241. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

217E/2021 EBAZPENA, irailaren 23koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: «Oitz-Doneztebe: Z346013 PB20 Castor A101/8211304. zk.», Doneztebeko, Donamariako eta Oizko udal-mugarteetan. Sustatzailea Telefónica de España SAU da.

2021eko maiatzaren 17an, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean dago. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen duenez, ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko ditu lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuaren (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketa Donezteben dagoen kutxatila, Donamaria eta Oitz zuntz optiko bidez konektatzean datza.

Horretarako, zuntz optikoa zabalduko da, lehendik dagoen kanalizazioan (2.610 metro luze) eta aireko linean zehar (298 metro luze).

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, honako hau adierazi du: «Jarduera onartutzat jotzen ahal da eskaera, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 110. artikuluarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina). Baimendutako jarduera eta erabilerak udal eskumenaren esparrukoak dira, eta ez dute lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrietarako baimenik behar (aipatu testu bateginaren 117. artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen (Konfederazio Hidrografikoa, Ingurumeneko Departamentua, Herri Lan Zuzendaritza Nagusia...) lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe izapide horietan organo eskudunak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren».

Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: «Oitz-Doneztebe: Z346013 PB20 Castor A101/8211304. zk.», Doneztebeko, Donamariako eta Oizko udal-mugarteetan. Sustatzailea Telefónica de España SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Zuntz optikoa zabaltzean sortzen diren materialak hondakinei buruz indarrean den araudiaren arabera kudeatu beharko dira, haien izaera aintzat hartuta.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eta garbitu eginen dira.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko, ezinbestekoa izanen da 1.500 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, eremua lehengoratu edo kalteak gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak –Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak– 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen; beraz, espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztuta, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau helaraztea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Doneztebeko Udalari, Donamariako Udalari, Oizko Udalari, Ingurumen Zaintzari (Bidasoako Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko irailaren 23an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2114176