243. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

212E/2021 EBAZPENA, irailaren 17koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baitzaio Cárcarko bentaren inguruaren eta Cárcar-Andosilla kolektore nagusiaren arteko saneamendu kolektoreari buruzko proiektuari. Cárcarko udal-mugartean sartzen da, eta sustatzailea Jurramendiko Mankomunitatea da.

2021eko apirilaren 7an goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartuta dago (“Goi presioko ur horniduraren eta saneamenduaren garraiobideak, beste eranskinetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean egiten badira). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten du.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen duenez, ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko ditu lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuaren (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren bidez, saneamendu kolektore berri bat eraikiko da (955 metro luzekoa), Cárcarko bentaren inguruaren eta Cárcar-Andosilla kolektore nagusiaren artean, eta, hala, Cárcarko bentaren inguruko saneamendu arazoa konponduko da. Eremu hori Cárcarko hirigunetik 2 kilometrora dago, iparralderantz, eta, bertan, etxebizitza sakabanatuak, negozioak eta saltokiak daude. Horiek putzu arruntetara eta putzu septiko partikularretara egiten dituzte isuriak, baita ureztapen erreten propioetara ere.

Proiektatutako hondakin uren kolektore berria bi tarteren bidez hasten da, Cárcarko bentaren inguruko lurzoru urbanizagarrian, Lizarra-Cárcar NA-122 errepidearen iparraldean. Bi tarteek NA-122 errepidea zeharkatzen dute paraleloki, eta, hortik, hodi bakarrean lotzen dira, lurzoru urbanizaezinean, hegoalderantz jota. Bermatik eta bide horrekiko paraleloan doan bidetik doa. Puntu horretan, 644 eta 643 hiri lurzatietako urak biltzen dituen hargunearekin lotzen da, “Las Eras” baratze bidetik ekialdera egiten du, eta, 180 metroren ondoren, 1. poligonoko 343. lurzatian sartzen da. Handik, eta 220. eta 219. lurzatiak zeharkatuta, bidera iristen da berriz ere, eta, azkenean, Cárcar-Andosilla kolektore nagusiarekin lotzen da, polizia-eremuan, Ega ibaiaren ezkerreko ertzean; kolektore hori Ega Beheko araztegiarekin lotzen da, San Adriángo udal-mugartean.

Proposatutako lurpeko kanalizazioaren trazadura berria Ega ibaiaren ibarrean garatzen da, ubide sare baten gainean, lursail ureztatuan. 955 metroko luzera izanen du, eta 1,85 eta 3,70 m arteko sakonerako zanga bidez eginen da. Zangak PVCzko 250 mm-ko diametroko hodi nagusia hartuko du, eta 200 mm-ko diametroko hargune zatiak izanen ditu (hodi nagusira isuriko dute). 12 metro zabal hartuko ditu, aldi batez. Trazaduran zehar, 6 aldiz zeharkatuko dira ur kanalak, eta 4 aldiz NA-122 errepidea, eta 21 kontrol-putzu (1 m-ko diametrokoak) eta 3 kutxatila jarriko dira (60 cm-ko diametrokoak).

CRMA (Milagro-Aezkoa errege altxonbidea) eta EIN (Ebroko Iraganbide Nagusia) lotzen dituen 16. abelbidea NA-122 errepidearen kontrako ertzetik doa (hor eraikiko da kolektore berria); beraz, ez da aurreikusten abelbide horri eraginen dionik.

Las Erasko bidean dauden hainbat zuhaitzek eta 613. eta 341. lurzatietako arbendol plantazio batek izan dezakete eragina.

Nabarmendu behar da igaraba (Lutra lutra) eta bisoi europarra (Mustela lutreola) daudela Ega ibaiaren tartean, jarduketa eremuaren ondoan. Espezie mehatxatuak dira biak, eta Babes Bereziko Araubidean dauden Basaespezieen Zerrendan eta Basaespezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan (LESRPE) daude sartuta. Otsailaren 4ko 139/2011 Errege Dekretuaren bidez garatu ziren, eta errege dekretua, era berean, AAA/75/2012, AAA/1771/2015 eta AAA/1351/2016 aginduek aldatu zuten (galzoriko espezietzat sailkatu zituen azkenak). Hala ere, ez da uste obrek espezie horiei eraginen dienik; izan ere, obrek ukitutako ubide zatiek landare gutxi dute, eta Ega ibaiaren ibilgutik nahiko urrun daude.

Espedientean aldeko txostenak daude jasota, bai Cárcarko Udalak 2021eko apirilaren 7an egindakoa bai Lurraldearen Antolamenduaren Atalak 2021eko abuztuaren 20an egindakoa. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina ebazpen honetan biltzen diren determinazioak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Cárcarko bentaren inguruaren eta Cárcar-Andosilla kolektore nagusiaren arteko saneamendu kolektoreari buruzko proiektuari. Cárcarko udal-mugartean sartzen da, eta sustatzailea Jurramendiko Mankomunitatea da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Materialak pilatzeko eta makinak aparkatzeko eremuak ur ibilgu eta kanaletatik urrunduko dira, eta berariaz debekatuko da horietara isurtzea. Halaber, arreta berezia jarriko da gai kutsatzaileak kudeatzean, hala nola gasolioa, olioak eta hormigoia. Hormigoi freskoa ibilguan botaz gero, arrain fauna berehala hilko litzateke.

–Obrak egin ondoren erabiltzen ez diren instalazio septikoak bertan behera utziko dira, eta kudeatzaile baimenduak kudeatu beharko ditu sortzen diren hondakinak.

–Kontrol-putzuak eta zerbitzuko kutxatilak behar bezala berdinduko dira ukitutako bideekin.

–Ingurumen ukipenen azterketan bildutako prebentzio eta zuzenketa neurri guztiak bete beharko dira, baita Ingurumen Zaintzarako Plana ere.

–Egin beharreko obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira. Horretarako, obrak hasten direnean, landare lurreko geruza kendu, eta aparte pilatuko da, indusketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko lanetan erabili ahal izateko. Horietan, landare lurra barreiatu eta profilatuko da, inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia izan arte. Lehengoratze lanak egitean, makinak igarotzean ukitutako laborantza lurrak destrinkotu beharko dira.

–Obrak egiten diren bitartean kaltetutako zuhaitzak, zuhaixkak eta heskaiak berriz landatuko dira, eta inguruko berezko belar espezie autoktonoak dituzten bide edo errepideekin bat ez datozen eremuak ereinen dira.

–Hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu obran bertan erabiltzen ez diren indusketako soberako lurrak. Sortzen diren gainerako hondakin guztiak era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, bat etorriz hondakinei buruz indarrean den araudiarekin.

–Obrak egitean, zuhaitz eta/edo zuhaixkak kendu behar badira, horren berri eman eta baimena eskatu behar zaio, aldez aurretik, Oihanak Kudeatzeko Atalari, bat etorriz Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoarekin (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatu zuen lege hori) eta hura garatzen duen erregelamenduarekin.

–Ingurumeneko Zaintza jakinaren gainean jarri beharko da, baldin eta, obra-zuinketaren unean, zuhaitzak markatzea beharrezkoa bada gero mozteko, eta ukitutako erretenetan katalogatutako fauna espezieak egon daitezkeela jakinarazteko. Horretarako, 48 ordu lehenago harremanetan jarriko da Ingurumena Zaintzeko Atalarekin (Lizarra 2 Koordinazio Unitatea) (telefonoa: 686504345; helbide elektronikoa: gmaestellasur@navarra.es).

Hirigintza arlokoak:

–Proiektatutako azpiegituraren zatia baizik ez du babesten baimen honek (lurzoru urbanizaezinean dago kokatua), aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honetan ezartzen diren determinazioei jarraikiz.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean jarri nahi diren jarduera zehatzak saneamendu sistemara lotzea.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren lur gaineko elementuek 3 metroko zortasun-eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.

–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

–Aintzat hartu beharko da Herri-lurren Atalaren 2021eko martxoaren 15eko txostena. Bertan, honako aukera hauek proposatzen dira Cárcarko Udalak 1. poligonoko 187. lurzatian jardun dezan:

1.–Okupazio espediente bat izapidetzea eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalak onets dezala lortzea. Horretarako, nahitaezko izapideen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin.

2.–Katastroa aldatzeko prozedura hastea, herri-lurzatiaren erabilera bide publiko bihurtzeko eskatuta. Horretarako, Cárcarko Udalak katastroa aldatzeko interes publikoaren adierazpena egin beharko du, udalerriko katastroa hobetze aldera.

–Nolanahi ere, Cárcarko Udala arduratzen da udalerriko katastro egoera behar bezala mantentzeaz, eta, beraz, Cárcarko bentaren inguruko katastroa ikertzeko eta zuzentzeko prozedura hasi beharko luke.

–Trazadurak errepide sareari eragiten dionez, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak otsailaren 18an emandako 159/2021 Ebazpeneko zehaztapenak bete beharko dira. Ebazpen horren bidez, Jurramendiko Mankomunitateari baimena ematen zaio honako hauek egiteko: lurpeko hiru gurutzaketa egitea, kolektoreak tinkatzeko sistemaren bidez, 31+517, 31+694 eta 31+795 kilometro puntuetan; aire zabaleko gurutzaketa bat egitea 31+555 kilometro puntuan, eta luzetarako lurpeko eroanbide bat instalatzea NA-122 “Lizarra-Cárcar” errepidearekiko paraleloan, eskuineko ertzean, 31+517 eta 31+694 kilometro puntuetan, eta ezkerraldean, 31+555 eta 31+580 kilometro puntuetan (espedientea: AOP 2021/73).

–Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena lortu beharko du, azpiegituraren zati bat Ega ibaiaren polizia-eremuan eginen delako.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluarekin bat, ebazpen honen barruko jarduketa edo esku hartzeak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Hortik aurrera, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzten bada, jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko ditu bost urteko epean, gehienez ere, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Hori horrela, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, Udalak, jarduera honen sustatzaile den aldetik, konpromisoa hartuko du, adierazpen baten bidez, lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko, gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

3. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak) 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen; beraz, espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztuta, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Cárcarko Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Lizarra 2 Koordinazio Unitatea), Herri-lurren Atalari, Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari eta interesdunari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko irailaren 17an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2113887