242. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Mugikortasuna eta trafikoa arautzen dituen udal ordenantzaren aldaketaren behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2021eko ekainaren 24an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasieran onestea mugikortasuna eta trafikoa arautzen dituen udal ordenantzaren aldaketa.

Informazioa jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2021eko 174. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 27an, eta Udaleko iragarki oholean. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da.

Zizur Nagusian, 2021eko irailaren 27an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

MUGIKORTASUNA ETA TRAFIKOA ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZAREN ALDAKETA

Aldaketa honek mugikortasuna eta trafikoa arautzen dituen udal ordenantzaren 32. eta 53. artikuluetan eta I. eranskinean du eragina.

Artikulu bakarra.

Aldaketak 32. eta 53. artikuluetan eta I. eranskinean sartu dira. Hona hemen egindako gehikuntzak:

32. artikulua. Idazketa berria ematen zaio.

32. artikulua. Abiadura mugak.

Hiriko abiadura muga orokor berriek aurreko muga orokorra (50 km orduko) ordezkatuko dute.

a) 20 km orduko, galtzada eta espaloi plataforma bakarra duten bideetan.

b) 30 km orduko, zirkulazioaren noranzko bakoitzeko errei bat dagoen bideetan. Salbuespenez, seinale espezifikoak jarri ondoren, udal agintaritzak abiadura hori handitzen ahalko du, gehienez ere orduko 50 km-ra.

c) 50 km orduko, zirkulazioaren noranzko bakoitzeko bi errei edo gehiago dauden bideetan. Bide eta zeharkale horietan, salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak gehienez ere 40 km orduko abiaduran ibiliko dira.

d) 50 km orduko, zeharkaleetan. Muga hori murrizten ahalko da udal agintaritzak bidearen titularrarekin adosten badu, aldez aurretik seinale espezifikoak jarrita.

e) 80 km orduko, herri barrutik igarotzen diren autobide eta autobietan. Hala ere, zabaltzen ahalko dira, udal agintaritzak eta bidearen titularrak hala erabakitzen badute, aldez aurretik seinale espezifikoak jarrita, betiere herritik kanpoko bide horietarako ezarritako muga orokorrak gainditu gabe.

Artikulu honen ondorioetarako, erabiltzaile jakin batzuen zirkulaziorako edo garraio publikoaren erabilera esklusiborako gordetako erreiak ez dira kontabilizatuko.

Udal agintariek abiadura orokorrak murrizten ahalko dituzte, aldez aurretik seinale espezifikoak jarrita. Halaber, behar diren neurriak hartzen ahalko dituzte trafikoa baretzeko eta ezarritako abiadura mugak errazago hautemateko.

Ordenantza honen I. eranskinean ezartzen dira Zizur Nagusiko bideetako abiadura mugak.

53. artikulua. Idazketa berria ematen zaio.

53. artikulua. Autobusak, kamioiak, furgonetak, atoiak, karabanak eta autokarabanak.

1.–Debeku da gehieneko pisu baimendua 5.000 kg-tik gorakoa duten ibilgailuak aparkatzea udal mugapeko bide guztietan, seinalatutako lekuetan zamalanak egiteko ez bada.

2.–Debeku da gehieneko pisu baimendua 3.500 kg-tik gorakoa duten kamioiak bizitegi eremuetan eta, orokorrean, hirigunean barna ibiltzea eta aparkatzea, non eta eremu horietako arau espezifikoetan gehieneko pisu baimendu desberdina jasorik ez dagoen edo berariazko baimen bat ez duen.

3.–Debeku da 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duten autobusak udal mugapeko bide guztietan aparkatzea.

4.–Debeku horiek ez dira beteko behar bezala justifikaturiko salbuespen kasuetan, betiere aitzinetik agintari eskudunaren baimena eskuratu baldin bada.

5.–Udalak eremu espezifikoak ezartzen ahal ditu, inolaz ere ez direnak udal mugapeko bideak izanen, gehieneko pisu baimendua 5.000 kilotik gorakoa duten ibilgailuak edo 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duten autobusak aparkatzeko.

Eremu egokituetan aparkatzeko baimena emanen da txartel baten bidez. Txartel hori lortzeko, baldintza hauek bete beharko dira, nahitaez:

a) Pertsona fisikoa izatea, gehieneko pisu baimendua 5.000 kilotik gorakoa duen ibilgailu baten edo 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duen autobus baten titularra izatea, familia unitatearekin batera Zizur Nagusian kokatutako etxebizitza batean erroldatuta egotea, eta hura izatea haren ohiko bizilekua.

Orobat, ibilgailua toki berean helbideraturik egonen da eta haren ohiko gidariak titularrak bete beharreko baldintza berak bete beharko ditu.

b) Zizur Nagusiko Udalarekin zorrik ez izatea derrigorrezko diru bilketaren epean, bereziki baimen txartela behar duten ibilgailuen zirkulazioaren gaineko zergarekin zerikusia badute.

c) Zizur Nagusiko Udalari baimen txartela eskatu izana, eskabide eta inprimaki ofizialarekin batera agiri hauek aurkeztuta:

Nortasun agiri nazionalaren kopia konpultsatua.

Ohiko gidariaren gidatzeko baimenaren kopia.

Ibilgailuaren zirkulazio baimenaren fotokopia.

Autoaren indarreko aseguru polizaren kopia eta ibilgailuen ikuskapen teknikoaren adostasun txostenarena, hura aginduzkoa bada.

d) Bizilagun txartela eskuratuz geroztik egoera aldatu ez eta, beraz, hura lortzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen jarraitzea.

Gaitutako eremuetan 13:00etatik 15:00etara aparkatzea baimentzen duen txartela lortzeko, aurrez aipatutako baldintza berak bete beharko dira, a) atala izan ezik. Horren ordez, hau da bete beharreko baldintza:

Gehieneko pisu baimendua 5.000 kilotik gorakoa duen ibilgailu baten edo 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duen autobus baten gidaria izatea, familia unitatearekin batera Zizur Nagusian kokatutako etxebizitza batean erroldatuta egotea, urtebetez baino gehiagoz, eta hura izatea haren ohiko bizilekua.

Txartela ibilgailuen aitzineko haizetakoen barne aldean paratuko da, kanpotik garbi ikusteko maneran. Urtebeterako balioko du eta eskatzailearena izanen da, ez beste inorena, eta zer ibilgailutarako eskatzen den, haretxena.

Txartela eskuratzen duten eskatzaileak haren erantzule izanen dira, eta etxez edo ibilgailuz aldatzen direnean, edo hartarako eskubidea ematen duen edozein baldintza aldatzen denean, horren berri eman beharko diote Udalari, gehienez ere astebetean. Hartara, txartel berria eskuratuko dute, horretarako eskubidea izanez gero, edo anarteraino indarra izan duen txartela indargabetuko zaie.

Egoera edonola aldatu bada eta, beraz, txartela lortzeko eskatzen diren baldintzetariko bat betetzen ez bada, txartela besterik gabe indargabetuko da eta une horretatik aitzina aparkatzeko eskubidea galduko da.

Baimen txartel berria eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da zaharra itzultzea interesdunari berria ematen zaionean.

Halaber, txartela itzuli beharko da helbidez aldatu edota baldintzaren bat ez betetzeagatik txartel berria lortzeko eskubidea galtzen bada, Udalari horren berri ematen zaion unean berean, edo hartarako eskubidea izanik ere hura berritu nahi ez denean itzuli ere.

Txartela ebatsi edo galduz gero, berehalakoan eman behar zaio horren berri Udalari.

Udalak noiznahi egiaztatzen ahal du ofizioz txartelak emateko ezarritako baldintzak betetzen ote diren, eta betetzen ez dituztenei baliorik gabe utziko dizkie, bidezkoak izan daitezkeen beste neurri edo zehapenez aparte.

Gaitutako eremuetan ez da inola ere aparkatzen ahalko ibilgailu motordunetik bereizitako atoirik.

Era berean, ibilgailu bat 7 egun gehienez egoten ahalko da toki berean mugitu gabe. Denbora hori gainditu ondoan, baimenak eragina galduko du eta ezeztaturik uzten ahal da behin betiko.

6.–Orokorrean, debeku da karabanak, atoiak, edukiontziak, erdiatoiak eta, haien neurria dela-eta, gainerako erabiltzaileak bidetik segurtasunez ibiltzea zailtzen duten ibilgailuak aparkatzea, ibilgailu baimenduak izan ezik, baldin eta baimen seinalea dagoen tokian aparkatzen badira.

7.–Udalak leku batzuk egokitzen ahalko ditu 5,5 metroko luzera edo/eta 2,5 metroko altuera gainditzen duten ibilgailuak aparkatzeko. Leku horiek, behar bezala seinaleztatuta egon beharko direnak, denbora mugatuan nahiz mugagabean aparkatzeko izaten ahal dira. Agintari eskudunak erabakiko du, kasuan kasu.

Denbora mugagabean aparkatzea baimentzeko, horretarako baimena ematen duen txartela baliatuko da. Txartel hori eskuratzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Pertsona fisikoa izatea, 5,5 metroko luzera eta 2,5 metroko altuera gainditzen dituen ibilgailu baten titularra izatea (renting erako edo antzeko errentamendu kontratua duten ibilgailuetan izan ezik), eta familia unitatearekin batera Zizur Nagusian erroldatuta egotea, eta hura izatea ohiko bizilekua.

Orobat, ibilgailua toki berean helbideraturik egonen da, indarrean den aseguru eta guzti, eta haren ohiko gidariak titularrak bete beharreko baldintza berak bete beharko ditu.

b) Ez edukitzea zorrik Zizur Nagusiko Udalarekin, derrigorrezko diru bilketaren epean.

c) Txartela eskatu izana, nahitaezko dokumentazioa aurkeztuta.

d) Bizilagun txartela eskuratuz geroztik egoera aldatu ez eta, beraz, hura lortzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen jarraitzea.

e) Renting motako edo antzeko errentamendu kontratua duten ibilgailuen kasuan, hori egiaztatzen duen dokumentazioaren kopia.

Txartela ibilgailuen aitzineko haizetakoen barne aldean paratuko da, kanpotik garbi ikusteko maneran. Urtebeterako balioko du eta eskatzailearena izanen da, ez beste inorena, eta zer ibilgailutarako eskatzen den, haretxena.

Txartela eskuratzen duten eskatzaileak haren erantzule izanen dira, eta etxez edo ibilgailuz aldatzen direnean, edo hartarako eskubidea ematen duen edozein baldintza aldatzen denean, horren berri eman beharko diote Udalari, gehienez ere astebetean. Hartara, txartel berria eskuratuko dute, horretarako eskubidea izanez gero, edo anarteraino indarra izan duen txartela indargabetuko zaie.

Egoera edonola aldatu bada eta, beraz, txartela lortzeko eskatzen diren baldintzetariko bat betetzen ez bada, txartela besterik gabe indargabetuko da eta une horretatik aitzina aparkatzeko eskubidea galduko da.

Baimen txartel berria eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da zaharra itzultzea interesdunari berria ematen zaionean.

Halaber, txartela itzuli beharko da helbidez aldatu edota baldintzaren bat ez betetzeagatik txartel berria lortzeko eskubidea galtzen bada, Udalari horren berri ematen zaion unean berean, edo hartarako eskubidea izanik ere hura berritu nahi ez denean itzuli ere.

Txartela ebatsi edo galduz gero, berehalakoan eman behar zaio horren berri Udalari.

Udalak noiznahi egiaztatzen ahal du ofizioz txartelak emateko ezarritako baldintzak betetzen ote diren, eta betetzen ez dituztenei baliorik gabe utziko dizkie, bidezkoak izan daitezkeen beste neurri edo zehapenez aparte.

Udalerriaren barruan kanpatzea debeku da, berariazko baimena eduki ezean.

Ordenantza hau aditzera emate aldera, honelakoetan ulertzen da autokarabana edo etxebizitza ibilgailu bat aparkatua dagoela eta ez kanpatua:

a) Zorua gurpilekin edo segurtasun altxagarriekin baizik ukitzen ez duelarik.

b) Autokarabana itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez duelarik, hau da, ibilgailuaren perimetroa gainezkatzen duten elementurik hedaturik ez dagoelarik.

c) Kutsagarria izan ala ez, inolako isurkiren igorpenik gertatzen ez delarik, salbu eta motorraren errekuntzak ihes hodiaren bitartez berezkoak dituenak, edo jendetasunaren eta/edo osasunaren kontrako portaerak agertzen ez badira, hala nola erabilitako urak eremu publikoan hustea.

d) Asots gogaikarriak ateratzen ez direlarik, hala nola argindar sorgailu bat piztuz, edo ekipamendu akustikoak sobera ozen edukiz pausatzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera luze jotzen duen denboran.

I. eranskina.–Beste idazketa bat ematen zaio.

I. ERANSKINA

Abiadura mugak

Zizur Nagusiko bideetan honako abiadura muga hauek ezartzen dira:

Gehieneko abiadura 40 km/h.

• San Kristobal ingurubidea (1-7 atalondoetarako sarbidea izan ezik).

• NA-7015 bidea, A-12arekin duen gurutzagunetik Beraskoaingo etorbidearekin bat egiten duen biribilguneraino.

• Saguesgaña kalea (Emakumeen Plazarekin muga egiten duen zirkulazioaren noranzko bakoitzeko 2 erreiko tartea).

• Arrobia kalea (Saguesgaña kaleko biribilgunetik NA-7015 biribilgunerako tartea izan ezik).

Gehieneko abiadura 30 km/h.

• Mendikoa kalea.

• Mendikoa zeharbidea.

• Iturpea kalea.

• Bidegaina kalea.

• Bidegaina zeharbidea.

• Zizurrertea zeharbidea.

• Zizurrertea kalea.

• Bidepea kalea.

• Eriete kalea.

• Muga kalea.

• Istizu kalea.

• Istizu zeharbidea.

• Sario kalea.

• Fazeria kalea.

• Aranegi kalea.

• Iturbarren kalea.

• Lurbeltzeta kalea.

• Erreniega parkea (udaleko kirol instalazioen ondoko plataforma bakarreko tartea izan ezik).

• Talluntze parkea.

• Talluntze kalea.

• Talluntze zeharbidea.

• Zarikiegi kalea.

• Zarikiegi zeharbidea.

• Asterain kalea.

• Zumardi parkea.

• Paternain kalea.

• Muru-Asterain kalea.

• Undio kalea.

• Larraia kalea.

• Sagues kalea.

• Tablada kalea.

• Beraskoaingo etorbidea (Nafarroako Foruen Plazarekin muga egiten duen tartea eta Ardoi inguruko tarte altxatuak izan ezik).

• Victor Baraibar kalea (3 eta 21 atalondoen arteko tartea izan ezik).

• San Isidro kalea.

• Ixurmendi kalea.

• Putzubidea kalea (1-15 eta 2-10 atalondoen arteko tartea).

• Etxesakan kalea.

• Lakuntzea kalea.

• Julio Paternain kalea.

• Errondoa kalea.

• Euntzemearra kalea.

• Euntzemearra plaza.

• Ardoi kalea.

• Mirador kalea.

• San Andres kalea.

• San Frantzisko kalea.

• Ardoiko Pinudi kalea (San Andres kalearen elkargunetik Ardoi kalearekiko bidegurutzeraino).

• San Frantzisko zeharbidea.

• Etxegibela kalea (1-7 eta 2-4 atalondoen arteko tartea).

• Arridia kalea (galtzada eta espaloiko plataforma bakarreko tartea izan ezik: Beraskoaingo etorbidetik Gazolatz Bidea kaleraino).

• Zubiondoa kalea (galtzada eta espaloiko plataforma bakarreko tarteak izan ezik).

• Gazolatz Bidea kalea (galtzada eta espaloiko plataforma bakarreko tarteak izan ezik).

• Morea kalea (galtzada eta espaloiko plataforma bakarreko tarteak izan ezik).

• Ikortebidea kalea (galtzada eta espaloiko plataforma bakarreko tarteak izan ezik).

• Zedarropea kalea (galtzada eta espaloiko plataforma bakarreko tarteak izan ezik).

• Garzabala kalea (galtzada eta espaloiko plataforma bakarreko tarteak izan ezik).

• Boluntze kalea (galtzada eta espaloiko plataforma bakarreko tarteak izan ezik).

• Saguesgaña kalea (Emakumeen Plazarekin muga egiten duen zirkulazioaren noranzko bakoitzeko 2 erreiko tartea eta altxatutako tarteak izan ezik).

• Arrobia kalea (Saguesgaña kaleko biribilgunetik NA-7015 biribilgunerako tartea).

Gehieneko abiadura 20 km/h.

• Gendulain kalea.

• San Kristobal ingurubidea (1-7 atalondoetarako sarbidea).

• Erreniega parkea (galtzada eta espaloiko plataforma bakarreko tartea, udaleko kirol instalazioen ondoan).

• Lizarra etorbidea (20 eta 38 atalondoen arteko tartea).

• San Migel kalea.

• Putzubidea kalea (19-33 eta 14-16 atalondoen arteko tartea).

• Victor Baraibar kalea (3 eta 21 atalondoen arteko tartea).

• Nafarroako Foruen Plaza.

• Beraskoaingo etorbidea (Nafarroako Foruen Plazarekin bat egiten duen tartea eta Ardoi inguruan plataforma altxatua duten tarteak).

• Artzarapea plaza.

• Ardoiko Pinudi kalea (Ardoi kalearekiko gurutzagunetik futbol zelaietaraino).

• Etxegibela kalea (6-28 eta 13-21 atalondoen arteko tartea).

• Arberoki kalea.

• Arberoki zeharbidea.

• Arridia kalea (galtzada eta espaloiko plataforma bakarreko tartea: Beraskoaingo etorbidetik Gazolatz Bidea kaleraino).

• Euntzeluzea kalea.

• Errotaxar kalea.

• Zubibidea kalea.

• Mindegi kalea.

• Bideburu kalea.

• Boltxoko kalea.

• Barga kalea.

• Arrieta kalea.

• Zubiondoa kalea (galtzada eta espaloiko plataforma bakarreko tartea).

• Gazolatz Bidea kalea (galtzada eta espaloiko plataforma bakarreko tarteak).

• Morea kalea (galtzada eta espaloiko plataforma bakarreko tarteak).

• Ikortebidea kalea (galtzada eta espaloiko plataforma bakarreko tarteak).

• Zerradopea kalea (galtzada eta espaloiko plataforma bakarreko tarteak).

• Garzabala kalea (galtzada eta espaloiko plataforma bakarreko tarteak).

• Boluntze kalea (galtzada eta espaloiko plataforma bakarreko tarteak).

Azken xedapena.–Ordenantzaren aldaketa honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari begira.

Mapa(PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2114193