243. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTEITZA

Ordenantza, arautzen duena Oteitzako bizilagunei laguntza ekonomikoak ematea ikasketetarako, euskara ikasteko eta musika prestakuntzarako. Behin betiko onespena

Oteitzako Udalak, 2021eko uztailaren 15ean egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, arautzen duena Oteitzako bizilagunei laguntza ekonomikoak ematea ikasketetarako, euskara ikasteko eta musika prestakuntzarako.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2021eko 176. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 29an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Oteitzan, 2021eko irailaren 10ean.–Alkatea, Rubén Darío Martínez Landa.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA OTEITZAKO BIZILAGUNEI LAGUNTZA EKONOMIKOAK EMATEA IKASKETETARAKO, EUSKARA IKASTEKO ETA MUSIKA PRESTAKUNTZARAKO

1. artikulua. Laguntzen xedea.

1. Ordenantza honen xedea da laguntza ematea Oteitzako Udaleko bizilagunek egiten dituzten gastuak finantzatzeko, hainbat ikastetxetan ikasketak egiteko, eta euskara nahiz musika ikasteko, herri honetan.

2. 2020-2021 ikasturterako eta hurrengoetarako emanen dira laguntzak, ezagutza sustatzeko eta herri honetako herritarren kultura maila handitzeko.

3. Ordenantza honetan agertzen diren ikasketek bakarrik jaso dezakete laguntza.

4. Gastu diruz lagungarriak izanen dira matrikula edo hileko kuota, eskolako materiala, garraioa, jantokia eta ostatua.

2. artikulua. Araubide juridikoa.

Laguntza hauek norgehiagoka emanen dira, eta honako hauei jarraituko zaie: ordenantza hau, laguntzak emateko deialdia, azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Dirulaguntzei buruzkoa, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, hizpide duena Dirulaguntzen gaineko Erregelamendu Orokorra, eta aurrekontuaren gaineko erregulazio eskuduna, konpromisoaren gastua onesteari eta kudeatzeari dagokienez.

3. artikulua. Aurrekontu-aplikazioa.

Udal aurrekontuak ezarriko du dirulaguntzaren zuzkidura. Eskariaren arabera, handitu edo murriztu egiten ahal da, aurrekontuan dagokion aldaketa eginez.

4. artikulua. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Honako ikasketa hauetarako izan daiteke bakarrik laguntza, pertsonako eta eskatutako kurtso bakoitzeko:

a) Unibertsitate ikasketak (gradu ofizialak).

b) Unibertsitate ikasketak: masterrak.

c) Unibertsitate ikasketak: doktoregoak.

d) Goi Mailako Lanbide Heziketako ikasketak.

e) Batxilergoko eta erdiko mailako Lanbide Heziketako ikasketak.

f) Hizkuntzen ikasketa ofizialak.

g) Oteitzan ematen diren euskara ikasketak.

h) Oteitzan ematen diren musika ikasketak.

Egoki den laguntzen deialdian ezarriko da laguntzaren zenbatekoa.

Aldi berean ikasketa bat baino gehiago eginez gero, zenbateko altuena duenerako baizik ez da emanen laguntza, deialdiaren arabera.

Ematen den laguntzak ez dezake inoiz gainditu diruz lagundutako ikasketen kostua; justifikatzen den gehieneko zenbatekora mugatuko da laguntza.

5. artikulua. Deialdia eta epea.

1. Laguntzen deialdi bakoitzean ezarriko da eskabideak aurkezteko epea. Eskaera I. eranskinera egokitu beharko da, eskatzen den dokumentazioa erantsiko da, eta Oteitzako Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko, bulegoko orduetan, edo Udal honen egoitza elektronikoaren bidez.

2. Ebazpena emateko gehieneko epea hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epearen azken egunetik aurrera. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, ulertuko da aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela.

3. Interesdun bakoitzak eskaera bakarra aurkez dezake deialdi bakoitzeko.

6. artikulua. Onuradunak.

Ikasketetarako laguntzen onuraduna izan daiteke Oteitzako bizilagun den edozein pertsona fisiko, baldin honako betebehar hauek betetzen baditu:

1. Oteitzan bizitzea eta erroldatuta egotea, laguntzen deialdia egiten den urteko urtarrilaren 1a baino lehenagotik, eta laguntzaren aldiak iraun bitartean. Baldintza hau ez-betetzeak berekin ekarriko du laguntzok jasotzeko aukera galtzea hurrengo hiru deialdietan.

2. Unibertsitateko ikasketetan, kurtsoko kredituen % 70 gaindituak izatea. Gainerako ikasketetan, hurrengo ikasturtera igarotzea edo kasuan kasuko ikasketak bukatzea.

3. Erdiko mailako unibertsitateko ikasketetan, kurtsoari dagozkion kredituen % 80an gutxienez matrikulaturik egotea.

4. Oteitzan ematen diren euskara eta musika ikasketetarako, ikasketak aprobetxatu izanaren ziurtagiria, eta hurrengo kurtsora igarotzea.

5. Betetzea azaroaren 17ko 38/2003 Legean ezarritako baldintza orokorrak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra).

7. artikulua. Eskabideak aurkeztea.

Eskatzaileek agiri hauek bete eta aurkeztu beharko dituzte:

a) Oteitzako Udalak ezarritako eskaera eredua aurkeztea, behar bezala beterik. Argi zehaztu behar da zer ikasketa egiten den, zer titulaziori dagokion, kurtsoak noiz arte irauten duen, zer zentrok ematen duen, zenbat kurtso falta diren titulua lortzeko eta eskaera ereduan zehazten diren gainerako datuak.

b) Laguntza eskaera egiten duen pertsonaren NANaren fotokopia.

c) Laguntza zein kurtsotarako eskatzen den, hartan matrikulatu dela frogatzen duen ziurtagiria, eta hartan jaso beharko da matrikularen kostua ere.

d) Beste kontzeptu batzuengatik egindako ordainketen frogagiriak (ostatua, garraioa, eskolako materiala edo jantokia).

e) Unibertsitateko kurtsoko kredituen % 70 gaindituak izatearen frogagiria.

f) Kurtsoa gainditu edo hurrengora pasa izana frogatzen duen agiria, gainerako ikasketetarako.

g) Banku-kontuaren zenbakiaren agiria; eskatzailearen izenean egon beharko du, eta kontu horretan jasoko da laguntza, azkenik onetsiz gero.

Eskaerak ez baditu jasotzen artikulu honetan ezarritako agiri guztiak, bai eta orokorrak ere, interesdunak hamar eguneko epea izanen du zuzentzeko.

8. artikulua. Laguntzen balorazioa.

Udaleko langileek baloratuko dituzte aurkeztutako laguntza eskaerak, eta emateko/ezesteko proposamena Alkatetzari igorriko zaio, horrek ebazpena eman dezan.

9. artikulua. Balorazio irizpideak eta emateko prozedura.

1. Dirulaguntzak emanen zaizkie ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guztiei, horretarako egiten den deialdiaren ondoren.

2. Baldin emakiden zenbatekoak gainditzen baditu hasiera batean aurrekontuan ezarritako mugak, denen artean hainbanatuko dira, bakoitzerako ezarritako laguntzaren araberan, galarazi gabe Udalbatzak duen gaitasuna behar adinako zenbatekoa emateko aurrekontuko kasuan kasuko partidari.

3. Udalak egiaztatuko du eskatzaile guztiek betetzen dutela ordenantzan ezarritakoa, eta, kasua bada, eskatuko die beharrezko datuak edo agiriak zuzentzeko. Kasuan kasuko proposamena eginen du beharrezko tramitazioa egin ondoren.

4. Eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie laguntza eskaera baiesteko edo ezesteko ebazpena, eta hartan adieraziko dira zergatiak eta ebazpena ematen duen organoak egokitzat jotzen dituen inguruabar guztiak.

10. artikulua. Laguntzak ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

a) Laguntzaren zenbateko guztia ordainduko da onuradunak zehaztu duen banku-kontuan, kurtsoa bukatutakoan.

b) Laguntza hauetarako ez da ordainketa partzialik aurreratuko.

c) Ez da eskatuko gordailua ezartzerik, segurtatzeko beteko direla betebeharrak eta emandako funtsen helburua.

d) Onuradunak edo bere familia-unitateko edozein kidek Oteitzako Udalarekin izan dezakeen edozein zor kitatuz konpentsatzen ahal du Udalak laguntzaren zenbatekoa.

11. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.

Laguntzaren onuradunaren betebehar berariazkoak dira, ordenantza honetan jasotakoez gainera, honako hauek:

1. Betetzea laguntzak eta dirulaguntzak emateari buruzko araudiak ezarritako betebeharrak.

2. Onartzea egiaztatze eta kontrol finantzarioaren jarduketak, eta jarduketa horietan eskatutako argibide guztiak ematea.

3. Udalari idatziz jakinaraztea, kasua bada, emandako laguntza ez dela onartuko, zazpi eguneko epean gehienez ere, Udalaren jakinarazpen ofiziala jasotzen den egunetik aurrera. Bestela, onartzen duela ulertuko da.

4. Hasitako ikasketak ez aldatzea laguntzaren xedeko aldi guztian.

5. Jasotako funtsak itzultzea, baldin badago Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan itzulketa egiteko ezarritako arrazoiren bat.

6. Udalak adierazten duen egunean eta orduan agertzea, beharrezko argibideak emateko emandako laguntzaren aplikazioaz.

7. Ezarritako epeetan aurkeztea ordenantza honetan adierazitako agiriak.

12. artikulua. Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

Oteitzako Udalak eman ditzakeen dirulaguntzak bateragarriak dira beste batzuek ematen dituztenekin (izan administrazio edo entitate publikoak nahiz pribatuak) edo ordenantza honetako laguntzaren xedeko ikasketak finantzatzeko beste edozein diru-sarrera motarekin.

13. artikulua. Publizitatea.

Dirulaguntzaren ezaugarriak direla eta, salbuespenez, onuradunak salbuetsita daude emandako dirulaguntzari publizitatea egiteko betebeharretik.

AZKEN XEDAPENA

Dirulaguntzen eskaerak ebazteko prozedurak jarraituko die azaroaren 17ko 38/2003 Legeari (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra) eta ordenantza honi eta propio argitaratuko den deialdiari.

I. ERANSKINA

Ikasketetarako laguntza eskatzeko eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2113588