243. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

912E/2021 EBAZPENA, irailaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita hiri-lurzoruaren mugaren aldaketa egituratzaile bati buruz. Aldaketak Mendabiako Hirigintzako Udal Planeko ZUC-0 unitate eremuari eragiten dio, eta Milagros Sainz Díaz da sustatzailea.

Mendabiako Udalak 2021eko ekainaren 24an onetsi zuen, hasiera batez, aldaketa hori, eta jendaurrean jarri zuen iragarki bat argitaratuta Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 179. zenbakian, 2021eko abuztuaren 2koan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren helburua da hiri-lurzoruan sartzea 3. poligonoko 100. lurzati osoa. Lurzati horren zati bat lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dago (B eta C azpilurzatiak), eta bestea, hiri-lurzoru gisa (A azpilurzatia). Hori dela eta, hiri-lurzoruari 8.148,77 m²-ko azalera gehitzea proposatzen da, gaur egun hirian garatzen ari den industria jarduera handitzeko.

Proposatutako antolamenduak egungo nabeak sendotzea eta industria jarduera handitzeko bi eremu berri sortzea aurreikusten du (1. eremua: 225 m², eta 3. eremua: 2.794,57 m²), berdeguneak NA-8411 errepidetik lurzatira iristeko eremuan utzita.

100. lurzatia Ebroko terrazetako baten ertzean dago; zati lau bat du –bertan dago aurreikusita industria jarduera handitzea–, eta ezponda handiak iparraldean eta mendebaldean. Lurzatiko landaretza urria da, eta zati lauan zuhaixkadun larreak badaude ere, ezpondak ia biluzik daude. Ingurumen balio aipagarriko elementurik identifikatzen ez denez, aurreikusitako erabilera aldaketak ez dakar ingurumen eragin nabarmenik.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazioaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea hiri-lurzoruaren mugaren aldaketa egituratzaileari buruz, ez baitu ondorio nabarmenik sortzen ingurumenean eta ez baitu aldatzen Mendabiako lurralde antolamenduaren eredua. Aldaketak Mendabiako Hirigintzako Udal Planeko ZUC-0 unitateari eragiten dio.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Mendabiako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko irailaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2113917