241. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLLARAN

Ordenantza, dirulaguntzak arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Ollarango Udalak, 2021eko martxoaren 31n egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ollaranen dirulaguntzak arautzeko udal ordenantza.

2021eko 115. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen hasierako onespena, maiatzaren 18an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ollaranen, 2021eko irailaren 13an.–Alkatea, David Campion Ventura.

OLLARANGO UDALAREN DIRULAGUNTZAK ARAUTZEKO ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Ollaranen gizarte egitura egunetik egunera hazten ari da, bai zenbakitan neurturik, bai, bereziki, komunitatearen, partaidetzaren eta konpromisoaren ezagutzan neurturik, egungo bizia garatzeko alor ugaritan: kultura, elkartasuna, berdintasuna, kirola, boluntario lana, ingurumena, eta bizikidetzarako eta kulturen arteko trukaketarako, gizarte partaidetzarako eta herritartasuna eraikitzeko espazioak.

Gizartearen bulkada honengatik gero eta jende gehiago dago eskatu eta hartzen dituena Ollarango udalerrian egiten diren hainbat eta hainbat ekimen sozialeko programa eta jarduera.

Bestalde, gure udalerrian ere sumatzen hasi gara beste toki batzuetan dagoeneko gauza jakina dena, alegia, boluntario lana pixkanaka ahultzen doala, geroz eta nabarmenagoa dena zenbait arrazoirengatik: indibidualismoa handitzea, elkarteen diru eskasia eta kudeaketa gero eta konplexuagoa izatea, horiek guztiek lanerako motibazioa galtzea baitakarte.

Ollarango Udala ohartua da egiten diren jarduerek balio erantsi handia dutela udalerriko gizartearentzat, hala zuzeneko parte-hartzaile eta bultzatzaileentzat nola jardueren onuradunentzat. Horregatik, gero eta partida handiagoak ematen ditu elkarteen lana erraztu eta, aldi berean, jardueraren balorazio soziala aitortu beharrez.

Bestalde, publikotasuna, tratu berdintasuna eta bat etortzea dira laguntzak ematean jarraitu beharreko irizpideak; hala dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. kapituluak, Nafarroako toki entitateek erakunde publiko eta pribatuei eta partikularrei tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordeztu beharrez laguntza ekonomikoak eman eta sustatzeko arauak ezartzen dituenean.

Xedapen horiek betetzeko, ezinbestekoa da udal arau batzuk jartzea, dirulaguntzak emateko prozedura arautu eta ezartzearren; batetik, aipatutako legeari jarraituko zaio, nahitaez bete beharrekoa baita, eta, bestetik, udalerriaren aipatu errealitate berriari.

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honek dirulaguntzak emateko irizpideak eta prozedura finkatzea du xede, Ollarango udalerriaren esparruan, eta baldintza berak bermatzea herritar eta entitateei onura publiko edo interes sozialeko helburu zehatz bati erantzuten dioten zerbitzu eta jardueretarako laguntzak eskuratzeko.

2. artikulua. Udalak pertsona edo entitate publikoei nahiz pribatuei dirua zein gauzak emateari esaten zaio dirulaguntza, horren xedea baldin bada onura publiko edo interes sozialeko jarduerak bultzatu edo sustatzea, hala nola bekak, primak, laguntzak, eta laguntza pertsonal, material edo ekonomikoa dakarten gainerako xedapen guztiak.

Printzipio orokorrak

3. artikulua. Honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honen xede diren dirulaguntzak:

1. Publikotasuna, gardentasuna, konkurrentzia, objektibotasuna, berdintasuna, diskriminaziorik eza eta kontrola.

2. Eraginkortasuna, administrazio emaileak finkatutako helburuak betetzean.

3. Efizientzia, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.

4. artikulua. Dirulaguntzak emateko, kontuan hartu beharko dira propio onetsitako oinarri arautzaileetan aurreikusitako irizpideak, helburuak eta prozedurak, dirulaguntzaren xedeko alor bati edo gehiagori buruzkoak.

Oinarriak onetsi aurretik, nahitaezkoa izanen da xede horretarako dirua esleitzea aurrekontuetan.

Onuradunak

5. artikulua. Hona hemen zeinek eska ditzakeen dirulaguntzak:

a) Irabazi asmorik gabeko entitate, erakunde eta elkarteak, Ollaranen helbidea izanik Udalaren intereseko zerbitzuak eman edo jarduerak egiten dituztenak.

b) Pertsona fisikoak, Ollaranen helbidea izanik Udalaren intereseko zerbitzuak eman edo jarduerak egiten dituztenak.

c) Ollaranen helbidea ez duten irabazi asmorik gabeko entitate eta elkarteak eta pertsona fisikoak, Udalaren intereseko zerbitzuak eman edo jarduerak egiten dituztenak.

Onuradunei funts publikoak ematea edo banatzea entitate laguntzaile baten bitartez egin dadila ezarri ahal izanen da dirulaguntzak arautzeko oinarrietan. Hala bada, lankidetza hitzarmena eginen da Udalaren eta erakunde laguntzailearen artean, eta hartan arautuko dira erakundeak bere gain hartzen dituen baldintzak eta betebeharrak. Hitzarmen horrek ez du inondik ere lau urte baino gehiago iraunen.

Dirulaguntzak jasoko dituzten jarduerak

6. artikulua. Diruz laguntzen ahal dira jarduera programatuak, baldin eta jarraian aipatzen diren arloetakoren batekoak badira, Udalaren eskumeneko zerbitzuetan lagundu edo horiek ordezten badituzte edo tokiko intereseko jarduerak badira; eta dirulaguntzen deialdiari dagokion aldian gauzatzen badira:

–Kultura.

–Hezkuntza.

–Euskararen sustapena.

–Kirolak.

–Gazteria.

–Berdintasuna eta emakumea.

–Enplegua eta prestakuntza.

–Gizarte laguntza.

–Hirugarren adina.

–Memoria historikoaren berreskurapena.

–Laguntza humanitarioa eta/edo garapenerako lankidetza programak hirugarren munduko herrietan.

–Interes sozialeko jarduerak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko entitateendako laguntzak.

–Irabazi asmorik gabeko herri entitate eta taldeendako laguntzak, herritarren partaidetzaren arloan.

–Jasangarritasunaren eta ingurumenaren alde ari diren entitateendako laguntzak.

–Turismoaren sustapena.

–Ollarango ondare historikoa eta kulturala.

–Azpiegiturak.

–Telekomunikazioak.

–Energia efizientzia (eguzki plakak).

Banakako ebaluazioaren araubidea hautatzen denean dirulaguntza emateko, haren gaineko araudi berariazkoak irizpideak ezartzen ditu eskaerak ebaluatzeko eta ebaluazio horren arabera dirulaguntza handiagoa edo txikiagoa esleitzeko, eta aurkeztu ahala tramitatu eta ebazten dira espedienteak, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean.

7. artikulua. Ez dira diruz lagungarriak izanen honako hauek:

a) Lokalen moldaketa edo eraikinetan egiten den beste edozein esku-hartze, esku-hartze edo moldaketa historikoak salbu.

b) Ondasun higiezinen erosketa.

c) Funtzionamenduak eragindako gastuak (alokairua, telefonoa, argia, langileen nominak eta abar). Horretan salbuespena egiteko, Udalak baloratu beharko du, arrazoitu ondotik.

Prozedura

8. artikulua. 1. Oro har, dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

Udalak zenbateko bat finkatuko du urtero aurrekontuan, dirulaguntza jaso dezaketen jardueretarako.

Dirulaguntzak eman aurretik, organo eskudunak dirulaguntzen deialdia egin beharko du, oinarri arautzaileak onetsita.

Aurrekontuan dagoen dirua banatuko da aurkeztu diren eskaeren artean, honako hauek kontuan hartuta: deialdiaren oinarrietan aipatzen den jardueraren arlo edo esparrua, lortu nahi diren xedeak eta aurrekontuan horretarako dagoen partida. Biltzen diren inguruabarrak aztertu ondoren emango da, zenbateraino eta zer ehunekotan laguntzen ahal diren zenbatetsi ondoan.

2. Nolanahi ere, beste dirulaguntza batzuk modu zuzenean ematen ahalko dira, horretarako egiaztatzen diren arrazoiak interes publikokoak, sozialak, ekonomikoak, kirol edo euskara arlokoak, hezkuntzakoak, kulturalak, zientifikoak, humanitarioak edo bestelakoak direnean, baldin eta, hartzailea dela-eta, ez badago konkurrentzia publikorako aukerarik, dirulaguntzaren xedea aitzina eramateko onuradun bakarra edo onuradun talde bakarra dagoelako.

Kasu hauetan ematen diren dirulaguntzak ere zuzenekoak izanen dira:

a) Udalaren aurrekontuan berariaz aurreikusita daudenean.

b) Lege mailako arau batek agintzen badio Administrazioari dirulaguntza emateko edo zenbat eman behar duen.

c) Dirulaguntzaren izaeragatik edo helburuagatik lehiaketa publikoaren deialdirik behar ez denean, edo izaeragatik nahiz helburuagatik publikotasunaren tramitea betetzea ezinezko bada, gauzatzeko gaitasuna duen onuraduna bakarra delako.

d) Gizarte ongizateko laguntzak, hala nola larrialdi sozialeko laguntzak eta banakoendako laguntza sozialak.

Apartatu honi jarraikiz ematen diren dirulaguntzak gauzatzeko, erabaki edo lankidetza hitzarmenak eginen dira. Haietan dirulaguntzak arautzeko oinarriak ezarriko dira, ordenantza honetako aurreikuspenekin bat, salbu publikotasunaren eta lehiaren printzipioei dagozkienetan.

9. artikulua. Alkatea da organo eskuduna ordenantza honetan aipatu deialdiaren oinarriak onetsi, argitaratu, zuzendu, luzatu edo aldatzeko, baita dirulaguntzak ematea edo ukatzea erabakitzeko eta haien zenbatekoa zehazteko ere.

Oinarriek eduki hau izan behar dute:

a) Dirulaguntzaren xedearen zehaztapena.

b) Dirulaguntza eskuratzeko onuradunek bete behar dituzten baldintzak, eta eskaerak aurkezteko modua eta epea.

c) Pertsona juridikoek kaudimenaren eta eraginkortasunaren aldetik bete behar dituzten baldintzak.

d) Dirulaguntza emateko prozedura.

e) Dirulaguntza onartzeko irizpide objektiboak eta, hala behar badu, horien haztapena.

f) Dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa edo hori zehazteko irizpideak.

g) Dirulaguntza emateko prozedura antolatzeko, instruitzeko eta ebazteko eskumena duten organoak, eta ebazpena jakinarazteko epea.

h) Halakorik behar denean, dirulaguntzaren justifikazio egokia bermatzeko behar diren kontabilitateko liburu eta erregistro espezifikoak zehaztea.

i) Dirulaguntza zertarako eman zen, xede hori bete dela eta eskuratutako diruak aplikatu direla frogatzeko onuradunak edo entitate laguntzaileak izanen duten epea eta modua.

j) Dirulaguntza ematen duen organoaren aldeko berme neurriak eratu behar badira, horiek zein diren, nola eratzen diren eta horiek bertan behera uzteko prozedura zein den.

k) Ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukera, eta onuradunek eman behar dituzten bermeak.

l) Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea eta bestelako inguruabarrak, ebazpena aldatzeko bidea eman dezaketenak.

m) Bateragarritasuna edo bateraezintasuna xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik edo Espainiako, Europar Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeetatik etorrita ere.

n) Dirulaguntzak emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ez betetze hori norainokoa den neurtzeko irizpideak. Irizpide horiek aplikatuko dira azken-azkenean onuradunak jaso edo, hala behar badu, itzuli behar duen dirua zehazteko, eta proportzionaltasun printzipioari jarraitu beharko diote.

10. artikulua. Deialdi bakoitzeko oinarri partikularretan agertzen diren betekizun zehatzez gain, dirulaguntza eskaera egiteko, betiere, eskabide bat aurkeztuko da, eskatzaileak sinatua edo, pertsona juridikoen kasuan, entitateko buruak edo behar bezala egiaztatutako ordezkaritza duenak. Deialdiko oinarri partikularretan aipatzen den dokumentazioa eman beharko da eskabidearekin batera.

Eskabidean azalduko da sinatzaileak zer gisa diharduen. Orobat azalduko dira dirulaguntza eskatzen duen jarduera zehatza, lortu nahi duen helburua, zabalpen eremua eta non eginen den; halaber, kostua eta sor ditzaketen diru-sarrerak.

Eskabidearekin kopia bat aurkeztuko da. Zigilua jarrita, kopia horrek frogagiri gisa balioko du eskatzailearentzako.

11. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea ezarriko da dirulaguntza emateko deialdi bakoitzaren oinarri partikularretan.

Zuzeneko emakidak direlako epe zehatza ez duten dirulaguntzak direnean, eskabideak aurkezteko epea irailaren 30ean bukatuko da, urtero. Horretan salbuespena egiteko, Udalak baloratu beharko du, eta horretarako arrazoiak agertu.

12. artikulua. Deialdiaren oinarriak onestean finkatzen diren irizpide berariazkoez gain, honako hauek jotzen dira dirulaguntzak emateko irizpide objektibo orokortzat:

a) Jardueraren interes orokorra Ollarango Udalarendako.

b) Programa hauetan herritarrek aktiboki parte hartzea eta jarduerek eragin soziala izatea.

c) Prestakuntzaren edo hezkuntzaren aldetik biztanleriaren bizi mailaren hobekuntza eragin dezaketen alderdiei mesede egitea.

d) Proiektua zer esparrutan garatuko den, horrexen baldintzetara egokitzea gizartearen, kulturaren, kirolaren eta abarren aldetik.

e) Jarduerak Ollarango herritarren eskura izatea eta iritzi publikoa sentsibilizatzen laguntzea.

f) Boluntarioen parte hartzea proiektua edo jarduera gauzatzen.

g) Zenbat denbora daraman erroldatuta Ollaranen.

h) Gisako jardueren urritasuna.

i) Kirola eta kultura sustatzea.

j) Dirulaguntzarik gabe nekez gauzatuko liratekeen interes orokorreko jarduerei laguntza ematea.

k) Proiektuan ingurumenaren, gizartearen nahiz genero berdintasunaren ikuspegia txertatzea.

l) Antzinatasuna eta esperientzia, gisako proiektuetan.

m) Eskatzailearen gaitasun teknikoa nahiz antolaketarako eta kudeaketarako gaitasuna.

13. artikulua. Eskabideak aztertu eta gero, alkateak ebazpena emanen du, eta dirulaguntza esleituko du kasu bakoitzean egoki jotako zenbateko eta ehunekoarekin, inguruabarrak balioztatu ondoren. Arau orokor gisa, jarduerak diruz laguntzeko guztizko zenbatekoak ez du gaindituko horretarako aurkeztutako aurrekontu osoaren %50. Deialdi bakoitzaren oinarri partikularrek adieraziko dute gehieneko zenbatekoa. Dena dela, salbuespen gisa, ikusirik jardueraren izaera, pertsona edo entitate eskatzailearen ibilbidea eta indarra, eta proposatzen den jarduerak hala Ollaranen nola udalerritik kanpo izan dezakeen oihartzuna, organo eskudunak bidezko juzgatzen badu, dirulaguntzaren zenbatekoa ezarritako %50 horretatik gorakoa izan daiteke, eskatutakoaren mugara iritsi bitarte.

Onuradunen betebeharrak

14. artikulua. Hauek dira onuradunen betebeharrak:

–Dirulaguntzaren oinarri den xedea betetzea, proiektua gauzatzea, jarduera egitea edo behar den jokabidea izatea.

–Organo emaileari edo, halakorik bada, erakunde laguntzaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta dirulaguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.

–Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudun nazionalek zein europarrek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egin ditzaketenak ere, eta lehenagoko jarduketen ondorioz eska dakiokeen informazio guztia ematea.

–Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari edo erakunde laguntzaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta beti, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

Laguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

–Ollarango Udalak ematen duen dirulaguntza orok betebehar bat izanen du onuradunarentzat, hau da, diruz lagundutako jardueraren agiri eta iragarki idatzi guztietan aditzera emanen da Ollarango Udalaren dirulaguntza jaso dela, eta Udalaren logotipoa ere agerraraziko da, eta/edo dagokion udal alorrarena, hala dagokionean, ematen diren eredu tipografikoak erabiliz.

15. artikulua. Entitate laguntzaileak, onuradunak eta dirulaguntzen xedearekin edo haren justifikazioarekin ikusteko duten hirugarrenak beharturik daude Udalaren kontrol organoen lana erraztera, baita kontrol organo eskudunek finantzen egiaztatze eta kontrolaren arloan egin ditzaketen gainerakoak ere, bereziki uztea kontrolaren eta segimenduaren xedeko dokumentazioa aztertzen eta lokaletan sartzen.

16. artikulua. Jarduera baterako dirulaguntza eskabidea aurkezteak berarekin dakar ordenantza hau eta dirulaguntza emateko oinarriak jakitea eta onartzea.

17. artikulua. Ordenantza honetako betebehar eta aginduak ez betetzeak dirulaguntza itzuli beharra ekar dezake. Erabaki hori organo emaileak hartuko du, espedientea ireki ondoan. Hartan, zentro kudeatzailearen proposamen arrazoituarekin batean, bidezko diren txosten eta frogak aurkeztuko dira, baita onuradunaren alegazioak ere, halakorik bada. Espedientea hiru hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Justifikazioa eta kobrantza

18. artikulua. Hitzarmenaren esparrua.

Hitzarmen baten esparruan ematen denean dirulaguntza, lehenik, klausulek agintzen dutena eginen da justifikatzean eta ordaintzean.

Beste kasu guztietan, arau arautzaile hauetan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio; hitzarmenen kasuan, berriz, modu osagarrian aplikatuko dira arau hauek.

19. artikulua. Hitzarmenetik kanpoko esparrua.

Ordenantza honetako aginduei jarraikiz emandako dirulaguntzak biltzeko, agiri hauek aurkeztu behar dira Udalean:

a) Egindako jarduerari buruzko memoria zehatza.

b) Eskabidea, entitateko buruak edo behar bezala egiaztatutako ordezkaritza duenak sinatua, alkateari zuzendua, dirulaguntzaren ordainketa eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adieraziko da, hartara transferentzia egiteko.

c) Onuradunaren zinpeko deklarazioa, frogagiri gisa aurkeztu dituen fakturak diruz lagundutako jardueran aplikatu direla azaltzen duena.

d) Fakturak, adieraziko dutenak jarduera diruz lagungarriaren guztizko zenbatekoa. Hala ere, salbuespenez deialdiak ezartzen ahalko du fakturak emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren heinekoak izatea.

Nolanahi ere, fakturek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izatea.

–Jaulkitzailearen NANa edo IFZ, izena eta helbide soziala edukitzea.

–Fakturaren zenbakia eta jaulkipen eguna; egun hori jarduera garatu den aldikoa izanen da, ezinbestean. Dirulaguntza eman den urteko data eduki beharko dute, edo aitzineko urteko laugarren hiruhilekokoa. Jarduera puntuala baldin bada, aipatu jarduerari dagokion data.

–Jardueraren deskribapena.

d) Jarduerak sortutako gastuen zerrenda eta dokumentazio idatzia.

e) Beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek emandako dirulaguntzen zerrenda.

20. artikulua. 18. artikuluan aipatzen diren frogagiriak dirulaguntza ordaintzeko eskabidearekin batera aurkeztuko dira. Alkateak espedientea ebatzi eta ordainketa onetsiko du, betiere egitekoa den gastua bere eskumenen barnean badago. Bestelakoetan, legeak ezartzen duen gobernu organoak emanen du ebazpena.

21. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan jarraituko zaio honako arau hauetan ezarritakoari: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, hari buruz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamendua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dioten indarreko udal ordenantzetako xedapenak, bai eta kontrakoa esaten dutenak ere.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2113778