242. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

208E/2021 EBAZPENA, irailaren 22koa, Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, honako deialdi hau onesten duena: “Nazioarteko lankidetzan I+G proiektuak egiteko laguntzak, garapen jasangarrirako lehengaien eta ekonomia zirkularraren arloan. ERA-MIN 2021”. DDBN identifikazioa: 585361.

ERA-MIN3 (2020-2025) ERA-NET COFUND bat da, Europako Batzordeak bultzatzen duena Ikerketaren eta Garapen Teknologikoaren Horizonte 2020 programan. ERA-MIN3ren helburu orokorra da garapen jasangarrirako lehengaien eta ekonomia zirkularraren arloan I+G proiektuak egitea nazioarteko lankidetzan.

Nazioarteko lankidetzan egiten diren I+G proiektuetan Nafarroako entitateen parte-hartzea bultzatzea dute helburu deialdi honetako laguntzek. Horrela, laguntza eman gogo zaie Nafarroako entitateei beren ikerketa eta garapen jarduerak nazioartera eramateko, eskuraerraza den tresna bat baliatuz: eskualdeko laguntzak.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskudantziak erabiliz, hala ematen baitizkit bere 32. artikuluan martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoak,

EBAZTEN DUT:

1. Honako deialdi hau onestea: “Nazioarteko lankidetzan I+G proiektuak egiteko laguntzak, garapen jasangarrirako lehengaien eta ekonomia zirkularraren arloan. ERA-MIN 2021”.

2. Dirulaguntza arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. 500.000 euroko gastua baimentzea, baldin eta kreditu egoki eta nahikorik bada, “Suspertu plana. Eskualdez gaindiko lankidetza proiektuetarako eta jarduketetarako dirulaguntzak” izeneko honako partida hauen baliokideen kargura: G20001 G2100 7701 467300 (PEP: E-21-000306-01), honako muga hauekin:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA (eurotan)

G20001 G2100 7701 467300 (PEP: E-21-000306-01) “Suspertu plana. Eskualdez gaindiko lankidetza proiektu eta jarduketetarako dirulaguntzak”

2023

150.000

G20001 G2100 7701 467300 (PEP: E-21-000306-01) “Suspertu plana. Eskualdez gaindiko lankidetza proiektu eta jarduketetarako dirulaguntzak”

2024

200.000

G20001 G2100 7701 467300 (PEP: E-21-000306-01) “Suspertu plana. Eskualdez gaindiko lankidetza proiektu eta jarduketetarako dirulaguntzak”

2025

150.000

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2021eko apirilaren 22an.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da I+G proiektuak egin daitezen sustatzea, nazioarteko lankidetzan, garapen jasangarrirako lehengaien eta ekonomia zirkularraren arloan eta ERA-MIN3 izeneko Europako lankidetza proiektuaren esparruan (2021eko deialdia, kontsultatu hemen: http://www.erapermed.eu/ ).

Horrela, Nafarroako enpresen –eta, batez ere, ETEen– lehiakortasuna eta nazioartekotzea handituko dituen dinamizazio teknologikoa bultzatu gogo da.

2. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Onuradun izaten ahalko dira enpresak, unibertsitateak, ikerketa zentroak eta zentro teknologikoak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Lantokia Nafarroan izatea eta bertan egitea diruz laguntzen diren jarduerak.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan ziurtagiri telematikoak frogatzen dutenak entitate eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskabidean, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

c) Enpresen kasuan, Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egon beharko dute, hala badagokio Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak Nafarroako Industria Erregistroa sortzeko apirilaren 30ean emandako 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

d) Unibertsitate, ikerketa-zentro eta zentro teknologikoen kasuan, dirulaguntza hauen onuradun izan daitezke hala akreditatuta badaude Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragileen erregistroan, zeina araututa baitago Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduan.

e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

f) Ezin izanen dira onuradun izan Europako Batzordearen aitzinetiko erabaki baten ondorioz berreskuratze-agindu baten mende dauden entitateak, erabaki horrek laguntza bat jotzeagatik ilegaltzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat, ez eta, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuan definitzen den gisan, krisian dagoen enpresatzat sailkaturik daudenak ere.

Halaber, deialditik kanpo geldituko dira aipaturiko (EB) erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektore eta baldintzetan diharduten entitateak.

2. Laguntzen eskabide telematikoan dagoen erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko, eta hari eutsi beharko zaio proiektua justifikatzeko aldia bukatzen den egunera arte.

3. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.

1.–Industria ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektuak izanen dira laguntzaren xede, oinarri honetan aipatzen diren baldintzak betez gero.

651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 85) eta 86) apartatuetan ezarrita dago “industria ikerketa” eta “garapen esperimentala” zer diren.

2.–Proiektu diruz lagungarriek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) –Proiektuan, gutxienez, hiru entitate independentek parte hartuko dute, ERA-MIN programaren lurralde eremuaren barruko hiru herrialdetakoak. Herrialde horietatik bi, gutxienez, Europar Batasuneko estatuak edo elkartutako estatuak izanen dira.

Enpresen tamaina kalkulatzeko, aplikatuko da ETEa definitzeko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean xedatutakoa.

Deialdian sartzen diren eskualde eta herrialdeak hemen kontsultatzen ahal dira: https://www.era-min.eu/joint-call/era-min-joint-call-2021.

b) Parte hartzen duten entitateetako bakar batek ere ez izatea bere gain proiektuaren gastu diruz lagungarri guztien %70 baino gehiago.

c) Proiektua “Garapen jasangarrirako lehengaien eta ekonomia zirkularraren” gaietan sartzea; horietan, besteak beste, honako arlo hauek dira:

–Prospekzio eta meatzaritzako lehengaien hornidura.

–Diseinu zirkularra, lehengaien efizientzia eta erabilgarritasuna handitzeko, birziklatzea sustatzeko edo lehengai kritikoak ordezteko.

–Lehengaien efizientzia handitzea birziklatzearen, birfabrikatzearen edo informazioaren teknologien bidez.

–Lehengaiak birziklatzeko, berrerabiltzeko, birfabrikatzeko eta berreskuratzeko teknologiak.

–Alderdi horizontalak: ekonomia zirkularra, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko metodoak, segurtasunaren eta osasunaren ikuspegia kontuan hartuko dituzten negozio-eredu berriak.

d) Proiektuari dagokion aurreproposamenari aldeko ebaluazioa ematea Call Steering Committee-k (parte hartzen duten herrialde eta eskualdeetako erakunde kudeatzaileen ordezkari guztiek osatzen dute), 2021eko ERA-MIN deialdiaren lehen fasean.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1.–Zein diren laguntzen entitate onuradunak, honako gastuek jasotzen ahalko dute dirulaguntza:

1.1. Hurrengo 1.2 atalean sartzen ez diren unibertsitate, ikerketa zentro eta zentro teknologikoentzat:

a) Zuzenean proiektuan aritzen diren langileen gastuak (ikertzaileak, teknikariak eta gainerako laguntzaileak), horretan aritzen diren neurrian eta denbora horretan. Gehienez ere 40 euroko dirulaguntza emanen da ordu bakoitzeko.

b) Proiektuan erabilitako materialen gastuak: lehengaiak eta beste hornigai batzuk. Material horiek beste jarduera batzuetan ere erabiltzeko eskuratuz gero, banaketa irizpide bat beharko da, behar bezala justifikatua, proiektuaren jardueretan erabilitako kopuruaren araberakoa.

c) Ekipamendu, patente eta baliagarritasun modeloen amortizazio gastuak, ondareko elementu horiek proiektuan erabiltzen diren neurrian eta denboran. Gastu horiei dagokienez, honako hau hartu beharko da aintzat:

1. Eskuratzen diren ekipo, patente eta baliagarritasun modeloen amortizazio gastuek beste dirulaguntza edo laguntza publikoren bat izan badute, ez dute dirulaguntza hau jasoko.

2. Proiektua gauzatzeko beharrezko ekipamendua finantzatuko da, baina ez erabilera orokorreko gailu informatikoak (PCa, ordenagailu eramangarriak, inprimagailuak...).

3. Ondare-elementu horiek proiektua gauzatzen denean sortzen dituzten gastuak ere diruz lagunduko dira, baldin eta errentamendu finantzarioaren edo operatiboaren eta antzekoen modalitateetan erabiltzen badira, bazter utzita interesei dagokien kuotaren zatia.

4. Laguntza hauen ondorioetarako, taulen araberako amortizazioa aplikatuko da, Sozietateen gaineko zergaren Erregelamenduaren (abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuak onetsia) 3. artikuluan adierazitako koefiziente eta aldien arabera.

d) Kanpoko kolaborazioen gastuak, izan unibertsitateenak, zentro teknologikoenak edo proiektuari lotutako I+G lanak eta ezagutza teknikoen ekarpenak egiten dituzten beste enpresa batzuenak.

e) Azpiegitura Zientifiko eta Tekniko Bereziak eta instalazio zientifiko handiak, Espainiakoak nahiz nazioartekoak, erabiltzeak dakartzan gastuak, bai eta SIESSen (Scientific Infrastructure and Equipment Sharing System of Navarra) aurreikusita dauden azpiegituren erabilerak eragindakoak ere.

f) Proiektuak sortutako patenteak eskatzeko gastuak. Gastu horrek ez du dirulaguntzarik izanen enpresa handientzat.

g) Proiektuarekin zuzeneko lotura duten beste gastu batzuk, benetan hura gauzatzeko erabili direnak, baldin eta zehazten ahal bada proiektu horretan berariaz erabili direla eta, banan-banan hartuta, proiektuari esleitzen ahal bazaizkio. Apartatu honetan sartzen dira bidaia gastuak.

1.2. Ikerketako erakunde publikoen, unibertsitate publikoen, zuzenbide publikoko entitateen eta I+Gko bestelako erakunde publiko batzuen kasuan:

1.1 apartatuan adierazitako gastuak diruz lagunduko dira, salbu a) letrako langileria gastuak, baina gastu horiek proiektuaren aurrekontuan sartu beharko dira nahitaez, zenbatekoaren eta parte-hartzearen baldintzei dagokienez zenbatu daitezen.

Proiektua gauzatzeko kontratatzen diren langileak diruz laguntzen ahalko dira.

1.3. Unibertsitateek, ikerketa zentroek eta zentro teknologikoek zeharkako kostu gisa egozten ahalko dute langileen zuzeneko kostu diruz lagungarrien %15 arte. Proiektuak gauzatzean egin diren zeharkako kostu horiek eragiketa gauzatzeari egozten ahal zaizkion kostu errealetan oinarrituko dira, oro har onartuta dauden kontabilitateko printzipio eta arauekin bat, edo antzeko eragiketei egozten ahal zaizkien batez besteko kostu errealetan.

2. I+G proiektuaren ondorioz fabrikatutako prototipoen kasuan, produkzio jardueran erabiltzen badira edo merkaturatzen badira, haiek fabrikatzean erabilitako materialen kostua ez da sartuko diruz lagungarriak diren gastuetan.

Azpiproduktuen, hondakinen eta berreskuratze materialen salmentagatik edo produkzioan aprobetxatzeagatik lortutako diru-sarrerak ere proiektuaren gastuetatik kenduko dira.

3. Ekipamenduko ondasunengatiko edo zerbitzuak emateagatiko gastu diruz lagungarrietakoren bat 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo), onuradunak “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia bete beharko du, egiaztatua izan dadin efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak baliatuz egin dela hautaketa. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira, eta hautatzen den eskaintza justifikatuko da.

Lotutako enpresa batekin gastua egiten duen onuradunak ez du hornitzailearen hautaketa justifikatu beharko, kasu horretan 11.2 oinarrian adierazitako moduan justifikatuko baita.

4. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen, proiektuko jarduerekin loturaren bat badute ere:

a) Langileen prestakuntzarako gastuak.

b) Proiektuaren dokumentazioari dagozkion gastuak.

c) Aholkularitza eta ziurtapen gastuak, proiektuaren kudeaketari eta dirulaguntzen eskaerak tramitatzeari lotutakoak.

d) Administrazio gastuak eta bulegoko materialarenak.

5. oinarria.–Proiektuaren eragin pizgarria eta hura gauzatzeko epea.

1. 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz, laguntza hauek eragin pizgarria izan behar dute; hortaz, laguntzak eskatzen dituztenek ezin izanen dituzte I+G proiektuak abiatu eskaera aurkeztu baino lehen. Edonola ere, bideragarritasunari buruzko azterlanak egiten ahalko dituzte, baina ez dira laguntzen eskaeran sartuko.

2. Laguntza eskaera aurkeztu ondoren abiatuko dira proiektuak, eta 2024ko abenduaren 31 baino lehen bukatu beharko dira.

Laguntza-eskaeraren inprimakian adierazten dena izanen da “proiektuaren hasiera eguntzat” hartuko dena.

3. Proiektuak hiru urtetan gauzatuko dira gehienez ere; hona hemen horien iraupena:

–Lehenengo urtea: proiektua hasten den egunetik 2022ko abenduaren 31ra arte (egun hori barne) gauzatzen diren jarduerak bilduko ditu.

–Bigarren urtea: 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte (edo proiektua bukatu arte, data hori baino lehen amaituz gero) gauzatutako jarduerak bilduko ditu.

–Hirugarren urtea: 2024ko urtarrilaren 1etik proiektua bukatu arte gauzatzen diren jarduerak bilduko ditu.

6. oinarria.–Laguntzen intentsitatea eta gehieneko zenbatekoa.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak proiektua ebaluatu ondoren diruz lagungarritzat jotzen diren gastuei aplikatuko zaien laguntza intentsitatea honako hau izanen da entitate onuraduna nolakoa den:

a) Enpresen kasuan, laguntzen intentsitatea hau izanen da, tamainaren arabera:

PROIEKTUAREN KALIFIKAZIOA

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA

TXIKIA

ERTAINA

HANDIA

Industria ikerketa

%80

%75

%65

Garapen esperimentala

%60

%50

%40

Ez dira inoiz gaindituko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako gehieneko laguntza-intentsitateak.

b) Unibertsitateen, ikerketa zentroen eta zentro teknologikoen kasuan, dirulaguntza %100ekoa izan daiteke jarduera ez-ekonomikoak badira, betiere “Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko esparrua” izeneko agiriaren (2014/C 198/01) 2.1.1 ataleko definizioaren arabera.

7. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2021eko azaroaren 26an bukatuko, egun hori barne.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

3. Laguntza eskabidean adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 17. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

4. Honako hau da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa:

a) Eskabide telematikoa, 2.2 oinarrian aipatu den erantzukizunpeko adierazpena barne duela.

b) Inprimakia, proiektuaren eta laguntza eskatzen duenaren datuekin.

c) Proiektua deskribatzen duen memoria teknikoa. Entitate koordinatzaileak ERA-MIN web plataforman aurkeztutako “full proposal” (ingelesez) memoria bera aurkeztu beharko da.

d) Oinarri honen 5. apartatuan ETEei eskatzen zaien informazioa.

Dokumentazio guztia eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

5. Enpresa ertainek eta txikiek azken hiru ekitaldietako balantzea, fakturazioa eta langileen kopuruari buruzko datuak erantsi beharko dizkiote eskabideari, bai eskatzailearenak, bai hari elkartutako eta lotutako enpresenak, enpresaren tamaina egiaztatu ahal izateko.

6. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, I+G+b Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria.–Norgehiagoka.

Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, 9. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, puntuazio handiena eskuratzen duten proiektuei 6. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdirako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

9. oinarria.–Proiektuak baloratzeko irizpideak.

1. ERA-MINeko Call Steering Committee-k hautatutako nazioarteko aditu independenteek eginen dute proiektuen balorazio teknikoa. Gutxienez hiru ebaluatzailek aztertuko dute proiektu bakoitza.

2. Honako hauek izanen dira adjudikazio-irizpideak:

a) Bikaintasun zientifikoa. Proiektuaren berritasun maila.

b) Proiektuaren eragin potentziala.

c) Inplementazioa. Inplementazioaren eta kudeaketaren kalitatea eta eraginkortasuna.

3. a), b) eta c) irizpideak 0tik 5era (puntuazio handiena) puntuatuko dira, eta ezin izanen da puntu erdirik eman. Gainditu gabe geldituko dira hiru irizpideetako bakoitzean 3 puntura iristen ez diren proiektuak, baita guztirako puntuazioan 10 puntu lortzen ez dituztenak ere.

4. Ebaluazio horren emaitza gisa, onetsitako proiektu guztien lehentasun-ordena eginen da, puntuazio handienetik txikienera. Zerrenda hori ikusirik, ERA-MINen parte hartzen duten eskualde eta herrialde guztietako erakunde kudeatzaileen ordezkariek zehaztuko dute zer proiektu lagunduko diren diruz, aurrekontuan dagoen kredituaren arabera.

10. oinarria.–Laguntzak ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Automozioaren, Mekatronikaren, Sorkuntza Industrien eta Industria Digitalen arloetako I+G+b Atalak, eskaerak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortzen duten puntuazioaren arabera ordenatuta, eta haietako bakoitzaren proiektuaren titulua eta laguntzaren zenbatekoa adierazita, azken hori proiektua gauzatzeko urtekotan banatuta.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna Berrikuntzako zuzendari nagusia da. Ebazpena eman eta telematika bidez jakinaraziko da eskatzaileen helbide elektroniko gaitura, nazioz gaindiko ebaluaziorako bilera egiten denetik bi hilabeteko epean.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

11. oinarria.–Azpikontratazioa eta lotutako enpresekiko harremana.

1. Ulertuko da azpikontratazioa egiten dela baldin onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen badu I+G proiektua zati batean gauzatzea, nahiz eta horretarako baliabide propioak izan.

Proiektuaren %50 arte azpikontrata daiteke. Lankidetza proiektu bateko parte-hartzaileek ezin izanen dituzte inoiz beren artean azpikontratatu proiektuaren jarduerak.

Azpikontratazioa 60.000 eurotik gorakoa eta emandako dirulaguntzaren %20tik gorakoa denean, kontratua idatzita egin beharko da, eta frogagiriekin batera aurkeztu.

2. Lotutako enpresen kasuan, onuradunak I+G proiektuaren gauzatze partziala kontratatu edo azpikontratatzen ahalko du haiekin, inguruabar hauek gertatuz gero:

a) Gastu diruz lagungarriak izatea, 4. oinarrian zehazten den bezala.

b) Laguntza-eskaeran jasotzea eta laguntza ematen duen organoak baimentzea, gastu hori diruz lagungarritzat hartuz laguntzak emateko ebazpenean.

c) Gastuak justifikatzea, onuradunaren eta hari lotutako enpresaren arteko faktura eta ordainagiria aurkeztuta. Gainera, fakturaren kontzeptuei dagozkien frogagiriak aurkeztuko dira, onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (esaterako, langileria kostuak justifikatzen dituzten nominak, materialen faktura, etab.).

Ez da onartuko kostuak garestitzea industria mozkina aplikatzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik.

Atal honetan xedatutakoaren ondorioetarako, “lotutako enpresa” izanen dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako loturaren bat dutenak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

12. oinarria.–Diruz lagundutako proiektua aldatzea.

1. Laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu behar dira I+G proiektuak. Nolanahi ere, hurrengo atalean aipatutako aldaketak baimendu daitezke, eta, horretarako, organo kudeatzaileari baimena eskatuko zaio aurretik, laguntzen fitxaren bidez.

2. Hauexek dira baimendu daitezkeen aldaketak:

a) Proiektua gauzatzeko aldia; luzapena eska daiteke, baina asko jota 2024ko abenduaren 31ra arte.

b) Laguntza emateko ebazpenean diruz laguntzen diren kontzeptuak. Laguntza-eskaeran adierazitako zehaztasun berberarekin adierazi beharko dira egin beharreko aldaketak.

Hala ere, ez da beharrezkoa izanen aldez aurreko baimena eskatzea diruz laguntzen diren gastuen %10 gainditzen ez duten igoeren kasuan, baldin eta beste batzuk jaitsiz konpentsatzen badira, laguntzaren guztirako zenbatekoa aldatu gabe. Igoera horiek behar bezala arrazoitu beharko dira frogagirietan.

c) Partzuergoaren osaera, baldin parte-hartzaile batek proiektua uzten badu eta beste batek ordezten badu.

3. Ez da aldaketarik baimenduko baldin eta 3.2 oinarrian aipatutako baldintzak aldatzen badira edo nazioarteko gainerako bazkideen jardueretan eraginik badu. Hori hala den egiaztatuko du aurretik laguntzak kudeatzeko organoak, eta, horretarako, harremanetan jarriko da parte hartzen duten eskualdeetako erakunde kudeatzaileekin.

4. Aldaketa egin aurretik eskatu beharko da baimena, urtea bukatu baino bi hilabete lehenago gutxienez.

13. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Onuradunek ondoren azaltzen diren epeetan justifikatu beharko dute diruz lagundutako jarduketa. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematika bidez, laguntzen fitxaren bitartez eta fitxa horretan eskura dauden ereduei jarraikiz:

a) 2023ko martxoaren 31ra arte (hori barne):

Justifikazio partziala: dokumentazio tekniko ekonomikoa, 2022ko abenduaren 31ra arte egin eta 2023ko martxoaren 31ra arte ordaindutako gastua jasoko duena (hori barne).

b) 2024ko martxoaren 31ra arte (hori barne):

Justifikazio partziala: dokumentazio tekniko ekonomikoa, 2023an egin eta 2024ko martxoaren 31ra arte ordaindutako gastua jasoko duena (hori barne).

c) 2025eko martxoaren 31ra arte (hori barne):

Azken justifikazioa: dokumentazio tekniko ekonomikoa, hirugarren urtekoan egin eta 2025eko martxoaren 31ra arte ordaindutako gastua jasoko duena (hori barne).

Azken justifikazioarekin batera, 16. oinarriko lehenbiziko ataleko a) eta b) letretako dokumentazioa aurkeztuko da.

2. %100eko laguntza eskuratzen duten unibertsitateek, ikerketa-zentroek eta zentro teknologikoek, justifikazio partzialarekin eta azkenekoarekin batera, frogagiri guztiak eta justifikazio kontu bat ere aurkeztu beharko dituzte, auditorearen txostena gehituta, bat etorriz Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduan xedatutakoarekin (2013ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 13koa), egindako gastu diruz lagungarriak xehatuta eta, zein den kasua, proiektuari egozten ahal zaizkion diru-sarrerak ere bai.

Auditatzen duenak egiaztatuko du erakundearen jarduera ez-ekonomikoei dagozkiela gastuak, bai eta proiektuari lotutako zeharkako gastuei ere, eta, bidezkoa bada, inbertsioen egiaztapen materiala eginen du, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 29. artikuluarekin bat.

Kasu horietan, 1.200 euro arteko dirulaguntza emanen da, gehienez ere, auditoriako txostenaren kostua finantzatzeko, onuradun eta urte bakoitzeko. Gastu hori 4.1.1.g) oinarrian deskribatu den “Bestelako gastuak” izeneko atalari egotziko zaio.

14. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1. Laguntza hiru unetan ordainduko da, hurrengo taulan adierazitako moduan:

URTEAK

JUSTIFIKAZIO PARTZIALA

JUSTIFIKAZIO PARTZIALA

AZKEN JUSTIFIKAZIOA

2023

a) Lehen urteari dagokion laguntzaren ordainketa

2024

b) Bigarren urteari dagokion laguntzaren ordainketa

2025

c) Hirugarren urteari dagokion laguntzaren ordainketa

a) Lehenengo urteari dagokion laguntzaren ordainketa: 13.1.a) oinarrian ezarritako justifikazio partziala berrikusi ondoren, lehenengo urteari lotuta aurkeztu den gastu justifikazioari dagokion laguntza ordainduko da.

b) Bigarren urteari dagokion laguntzaren ordainketa: 13.1.b) oinarrian ezarritako justifikazio partziala berrikusi ondoren, bigarren urteari lotuta aurkeztu den gastu justifikazioari dagokion laguntza ordainduko da.

c) Hirugarren urteari dagokion laguntzaren ordainketa: 13.1.c) oinarrian ezarritako azken justifikazioa berrikusi ondoren, hirugarren urteari lotuta aurkeztu den gastu justifikazioari dagokion laguntza ordainduko da.

60.000 eurotik gorako dirulaguntza jasotzen duten proiektuetan, I+G+b Zerbitzuak egiaztapen materiala eginen du azken ordainketa horren aurretik.

2. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, baldin eta onuradunek eskatu eta justifikatzen badute funtsak behar dituztela dirulaguntzaren xedeak betetzeko.

3. Ordaintzeko ebazpenak gehienez ere sei hilabeteko epean emanen dira, 13. oinarrian eskatzen den dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori etenda geldituko da, aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.

15. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez, fitxa horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Laguntza emateko ebazpenean aurreikusi bezala gauzatzea diruz lagundutako proiektuak, eta proiektu horiek 13. oinarrian ezarritako moduan eta epean justifikatzea.

c) Emandako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari.

d) Dirulaguntzaren xedeko I+G proiektuaren emaitzak zabaltzea 16. oinarrian adierazitako moduan.

e) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

f) Diruz lagundutako jardueraz sortzen den dokumentazio guztian hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia ematen duena, bai emakumeei bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatuarekin bat.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Dirulaguntza ematen duten ebazpenetan, oinarri hauetan edo Dirulaguntzei buruzko foru legean ezarritako betebeharretako bat betetzen ez bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta zerbait aurreratu bada, hura itzuli beharko da foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Baldin proiektutik gauzatzen den aurrekontua bada laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuaren %60tik beherakoa, ordaindu beharreko laguntza %50 murriztuko da.

b) Baldin aurrekontuaren %40tik behera gauzatu bada, onartutako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da, eta, kasua bada, ordaindutakoa itzultzeko eskatuko da.

c) Ez badira betetzen deialdi honetan ezarritako betebehar formalak, finkaturiko epeak 10 egunez edo gehiagoz gainditu gabe, ordaintzekoa den laguntza %5 gutxituko da. Deialdi honen ondorioetarako, betebehar formaltzat jotzen dira gardentasunaren adierazpena eta jarduketaren justifikazioa (13. oinarria).

16. oinarria.–Diruz lagundutako proiektuaren emaitzen zabalkundea.

1. Laguntzen entitate onuradunek ondoko jarduketa hauek egin beharko dituzte diruz lagundutako I+G proiektuaren emaitzak zabaltzeko:

a) Diruz lagundutako proiektuaren nondik norainokoari eta emaitzei buruzko dokumentu idatzi bat aurkeztea, gaztelaniaz eta ingelesez.

b) Diruz lagundutako proiektuaren bideo bat aurkeztea, bertan jasota, gutxienez ere, parte hartzen duten entitateen eta ikertzaile taldearen aurkezpena, proiektuaren helburuak eta lortu diren emaitzen deskripzioa.

c) Proiektuaren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, adierazi beharko da Nafarroako Gobernuak finantzatua dela.

2. Proiektuaren azken justifikazioarekin batera aurkeztu beharko da aurreko ataleko a) eta b) letretan adierazitako dokumentazioa.

3. Bideoa nahitaez aurkeztu beharko da 100.000 eurotik gorako dirulaguntza jasotzen duten proiektuentzat, eta, nahi izanez gero, gainerakoentzat. Bideoa bakarra izanen da proiektuarentzat.

4. 1. ataleko a) eta b) letretan aipatu diren dokumentua eta bideoa Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus) zabalduko dira.

5. Proiektuaren emaitzak zabaltzeko materialetan ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik azalduko, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira.

17. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bidez eginen dira, bai eta herritarren karpetan ere (https://sede.administracion.gob.es/carpeta/clave.htm).

Gaitutako helbide elektronikoa Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

2. Laguntzen eskaera-orria eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

18. oinarria.–Laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, xede bererako esleitutako beste laguntza batzuekin.

19. oinarria.–Laguntzen araubidea.

Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), betetzen dituelako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 25. artikuluan ezarritako baldintzak (erregelamendu horrek merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, eta 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 26koan).

Erregelamendu hori Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez luzatu da (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

20. oinarria.–Kenkaria ikerketa zientifikoko eta berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteagatik.

Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 61. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, deialdiaren ebazpenean adieraziko da ea ikerketa, garapen eta berrikuntzako jarduerek behar diren betebeharrak eta baldintzak betetzen ote dituzten artikulu horretako kenkaria aplikatzeko.

Ordainketa agintzen duten ebazpenetan benetan egindako gastuak adieraziko dira, I+G gisa kalifikatutako gastuei dagozkienak.

21. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

I+G+b Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es) argitaratuz, honako datu hauekin: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

22. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2114395