243. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SUARBE

Ordenantza, arautzen dituena Herri-lurretako aprobetxamenduak. Behin betiko onespena

Suarbeko Kontzejuak, 2021eko ekainaren 17an egindako ohiko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, arautzen dituena Suarbeko Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduak.

Onespenaren erabakia argitaratu zen 2021eko 174. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 27an, eta inork ez du alegaziorik aurkeztu jendaurreko epean. Beraz, aipaturiko ordenantza behin betiko onetsi da, eta agindu da testu osoa argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari, (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Suarben, 2021eko abuztuaren 25ean.–Alkate udalburua, Julián Altuna Villanueva.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK

1. ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, egiteko Suarbeko Kontzejuaren (Ultzama) mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Honako hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak (Toki Administrazioari buruzko Foru Legea); Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatua.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Suarbeko Kontzejuari (Ultzama) dagozkio herri-lurretako ondasunak xedatzeko, administratzeko, aprobetxatzeko eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-ondasunen gainean Udalak hartzen dituen erabakiek beharko dute Nafarroako Gobernuaren baimena, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du haien onura publiko edo soziala, eta hori baino lehenago, Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, erabiliko dena baldin desagertzen badira edo betetzen ez badira egintza horien helburuak edo baldintzak.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herri-ondasun gisa.

Prozedura horrek jarraituko dio ezarrita dagoenari Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Suarbeko Kontzejuak begiratuko du herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetu daitezen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiakerari edo horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.

x8. artikulua. Suarbeko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena eginda eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Suarbeko Kontzejuak Gobernuari jakinaraziko dizkio Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuak, finken immatrikulazioari buruz edo herri-lurrekin mugakide diren finken gehiegizko hedadurei buruz.

10. artikulua. Baldin Suarbeko Kontzejuak transakziorik egin nahi badu ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren, aldez aurretik beharko du Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa.

11. artikulua. Suarbeko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du, beti, iraungi daitezen herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, hain zuzen ere sortu direnak baimen, kontzesio edo beste ezein tituluren kariaz, betiere horretarako baliatuz ahalmen hertsatzaileak. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Kontzejuak, herri-ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehalakoan hartuko dute indarra, galarazi gabe behar den deklarazioa lortzea jurisdikzio-bidean.

13. artikulua. Suarbeko Kontzejuak bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean herri-lurretako ondasunak defendatzeko, posible izanen da herritarrek ekitea, zehaztuko den moduan. Ekimen horrek aurrera eginez gero, sortu diren gastuak itzuli beharko dizkie Suarbeko Kontzejuak herritarrei.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.

b) Herri-larreen aprobetxamenduak.

c) Epaitzen aprobetxamenduak.

d) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. 1.–Oro har, herri-lurren aprobetxamenduen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte familia-unitateen titularrek:

a) Adinez nagusia izatea, eta/edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Bizilagun gisa inskribatua egotea Suarbeko Biztanleen Erroldan, edo, bestela, Ultzaman, bost urteko antzinatasunez.

c) Suarben edo Ultzaman egiazki bizitzea urtean bederatzi hilabetez jarraian gutxienez.

d) Ultzamako Udalean ordaindu beharreko zergak ordainduak izatea.

2.–Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia-unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3.–Suarbeko Kontzejuak ebatziko ditu artikulu hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak, banan-banan, Herri-lurren Batzordeak edo legelariak aitzinetik txostena eginda.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

16. artikulua. Hiru modutan eginen dira Suarbeko eta Ultzamako laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Suarbeko Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Suarbeko Kontzejuak hiru modu horiek erabiliko ditu laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

17. artikulua. 1.–Aprobetxamendu modu horren onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek bete beharko dituzte 15. artikuluan ezarritako baldintzak, eta familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren % 30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek izan beharko dute, guztira, txikiagoak soldata hori halako bat eta erdi baino.

2.–Familia-unitatean baldin bada ezintasun fisikorik edo psikikorik duten kiderik, agiri bidez frogatuta, horietako bakoitzeko kontatuko da lanbide arteko gutxieneko soldataren % 60ren pareko diru-sarrera.

3.–Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak oinarrituko dira datu objektiboetan. Kontuan hartuko dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak edukitzea errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez, landa-lurreko ondasunen, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen zergapeko kapitala, eta hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena, kenduta norberaren etxebizitzari dagokiona, baita mota horretako beste edozein datu ere.

18. artikulua. 1.–Honako azalera hau ezarri da ereduzko lotearendako modalitate honetan:

Lehorreko lurrak: 10 erregu.

Zehazteko zer lote emanen zaizkien 16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio ereduzko loteari:

a) Hiru kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea; hots, lehorreko erregua.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea; hots, lehorreko erregua.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia-unitateak, 3 koefizientea; hots, lehorreko erregua.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia-unitateak, 5 koefizientea; hots, lehorreko erregua.

19. artikulua. Baldin familia-unitate askok betetzen badituzte baldintzak lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Kontzejuak beheratzen ahalko ditu ordenantza honen 17. eta 18. artikuluetan adierazitako faktoreak, proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo, aitzinetik Nafarroako Gobernuak baimena emanda. Halakoetan, Kontzejuak laborantzako herri-lurren % 50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

20. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreak badira, eta Suarbeko Kontzejuak aurretik baimena ematen badu, epe hori luzatzen ahal da laborearen balio-bizitzaren arabera.

21. artikulua. Aprobetxamendu modu horretan, herri-lurzatien onuradunek honako kanon hau ordaindu beharko dute:

–Lehorreko lurrak: 12 euro erreguko eta urteko.

Zenbateko horiek eguneratu eginen dira, gehienez ere KPIaren arabera (kontsumoko prezioen indizea). Nolanahi ere, kanonak izan beharko du Suarbeko Kontzejuak hartzen dituen kostuak berdintzeko adinakoa, gutxienez ere.

22. artikulua. Onuradunek zuzenean berek landu beharko dituzte herri-lurretako lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman, edo lan pertsonala ez den beste moduren batez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere hartuko da zuzenean eta pertsonalki egindakotzat, baldin elkartzen badira kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan eta kide guztiek betetzen badituzte 15. artikuluan adierazitako baldintzak.

23. artikulua. Ordenantza honen ondorioetarako, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da baldin adjudikaziodunak edo bere familia-unitateko kideek egin behar badituzte laborantza lanak, ordenantza honen 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik hartu gabe, salbu horretara behartzen badituzte urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko baldin Suarbeko Kontzeju honen iritziz soldatapekoak hartzen badira laborantza pertsonala egitea eragozten duen eritasunarengatik edo aldi baterako beste arrazoi batengatik.

Ezintasun fisikoa edo bestelakoa behin betikoa baldin bada Suarbeko Kontzejuaren iritziz eta herri-lurrak norberak zuzenean ezin baditu landu, 24. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

24. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, adjudikatzeko unean edo aprobetxamenduaren epean, Suarbeko Kontzejuak adjudikatuko ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Kontzejuak lurzatien titularrei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Suarbeko Kontzejuak eskumena du erabakitzeko ea noiz dagoen ezintasun fisikorik edo bestelakorik, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian ematen edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaren epea bukatu arte.

Lurzatirik gabe gelditzen diren onuradunek Kontzejuko Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena egin zenetik lortutako mozkinak.

25. artikulua. Suarbeko Kontzejuak noiznahi egiten ahal ditu egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztatzeak, ziurtatzeko lurzatien laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela.

Honako kasu hauetan iritziko zaio ez dela zuzeneko laborantza pertsonalik egiten:

a) Nekazaritzako makinak edukita, ez badituzte erabiltzen adjudikatu zaizkien herri-lurrak lantzeko.

b) Baldin Landazaintza Zerbitzuaren edo Herri-lurren Batzordearen ustez norberak zuzenean lantzen ez baditu adjudikatutako lurzatiak, ordenantza honen 22., 23. eta 24. artikuluetan xedatzen den bezala.

c) Baldin aurkezten ez badira honako lan hauen gaineko frogagiriak, eskatutako eta agindutako epean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzea; ukitutakoek berek edo edo Suarbeko Kontzejuak baimendutakoek aurkeztu ere.

d) Baldin nekazaritzako etekinak aitortzen ez badira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Baldin ez badira lantzen adjudikatutako lurzatiaren % 80 bederen.

f) Baldin laborantzako lurren jabe izanik, errentan eman badizkiete hirugarren batzuei.

2. ATALA

Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak

26. artikulua. Lurzatiak lehen atalean ezarritakoaren arabera banatu ondotik, soberan gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean berek lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateko titularrak diren herritarren artean.

27. artikulua. Suarbeko Kontzejuak erabakiko du zein den herritarrendako zuzeneko adjudikazioko loteen azalera, lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondotik, kontuan hartuta zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden, familia-unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan.

28. artikulua. Adjudikazioaren epea 20. artikuluan adierazitako berbera da.

29. artikulua. Aprobetxamendu modalitate honen bidez herri-lurretako lurzatiak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte:

–Lehorreko lurrak: 12 euro erreguko eta urteko.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, gehienez ere KPIaren arabera.

30. artikulua. Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, bete beharko du 22., 23., 24. eta 25. artikuluetan xedatua.

31. artikulua. Suarbeko Kontzejuak beretzat gordeko du azalera bat, gehienez izanen dena laborantzako herri-lurren azaleraren % 5, onuradun berriei adjudikatzeko.

32. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondoren, kendu eginen dira diru-sarrera handienak dituzten familia-unitateen titularren eskaerak.

Familia-unitateen errenta mailak zehazteko, jarraituko zaie ordenantza honen 17.3) artikuluan ezarritako irizpide berei.

33. artikulua. Kontzejuak uzten ahal dizkie, hala nahi duten familia-unitateen titularrei, 500 m²-ko familia-baratzeak, baldintza hauekin:

a) Eskatzailea ez da izanen ureztalurren jabea, ezta herri-lurretako beste lote baten onuraduna ere.

b) Baratzea zuzenean eta pertsonalki landuko da, 22., 23., 24. eta 25. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

c) Adjudikazioa 10 urterako izanen da.

d) Kanona izanen da 1,09 euro lurzatiko. Kanona urtero eguneratuko da, gehienez ere KPIaren arabera.

Suarbeko Kontzejuak lur azalera aski gordeko du eskaera horietarako, baina lur hori ez da izanen laborantzako herri-lurren azalera osoaren % 10 baino handiagoa.

3. ATALA

Suarbeko Kontzejuaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

34. artikulua. Kontzejuak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, baldin laborantzako lur sobera badago, enkante publikoan eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Suarbeko Kontzejuak finkatuko du erreguaren hasierako prezioa; inguruko antzeko lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIaren arabera.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

35. artikulua. Suarbeko Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartuta, eta ediktua jarrita Kontzejuaren iragarki-taulan, 30 egun balioduneko epea irekiko da, herri-lurzatien adjudikazioa eska dezaten eskubidea dutela uste dutenek.

36. artikulua. Eskaerei erantsiko zaie honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazioa:

a) Suarbeko edo Ultzamako biztanleak izatea, gutxienez bost urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Egunean izatea Udalarekiko zerga betebeharrak.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

d) Familia-unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai kontzeju honen mugarteetan bai beste batzuetan; zehaztuko da ea lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren.

e) Familia-unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan bai beste batzuetan, zehaztuta ea lehorreko lurrak diren edo ureztatzekoak.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, kenduta norberaren etxebizitzari dagokiona, bai Suarbeko eta Ultzamako mugarteetan bai beste batzuetan.

g) Familia-unitateko kide bakoitzaren aziendaburuen zergapeko kapitalak edo abelburu kopurua eta espezieak, mugarte hauetan eta beste batzuetan.

h) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.

Zinpeko deklarazioa egiaztatzeko, Suarbeko Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak onetsi beharrez; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 17.3 artikuluan zehazten den bezala.

37. artikulua. Herri-lurren Batzordeak proposaturik, Kontzejuak onartuen zerrenda onetsiko du adjudikatzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

38. artikulua. Kontzeju honen iragarki-taulan jarriko da aprobetxamendu mota bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda, 10 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

39. artikulua. Alegaziorik eta zuzendu beharreko akatsik izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta onetsiko du modu bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda.

40. artikulua. Ikusirik lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitatearen titularren behin betiko zerrenda, Suarbeko Kontzejuak adjudikatuko ditu ordenantza honen 18. artikuluan ezarritako ezaugarriak dituzten loteak.

Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Kontzejuak laborantzako loteak adjudikatuko dizkie herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia-unitateko titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera izanen dira ordenantza honen 27. artikuluaren araberakoak.

Lurzatiak adjudikatuta, jendaurrean paratuko dira onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurzatien zerrenda, 15 egunean, Suarbeko Kontzejuaren iragarki-taulan. Kontzejuak onetsiko ditu zerrendak.

41. artikulua. Behin ebatzita argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, eta akatsak zuzenduta, Kontzejuak behin betikotzat joko du laborantzako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

42. artikulua. Bazkaleku bakar bat eratzen dute Suarbeko eta Ultzamako herri-larreek, gehi beste finka partikular batzuek, zeinek baterako ustiapen unitate bat eratzen duten antzinako usadioz, legez edo hitzarmenez.

43. artikulua. Ondoren azaltzen den modalitateetan eta lehentasun-ordenan ustiatuko dira Suarbeko Kontzejuaren eta Ultzamako herri-larreak:

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

44. artikulua. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titularrak izanen dira herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidezko larre aprobetxamenduaren onuradun, betiere azienda alta emanda badute Suarbeko Kontzejuko Aziendaburuen Erregistroan.

45. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku dira azpierrentamendua eta lagapena. Ondorio horietarako, Suarbeko Kontzejuak uste izanen du ez direla larreak zuzenean aprobetxatzen baldin onuradunek beren azienda kentzen badute Suarbeko Kontzejuko Aziendaburuen Erregistrotik.

46. artikulua. Adjudikazioa 8 urterako izanen da.

47. artikulua. Suarbeko Kontzejuak kalkulatzen du bazkaleku komunak jasan dezakeen azienda kopurua, ardi aziendabururen bidez.

48. artikulua. Kontuan harturik jasan daitekeen azienda kopurua eta larreen kalitatea, Suarbeko Kontzejuak finkatuko du herri-larre guztiek osatzen duten bazkaleku bakarrerako kanona: 915,51 euro urtean bazkalekurako.

49. artikulua. Urtero berrikusiko da adjudikazioaren prezioa, egokitu dadin bizitzaren kostuak izaten duen igoeraren arabera, erakunde ofizial eskudunak Nafarroan onetsitako indizeen arabera.

50. artikulua. Bi epetan ordainduko da urteko kanonaren zenbatekoa:

Lehen epea: urteko zenbatekoaren % 50ari dagokiona, adjudikazioa egin eta sei hilabeteren buruan.

Bigarren epea: urteko zenbatekoaren gainerako % 50ari dagokiona, adjudikazioa egin eta hamabi hilabeteren buruan.

51. artikulua. Onuradunak adjudikazioaren 8 urteei dagokien diru kopuru osoaren % 10 utzi beharko du fidantzatako, adjudikazioaren egunetik 10 eguneko epean.

52. artikulua. Suarbeko Kontzejuak larre guztien bosten bat gorde dezake, onuradun berririk balitz urtean adjudikatzeko. Erreserba hori erabakitzen den unean mugatuko da eremua.

53. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, egiaztatzeko betetzen direla azaroaren 16ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan eskaturiko baldintzak (foru lege horrek hizpide du herri-larreetan bazkatzen den aziendaren babesa), eta bete beharko ditu, halaber, foru lege horretan eta haren erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak.

54. artikulua. Herriko ohiturekin bat eta nekazari eta abeltzainendako kalteak eragozteko, Suarbeko Kontzejuak ondoko baldintzak ezarri ditu:

55. artikulua. Prozedura. Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartuta eta Kontzejuaren iragarki-taulan ediktua agertuta, 15 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.

56. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko deklarazioa aurkeztuko da, ordenantza honen 36. artikuluan zehaztu bezala. Horrez gain, erantsiko dira abelburu kopuruaren gaineko katastroko ziurtagiria eta ordenantza honen 53. artikuluan aipatzen den osasun babesari buruzko ziurtagiria, baita erabili nahi diren bazkalekuen zerrenda ere, ordenaturik.

57. artikulua. Suarbeko Kontzejuak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, honako baldintza hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik apalena duten familia-unitateei.

b) Har dezaketen abelburu kargaren arabera adjudikatuko dira bazkatokiak, abelburu kopurua antzekoa duten eskatzaileen artean.

c) Bazkatoki bera abeltzain bati baino gehiagori adjudika dakioke, baldin guztiek dituzten abelburuen kopurua ez bada bazkalekuak har dezakeen kopurua baino handiagoa. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.

d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku adjudika dakizkioke, behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

58. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

59. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira, 2 urterako, jarraikiz indarra duen araudiari eta ordenantza honetatik aplikatzekoa denari.

IV. KAPITULUA

Epaitzaren aprobetxamendua

60. artikulua. Mendian aski izanik eta Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Suarbeko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

61. artikulua. Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

62. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

63. artikulua. Egurra banatzerakoan, Suarbeko Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, eta lehentasuna emanen die diru aldetik familia-unitate apalenei.

64. artikulua. Zehaztearren aurreko artikuluan aipatutako familia-unitateen maila ekonomikoak, Suarbeko Kontzejua oinarrituko da irizpide objektiboetan, ordenantza honen 17. artikuluan islatzen den bezala.

65. artikulua. Kontzejuak urtero finkatuko du epaitzaren aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona.

66. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen zaie Suarbeko Kontzejuak ematen dituen jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

V. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

68. artikulua. Ehiza barrutiak eratu baldin badira herri-lurrak sartuz, hango ehizaren aprobetxamendua eginen da jarraikiz 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei.

69. artikulua. Suarbeko Kontzejuak kasu bakoitzerako prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste aprobetxamendu edo hobekuntza oro. Gainera, agiri horiek jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

70. artikulua. 1.–Suarbeko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin lur horiek honako xede hauetarako erabili nahi badira:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, laguntza eman dakien inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela frogatzen duten herritarrei.

2.–Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izanen dute.

3.–Kasu horietan, bide honi jarraituko zaio:

a) Suarbeko Kontzejuaren erabakia, onesten dituena proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Suarbeko Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4.–Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordaindu eginen zaizkie sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

71. artikulua. Suarbeko Kontzejuak bakarrik onetsi behar ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak, aurretik 15 egunean jendaurrean edukita, eta aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondotik.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

72. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako egitate hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua, kasuan kasukoa, nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Herri-lurrak lantzea Kontzejuak adjudikatu gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo lur utziak izan.

f) Suarbeko Kontzejuaren baimenik gabe lantzea laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak etab.).

g) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

h) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legea eta hura garatzen duen Erregelamendua.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

73. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

Aipatu diren a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak.

Aipatutako g) arau-haustearengatik, galduko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko eskubidea.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 60,10 eurotik 12.020,24 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

Iragarkiaren kodea: L2114069