eta Lusarretaren artean zeharkatzen du habitat mota hori, hobetu behar den mendiko pista batean zehar. Orreagako udalerritik igarotzean, trazadurak “Orreaga-Ortzantzurieta” paisaia berezia ere zeharkatzen du.

Gainera, ibilbidea “Irati, Urrobi eta Erro ibaien sistema” KBEaren barrualdetik edo inguruetatik igarotzen da, eta, bertan, ibai habitatek garrantzia hartzen dute; horien artean, lehentasunezko 91E0* habitata nabarmentzen da (haltzadiak, lizardiak eta sahasti alubialak). Hauek dira tarterik sentikorrenak:

–Bide berria irekitzea Aurizberriko kanpinera iritsi aurretik, Urrobi ibaitik oso gertu. Tarte horretan, gainera, pasabide bat eraikiko da Xuringoa erreka zeharkatzeko; ez dago KBEan sartuta, baina Urrobi ibaira isurtzen ditu urak, puntu horretatik 250 metro hegoaldera.

–Urrobi ibaia Zanduetan gurutzatzea, lehendik dagoen zubi batetik. Tarte horretako bidean hobekuntzak egitea aurreikusi da.

–Tarte berri bat irekiko da Zandueta eta Artzi artean, KBEtik kanpo –baina, zenbait tokitan, oso distantzia txikira–, malda handiko eremu batean.

Nagoretik aurrera, “Artxugako mendilerroa, Zarikieta eta Aretako Mendiak” KBEtik gertu doa ibilbidea.

Proiektuak ez die eragiten ez Natura 2000 Sareko gune babestuen (“Orreaga-Iratiko Oihana” KBEa, “Irati, Urrobi eta Erro ibaien sistema” KBEa eta “Artxugako mendilerroa, Zarikieta eta Aretako mendiak” KBEa) osotasunari ez balioei, betiere ingurumen ukipenen azterketako neurriak eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen badira.

Hirigintzarekiko bateragarritasunari buruzko txostena eskatu zaie Orbaizeta, Orreaga, Auritz, Erroibar, Artzibar, Longida eta Agoizko udalei. Espedientean Erroibarko Udalaren aldeko txostena dago.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak adierazi du ez duela txostenik behar, eskaerak ez duelako aurreikusten lurzoru urbanizaezinean egiteko baimena behar duen jarduketarik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuaren (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 110. eta 117. artikuluetan araututakoaren arabera.

Ibai Ingurunearen Atalak, Oihanak Kudeatzeko Atalak, Baso Plangintza eta Ingurumen Hezkuntzaren Atalak eta Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman dute, baina zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Aezkoa ibarraren eta Agoitzen arteko EuroVelo 3 ibilbidea eraikitzeko eta hobetzeko proiektuari. Orbaizetako, Orreagako, Aurizko, Erroibarko, Artzibarko, Longidako eta Agoizko udal-mugarteak hartzen ditu barnean, eta sustatzailea Navarra de Suelo y Vivienda SA da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Lanek ibaiertzeko landaredia errespetatu beharko dute, eta, eragin zehatzen bat egin behar izanez gero, lursaila lehen zegoen moduan utzi beharko da lanak bukatutakoan.

–Pasabidea hormigoizko zapaten gainean jarriko da; beraz, ez du ekarriko ibilguaren sekzioa estutzea.

–Obrak hasi baino 48 ordu lehenago, gutxienez, Ingurumena Zaintzeko Atalari abisatu beharko zaio, bai Aezkoa-Kintoa barrutikoari (telefonoa: 948184715 edo 686502927; helbide elektronikoa: gmaaezkoa@navarra.es) bai Agoizkoari (telefonoa: 948334213 edo 608062669; helbide elektronikoa: gmaaoiz@navarra.es), obrak ikuska ditzan, eta, hala badagokio, zuhaitzak markatu eta arrainak kendu.

–Ibilgua ukitzen duten lanak ekainetik azarora bitartean eginen dira, salmonidoen ugaltze aldia ez oztopatzeko.

–Ibaietatik gertu dauden jarduketa eremuak bisoi europarraren ohiko habitata direnez, espeziearen ugalketa aldian daudela eragozpenik ez sortzeko, lanak irailetik martxora arte eginen dira.

–Espresuki debekatuta dago ibai ibilguan edonolako isuriak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak eta hormigoia. Obrak hormigoizko unitateak dituenez, arreta berezia jarriko da ibilgura hormigoi freskorik ez isurtzeko, horrek eragin hilgarria eta berehalakoa baitu arrainengan.

–Zuhaitzak kenduz gero, egur gisa erabiltzen ahalko dira. Mozketatik eta sastrakak kentzetik sortutako gainerako landare hondakinak zatitu eginen dira, eta homogeneoki banatuko dira eremuan.

–Obra hondakin guztiak hondakinen kudeatzaile baimendu baten eskura jarri beharko dira, araudian bertan ezarritako moduan.

–Sustatzaileak beste baimen batzuk lortu beharko ditu, indarrean dagoen legeriaren arabera, eta, zehazki, arroko erakunde eskudunaren arabera.

–Hobe da AR-T23 zatian kutxa ez irekitzea, eta trazadura aldatzea Zaragueta barrutik joan dadin, lehendik dauden azpiegiturak erabiliz. Hori egin ezin bada, ahalik eta gutxien eragin beharko zaio tarte horretako landaredi naturalari.

–Orreaga-Iratiko Oihana KBEaren inguruan egin beharreko lanak –Orbaizetako arma-ola eta Orreagaren artean– espezie sentikorren (pizidoen) aldi kritikotik kanpo eginen dira, alegia, otsailaren 15etik ekainaren 15era bitartean.

–Arekak irekitzean, zabaltzean edo garbitzean, arreta berezia jarriko da zutik dauden zuhaitzen sustrai sistemetan eraginik ez izateko eta, segurtasun arrazoiak direla medio, zuhaitzak bota behar ez izateko. Arreta jarriko da, bereziki, zuhaitz handien, adartsuen, lepatuen, zahartuen edo traketsen inguruetan, edota faunako espezieek elikatzeko, babesteko edo ugalketarako erabiltzen dituztenetan.

–Kontuz egin beharko da lan, obrek zuhaitzetan eragindako zulo eta pitzaduretan kiropteroak egon daitezkeelako; halakorik aurkituz gero, ingurumen zaindariari jakinaraziko zaio. Edonola ere, zuhaitzak ugaltze garaitik kanpo moztuko dira, alegia, apirilaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean.

–Ez dago baimendurik obrako materialak pilatzea, ezta makinak izateko lekua ingurumenaren aldetik sentikorrak diren tokietan kokatzea ere (naturagune babestuak edo Natura 2000 Sarea, baso formazio naturalak eta ibai bazterrak).

–Lanek adarretan eta enborretan eragindako ebakiak eta urradurak errepasatu eginen dira lanak bukatutakoan, eta, hala, mozketa garbiak eta inausketa ongi eginak geldituko dira, zuhaitzek ez dezaten osasun arazorik izan.

–Lanak bukatutakoan, garbiketa eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondakin eta zabor guztiak kentzeko.

–Proiektua gauzatu ondoren, obrek ukitutako gainazal guztiak lehengoratuko dira. Landare lurra zabaldu ondoren, eremua profilatuko da, inguruko lurrekin modu egokian bat egin arte alderdi fisiografikoari dagokionez. Ondoren, espezie autoktonoak ereinda landareztatuko dira azalerak, proiektuaren zuzenketa neurrietan aurreikusi den bezala.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.

–Donejakue bideari ahalik eta kalte gutxien eragiteko, honako baldintza hauek hartu beharko dira kontuan:

  • Lanak hasi baino 48 ordu lehenago, Aezkoa-Kintoa barrutiko Ingurumena Zaintzeko Atala jakinaren gainean jarriko da (telefonoa: 948184715 edo 686502927; helbide elektronikoa: gmaaezkoa@navarra.es).
  • Lanak erromes gutxien dagoen hilabeteetan egitea gomendatzen da (azarotik aurrera), ahalik eta kalte gutxien eragiteko.
  • Baldin eta 20 cm-tik gorako zuhaitzak kentzen badira (altuera arruntean neurtuta), Aezkoa-Kintoa barrutiko Ingurumena Zaintzeko Atalari jakinarazi beharko zaio, eta hark markatu beharko ditu, ondoren mozteko.
  • Mozketatik eta sastrakak kentzetik sortutako landare hondakinak eta obra hondakinak hondakinen kudeatzaile baimendu baten eskura jarri beharko dira, araudian bertan ezarritako baldintzetan, Donejakue bideko gainerako erabiltzaileekin arrisku egoera oro saihesteko.

–Baso, abeltzaintza eta ehiza erabilerak dituzten lursailetatik igarotzen da ibilbidea, eta, beraz, kanadar pasabideak ez ezik, oinezkoei erabilera horien berri ematen dieten abisuak ere jarri beharko dira.

–Txostena egin, eta ukitutako lursailen titularren oniritzia jaso beharko da. Sustatzaileak tarte sentikor guztien (higadura jasan dezaketenak, faunan/abeltzaintzan eragina izan dezaketenak, etab.) jarraipena egin beharko du aldian behin. Ibilbideak ikuskatzeko sistema bat ezarri beharko da, eraginak ebaluatzeko eta garbiketa bermatzeko, hondakinak gaitutako tokietara eramanda. Horri esker, tarte jakinetan narriadura saihesteko esku hartzen ahal den erabakitzen ahalko da. Horregatik, sustatzaileak jarraipen sistema bat ezarri beharko du, eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari jakinaraziko zaio, gutxienez honako hauek zehaztuta:

  • Arduraduna.
  • Aldizkakotasuna (a priori, urtean behin eginen dira berrikuspenak, baina tartearen edo ibilbidearen arabera alda daiteke).
  • Jarraipena egiteko prozedura edo modua.
  • Gorabeherak biltzeko edo jasotzeko modua.

Informazio hori Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko unitateek eskatzen ahalko dute, beren eskumenen esparruan, eta haien esku jarri beharko da.

–Baldin eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko unitateren bat ohartzen bada kalteak gertatu direla, espezie kalteberak daudela edo higadura arazoak daudela, besteak beste, proiektuaren sustatzaileari eskatzen ahalko dio ezar ditzala zuzenketa neurriak, hala nola ibilbidearen trazadura aldatzea asko higatutako aldeetan, arazoak dauden tarteak mugatzea/ixtea, zuzenketa jarduketak eta eragina murrizteko jarduketak egitea, eta abar.

–Gomendatzen da segurtasuna aztertzea, ibilbideak igarotzen diren alde batzuk, askotan, helezinak eta estaldura txarrekoak direlako eta jarduerek zenbait arrisku dakartelako.

–Erabiltzaileentzako informazioan (webgunea, harreragunea, eta abar) aipatu beharko da ibilbidearen tarte gehienak naturaguneetan daudela eta begirunea zor zaiela. Hori guztia lortuko bada, ibilbideetan jende gehiegi ibiltzea eragotzi behar da, zaratak eta zalapartak murriztu, eta erabiltzaileei jakinarazi aldi kritikoak daudela, espezie batzuk ugaltzen direlako (martxotik ekainera bitartean, oro har), bai eta tarte jakin batzuk sentikorrak direla ere (zuhaitz helduak, harkaitzak, abereak dabiltzan tokiak, hezeguneak eta abar).

–Pentsatzekoa da ibilbideok nolabaiteko eragina edukiko dutela mendiaren ohiko erabileretan, baina ezin da zehatz-mehatz jakin non gertatuko den, ezta noiz ere. Erabiltzaileei jakinarazi beharko zaie ibilbide horren erabilera bateragarria izan behar dela ohiko erabilerekin eta beste jarduera batzuekin. Horrenbestez, ibilbideek eragina eduki dezakete abeltzaintzan, zur aprobetxamenduetan, ehizan eta beste jarduera batzuetan. Hona zehatzago:

  • Baso aprobetxamenduak edo lanak: Baliteke ibilbideak igarotzen diren toki batzuetan baso aprobetxamenduak egitea. Horregatik, ezbeharrik gerta ez dadin, lanen berri eman beharko da, eta behar diren neurriak hartu. Beraz, bidezidorren inguruan baso ustiapenean ari badira, horren berri eman beharko da, lanak egiten ari den enpresak bere seinaleak jartzea gorabehera, erabiltzaileak kontuz ibil daitezen eta inolako ukipenik izan ez dadin erabiltzaileen eta langileen artean.
  • Abeltzaintzako aprobetxamenduak. Ibilbideek abereak aztoratzen ahal dituzte. Ibilbideetan txakurrak nola ibili behar diren arautu behar da, eragozpenak sortzen ahal baitizkiete beste erabiltzaile batzuei eta inguruko abereei. Jakinarazi beharko da, eta agindu, abere guneetan txakurrak lotuta eduki behar direla beti. Ibilbideetan itxitura bat igaro behar izanez gero, kanadar pasabideak jarri beharko dira, edo bestela, gainbideak, behar bezala (zurezko elementu horizontalekin); ez da jarri behar “ireki eta itxi” beharreko atakarik, halakoetan oso litekeena baita ataka zabalik gelditzea.
  • Ehiza aprobetxamenduak. Uxaldiak, orkatz ehizako zelatak, uso pasa, oilagor ehiza... urtean zehar ehiztariak era askotako modalitateetan aritzen dira mendi hauetan. Ehiza esparruen titularrek argi utzi behar diete ehiza aprobetxamenduen esleipendunei nondik doazen ibilbideak, erabiltzaileak arriskuan ez jartzeko. Modalitate batzuetan (uxaldiak) seinaleak jarri behar dira nahitaez. Orobat, sustatzaileak ehiza arriskuen berri eman behar lieke erabiltzaileei, eta jakinarazi urteko aldi jakin batzuetan ehizan egiten dela.

–Ingurumen ukipenen azterketan ezarritako zuzenketa neurri guztiak bete beharko dira.

–Gainera, honako arau hauetan xedatutakoa bete beharko da:

  • 2/1993 Foru Legea, martxoaren 5ekoa, basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzkoa.
  • 13/1990 Foru Legea, abenduaren 31koa, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzkoa (3/2007 Foru Legeak aldatua).
  • 59/1992 Foru Dekretua (Mendien Erregelamendua), lehen aipatutako foru legea garatzen duena.

–Azkenik, honako baldintza espezifiko hauek beteko dira tarte bakoitzerako:

Aezkoa-Orreaga tartea:

Zati osoa lehendik dauden bideetatik igarotzen da. Materiala ekarriko da beharrezkoa den lekuetara. Orreagan burdinazko bi ataka berde daude, eta errespetatu egin beharko dira. Pistak abeltzaintzarako, basogintzarako eta ehizarako dira; beraz, erabilera hori gogorarazteko kartelak jartzea gomendatzen da.

Orreaga-Urrobi kanpina tartea:

Garraldako errepidetik Urrobi kanpineraino, kutxak jarriko dira belardian. Jarduketaren ondoren lehengoratu egin beharko da.

Urrobi kanpina-Lusarreta tartea:

Ibilbidea errepide zaharretik (% 90) eta herriraino doan bide bikeztatutik (% 10) igarotzen da. Kanadar pasabideak jarriko dira lehendik dauden alanbrezko ataka edo pasabide guztietan. Ibilbideko bideak eta pistak egokitzeko, sastrakak eta landareak kenduko dira areketatik eta ertzetatik. Lan horiek altueran ebaki garbiak egiten dituzten makinekin egin beharko dira, eta arrasean ebakiak egiten dituztenekin, landareak edo zuhaitzak kendu behar badira.

T1 puntuan, ezpelen zati bat dago; areka berean daude, eta heskai natural bat sortzen dute. Uste da ez diola batere eragiten egoera onean dagoen pistari, eta, beraz, heskai hori errespetatuko da, eta mantentze lanak baino ez dira eginen, makina egokia erabiliz (ebaketa garbiak egiten dituen heskaiak moztekoa, esaterako).

Lusarreta-Zaragueta tartea:

Honako hauek izanen dira aurreikusitako jarduketak: zorua, drainatzeak eta urez bete daitezkeen guneetako arekak hobetzea eta kutxa txikiak irekitzea lehendik dagoen bidezidorrean. Lanak amaitutakoan, jarduketa guztiek ahalik eragin bisual txikiena izan beharko dute.

Zaragueta-Urdirotz tartea:

Zaraguetatik igarotzean, ibilbiderik errazena herriaren inguruan dagoen azpiegitura erabiltzea denez eta akordiorik lortu ez denez, bide berri bat egokitu behar da hirigunearen hego-ekialdean. AR-T-33 tartean akats bat aurkitu da egin beharreko jarduketetan: bidea egokitu beharrean, ireki egin behar da (130 m.l.).

AR-T-34 eta AR-T-36 tarteen artean galtzada erromatarra erabiltzen denez, obrak hasi aurretik, Nafarroako Gobernuko Arkeologia Atalaren aldeko txostena lortu beharko da.

Makina egokiekin egin beharko da landarediaren gaineko jarduketa oro, bai landaredia kentzeko jarduketak bai inaustekoak, eta mantendu behar diren oinak ahalik eta gehien errespetatuko dira. Nahitaez ebaki eta inausi behar diren landareen kasuan, urradurak saihestu beharko dira.

Kutxa zabalgunean izan daitekeen eragina minimizatuko da; horretarako, ez da isuririk eginen lubetara, eta zorurako material harritsua aprobetxatuko da. Landare lurra erabiliko da jarduketa horrek ezinbestean ukitzen dituen guneak birlandatzeko.

AR-T-38 tarteari dagokionez, neurketen koadroan 270 m.l-ko hormigoiztatze gisa jasotzen da, eta trazaduran ez da jarduketa hori aurreikusten, beharrezkoa bada ere.

Zandueta-Artziko jaurerria tartea:

Tarte hori NBOtik igarotzen da, eta bertan honako hau proposatzen da: lehendik dagoen bidea zabaltzea (125 m.l), lehendik dagoen bidearen gainean kutxak irekitzea (350 m.l.) eta beste kutxa bat irekitzea (150 m.l). Ez da arazorik ikusten jarduketa egiteko. Tarte txiki batean ezin izanen da indusketako materialik isuri Urrobi ibaira; horretarako, lehendik dagoen bidezidorreko adarretako bat erabiliko da.

Pinus nigra espeziearen 55 oin inguru moztu behar dira –12 cm-ko diametroa dute, batez beste, 12 m-ko altuera–, bai eta lehen belaunaldiko Pinus sylvestris espeziearen oinen bat ere. Oin horiek zatitu eta atera egin behar dira, izurriek kalterik ez eragiteko.

Artziko jaurerria-Nagore tartea:

Lehendik dauden azpiegituretatik igarotzen da tarte osoa, eta ez dago esku hartze aipagarririk.

Nagore-Olorizko NBO tartea:

Tarte osoa egindako azpiegituren gainetik doa, eta, garbiketa lanak egin behar dira.

areketan, eta zorua sendotu, inpakturik eragin gabe. UTM X: 631462, Y: 4745405 koordenatuetan, kanadar pasabidea jarri behar da, errepidean aziendari kalterik ez eragiteko.

Oloritz-Artzi amaiera tartea:

Bide bazterretako landaredia eta arekak garbitu behar dira tresna egokiekin. AR-T-70 tarteko eremu lauan proposatutako areketan, ezinbestekotzat jotzen da gutxienez bi unitate jartzea, malda txikia duenez, ura bidean pilatzen delako.

Longida-Agoitz tartea:

Proposatutako jarduketak egokitzat jotzen dira.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuaren (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen; beraz, espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztuta, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Ibai Ingurunearen Atalari, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalari, Oihanak Kudeatzeko Atalari, Baso Plangintzari eta Ingurumen Hezkuntzaren Atalari; Orbaizeta, Orreaga, Auritz, Erroibar, Artzibar, Longida eta Agoizko udalei; Ingurumena Zaintzeko Atalari (Aezkoa-Kintoa eta Agoizko koordinazio unitateak), eta interesdunari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko irailaren 17an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2113888