241. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IZU

Ordenantza, herri-lurretako aprobetxamenduak eta bideak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Izuko Kontzejuko Batzarrak, 2021eko ekainaren 17an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduak eta bideak arautzen dituen ordenantza. Erabaki hori argitaratu zen 2021eko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 29an.

Jendaurrean egon den bitartean erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez denez, hasierako onespena behin betiko bilakatzen da, eta argitara dadila agintzen da, dagozkion ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin.

Izun, 2021eko irailaren 17an.–Kontzejuko burua, Laura Layana Blanco.

ORDENANTZA, HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ETA BIDEAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Izuko Kontzejuaren herri-ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek izanen dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboko gainerako arauak, herri-lurrei buruzko ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuko arauak.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Izuko Kontzejuari dagozkio herri-ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, ordenantza honetan azaltzen den gisan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak desafektazio horren onura publikoa edo soziala deklaratu beharko du, eta, hori baino lehen, Izuko Kontzejuak justifikatu egin beharko du dena delako xedea ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Izuko Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke, herri-lurretako ondasun gisa.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Izuko Kontzejua herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.

8. artikulua. Izuko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena eginda eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Baimen, kontzesio edo beste edozein titulu dela-eta herri-ondasunen gainean sortu diren eskubideak iraungitzeko, eta haiek ekarritako okupazioak ere iraungitzeko, Izuko Kontzejuak beti erabiliko du administrazio bidea, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aurretik kalte-ordaina emanen da edo ez, zuzenbideak ezartzen duenaren arabera.

10. artikulua. Izuko Kontzejuak, herri-lurrei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu, eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

11. artikulua. Izuko Kontzejuak bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean herri-lurretako ondasunak defendatzeko, herritarren ekimenaren txanda izanen da zehaztuko den moduan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie Kontzejuak herritarrei.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

12. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

1. Herri-larreen aprobetxamendua.

2. Etxerako egurraren aprobetxamendua.

3. Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

13. artikulua. Orokorrean, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitatearen titularrak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Oltza Zendeako Biztanleen Udal Erroldan Izuko bizilagun gisa inskribatuta egotea urtebeteko antzinatasunez.

c) Izun urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian egiazki bizitzea.

d) Izuko Kontzejuarekin inolako zor fiskalik ez izatea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia-unitateko kidetzat hartuko dira. Artikulu hau eta aurrekoa interpretatzerakoan izan daitezkeen zalantzak Izuko Kontzejuak argituko ditu kasuan-kasuan.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

1. ATALA

Larreen aprobetxamendua

14. artikulua. Sarbil mendia basogintzaren eta artzaintzaren aldetik ustiatzeko planean ezarrita dagoenaren arabera, ardiak, zaldiak eta behiak bazka daitezke Izuko udal mugartean. Hona hemen azienda gobernatzeko jarraibideak:

–Herri-larreak neurriz aprobetxatu behar dira, gehiegizko nahiz gutxiegizko larratzea saihestuz.

–Komeni da larreari pausaldi bat ematea.

–Ez da komeni herri-larreak ongarritu edo kareztatzea, egungo landare-espezieen iraupena arriskuan jar dezaketelako eta larreak alda ditzaketelako, haien dibertsitatea eta balio ekologikoa murriztuz.

–Komeni da larratze mistoa egitea, eta saihestea abereak alde jakin batzuetan ibil daitezen, zorua ez narriatzeko.

15. artikulua. Izuko Kontzejuak erabakiko du zer azalera aprobetxatzen ahal den. Herri-lurretako larreen aprobetxamendua modu hauetan eginen da, lehentasun ordena honi jarraikiz:

a) Bizilagunendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Bizilagunak ez direnen arteko zuzeneko adjudikazioa.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

Bizilagunendako zuzeneko aprobetxamendua

Ordenantza honen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren bizilagunendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak Izuko Kontzejuaren katastroan izan beharko dituzte, urte osoan Izuko kontzeju-mugartean egon beharko dira, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agerrarazi. Titularrak, gainera, toki-erakundearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

Bizilagunak ez direnendako zuzeneko aprobetxamendua

Izuko Kontzejuak eskubidea du zuzeneko aprobetxamenduak adjudikatzeko kontzejuko bizilagunak ez direnei.

16. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.

Herritarrei zuzenean adjudikatzeko epea hamar urtekoa izanen da.

Herri-larreak erabiltzen dituen aziendak bete beharko du Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea. Aipatu legean eta haren erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

17. artikulua. Izuko Kontzejuak azienda mota bakoitzarendako prezioak ezarriko ditu, eta prezio horiei egoki irizten dion indarraldia emanen die.

Azienda mota bakoitzarendako urtero ezarritako kuotaren ordainketa urte bakoitzaren akaberan egiaztatuko da, egiaztatu beharreko herri-lurren aprobetxamenduen gainerako ordainketekin batean.

Urtero berrikusiko da adjudikazioaren prezioa, abeltzainek hautematen dituzten prezio aldaketetara egokitzeko, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 27. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Abeltzainek ez dute ordaindu beharko baldin eta, osasuneko kutsadura arriskuagatik, larreak aprobetxatzeko eskubidea kentzen bazaie, edo istripuz hildako abere bat ez badute beste batekin ordezten.

18. artikulua. Herri-larreen azalera interesdunen artean banatuko da; banaketa interesdunek eta Kontzejuak erabakiko dute. Basogintza eta artzaintza ustiapenerako planean ezarririko irizpidearen arabera banatuko da larre-eremua, abere-zama onargarritzat zehazturik dagoen mugara iritsi arte.

Soberako azalerarik geratzen bada zuzeneko adjudikazioa egin ondoren, Kontzejuak enkante publikoa egiten ahalko du.

2. ATALA

Larreak herritarrei adjudikatzeko prozedura

19. artikulua. Kontzejuko Batzarrak erabakita, eta ediktua argitaratu ondoren Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Kontzejuaren iragarki-taulan, epe bat irekiko da eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.

20. artikulua. Eskabideekin batera aurkeztuko dira ordenantza honetako 15. artikuluak aipatzen dituen agiriak, abelburu kopurua frogatzeko zerga-eskakizunaren ziurtagiria, eta Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak aipatzen duen osasun ziurtagiria. Horretaz gain, eskatzaileak erabili nahi dituen tokien zerrenda bat aurkeztuko da.

21. artikulua. Kontzejuak behin-behineko adjudikazioa eginen du, gorabehera hauek kontuan harturik, besteak beste:

a) Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia-unitateei.

b) Lurrak adjudikatuko dira bazkan jasan dezaketen abere-zamaren arabera.

22. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginda, entitatearen taulan iragarkia jarriko da eta epe bat emanen da erreklamazioak aurkezteko.

Adierazi epea iragandakoan erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko adjudikazioa behin betikoa izanen da.

Bestelakoetan, toki entitateak aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu eta bidezkoa dena erabakiko du behin betiko adjudikazioari buruz.

3. ATALA

Larreak enkante publikoan adjudikatzeko prozedura

Herritarrendako zuzeneko aprobetxamenduak banatu ondotik, soberako azalerarik geratzen bada, enkante publikoa eginen da, errespetatuz, betiere, ordenantza honetako 15. artikuluan aipatzen den %5eko azalera-erreserba.

Hona hemen enkantearen prozedura:

1.–Kontzejuko Batzarrak enkantea arautuko duen klausula-agiria onetsiko du.

2.–Enkantea egiteko eguna argitara emanen da kontratazio-atarian, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Kontzejuaren iragarki-taulan.

3.–Enkantea egin eta gero, behin-behineko adjudikazioa onetsiko da, eta hura sesta emanez hobetzeko aukera egonen da, honako baldintza hauen arabera:

–Hobekuntza eskaini beharko da behin-behineko adjudikazioa egin ondoko 6 egun naturaletan.

–Legezko gaitasuna duen nornahik eskaini ahalko du hobekuntza hori, hasierako enkantean parte hartu ez badu ere.

–Hobekuntzak idatziz proposatu beharko dira.

–Sesta emateko epea bukatu, eta beste enkante bat eginen da, hurrengo 4 egunen barnean, eta lehen enkanteko behin-behineko adjudikaziodunari jakinarazi egin beharko zaio. Bigarren enkantean, hasierako prezioa izanen da eskaini den hobekuntzarena.

–Bigarren enkantea egin ondoren, behin betiko adjudikazioa eginen da. Ondoko hiru egunetan, idatziz, nornahik alegatzen ahalko ditu izapidetze-akatsak, lizitatzailea izan ez bada ere.

II. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

23. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu ondoren, Izuko Kontzejuak etxerako epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei. Horretarako, basogintzako administrazioak epaitzak seinalatuko ditu jasotako eskabide kopuruaren arabera, eta adjudikazioa interesdunen artean zozketatuko da.

24. artikulua. Izuko Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

25. artikulua. Egur epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta kontzeju-mugartearen barruan betiere. Debeku da egur hori lagatzea edo saltzea.

Etxerako egurraren aprobetxamendua ateratzeko epeak iraunen du entregatzeko egunetik urte bereko abenduaren 31ra arte, eta betiere gutxienez 4 hilabetekoa izanen da. Kontzejuak, klimatologia dela eta, badu eskubidea epe hori luzatzeko, bai eta epaitzak entregatzeko eguna aldatzeko eta egokiak iruditzen zaizkion beste aldaketa batzuk egiteko ere. Epealdi hori iraganik, epaitzak aztertuko dira.

26. artikulua. Izuko Kontzejuak eskubidea du kanon bat finkatzeko etxerako egur epaitzen aprobetxamenduagatik.

27. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Udaleko basozainak eta basogintzako administrazioko langileek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei bi urtez ukatuko zaie aprobetxamendu hau.

28. artikulua. Epaitzan seinalatutako zuhaitz guztiak aprobetxatuko dira. Epaitza behar bezala aprobetxatzeko, markatuta ez dagoen zuhaitzen bat bota behar bada, basogintzako administrazioari eta Udaleko basozainari eginen zaie kontsulta. Kontzejuaren adostasuna beharko da, ez bada zehapenik nahi.

29. artikulua. Haizeak botatako zuhaitzak, zuhaitz ihartuak edo obren ondorioz eraitsitakoak egurretarako aprobetxatu ahalko dira, baldin zura egiteko aprobetxatzerik ez badago. Betiere beharko dira basogintzako administrazioaren berariazko baimena eta Kontzejuaren onespena. Eskaeren ordenaren arabera eman eta banatuko da aprobetxamendua herritar interesdunen artean, ezarritako balorazio kanona ordaindu ondotik, halakorik balego. Epaitza horiek bateragarriak izan daitezke urteko epaitza arruntekin, baldin eta nahikoa egur badago.

30. artikulua. Aurreko urteetako egurra atera gabe duten herritarrek ezin izanen dute etxerako egurraren ohiko zein aparteko aprobetxamendua egin.

31. artikulua. Kontzejuak urtero irekiko du epaitzak eskatzeko epea. Aldez aurretik, aurreko urteko loteen exekuzioa aztertuko da, eta herritarrei zehapenak ezartzen ahalko zaizkie, halakorik balego.

Eskabide horien eta dagoen egurraren arabera, markatuko dira epaitzak mendian. Basogintzako administrazioarekin batera epaitzak markatzen aritzen diren herritarrek loteak aukeratzen ahalko dituzte. Gainerakoak zozketa bidez banatuko dira jasotako eskaeren artean.

32. artikulua. Guztiz debekatua dago zaborra, bidoiak eta edozein hondakin mendian uztea.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak

33. artikulua. Herri-lurrak hartzen dituen “Ilunbeta” ehiza-barrutiko ehizaren aprobetxamendua bat etorriko da indarreko legediarekin –Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearekin, alegia–, kontuan harturik zer aldaketa egin zizkioten lege horri 18/2002 Foru Legean eginiko aldaketek eta xedapen osagarriek.

34. artikulua. Erle ustiategiekin okupatzea.

Herri-lurretan erlauntzak jartzeko baimena ematen ahalko zaie erle ustiategia jarri nahi dutenei.

Betebeharrak:

1.–Irizpide orokor gisa, eta erle ustiategiak antolatzeko arauak ezartzen dituen 209/2002 Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezarrita dagonarekin bat etorriz, distantzia hauek gordeko dira:

a) Biztanleguneetatik: 400 metro.

b) Abeltzaintzako instalazioetatik: 100 metro.

c) Errepide nazionaletatik: 200 metro.

d) Auzo-bideetatik: 25 metro.

e) Mendiko pistak: erlauntzak alboetan, pasabidea oztopatu gabe eta 5 metrora jarriko dira.

2.–Erlategiaren seinalea jarri behar da ongi ikusteko moduko tokian eta irakurtzeko moduan; han, betiere, erlategiari dagokion ustiategiaren kodea azalduko da eta erleak badaudela ohartaraziko da. Kontu berezia eduki behar da erlezaina erlategian dagoenean lanean, eta halakoetan seinale osagarri bat jarri beharko da, hobeki ikusteko moduan, eta zera dioena: “erleekin lanean ari naiz”.

3.–Erle ustiategiek indarreko legedia bete beharko dute, eta, zehazki, erle ustiategiak antolatzeko arauak ezartzen dituen otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretua edo haren ordez edo haren osagarri geroago ematen diren xedapenak.

4.–Erlezainak baimendutako erlauntzak baino gehiago paratu nahi baditu, Kontzejuari egin beharko dio eskaera eta hark baimendu egin beharko du.

5.–Erle ustiategia paratzeko adjudikazioa daukanak urtero ordaindu behar dio Izuko Kontzejuari erlezaintzako jarduerak egiteagatik ezarritako kanona.

6.–Ordenantza honetan edo aplikatzekoa den legedian jasotako arauak betetzen ez dituenak berehala kendu beharko ditu erlauntzak eta/edo dagokion zehapena ordaindu.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan.

35. artikulua. Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake proiektuen eraginpean dauden herri-lurren gaineko aprobetxamenduen adjudikazioak, indarreko araudian ezarrita dagoenaren arabera, zehazki Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onesteko urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 217.etik 224.era bitarteko artikuluetan.

V. TITULUA

Izuko Kontzejuaren bide sarea erabiltzea

Beharrezkotzat jotzen da ordenantza honetan gogoraraztea zer ezartzen duen otsailaren 14ko 36/1994 Foru Dekretuak, lurzoru urbanizaezinean barna ibilgailu motordunekin antolatutako jarduerak eta ibilgailu motordunen zirkulazio librea arautzen dituenak. Zehazki, II. kapituluko 11. artikuluan ezartzen dena:

debeku da ibilgailu motordunak mendiz mendi ibiltzea edo bi metro zabal ez diren landabideetan barrena, edota suebakietan nahiz zura ateratzeko bideetan barna. Halaber, ez da onartuko beste mendi bide edo pistetan ibiltzea, Administrazioak berariaz debekatu badu, bi metro baino gehiagoko zabalera izanagatik ere.

36. artikulua. Izuko Kontzejuaren bideak nola erabili eta nola baliatu arautzen da. Araudi ezak, gehiegikeriak eta erabilera txarrak ekarri dute erregulazioa; izan ere, Kontzejuaren betebeharra da haiek egoki kontserbatzea.

37. artikulua. Erabilera onartuak. Bideak erabil daitezke nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, industria edo aisiako jarduera guztietarako, ordenantza honetan ezarritako mugekin, betiere.

Kontzejuak, salbuespen gisa, baimena ematen ahal du ibilgailu motordunak erabiltzen dituzten lehiaketa ofizial nahiz turismo jardueretarako, taldeek edo entitateek antolatuak direnean.

38. artikulua. Mugak. Muga hauek ezartzen dira bideetan ibiltzen diren ibilgailu motordun guztientzat.

a) Pisua, gehienez ere: 40 tona.

b) Abiadura, gehienez ere: 40 km/h.

Hezetasunagatik eta lurzoruaren egoeragatik, mugatu daiteke bideak zer sasoitan erabili, ez daitezen hondoratu eta desegin. Horri dagokionez, bideak erabiltzeagatik kalteak gertatzeko arriskua badago, kasu eginen zaie Kontzejuaren jarraibideei.

39. artikulua. Erabilera debekatuak. Berariaz debeku dira erabilera hauek:

a) Ez errespetatzea bideetan ibiltzen diren ibilgailuen pisuari edo tamainari ezarritako mugak.

b) Areketako lurra eta bide publikoak lantzea, berdin erabili gabe daudenean ere.

c) Nekazaritza-lanetan ezponden ondo-ondoan aritzea, lubetaren lurra erauzteraino. Ezpondatik 40 zentimetroko tartea utzi beharko da gutxienez.

d) Arbolak landatzea edo finken itxiturak egitea, bidearen kanpoko ertzetik hiru metroko zortasun eremua gorde gabe, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

e) Lasto metak egitea areketatik 4 metrora baino gutxiagora edo finken sarreretatik hurbil.

f) Obra-hondakinak, harriak eta nekazaritzako hondarrak botatzea bide, areka eta erretenetara. Bidearen kontserbazioari edo leheneratzeari mesede eginen balio, horiek botatzeko baimen puntuala eman ahalko litzateke, baina horretarako, beharko da Kontzejuaren oniritzia, idatzizkoa (teilak edo legarrak zuloetan botatzea, adibidez).

g) Bideetako areka eta hustubideetatik hurbil nekazaritza-lanak egitean, haietara lurra bota eta haiek estaltzea.

h) Bidera ateratzea lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak; zuzenean erretenetara ateratzea baino ez da onartzen.

i) Bideetako zola kaltetzen duten lanabesak edo bestelako makineriak garraiatzea.

j) Finketako harriak arekan botatzea.

k) Lasto fardelen zamalanak bidetik egitea, lurzatiaren barrenean egin behar baitira.

l) Kontzejuko bide publikoetan jende, ibilgailu eta abarren joan-etorria erabat edo parte batean trabatzea.

40. artikulua. Erakunde eta entitate publikoetako ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren eginkizunak betetzen ari direnean.

41. artikulua. Jarduerarik egin nahi izanez gero, eta hori kapitulu honetan ezarritako mugen aurka baldin badoa, baimena eskatu beharko zaio Kontzejuari. Halaber, baimena eskatu beharko du lanean bide bat era intentsiboan erabiltzekoa denak.

Kasu bakoitzean, eta jarduera, bideak erabiltzeko urte sasoia, baimendu behar diren ibilgailuak, etab. nolakoak diren, Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion muga osagarriak eta fidantzak ezarriko ditu.

42. artikulua. Baimena eskatu behar duenak eskabidea bete beharko du eta bertan adierazi lana eginen duen enpresaren edo partikularraren izena, lan mota, erabili nahi dituen bideak, ibilgailuen tona gehienekoak eta batezbestekoak, eta zenbat denborarako den.

43. artikulua. Eskabideak ikusita, Kontzejuak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sortzen ahal diren arriskuen arabera.

Baimenak urtebeterako dira edo adjudikatutako lanak iraun bitarte.

Baimen guztiek fidantza edo abala jartzea ekarriko dute; Kontzejuak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du, eta itzuliko da bidea kalterik gabe lehengoratu dela frogatzen denean. Pasatzeko kuota ere ezar dezake Kontzejuak, bideen erabilera eta amortizazioa kontuan hartuta, eta haren berri emanen dio, aldez aurretik, erabiltzaileari.

Ez dute berariazko baimenik beharko ordenantza honen 14. artikuluan agertzen diren aprobetxamenduetako baten adjudikaziodunek. Dena dela, aprobetxamenduak erabiltzeko ezarri diren arauak bete beharko dituzte.

44. artikulua. Kontzejuak urtero aztertuko ditu bide guztiak. Gainera, beharra dagoen guztietan, konpondu eta egokitu eginen ditu bere ahalen heinean.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

45. artikulua. Arau-hauste administratiboak dira jarraian adierazita dauden egitateak, eta zehazten diren zehapenak ezarriko zaizkie:

a) Aprobetxamendua behar den bezala, zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

Herri-larreen aprobetxamenduan: aprobetxamendu horretarako eskubidea hiru urtean galtzea.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea urtebetean galtzea, baldin aprobetxamendua zati batean soilik egiten bada, eta bi urtean galtzea, gehiegizko aprobetxamendua egiten bada. Gainera, isun ekonomikoa ezartzen ahalko da, epaitzaren balorazioa halako 5.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

Ordaintzeko hilabeteko epea irekitzea, %20ko errekarguarekin.

Epe horretan ordaindu ezean, aprobetxamendurako eskubidea galduko da.

Horren ondorioetarako, gordailuzainak zordunen idatzizko zerrenda bat aurkeztuko du, bai borondatez ordaintzeko aldiaren bukaeran, bai errekarguarekin ordaintzeko epearen bukaeran.

c) Herritarrendako aprobetxamendua, kasuan kasukoa, nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

Herri-larreen aprobetxamenduan: 60 euroko zehapena, inplikatutako azienda larriko buru bakoitzeko.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea urtebetean galtzea, baldin aprobetxamendua zati batean soilik egiten bada, eta bi urtean galtzea, gehiegizko aprobetxamendua egiten bada. Gainera, isun ekonomikoa ezartzen ahalko da, epaitzaren balorazioa halako 5.

d) Azienda larriko buruek (zaldi eta behi aziendak) markarik ez izatea edo nolanahi aldatua edo faltsutua izatea:

60 euroko isuna, gehi Udaleko langileek kalkulatutako kalteen zenbatekoa, baita azienda identifikatzeko abereak biltzeak ekarritako gastuak ere. Ardi aziendaren kasuan, 6 euroko zehapena izanen da buruko, gehi aipatutako kalteak eta gastuak.

e) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

30 euroko isuna, epea gainditzen den egun bakoitzeko.

f) Ordenantza honen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituen titular baten azienda larratzea.

Eskubiderik izan gabe Kontzejuaren herri-lurretan larratzen den azienda bakoitzagatik, 60 euroko zehapena behi edo zaldi bakoitzeko, eta 30 eurokoa ardi bakoitzeko. Zenbateko horiei gehituko zaizkie azienda dena delako lekutik eramatearen ondoriozko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.

g) Herri-lurretan zaborra eta bestelako hondakinak uztea.

Zabor edo hondakin unitate bakoitzeko 30 euroko zenbatekoa ordaintzea. Zenbateko horiei gehituko zaizkie zaborrak jasotzearen ondoriozko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.

h) Ordenantza hau urratzen duten ekintzei buruzko txostena eginen du Kontzejuak. Ordenantza honetan xedatuta dagoena urratzen duten edo herri jabetzetan kalteak edo gehiegikeriak ekartzen dituzten beste egitate edo ekintza guztiei, eta zehapena ekartzen duten ekintza guztiei aplikatu ahalko zaie Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 178. artikulua.

46. artikulua. Bideei dagokienez, arau-hauste administratibotzat hartuko dira ordenantza honetan ezarritakoa urratzen duten egite edo ez-egiteak.

Arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izanen dira, eragindako eragozpenaren intentsitatearen arabera eta kalteen arabera.

–Arau-hauste arintzat joko da:

a) Mota guztietako objektuak bidera botatzea.

b) Baimenik gabe zirkulatzea, ordenantza honetan onarturiko tonajea %50 bitarte gaindituz.

c) Zuzenbidearen aurkako eta ordenantza honen aurkako jokabide oro, arau-hauste astuna edo oso astuna ez dena.

–Arau-hauste astuntzat joko da:

a) Bidean objektuak instalatzea gainerako erabiltzaileek hura erabiltzea edo gozatzea oztopatuz edo zailduz.

b) Kirol-lehiaketak antolatzea, oinezkoenak zein txirrindularienak, dagokien baimenik gabe, bai eta pertsonen edo ibilgailuen beste kontzentrazio masibo guztiak antolatzea ere, herri-ekitaldi tradizionalak ez direnean.

c) Bideak konpontzeko eta kontserbatzeko obrak egitean, Kontzejuak ezarritako mugak ez errespetatzea.

d) Baimenik gabe zirkulatzea, ordenantza honetan baimendurikoa baino %50 tona gehiagorekin.

e) Pertsonendako, ondasunendako edo ingurumenarendako arrisku larria dakarren objektu oro bidean edo haren mugetan botatzea.

f) Bidearen edozein erabilera komun berezi, aldez aurretik baimenik lortu gabe.

g) Bideen mugakide diren lurretan nekazaritza-lanak egitea, lan horiek arriskua ekar dezaketenean bideen zorua galtzeko, luiziak gertatzeko edo bideak murrizteko.

–Arau-hauste oso astuntzat joko dira:

a) Bidean objektuak instalatzea, eragotziz gainerako erabiltzaileek hura erabiltzea edo gozatzea.

b) Kontzejuak emaniko baimenaren baldintzak larriki urratzea.

–Zehapenen zenbatekoa:

Ukatu gabe, bidezkoa denean, dagokion erantzukizun zibil edo penala eskatzea, bideen inguruko arau-hausteak honela zehatuko dira:

Arau-hauste arinei, 500 eurora bitarteko isuna.

Arau-hauste astunei, 500 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.

Arau-hauste oso astunak, 1.000 eurotik 1.500 eurora bitarteko isuna.

Nolanahi ere, zehaturiko jokabideek kalte-galerak eragin badituzte bideetan, zehatzeko ebazpenak bidea lehengoratu beharra ezarriko dio arau-hausleari, kalte-galeren ordaina eskatzeaz gain, bidezkoa bada.

Iragarkiaren kodea: L2113842