241. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

213E/2021 EBAZPENA, irailaren 17koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: «Zuntz optikoko interkonexiorako proiektua telekomunikazio zentroetan-Bidankozeko TZ», Bidankozeko udal-mugartean. Sustatzailea Navarra de Servicios y Tecnologías SA da.

2021eko maiatzaren 25ean, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko «kategoria» epigrafean dago. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen duenez, ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko ditu lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuaren (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketa Bidankozeko Iturriko plazan dagoen DF kutxatila eta Bidankozeko telekomunikazio zentroa zuntz optiko bidez konektatzean datza.

Horretarako, herriko fatxadetako kanalizazioetan zehar (92 metro luze) eta behe tentsioko aireko linean zehar (200 metro luze) zabalduko da zuntz optikoa, eta, azken 15 metroetan, lurpeko kanalizaziora igaroko da, Bidankozeko ZTra iritsi arte. Azpiegitura berriarekin, aireko behe tentsioko linearen hasierako eta amaierako zutoinak ordeztuko dira, eta lurpeko kanalizazio tartea eraiki.

Espedientean, Bidankozeko Udalak hirigintzarekiko bateragarritasunari buruz egindako aldeko txostena dago.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuaren (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan xedatutakoaren arabera, jakinarazten du, legegintzako foru dekretu beraren 110.2 artikuluarekin bat etorriz, eskaera baimendutako jardueratzat har daitekeela, eta, beraz, ez du behar lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrietarako baimenik, aipatutako testu bateginaren 117. artikuluan aurreikusita dagoen moduan.

Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: «Zuntz optikoko interkonexiorako proiektua telekomunikazio zentroetan-Bidankozeko TZ», Bidankozeko udal-mugartean. Sustatzailea Navarra de Servicios y Tecnologías SA da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Obren kalean egin beharreko inausketak eta kendu beharreko sastrakak zuhaitzei eta zuhaixkei ahalik eta kalte gutxien eragiteko irizpideen arabera eginen dira, trazadura egokituz eta inausketa eta seinaleztapen lanak leunduz, Ingurumeneko Zaintzak gainbegiratuta.

–Belar sastrakak garbitu, lurrak mugitu eta kanalizazio hodia paratu aurretik, eremua ikuskatu beharko da, fauna espezieei eragozpenik ez sortzeko.

–Zanga irekitzean, landare lurra gordeko da geroago zangaren azaleko partea betetzeko.

Zangak irekita gelditzen badira egun batetik bestera, arrapalak jarri beharko dira, hara ezustean eror daitezkeen animaliak atera ahal izateko. Zanga ireki eta ahal den lasterren bete beharko da, barnean animaliarik harrapatuta ez dagoela egiaztatu ondoren.

–Lanak hasi baino lehen (72 ordu lehenago), Erronkari-Zaraitzu barrutiko Ingurumen Zaintzari jakinarazi beharko zaio telefonoz (948475055/699307698) edo posta elektronikoz (gmaroncal@navarra.es). Barrutiko Ingurumen Zaintzak denbora edo tokiaren gaineko mugak jartzen ahalko ditu lanen garapenaren arabera.

–Zuntz optikoa zabaltzean sortzen diren materialak indarreko araudiaren arabera kudeatu beharko dira, haien izaera aintzat hartuta.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eta garbitu eginen dira.

Hirigintza arlokoak:

–Binies kalean zangak eta kutxatilak irekitzeko, segurtasun neurri egokiak hartuko dira.

–Kaltetutako zoladura/lursaila (asfaltoa, errekarria edo hormigoia) lehendik dagoenaren ezaugarri eta kalitate berberekin birjarriko da, kolore, forma edo materialik nabarmendu edo eten gabe.

–Fatxadetatik igarotzen direnean, lehengo kableatuarekin integratzeko ahalegina eginen da, kanaletak erabilita eta kableak multzokatuta. Horiek jartzeko, ukitutako fatxaden jabeen onespena beharko da.

–Binies ibaiaren gaineko eraginei dagokienez, sustatzaileak Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena izan beharko du.

–Obra lizentzia eman aurretik, sustatzaileak erakunde eskudunen baimenak dituela justifikatu beharko du.

3. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak –Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak– 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen; beraz, espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztuta, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau helaraztea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Bidankozeko Udalari, Ingurumen Zaintzari (Erronkari-Zaraitzuko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko irailaren 17an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2113890