243. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IBARGOITI

Ibargoitiko udal-mugartean instalazio fotovoltaikoak ezartzea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Ibargoitiko Udalak, 2021eko ekainaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ibargoitiko udal-mugartean instalazio fotovoltaikoak ezartzea arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespen horren iragarkia 2021eko 144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 22an, eta jendaurreko aldia iraganik, 2021eko irailaren 1ean egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Udalak aipaturiko ordenantza.

Horrenbestez, haren testua osorik ematen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Idotzinen, 2021eko irailaren 22an.–Alkatea, José Javier Eslava Armendariz.

ORDENANTZA, IBARGOITIKO UDAL-MUGARTEAN INSTALAZIO FOTOVOLTAIKOAK EZARTZEA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Ibargoitiko udal-mugartean eguzki energia biltzeko instalazioak ezartzeko, zelula fotovoltaikodun panelen bidez eta panel kolektore termikoen bidez.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza hau aplikatu behar zaie Ibargoitiko udal-mugarte guztian ezarrita dauden instalazioei.

3. artikulua. Definizioak.

Eguzki energia biltzeko elementuei panelak edo plakak deituko zaie ordenantza honetan. Bi panel mota sartuko dira, egiten duten bihurketa energetikoaren arabera, energia termikoa edota energia elektrikoa:

–Eguzki instalazio termikoak: fluido bat berotzeko eguzki-erradiaziotik datorren energia baliatzen dutenak dira. Etxeko ur beroa sortzeko eta espazioak girotzeko erabiliko dira.

–Eguzki instalazio fotovoltaikoak: energia elektrikoaren ekoizpenean eguzki erradiaziotik datorren energia zuzenean baliatzen dutenak dira, zenbait material erdieroaleren propietate fisikoez baliatuz elektrizitatea sortzeko, eguzki erradiazioaren eraginpean jartzen direnean.

Ordenantza honek era berean arautzen ditu panel fotovoltaiko zein termikoz osatutako eguzki instalazioak, haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena kontuan hartuta.

II. KAPITULUA

Hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian ezarritako instalazioak

4. artikulua. Instalazioen xedea.

Neurri batean edo osorik eraikinen energia beharrizana asetzeko direnean baino ez dira eguzki instalazioak baimenduko, dela etxeko ur beroa sortzeko eta espazioak girotzeko (eguzki instalazio termikoak) dela norberaren kontsumorako argindarra sortzeko, apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuak ezarritakoa betez (errege-dekretu horren bidez arautzen dira energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratibo teknikoak eta ekonomikoak).

5. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Estalkiaren isurialde triangeluarretan integratu beharko dira plakak, malda berari eutsiz beti. Panelek sortutako planoa egonen da teknikoki ahal den hurbilena estalkiak sortutako planotik, eta harekiko paraleloan.

–Oro har, panelen antolamenduak eremu angeluzuzena osatu beharko du. Sakabanatuta edo modu irregularrean jarriz gero, behar bezala justifikatu beharra dago hirigintza-zerbitzuaren aurrean.

–Honako muga hauek izanen ditu hartutako azalerak:

• Panel fotovoltaikoetarako, gehieneko azalera instalatutako gehieneko potentziaren araberakoa izanen da, 244/2019 Errege Dekretuak edo etorkizunean “energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratibo, tekniko eta ekonomikoak” arautzen dituenak mugatuta; hau da, potentzia horretara iritsi arte behar adina panel instalatzen ahalko dira.

• Panel termikoetarako: eraikinaren behar termikoek emanen dute gehieneko azalera, dela ur beroa sortzeko, dela espazioak girotzeko.

• Kasu guztietan, azalera okupatua gehienez izanen da estalkiaren azalera osoaren % 30.

• Aurreko puntuan jasotako gehieneko azalera okupatua mugatuko da honako baldintza hauen arabera:

• Eguzki panelak gutxienez 0,60 metro bereizi beharko dira teilatu-hegalen ertzetatik, mehelinetatik eta gailurretatik (hala ere, gailurren gainean jartzen ahalko dira panelen antolamenduak sabai leiho tradizionala simulatu nahi duenean). Bizkar-lima eta limatxokonekiko distantzia, gutxienez, 0,45 m-koa izanen da.

• Panel bakoitza jarri beharko da bere ertzetako bat teilatu-hegalaren ertzarekiko paralelo joateko moduan.

• Instalazioaren elementu osagarriak, hala nola biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, koadro-elektrikoak, kanalizazioak eta abar, ezin izanen dira agerian geratu eraikinen estalkian edo fatxadetan.

• Instalazioa eraikin katalogatu batean jarri nahi bada, aldez aurretik beharko da Vianako Printzea Erakundeak haren alde emandako txostena.

2. Oro har, ezin izanen da instalaziorik fatxadetan ezarri.

3. Udal Planeko eremu homogeneoak urbanizatuz hirigunea zabaltzen denean, salbuespen gisa, proposatzen ahalko dira bertako eraikinetan eguzki panelak konfigurazio edo kokapen bereziekin instalatzeko aukerak, eta beharrezkoa izanen da horiek eraikin multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta geratzea. Hirigintza Zerbitzuak baloratu beharko ditu proposamen horiek. Udalak bere egiten du proposamen horiek onesteko eskubidea.

4. Ezohiko neurri gisa, eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki panelak jartzeko aukera proposatzen ahalko da, eta beharrezkoa izanen da horiek eraikin multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta geratzea. Hirigintza Zerbitzuak baloratu beharko ditu proposamen horiek. Udalak bere egiten du proposamen horiek onesteko eskubidea.

6. artikulua. Eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuaren gaineko instalazioak.

Eguzki panelak jar daitezke lurzoru libre pribatuan, honako baldintzak hauek betez gero:

–Instalazio kontsumitzailea lurzati berean edo mugakidean dagoenean, dela hiri-lurzorua dela urbanizaezina.

–Gehieneko azalera izanen da honako honen araberakoa:

• Panel fotovoltaikoetarako, gehieneko azalera instalatutako gehieneko potentziaren araberakoa izanen da, 244/2019 Errege Dekretuak mugatuta; hau da, potentzia horretara iritsi arte behar adina panel instalatzen ahalko dira.

• Panel termikoetarako, eraikinaren behar termikoek emanen dute gehieneko azalera, dela ur beroa sortzeko, dela espazioak girotzeko.

–Lurzoruan bermatuta paratuko dira. Instalazioak, barne direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin izanen dira 2 metro baino garaiagoak izan, lurretik neurtuta.

–Panelen inklinazioak energia bilketaren errendimendu handiena bilatuko du eta berdina izanen da panel guztietan.

–Kaletik eraikinaren eta ondokoen fatxada nagusia ikusteko moduan kokatuko dira; alegia, saiatu behar da fatxada nagusia ez estaltzen.

7. artikulua. Instalazio multzoak eraikinaren gainean eta lotutako lurzoru libre pribatuaren gainean.

1. Mota horretako egiturak baimentzen ahalko dira, betiere aurreko 5. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

III. KAPITULUA

Lurzoru urbanizaezinaren gaineko instalazioak

8. artikulua. Aldez aurreko baimenak.

1. Eguzki energiarekin argindarra sortzeko instalazioak ezartzea lurzoru librean (eguzki parkeak) berariaz araututa dago indarrean dagoen araudi sektorialean: Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emandako 64/2006 Foru Agindua.

2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena lortzea, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3. Aurretik zeuden eraikinei loturiko instalazioen kasuan, eraikinak une hartan indarrean zen araudiaren arabera ezarri baziren, baimendutzat joko da eguzki panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa izanen aldez aurreko baimenik izapidetzea.

4. Udal Planeko eraikinen katalogoan sarturiko eraikinetan eguzki panelak paratzeko eskaerak Vianako Printzea Erakundeari bidaliko zaizkio, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

9. artikulua. Eguzki parkeak ezartzeko baldintza partikularrak.

5 hektareatik gorako azalera okupatua daukaten eguzki parkeak ezarri beharko dira hiri-lurzoru edo bizitokietarako lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutakotik 500 metrora gutxienez, honako biztanlegune hauetan: Idotzin, Abintzao, Getze eta Izko.

Eraikin berriak eskualdeko eraikuntzako eta arkitekturako ezaugarrietara egokitu beharko dira, halaxe ezarrita baitago Udal Planaren hirigintzako araudian. Bistan diren eraikuntza, panel eta instalazioek 9 metroko tartea, gutxienez, gorde beharko dute parkeko mugekiko. Tarte horri berdeguneko zerrendaren tratamendua emanen zaio, eta soropila eta arbolak izanen ditu.

10. artikulua. Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak.

Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraikitzeko beharra badakar, energia sare orokorrarekin lotzeko punturaino garraiatzearren, beharrezkoa izanen da ingurumen baimenaren espedientea izapidetzea (17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituena). Hura baimendu arte, ezin izanen da hasi panel fotovoltaikoak instalatzen.

IV. KAPITULUA

Tramitazioa

11. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena.

Ordenantza honetan arautzen den instalazio bat ezartzeko, handitzeko edo legeztatzeko, dagokion erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko zaio Ibargoitiko Udalari, horretarako beharrezkoa den dokumentazioa erantsirik.

Erantzukizunpeko adierazpenak honako alderdi hauek jaso beharko ditu, eta harekin batera ondoko gutxieneko dokumentazioa aurkeztuko da:

a) Eskabidea, administrazio prozedura erkideari buruzko araudian eskaturiko datuak adierazirik.

b) Berariazko adierazpena, aditzera emanik indarrean den araudian eskatutako baldintzak betetzen direla eta hori egiaztatzen duen dokumentazioa ere baduela.

c) Berariazko araudiak eskatzen duen dokumentazioa, eta, gutxienez ere, honako hau:

c.1) Dokumentazio grafikoa, egitekoa den jarduketaren xedeko higiezinaren kokapenari buruzkoa, eta jarduketa horren behar adinako deskribapena.

c.2) Jarduketaren aurrekontua eta dagozkion tasen eta zergen ordainagiria.

c.3) Egintzak, lanak edo jarduerak behar dituen baimenak, kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiak eskatutakoak.

Lanak direla-eta hala egin behar izanez gero, profesional eskudunak sinatutako eta dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsitako proiektua aurkeztu beharko da, Etxegintzaren Antolamenduari buruzko Legean xedatuari jarraikiz.

Proiektu bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua. Instalazioak paratu nahi direnean eraikinen estalkietan, teknikari eskudunak sinatutako txosten teknikoa aurkeztu beharko da. Hartan frogatu beharko da instalazioa jasoko duen egitura gai izango dela estalkiaren gainean jarriko den pisu gehigarriari eusteko.

Lizentziak, betiere, emanen dira jabetza eskubidea errespetaturik eta hirugarrenei kalte egin gabe. Eskatzailea izanen da obrek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzule.

Aurreko guztiak ez du galarazten obren eskaera lizentziaren prozeduraren bidez izapidetzea, inork hala eskatuz gero. Eskaera horretarako eskatuko da erantzukizunpeko adierazpenerako dokumentazio bera, baina obra-lizentziaren eskabide bat aurkezturik, erantzukizunpeko adierazpenaren ordez.

Iragarkiaren kodea: L2114134