241. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

955E/2021 EBAZPENA, irailaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten duena, Nafarroako Ubidearen 1. faseko hedapenaren XXVI. sektoreko obrak egiteko, «Picón-Yasa 3» eremuan (Cárcar), legarrak ustiatzeko proiektuaren gainean. Aguas de Navarra ABEEak sustatzen du proiektua.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren barnean sartzen da, 2. taldean. Aipatu arauak 7.1 artikuluan ezartzen du I. eranskinean sartutako proiektuei ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta eginen zaiela.

Sustatzaileak, 2021eko otsailaren 16an, ebazpen honen hasieran aipatutako espedientea aurkeztu du, organo substantiboaren aurrean (Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua). 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera, proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jarri ziren 30 egunez, eta iragarkia 2021eko 70. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 29koan. Gainera, kontsultak egin zitzaizkien proiektuak ukitzen zituen administrazio publikoei eta interesdunei. Epe horretan ez zen alegaziorik aurkeztu, eta Cárcarko Udalaren eta Biodibertsitatearen Zerbitzuaren txostenak jaso ziren, ondoren zehaztuko dugun bezala:

–Cárcarko Udalak udal arkitektoaren 2021eko martxoaren 2ko txostenaren berri eman zuen. Txosten horretan, 2017ko urriaren 23an egindako udal txostena aipatzen zen, legartegi honetarako aurreko proposamen bati buruzkoa. Era berean, proposamenak lurralde tresnekin eta udal plangintzako tresnekin duen bateragarritasunari buruzko oharrak biltzen zituen, bai eta proposamenaren ingurumen izapidetzeari buruzkoak ere.

–2021eko maiatzaren 5ean, Biodibertsitatearen Zerbitzuak organo substantiboari jakinarazi zion ingurumen inpaktuaren azterketak zuzenketa neurri osagarri batzuen balorazioa jaso beharko lukeela lehengoratzeari eta landareztatzeari, lurraldearen drainatzeari eta natura eta paisaia balioa duten elementuen babesari dagokienez. Horrez gain, aipatu zion zehaztasun handiagoz zerrendatu behar zituela legarren xedea eta aurkeztutako aukerak eragindako inpaktuak gutxitu ditzaketen beste kokaleku batzuen alternatiben balorazioa, eta kamioiek obra eremuetara egiten dituzten ibilbideen deskribapena aurkeztu behar zuela.

2020ko ekainaren 8an, sustatzaileak, 21/2013 Legearen 39. artikuluari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari. Eskaera hori 2021eko uztailaren 15ean bidali zitzaion Biodibertsitatearen Zerbitzuari, espedienteko dokumentazio osoarekin batera, 39.3 artikuluari jarraikiz.

Proiektuaren laburpena ebazpen honen I. eranskinean dago. Ingurumen inpaktuaren azterketan (II. eranskinean laburturik ageri da), proiektuak ingurumenean izanen dituen inpaktu nagusiak aztertzen dira, eta zuzenketa neurri batzuk ezartzen, ingurumenean inpaktu nabarmenik eraginen ez dela bermatzeko.

Dokumentazioaren azterketa teknikoa eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa

Legartegi berri bat irekitzeko justifikazioari dagokionez, dokumentazioan zerrenda bat aurkeztu da, Nafarroako Ubidearen 1. faseko hedapenaren XXVI. sektoreko obretarako hautatutako zabor naturalen edo lurzoruen beharrizanak biltzen dituena, Ingurumen Zuzendaritza Nagusian aurkeztutako ingurumen inpaktuen azterketaren arabera eta eraikuntza proiektuen aurreikuspenaren arabera. Halaber, adierazten da behar horiek ezin direla bete legartegi komertzialetik lortutako agregakinekin, ezta agregakin birziklatuarekin ere. Beraz, «Picón-Yasa 3» eremuaren erauzketa sustatzea justifikatzeko, adierazi da helburua dela XXVI. sektoreko Ega 4 (Cárcar) guneko obretarako behar diren legar guztiak ez ezik, sektore bereko Ega 3 (Sesma) guneko obretarako legar eta agregakinen % 60 inguru ematea.

Cárcarko 8. poligonoko 1060. lursailaren erauzketa egiteko proposatutako zatia laborantzarako erabiltzen da, eta «Los Cascajos» izeneko terrazan dago, Ega ibaiaren ezkerreko ertzean. 10 metro altuko ezponda batekin egiten du muga –8. poligonoko 1059. lurzatiari dagokio–, terrazaren ertzean, hain zuzen ere. Ezponda horretan abandonatutako larreak eta arbendolondoak daude, eta ingurumen balioa, paisaia balioa eta korridore ekologikoarena daukate; horregatik, babestu beharreko elementu gisa inbentariatu zen Lurralde eta Paisaiaren Zerbitzuaren 2017ko azaroaren 23ko txostenean, Ega 4 guneko (Cárcar) lurzatiak berrantolatzeari eta ureztatze eremu bihurtzeari buruzkoan.

Azken topografiari eta lehengoratzeari buruzko proposamenaren alternatibak aztertu dira, eta zortzi aukera hartu dira kontuan, terrazan zulo artifizialik ez egiteko eta ingurumen balioa duten elementuak babesteko; bereziki, aipatutako ezponda. Hautatu den 5. aukerako azken topografiak ibarbide sakon bat osatzen du. Ibarbide horren zati handi batek ereiteko aukera ematen du, eta ez da gehiegi nabarmenduko «Los Cascajos» ibai terrazaren muturrean. Halaber, proposatzen da 15 metroko zerrenda bat ustiatu gabe uztea erauzketaren eta ezpondaren goiko mugaren artean, hura babesteko.

Lehengoratzean bertan eta eremuko drainatzean izan daitezkeen ondorioak minimizatzeko, La Virgen bidea eta erauzketaren hegoaldera doan bidea (Ega 4-Cárcar gunea ureztatze eremu bihurtzeko proiektuan daude sartuta biak) zehaztu eta konponduko dira.

Erauzketa berriak eragindako larreak batez ere 1060-E azpilurzatian daude. Azpilurzatiak 5.500 m2-ko azalera du, gutxi gorabehera. Proiektuaren lehengoratze planak hidroereintzak aurreikusten ditu, Cárcarko habitat naturaletako belarkien eta zurezko landareen nahasketa batekin, bai sortzen diren eta erein ezin diren ezpondetan bai 6. poligonoko 1059. lurzatiko ezpondako babes zerrendan. Landareztatze lanak eginez gero, galdutako ingurumen elementuak lehengoratuko dira, eta proposamenaren ingurumen integrazioa indartuko du.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Eraginaren Atalak, proiektuaren ingurumen inpaktuaren azterketa teknikoa egin ondotik, ondorioztatu du ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura behar bezala egin dela, eta ados agertu da aztertutako lau aukeren artean hautatutakoarekin. Hala, irizten da proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik, eta bidezko dela ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea eta zehaztea ebazpen honetan jasotako baldintzetan egiten ahalko dela proiektua, ingurumeneko ondorioetarako soil-soilik.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura osatuta dagoela iritzita, eta azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko presidentearen abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen inpaktuaren aldeko adierazpena egitea, Nafarroako Ubidearen 1. faseko hedapenaren XXVI. sektoreko obrak egiteko, «Picón-Yasa 3» eremuan (Cárcar) legarrak ustiatzeko proiektuaren gainean. Aguas de Navarra ABEEak sustatzen du proiektua.

2. Ezartzea jarduera goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin dadila, baita honako baldintza hauek betez ere:

–Landare lurra kendu eta pilatuko da, obren ondotik birjartzeko eta zabaltzeko, proiektuak (eta 5. planoak) adierazten duen bezala.

–Amaierako topografia eta paisaiaren lehengoratzea hobetzeko, erauzketako errefusak zuloan bertan erabiliko dira. Komenigarria izanen da, halaber, xede horretarako erabiltzea Ega 4 guneko (Carcar) obretan aurreikusitako lur soberakinak (sakanak handitzearen, arekak ireki eta konpontzearen eta idoiak eta putzuak egitearen ondoriozkoak).

–Sortzen diren eta erein ezin diren azalera guztiak eta ezpondaren 15 metroko babes zerrenda «Picón-Yasa 3» eremua lehengoratzeko proposamenean aurreikusitakoaren arabera hidroereinen dira.

–Hondeaketaren perimetroaren eta zerrenda horren arteko muga obran balizatuko da, ustekabean ez hondeatzeko.

–Lehengoratze fasean muga argi bat ezarriko da –berma, zanga, lubeta edo ezponda txiki bat izan daiteke–, nekazaritza erabilerako azaleren eta zuhaitzik gabeko baso erabilerako azaleren artean (8. planoan agertzen den bezala).

–Legarrak «Santa Cruz-Lampara» Estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremutik (AICAENA) Ega 3 gunera (Sesma) kamioietan eramateko aukerari dagokionez, Cárcartik Lodosara doan NA-134 errepidea baino ez da erabiliko, AICAENA horretako landabideak ez zeharkatzeko.

–Okupazioan edo azken topografian gertatzen den aldaketa nabarmen oro Ingurumen Eraginaren Atalari aurkeztuko zaio, ingurumen ebaluazio berririk behar den zehazteko.

–Legartegi berriko sastrakak kentzeko lanaren jarraipen arkeologikoa aurkeztutako ingurumen inpaktuaren azterketaren arabera eginen da.

–Ingurumen inpaktuaren adierazpenean eta «Picón-Yasa 3» eremuaren baimenean adierazitako ingurumen baldintzak Nafarroako Ubidearen 1. faseko hedapenaren XXVI. sektoreko guneetako obren ingurumen zaintzarekin koordinatuta beteko dira.

3. Proiektuaren lehengoratze planari buruz aldeko txostena ematen da, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak onartze aldera, Erauzketa industrien hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz. Egokitzat jotzen da 23.250 euroko abala jarri behar izatea lehengoratze plana beteko dela bermatzeko, legartegirako baimen substantiboaren barruan, aipatutako 975/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Cárcarko Udalari, Ingurumen Zaintzari (9. barrutia, «Lizarra-Hegoaldea») eta sustatzaileari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko irailaren 23an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapenaren laburpena

Txosten honen xede den «Picón-Yasa 3» eremuaren ustiapen proposamenak arinki aldatzen eta eguneratzen du «Picón-Yasa 2» aurreko proposamena; 2018an hasi baitzen izapidetzen, baina ez zen burutu (69/2020 Ebazpena, abuztuaren 14koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiarena). Oraingo proposamenak izapidetze hartan sustatzaileari bidalitako (2019ko irailean) ingurumen edukia duen errekerimendu baten puntuei erantzuten die.

Egungo proposamenarekin –«Picón-Yasa 3» eremuari dagokiona–, 100.000 m³ inguru lortu nahi dira Cárcarko 8. poligonoko 1060 lurzatian, lurzati berrantolamenduko obretan eta Nafarroako Ubidearen 1. faseko hedapenaren XXVI. sektoreko Ega 4 (Cárcar) eta Ega 3 (Sesma) guneak ureztatze eremu bihurtzeko edo modernizatzeko obretan erabiltzeko. Legartegiak, zehazki, 34.255 m³ legar emanen lituzke Ega 4 (Cárcar) guneko obra guztietarako, eta 65.745 m³ Ega 3 (Sesma) guneko obretarako (guztira 109.000 m³ behar dira).

Baimendutako legartegi komertzialeko materialak lortzeko aztertutako aukerak alde batera utzita, irismenerako eta lehengoratze topografikorako zortzi aukera proposatu dira.

Hautatu den 5. aukerak zulo laukizuzen eta estu samarra sortuko du «Los Cascajos» ibai terrazaren hego-mendebaldean, terraza horren ezpondaren ondoan, Ega ibaiaren ezkerreko ertzeko ibarraren gainean (Cárcar). 1060. lurzatiaren 24.211 m² inguru okupatuko dira. Beraz, 5 metroko lur erauzketa eta 8 edo 9 metroko gehieneko sakonera izanen ditu, eta batez ere laboreak eta larre azaleraren bat hartuko ditu.

Proiektuaren azken topografian eta lehengoratzean –aukera honen arabera–, ereiteko aukera emanen duen ibarbide estu bat eratuko da, 1.250 m2-ko lur erauzketako ezponda bat kenduta, larre bihurtuko den zatiaren ekialdean. Ibarbidea landabide baterantz irekiko da, terrazaren azpian dagoen ustiategiaren hegoaldean.

II. ERANSKINA

Ingurumen inpaktuaren azterketaren laburpena

Aurkeztutako ingurumen inpaktuaren azterketa –eta haren eranskinak– formalki osoa da, honako hauek biltzen baititu: proiektuaren justifikazioa, obretarako legarrak eta agregakinak lortzeko aukeren azterlan bat eta legartegia diseinatu eta konfiguratzeko eta lehengoratzeko lanen azterlan bat.

Proiektua eta ingurune hartzailea (naturala eta ondarezkoa) ere deskribatzen ditu, eta sortuko diren ingurumen inpaktuen balorazio bat ez ezik, zuzenketa neurriak eta ingurumena zaintzekoak ere biltzen ditu.

Neurri horien artean dagoen azken topografia proposamen batek paisaian integratzen laguntzen du, ingurumen balioa duten elementuak babesten ditu, landareztatzea errazten du eta lurraldearen drainatzea nabarmen aldatzen ez du. Gainera, ekialdean 15 metroko zerrenda bat ustiatu gabe uzteko proposamena sartu da, paisaia balioa eta konektore ekologikoa dituena (Cárcarko 8. poligonoko 1059. lurzatia), babesteko. Lehengoratu ondoren, zerrenda hori landu gabe geratzea aurreikusten da.

Landareztatze planak proposatzen du lehengoratutako zuloaren ekialdean dagoen malda handiko ezponda ereitea edo hidroereitea, bai eta zuloaren mendebaldean dagoen 15 metroko zerrenda ereitea ere, inguruko belarkien eta zurezko landare autoktonoen nahasketa batekin. Halaber, berma bat egitea aurreikusten da, zerrenda hori mugatzeko eta, ondoren, lantzea saihesteko.

Iragarkiaren kodea: F2114177