243. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

211E/2021 EBAZPENA, irailaren 17koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baitzaio Urritzola-Galain Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen goi hornidurako sarea hornidurara lotzeko proiektuari. Ultzamako udal-mugartean sartzen da, eta sustatzailea Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatea da.

2021eko maiatzaren 11n, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartuta dago (“Goi presioko ur horniduraren eta saneamenduaren garraiobideak, beste eranskinetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean egiten badira). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten du.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen duenez, ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko ditu lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuaren (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Urritzola-Galaingo kontzejuko ur hornidura bigarren mailako adar baten bidez goi hornidurako sarera konektatzea da proiektatutako jarduketaren helburua. Adar horrek bulkada sistema bat behar du bi hiriguneen eta lotutako puntuen hornidura bermatzeko.

925 metroko lurpeko hoditeria eginen da, eta Urritzolako hirigunearen ipar-ekialdeko mugan dagoen ur biltegia eta Ultzamako 7. poligonoko 3061. lurzatian –Galaindik 130 metrora, hego-mendebalderantz– dagoen D10 korapiloa lotuko dira, eta, erdialdean, bulkadarako biltegi erregulatzaile berri bat eraikiko da, Urritzolako eta Galaingo hiriguneen hornidura bermatzeko (45 metroko kota desberdintasuna dago bien artean). Ebazpen honen I. eranskinean biltzen dira jarduketen xehetasunak.

Proiektuaren jarduketa eremu osoa lehorreko laborantza lurretan dago, Iturrizarreko ponpaketatik Urritzolako biltegirainoko zatia izan ezik. Tarte horretan Ultzamako 7. poligonoko 3016. lurzatia zeharkatzen da; larrea da nagusi, eta sakabanatutako haritz ilaundun batzuk daude. Bat dator 630. zenbakiko onura publikoko mendiaren mendebaldeko mugarekin (Marko eta Espartza-Buru).

Trazaduraren zati bat Iturrizarreko errekaren polizia-eremutik igarotzen da; jarduketa osoan zehar bi bide –Olaguekoa eta Kortaletakoa– eta NA-4242 errepidea gurutzatzen dira, eta zuhaixka heskaiak dituzten lurzatien mugetako zenbait eremuri eragiten zaie.

Ukitutako heskaiak eta zuhaixka erako orlak lehengoratzea proiektatzen da, eta, horretarako, inguruko zuhaixka espezie autoktonoen 100 ale landatuko dira, hala nola elorri zuria eta arrosa, atxaparra, patxarana, ipar-ipurua, arbustu arrunta, basaerramua, hurritza eta zuhandorra.

Espedientean Ultzamako Udalak 2021eko ekainaren 1ean emandako aldeko txostena dago. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin zuen 2021eko abuztuaren 5ean, zenbait baldintzarekin, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina ebazpen honetan biltzen diren determinazioak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Urritzola-Galain Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen goi hornidurako sarera lotzeko proiektuari. Ultzamako udal-mugartean sartzen da, eta sustatzailea Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatea da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Proiektatutako eroanbidea Iturrizarreko ponpaketa eta Urritzolako biltegia lotzen dituen hoditeriaren egungo trazaduratik eraman ezin bada, laneko kalearen zabalera ahalik eta txikiena izanen da, eta zuhaitz oinetatik ahalik eta gehien urrundu beharko da, haren sustraiak eta enborrak ez ukitzeko.

–Obrak egitean, zuhaitz eta/edo zuhaixkak kendu behar badira, horren berri eman eta baimena eskatu behar zaio, aldez aurretik, Oihanak Kudeatzeko Atalari, bat etorriz Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoarekin (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatu zuen lege hori) eta hura garatzen duen erregelamenduarekin.

–Materialak pilatzeko eta makinak aparkatzeko eremuak Iturrizarreko errekaren ingurutik urrunduko dira.

–Ezpondak behar bezala landareztatzeko eta paisaian hobeki integratzeko, ezponda berriek (lur erauzketa edo lubeta) 2H/1V-ko gehieneko malda izanen dute (proiektatutakoa baino malda etzanagoa).

–Hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu obran bertan erabiltzen ez diren indusketako soberako lurrak. Sortzen diren gainerako hondakin guztiak era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, bat etorriz hondakinei buruz indarrean den araudiarekin.

–Obrak egin ondoren erabileraz kanpo geratzen diren azpiegitura guztiak hondakinen kudeatzaile baimenduak erauzi eta kudeatu beharko ditu.

–Egin beharreko obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira. Horretarako, obrak hasten direnean, landare lurreko geruza kendu, eta aparte pilatuko da, indusketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko lanetan erabili ahal izateko. Horietan, landare lurra barreiatu eta profilatuko da, inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia izan arte. Lehengoratze lanak egitean, makinak igarotzean ukitutako laborantza lurrak destrinkotu beharko dira.

–Ukitutako eremu guztietan belar espezieak ereinen dira, eta muga eta heskai guneetatik kendutako zuhaixkak berriz jarriko dira.

–Zuhaixka espezieak (proiektuan hautatutako espezieak) eta zuhaitz espezieak (Quercus pubescens, Acer campestre eta Fraxinus excelsior, besteak beste) landatuko dira Galaingo ezpondetan, eremu perimetralean eta ur biltegi erregulatzaile berriaren sarreran. Landaketen mantentze lan guztiak (ureztatzeak, ongarritzeak, inausketak eta jorrak) lehenengo bi urteetan eginen dira gutxienez.

–Obrak hasi baino 48 ordu lehenago, Ingurumena Zaintzeko Atalari jakinarazi beharko zaio obra-zuinketa egiaztatzeko (Iruñeko Koordinazio Unitatea: 608062649 edo gmapamplona@navarra.es).

Hirigintza arlokoak:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren lur gaineko elementuek 3 metroko zortasun-eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri nahi diren beste jarduera zehatz batzuk hornidura sarera konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea.

–Egin nahi den jarduerak edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, erakunde sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, beharrezko kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren eta Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoaren baimenak lortu beharko ditu, sarearen trazadurak honako hauek ukitzen baititu: NA-4242 errepidea eta Iturrizarreko errekaren polizia-eremua.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluarekin bat, ebazpen honen barruko jarduketa edo esku hartzeak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Hortik aurrera, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

–Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Hori horrela, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

3. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak) 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen; beraz, espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztuta, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Ultzamako Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Iruñeko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko irailaren 17an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

I. ERANSKINA

Proiektuaren laburpena

Urritzola-Galaingo kontzejuko ur hornidura goi saretik emateko, bigarren mailako adar bat eta bulkada sistema bat aurreikusten dira, bi hiriguneen eta lotutako puntuen hornidura bermatzeko. Horretarako, honako jarduketa hauek egitea proposatzen da:

–PEØ90mm-ko eroanbidea (500 metro luze) Ultzanuetako Zerbitzu Mankomunitatearen goi hornidura sarearen D10 korapiloaren (Ultzamako 7. poligonoko 3061. lurzatian dago, Galaindik 130 metrora, hego-mendebalderantz) eta proiektatutako Galain 1 biltegi erregulatzaile berriaren artean.

–Galain 1 biltegi erregulatzaile berria, 7. poligonoko 3021. lurzatiaren hegoaldean, Galain eta Urritzola lotzen dituen NA-4242 errepidearen iparraldeko ezpondaren ondoan. 120 m³-ko edukiera izanen du, eta Galaingo behe sarearen horniduraz eta Urritzolako biltegia elikatzeko bultzadaren abiapuntuaz arduratuko da. Malda ertain baten gainean eraikiko da, bi metro lurperatuta egonen da eta 4,75 metroko altuera izanen du. Halaber, fatxada zuria izanen da, eta bi isurkiko estalkia edukiko du, teiladun akaberarekin eta inguruko eraikinen antzeko ezaugarriekin. NA-4242 errepidetik 27 metroko hormigoizko sarbidea egokituko da, maniobra eremu batekin, eta horrek 1,5H:1V-ko lur erauzketako eta betelaneko ezpondak egitea ekarriko du, landareztatzea errazteko. Biltegia osatuko duten bi hodietako bakoitzaren aurrealdean metro bateko altuerako harri lubetak jarriko dira. Bihurdura arrunteko hesi bat jarriko da, 2 metro altukoa, eta sarbidea izanen du errepidetik. Biltegia elektrizitatez hornitzeko hargune bat eginen da, hurbilen dagoen TZ elektrikotik konektatuta.

–425 metro luzeko PEØ75mm-ko eroanbidea Galain 1 biltegi erregulatzaile berriaren eta Urritzolako biltegi erregulatzailearen artean. Eroanbide hori Iturrizarreko ponpaketatik igarotzen da; Olague bidearen ondoan dago kokatuta, Urritzolatik 30 bat metrora, ekialderantz, Iturrizarreko erreka jaiotzen den tokian. Errekak, 2 kilometroko bidea egin ondoren, Ultzama ibaira isurtzen ditu urak. Ahal bada, Iturrizarreko ponpaketa hori eta Urritzolako biltegia lotzen dituen eroanbide berritua aprobetxatuko da.

Galaingo biltegi zaharra eraistea aurreikusten da, ez baita erabiliko (NA-4242 errepidearen ondoan dago, Urritzolako sarreratik metro gutxira). Halaber, hari lotutako eroanbideak baliogabetuko dira, bai Urritzolako biltegitik doan goi hornidurakoa bai Galaingo biltegi berrira doan behe hornidurakoa.

Iragarkiaren kodea: F2113889