241. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE

Aldaketa, udal hilerria arautzen duen ordenantzan.
Behin betiko onespena

Uharteko Udalak, 2021eko uztailaren 5ean egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Uharteko udal hilerria arautzen duen ordenantzaren aldaketa (1222/2021 espedientea).

2021eko 174. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 27an, eta legezko epea iraganik inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, testua argitara ematen da jarraian, indarra har dezan Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean.

Uharten, 2021eko irailaren 14an.– Jarduneko alkatea, Edorta Beltzunegi López.

ORDENANTZA, UHARTEKO UDAL HILERRIKO ZERBITZUA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Kontuan harturik Uharteko udal hilerriko zerbitzua arautzen duen ordenantzaren onespenetik iragan den denbora, 2011ko 218. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, azaroaren 3an, Udal Zerbitzuek ezinbestekotzat jotzen dute araudi hori aldatzea, batetik, erantzuteko arlo horretako gizarte-premien bilakaerari eta, bestetik, konponbidea emateko hautematen ari diren eskakizun teknikoei.

I. TITULUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Zerbitzuaren xedea eta edukia.

1.1. Arau honen xedea da Uharteko udalerrian hilerriko udal zerbitzu publikoa arautzea.

1.2. Zerbitzuak honako prestazio hauek ditu bere gain: hilerriaren antolaketa, banaketa eta administrazioa, baita haren zainketa, garbiketa eta mantentzea ere, eta orobat zaintzea eskubide eta eginbeharrak, bai erabiltzaileenak bai hilobi edo hobi, nitxo edo bestelako ehorzketa unitateen gainean edozein eskubide mota dutenenak, bat etorriz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/85 Legearen 25.2.j) artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoarekin.

1.3. Ordenantza honetan arautzen ez den orotan aplikatuko da Nafarroan hileta-osasuna arautzen duen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretua. (Bereziki, 40. artikulua eta ondokoak).

2. artikulua. Izena. Jabari publikoari eragiten zaion ukipena.

2.1. Uharteko udal hilerria katastroko 2. poligonoko 1189. lurzatian dago.

2.2. Udal hilerria kokaturik dagoen lurra Udalaren ondasun publikoa da, eta ehorzketa zerbitzuetarako da; beraz, haren gainean onartzen diren okupazioak edo erabilerak kontzesio administratiboen kalifikazio juridikoa dute, bat etorriz ezartzen denarekin Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduaren 3.3, 97. eta ondoko artikuluetan (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuan jasotzen da erregelamendua).

3. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honen ondorioetarako, gorpuak, gorpuzkiak eta gorpu-hondakinak dira urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuaren 3. artikuluan definitzen direnak, eta hobiak, nitxoak, panteoiak eta kolunbarioak, berriz, 44. eta 45. artikuluetakoak.

4. artikulua. Zuzendaritza, gobernua eta administrazioa.

4.1. Uharteko Udalari dagozkio instalazioaren zuzendaritza, gobernua eta administrazioa, hori guztia ukatu gabe legez dagokion agintari judizial, gobernuko edo osasunekoaren esku-hartze administratiboa.

4.2. Aurreko apartatuan definitu diren eskumenak honela zehazten dira:

a) Zerbitzuen kudeaketa, administrazioa eta antolaketa.

b) Hilobien, errauts-nitxoen eta errauts-kolunbarioen eta beste ehorzketa unitate batzuen eraikuntza, halakorik bada, banaketa eta kontzesioa.

c) Hilerriko instalazioak zaindu, garbitu eta egokitzea.

d) Hilerrian jarduketak egiteko edozein motatako lizentziak ematea.

e) Dirua jasotzea ehorzketa unitateen gainean ehorzketa eskubideak emateagatik eta ordenantza honetan arautzen diren nolanahiko lizentziak emateagatik, edo beste edozein arrazoirengatik komenigarri ikusten bada eta Udalbatzak arautzen badu.

f) Berea nahiz pribatua izanik, erraustegia eta gorpuen eta hondakinen errausketa arautzea.

g) Hilerriko zaintza eta mantentze zerbitzuak, baita zerbitzu horien funtzionamendu egokirako behar den beste edozein ere.

II. TITULUA

Instalazioak eta sailak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

5. artikulua. Instalazioak eta sailak.

Nafarroako Foru Komunitatean Hileta-osasunari buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuaren 43. artikuluan xedatuari jarraikiz, Udal honek honako hauek izanen ditu hilerriko zerbitzua egiteko, bai zuzenean bai, legeak uzten duenetan, hirugarren pertsonekiko hitzarmenaren bidez:

–Hilobiendako eremua (ehorzketa unitatea) edo hura eraikitzeko lur aski, espazioa erreserbaturik neurri bereziak dituzten hilobietarako.

–Gorpuzkiak ehorzteko aldea.

–Errauts-kolunbarioa, errauts-nitxoa edo errausketatik heldu diren errautsak dauzkaten kutxatilak gordetzeko tokia.

–Hezurtegi orokorra, gorpu-hondakinak ateratzen direneko hondakinak biltzeko.

–Gorputegitako lokala, gutxienez ere bi sail izanen dituena, beren artean lotuak, bat behin-behineko gorputegitako eta bestea jendearendako sarrera librea duena.

6. artikulua. Eremuen banaketa.

6.1. Hilerria eremuka banatu da, eta haietan panteoiak, nitxoak eta kolunbarioak kokatzen dira, bakoitzaren kokaeraren araberako zenbakiei jarraikiz.

6.2. Hilerria handituz gero ere, banaketa aitzineko puntuan ezarritakoari jarraikiz eginen da.

7. artikulua. Hilerriko erregistro liburua.

Uharteko Udalak hilerriko erregistro liburua izanen du, betiere eguneratua, ordena kronologikoari jarraikiz ondoko jakingarri hauek jasotzeko:

a) Zenduaren eta heriotzaren inguruko datuak: izen-deiturak, IFZ, helbidea, heriotza gertatu zeneko tokia, data eta ordua; orobat jasoko da gorpua I. taldekoa edo II. taldekoa ote den.

b) Familiaz edo izatez zenduari loturiko eskatzailearen datuak: izen-deiturak, IFZ eta helbidea.

c) Ehorzketaren datuak: ehorzketa unitatearen kokalekua eta haren ezaugarriak; ehorzketaren data eta ordua, eta ehorzketa eskubidearen titularraren baimena.

d) Errausketaren datuak; errautsak zer erraustegitatik heldu diren, haren erregistro liburuko datuak bilduko dituzte.

e) Gorpuak, gorpu-hondakinak edo gorpuzkiak bildu, atera eta aldi baterako edo behin betiko lekualdatuz gero, hori ere jasoko da, zer egunetan egin diren, adierazirik zer tokitatik eta zein tokitara.

f) Gorpuzkiak izanez gero, giza gorputzaren alderdi anatomikoa jasoko da, baita, norenak ziren, haren izen-deiturak, IFZ, helbidea, eta hil zen tokia, data eta ordua.

II. KAPITULUA

Instalazioen erabilera

8. artikulua. Udal instalazioak erabiltzeko arauak.

Udal hau arduratuko da esparruaren barnean ordena ezartzeaz eta errespetu egokia eskatzeaz, arau hauek betearazirik:

1. Alkatetzaren ebazpenaren bidez hilerriko zerbitzuen ordutegiak finkatuko dira, negukoak nahiz udakoak, baita bisitak egiteko eta jendeari harrera egiteko ordutegiak ere. Irekitzeko eta ixteko ordutegia guztiek ikusteko moduko tokian paratuko da, hilerriko sarreran.

2. Bisitariek, esparruari zor zaionez, errespetuz jokatuko dute betiere; hala ez bada, Uharteko Udalak eskura dituen legezko neurriak hartuko ditu arau hau betetzen ez duena esparrutik kanporatzeko, ezartzen ahal diren zehapenez aparte.

3. Debeku da hilerriaren barnean edozein merkataritza motatan eta edozein propaganda motatan aritzea.

4. Erabiltzaileen intimitate eta norberaren irudirako eskubidea zaindu beharrez, hilerriko sail eta instalazioetan ez da argazkirik ateratzen ahalko, ezta marrazkirik edo filmik egiten ahalko ere. Hilerriaren ikuspegi orokor edo partzialak ateratzeko Udalaren baimen berezia beharko da.

5. Debeku da hilerrian ibilgailuak sartzea, berariaz baimendurik daudenak salbu, baita bizikletak eta motoak ere, eta orobat zakurrak eta bestelako animaliak, itsu-zakurrak salbu.

6. Hilobietako obra eta idazkunek begirunea gorde beharko dute esparruaren eginkizunaren aldera, eta Uharteko Udalak onetsi eta homologatu beharko ditu betiere.

7. Debeku da, Udalaren baimen berezia izan ezean, hezurtegi orokorrean sartzea, baita baimena duten langileendako erreserbaturik dauden sail edo instalazio guztietara sartzea ere.

8. Beranduenez, instalazioak ixteko tenorea baino ordu erdi lehenago egiten ahalko dira ehorzketak.

9. Obrak egiteko, Udalak finkatzen dituen orduetan baino ez da materialik sartuko. Partikularrek egiten dituzten obrak jendea sartzeko orduetan egin beharko dira eta dagozkien lizentzia edo baimenak beharko dituzte.

10. Debeku da hilerri barnean piezak edo marmolak zerratzea, baita desegite lanak egitea, hormigoia egitea edo gisakoak egitea. Arrazoi bereziak direla-eta egin behar badira, baimena eskatu behar zaio Udalari eta honek halako toki bat zehaztuko du lan horiek egiteko.

11. Gauaz espresuki debeku da hala ehorzketak egitea nola hilerriaren esparruan edozein lan mota egitea, non ez diren salbuespenekoak eta behar bezala arrazoituak eta baimenduak.

12. Kontzesiodunek beharko dituzte emandako ehorzketa unitateak zaindu eta mantendu.

13. Uharteko Udalak ez du inolako erantzukizunik bere gain hartuko hirugarrenek ebasten edo hausten badituzte ehorzketa unitateetan paratzen diren eraikuntza elementuak eta gauzak, salbu eta indarra duen legeriak aurreikusitako kasuetan.

9. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

9.1. Instalazioak ordenantza honetan ezartzen denaren arabera erabili beharko dituzte udal hilerriko erabiltzaile guztiek.

9.2. Halako enpresa edo profesional batek eraikuntza jarduerarik edo bestelakorik egiten badu hilerriko instalazioetan ehorzketa eskubideen titularrek eskaturik, bere jardueran aritzeko behar diren baimen administratibo guztiak beharko ditu, batetik, eta ehorzketa unitate guztietan egiten duen obra edo jarduketa bakoitzari dagokion obra edo jarduera lizentzia, bestetik.

10. artikulua. Erantzukizuna.

Halako enpresa edo profesional batek eraikuntza jarduerarik edo bestelakorik egiten badu hilerrian ehorzketa eskubideen titularrek eskaturik, haren eta erabiltzaileen erantzukizuna izanen dira zerbitzuaren gainerako erabiltzaileei edo bertako ondasun eta instalazioei egiten zaizkien kalte guztiak.

III. KAPITULUA

Ehorzketa unitateak

1. ATALA

Ohar orokorrak

11. artikulua. Gutxieneko ezaugarri teknikoak.

11.1. Hilobiak, nitxoak eta panteoi barneko zuloak egiteko materialak iragazgaitzak izanen dira, baina ehorzketa unitate bakoitza eta, oro har, haren sistema, berriz, iragazkorra; gisa hartara segurtatuko da drainatze egokia izatea eta gasak kalterik ez egiteko maneran hedatzea, eta orobat alderik garaienetik kanporatzea, nitxo eta panteoien kasuan. Sistema aurrefabrikatuak erabiltzen badira, luze-zabalak eta hobien edo nitxoen arteko tarteak eraikuntza sistema zehatz bakoitzaren ezaugarri teknikoen araberakoak izanen dira; sistema hori homologatu beharko da aitzinetik.

11.2. Hilobiak eta hobiak gutxienez izanen dira: 2,30 metro luze, 0,80 metro zabal eta 2 metro sakon; hobien arteko tartea 0,50 metro izanen da.

11.3. Lauzen gehieneko pisua 100 kg izanen da.

11.4. Nitxoak gutxienez izanen dira: 0,80 metro zabal, 0,65 metro garai eta 2,30 metro sakon; nitxoen arteko tartea 0,28 metro izanen da bertikalean eta 0,21 metro horizontalean. Zoladuratik 0,25 metro egiten duen zokaloaren gainean paratuko dira, eta gehieneko garaiera izanen da bost ilarari dagokiena. Nitxoen zoruak %1eko malda izan beharko du, gutxienez, gibeleko aldean kokaturiko hodi estanko baterantz, eta hura legar eta kare biziz betetako iragazte-putzu batera joanen da. Gainera, bermatuko da nitxo bakoitzetik gasendako aterabide bat izatea, sestra azpian kokaturiko ganbera komun batera joanen den hodi batean barna; horrek aire sarrera eta irteera izanen du, gutxienez ere 0,15 m²-ko irekiera eta ikatz aktibozko betegarria dituena.

11.5. Kolunbarioek ezaugarri hauek izanen dituzte: 0,40 metro zabal, 0,40 metro garai eta 0,60 metro sakon; itxitura uniformea izanen dute guztiek. Gutxieneko luze-zabal horiek ez dira beharrezkoak izanen errauts-kolunbarioetarako, errausketetatik heldu diren errautsak gordetzeko baitira.

11.6. Ehorzketarako beste eraikuntza batzuk: mausoleoak eta panteoiak osatzen dituzten nitxoek 11.4 puntuan ezarritako luze-zabalak izan beharko dituzte.

Ehorzketetarako eraikuntzetan sistema aurrefabrikatuak erabiltzen badira, luze-zabalak eta arteko tarteak eraikuntza sistema zehatz bakoitzaren ezaugarri teknikoen araberakoak izanen dira. Sistema horiek Osasun Departamentuaren homologazioa izan beharko dute aitzinetik.

2. ATALA

Ehorzketa unitate bakoitzerako zehaztapen teknikoak

12. artikulua. Hilobiak.

Ehorzketarako lekua handitze aldera, ez da baimenik emanen hilobiak egiteko 2,20 metro luze bider 0,90 metro zabal baino gehiago badira, edo egungo hileta-osasunari buruzko araudia aldatuz gero, horrek zehazten duena baino gehiago badira.

13. artikulua. Panteoiak.

13.1. Udalak panteoi berriak eraikitzeko baimena ematen ahalko du, baldin eta behar besteko lekua eta baldintzak badaude. Baimenak emanen dira eskaeren ordenari jarraikiz, eta baldin eta toki erabilgarririk badago.

13.2. Egungo panteoiak berritu, konpondu edo zaharberritzeko obretan ezin izanen da egungo eraikuntzaren funtsa aldatu.

13.3. Halako ehorzketa eskubide bat berritu gabe azkentzen bada, posible izanen da horren gaineko kontzesioa berritzea, indarra duen ordenantzari jarraikiz.

III. TITULUA

Gorpuak eta gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera, berrehortzi eta lekualdatzea

I. KAPITULUA

Xedapen komunak

14. artikulua. Gorpuak eta gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera, berrehortzi, lekualdatu eta errausteko, hileta-osasunaren arloan indarrean dauden xedapenei eta titulu honetan ezarritakoari jarraikiko zaie, eta ordenantza fiskalean ezarritako tasak sortuko dira.

15. artikulua. Ez da aintzat hartuko ehortzi, hobitik atera edo errausteko inolako eskaerarik, hildakoaren hurbileneko senideek berariaz adierazten badute horren aurka daudela, agintari judizial eskudunak baimendu ezean.

16. artikulua. Gorpuak ezin izanen dira ehortzi edo erraustu, heriotzatik hogeita lau ordu iragan arte. Hala ere, hurrengo salbuespenak egonen dira:

a) Haren heriotza egiaztatu eta gero, organo eta ehunen emailea bada.

b) Hala egitea aholkatzen duten osasun-inguruabarrak daudenean; Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak irizpena eman beharko du eta dokumentu hori espedienteari erantsiko zaio.

17. artikulua. Erregelamenduzko tramiteak bete gabe ehortzi edo errausteko ekartzen diren gorpuak hilerriko gorputegian egonen dira, tramiteak bete edo epai edo osasun aldetik zerbitzua egitea erabaki arte. Era berean, gorputegian egonen dira ehorzteko eta errausteko ordutegitik kanpo hilerrira etortzen diren gorpuak, eta bertan egonen dira zerbitzua egiten berriz hasi arte.

18. artikulua. Abortu, ebakuntza kirurgiko eta ebaketetatik heldu diren gorpuzkiak horretarako finkatzen den lurrean ehortziko dira.

II. KAPITULUA

Ehorzketak

19. artikulua.

1. Ehorzketa egiteko, Udaleko bulegoetan honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Ehorzteko eskaera, inprimakiko datuak behar bezala beterik, ondoren Erregistroan idazteko. Panteoi batean ehorztea nahi bada, eskubidearen titularrak edo hori erabiltzen ahal duenak aurkeztu beharko du eskaera, eta titularra zendua bera bada, haren senideek edo hurbilekoek. Beste mota bateko hilobiak izanda, kontzesioa bere izenean emateko eskatzen duenak ehorzteko eskatuko du aldi berean.

b) Lurperatzeko lizentzia, salbu errautsak ehortzi behar badira.

2. Panteoian ehorztea eskatzen duen pertsona ez baldin bada aurreko apartatuko a) letran adierazitako bera, ehorzketa soilik eginen da eskatzaileak frogatzen badu bere aldeko eskubide eskualdaketa, ordenantza honen III. tituluko II. kapituluan arautuari jarraikiz; bere gain hartuko ditu bai titulartasuna aldatzeko prozeduran inguruabar hori frogatu beharra bai bere jardunetik etor daitezkeen erantzukizunak.

20. artikulua. Hilerriaren zerbitzuari atxikitako udal langileei egokituko zaie gorpuak hileta autoetatik ateratzea, hilobietara edo gorputegira eramateko.

21. artikulua. Inolaz ere ez dira onartuko gorpuen bilgarriak, ezta lurpeko ehorzketetan ere, baldin gorpuen berezko deskonposizioa galarazten edo berandutzen badute.

22. artikulua. Ehorzketa guztietan hilobiko zuloak hermetikoki itxiko dira, jarioak eta isuri likidoak eragozteko.

Nitxo eta kolunbarioetan ehorzteko, ehorzketa eskubidearen titularrek bi hileko epean idazkuna duen behin betiko hilarria paratu beharko dute.

23. artikulua. Ehorzketak eginen dira Udalak baimendu edo alta emandako lurreko hilobietan, panteoietan, nitxoetan edo kolunbarioetan.

Ezin izanen da ehorzketarik egin panteoietan, baldin eta, barnealdearen tamaina txikiagatik edo behar bezala zainduta ez egoteagatik, zerraldoak ezin badira behar bezala sartu eta paratu. Kontzesio pribatuko panteoiak kontzesiodunaren bizkar ireki, holtzez zatitu eta itxiko dira; udal enplegatuaren lana bere lekuan sartzea izanen da.

24. artikulua.

1. Gorpu-hondakinak berrehorztea beste ehorzketa batekin batera soilik baimenduko da betetzen badira urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuan ezartzen diren baldintza guztiak (foru dekretu horrek onetsi zuen Hileta-osasunari buruzko Erregelamendua). Berrehortzi aurretik hondakinak bilduko dira hilerriko arduradun bat bertan delarik; aldez aurretik jakinarazita, bertaratzen ahalko dira eskubidearen titularra edo hark eskuordetutako pertsona.

2. Nitxoetan hondakinak berrehorzten ahalko dira gorpua sartzeko unean, baina ezin izanen da nitxo bat ireki hondakinak uzteko bakarrik.

25. artikulua. Panteoi, nitxo edo kolunbario bakoitzaren ondoz ondoko ehorzketen kopurua edukierak baino ez du mugatuko, salbu ehorzketa eskubidearen titularrak nahita eta berariaz mugatzen badu ehorzten ahal diren pertsonen kopurua edo horien zerrenda aldaezina edo baztertzailea ezartzen badu. Horretarako, hori adierazi beharko da erregistroko hilobien atalean.

III. KAPITULUA

Hobitik ateratzea, berrehorztea eta lekualdatzea

26. artikulua. Ezin izanen da gorpurik hobitik atera, salbu eta epailearen aginduz edo urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuaren 49.2 artikuluan jasotako kasuetan (foru dekretu horrek onetsi zuen Hileta-osasunari buruzko Erregelamendua), heriotzatik bost urte iragan arte, kontuan hartu gabe ehorzketa zerraldo arruntean edo lekualdaketarako zerraldoan egin den.

Lurreko hilobietan egindako ehorzketei dagokienez, edo heriotza gertatu bada erregelamenduan aurreikusitako arrazoiengatik (Hileta-osasunari buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuaren I. taldea), bost urteko epea iragan beharko da hilobia irekitzeko edo, osasun teknikarien iritziz, gorpuaren gai organikoa erabat deskonposatzeko behar den epe luzeagoa. Gorpu enbaltsamatuak hobitik ateratzeko baimena noiznahi ematen ahal da.

Hondakinak hobitik ateratzeko hurrenkera, kasu bakoitzerako legez ezarritako epea iraganik, hobiratze dataren araberakoa izanen da, salbu eta zerbitzuaren beharrengatik nitxo edo hilobi batzuen eskuragarritasuna lehenetsi behar bada, betiere legeak ezarritako baldintzak betez.

27. artikulua. Gorpuak hobitik ateratzean hilerri berean berrehorzteko, beste hilerri batera lekualdatzeko edo errausteko, eskabidea aurkeztu beharko du hilobiaren gaineko ehorzketa eskubidearen titularrak, ordenantzaren 30.2 artikuluan ezarritako kasuan izan ezik, eta osasun teknikari eskudun baten aitzinean egin beharko da. Gorpu-hondakinak atera eta lekualdatzeko ez da aitzinean egon beharko.

28. artikulua. Gorpua edo gorpu-hondakinak hobitik ateratzen badira hilerriaren barreneko beste hilobi batera eramateko, berrehorzketa egin nahi den hilobiaren gaineko eskubidea duen titularraren baimena ere beharko da.

29. artikulua. Osasun baimena beharrezkoa izanen da gorpuak edo gorpu-hondakinak beste hilerri batera eraman nahi direnean, arauetan ezarritako kasuetan.

30. artikulua. Hilobi bateko gorpua edo gorpu-hondakinak hobitik atera edo lekualdatu nahi direnean hilobiaren ehorzketa eskubidea zenduaren izenean dagoela, titulartasun aldaketa eskatu eta erabaki beharko da aitzinetik, ordenantzaren 55 a) artikuluan ezarritako kasuan izan ezik.

31. artikulua.

1. Panteoiak konpontzeko obra partikularrak egiteko gorpuak edo gorpu-hondakinak lekualdatzea baimentzen denean eta hobitik ateratzen ahal diren guztietan, aldi baterako nitxoetan gordeko dira, ordenantza fiskalean ezarritako tasak ordaindu eta gero. Obrak amaitzen direnean, jatorrizko hilobietara lekualdatuko dira.

2. Udalak egin beharreko obra orokorrak egitearen ondorioz lekualdatu behar direnean, eskubidearen titularrari aldez aurretik abisua emanda, berrehorzketa aldi baterako nitxoetan eginen da behin-behinean edo antzeko kategoria eta baldintzak dituzten hilobietan behin betiko. Halakorik bada, ehorzketa eskubidea hilobi berriari esleituko zaio.

3. Aitzineko jarduerek ez dute aldatuko kontzesioaren hasierako epea.

32. artikulua. Hobitik ateratzeak eginen dira hilerriko administrazioak adierazten duen ordutegian, eta esparruan ahalik eta jende gutxien dagoenean.

33. artikulua. Hezkuntza helburuak izanda, ikastetxeek gorpu-hondakinak hobitik ateratzean lortutako hezurrak eskatzen ahalko dituzte. Dena den, helburua bete ondotik hilerriari itzuli beharko dizkiete.

34. artikulua. Hobitik ateratzean zerraldoetan agertzen diren gai baliotsuak, protesiak izan ezik, zenduaren oinordekoek eska ditzakete, baldin eskabidea egiten badute hobitik atera baino lehen, beren nortasuna eta oinordetza frogatu ondoan.

IV. TITULUA

Ehorzketa eskubidea

I. KAPITULUA

Hilobien kontzesioa

35. artikulua. Kontzesio egintzaren bidez sortuko da nitxoen, kolunbarioen, lurreko hilobien eta panteoien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidea. Horretarako, ordaindu beharko da testu honen I. eranskinean ezartzen den tasa edo, erabiltzen den prozedura enkantea delarik, adjudikazioa hartzen duen proposamenaren balio ekonomikoak zehazten duena.

36. artikulua.

1. Panteoiak eta panteoiak eraikitzeko lurzatiak erabiltzeko kontzesioek berrogeita hamar urteko iraupena izanen dute, eta bi aldiz luzatzen ahalko dira: hasieran hogeita bost urteko aldirako eta gero hogeita lau urteko aldirako.

2. Hondakinetarako kolunbarioak erabiltzeko kontzesioek berrogeita hamar urteko iraupena izanen dute, eta bi aldiz luzatzen ahalko dira, aldi berdinetarako.

3. Nitxoak, errauts-nitxoak eta errauts-kolunbarioak erabiltzeko kontzesioek hamabost urteko iraupena izanen dute, eta behin luzatzen ahalko dira, hamar urterako.

4. Lurreko hilobien kontzesioak hamabost urterako emanen dira.

37. artikulua. Aipaturiko luzapenak ematen direnean indarra duten tarifei lotuko zaizkie, eta horretan ez da salbuespenik onartuko. Kontzesioa zer egunetan bukatzen den, luzapena 2 hilabete aitzin eskatu behar da gehienez ere, eta gutxienez ere 15 egun lehenago.

38. artikulua.

1. Nitxoak, kolunbarioak eta lurreko hilobiak erabiltzeko kontzesioa ehorzketaren unean ematen dela ulertzen da, onespena horren ondotik ematen bada ere. Besterik adierazi ezean, titularra izanen da bere izenean emateko eskatzen duen pertsona fisikoa edo juridikoa, bai zuzenean bai hileta zerbitzuen enpresa baten bidez.

Kontzesioak emanen dira ehorzleku mota bakoitzaren zenbaki korrelatiboaren ordenari jarraikiz edo, ordena korrelatiboan, dauden leku hutsak osatuz. Hala ere, aurreikusten bada irisgarriagoak diren nitxo jakin batzuk beharko direla, nitxo horiek kontzesioen ordena korrelatibo horretatik salbuetsi ahalko dira.

2. Hilobian beste hondakin batzuk egonda, gorpuak nitxoetan edo gorpu-hondakinak kolunbarioetan ehorzteak hori erabiltzeko kontzesio berria ematea dakar hamar urteko aldirako, ehorzten den egunetik hasita.

39. artikulua.

1. Panteoiak eta panteoiak eraikitzeko lurzatiak erabiltzeko kontzesioa emanen da behin betiko adjudikazioarekin, publikotasun eta konkurrentzia printzipioei jarraikiz tramitatutako prozeduraren bidez.

Panteoiak eta panteoiak eraikitzeko lurzatiak enkantean jartzeari buruzko iragarkia argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, udaleko eta hilerriko ediktu tauletan eta tokiko bi egunkaritan gutxienez. Udalak partikularren eskura jarriko du adjudikazioa arautuko duen baldintza agiria.

2. Justifikatutako kasuetan, kontzesioa alboko lurzatira handitzea baimentzen ahalko da, panteoi bakarra eraikitzeko. Kasu horretan okupazio handiagoak eragindako tasak ordaindu beharko dira, lurzatiak enkantean emateko azken adjudikazioaren batez besteko prezioaren arabera. Handitze horrek ez du aldatuko kontzesioaren hasierako epea.

40. artikulua. Panteoietan egin daitezkeen ondoz ondoko ehorzketek eta hilobien erabileraren gaineko hileta eskubideen eskualdaketek ez dute aldatuko kontzesio epearen iraupena.

Hala ere, salbuespen bat egonen da: kontzesioa edo, bestela, luzapena bukatzeko falta den epea gorpuak hobitik ateratzeko ezarritako denbora baino txikiagoa izan daiteke; beraz, gorpu bat orduan panteoian lurperatzen bada, epe hori automatikoki luzatuko da gorpuak hobitik ateratzeko behar den denborarako; bien bitartean, ezin izanen da inor ehortzi.

41. artikulua. Aitzineko artikuluek aitortu bezala, ehorzketa eskubidea mugatuko da udal jabetzako hilobiak erabiltzera, barnean gorpuak eta gorpu-hondakinak ehorzteko eta gordetzeko; hau da, ez dago lotuta lurrari eta ezin da eraiki beste deus. Horretaz baliatzeko, ordenantza honen xedapenei lotu beharko zaie.

42. artikulua. Hilobi mota guztien gaineko ehorzketa eskubidea bermaturik geldituko da hilerriko erregistroan inskripzioa eginda, eta haren inguruabarrak dagokion inskripzioak adierazten dituenak izanen dira.

43. artikulua. Hilobiak erregistroko hilobien atalean inskribatuko dira, eta inskripzio bakoitzean hurrengo datuak aipatuko dira:

a) Hilobiaren identifikazioa.

b) Kontzesioa eman den eguna.

c) Ordaindutako tasak.

d) Eskubidearen titularraren izen-abizenak eta helbidea.

e) Eskubidea gauzatzeko titularrak oro har hautatzen duen ordezkariaren izen-abizenak eta helbidea, halako hautatzen denean.

f) Hala denean, titularrak hautatutako onuradunaren izen-abizenak eta helbidea.

g) Inter vivos edo mortis causa egintzen ondoriozko eskualdaketak, ondoz ondoko titularren izen-abizenak eta egoitza eta, hala denean, ezkontide gozamendunaren izen-abizenak eta helbidea adierazita.

h) Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta lekualdaketak, honako hauek adierazita: zein gorpu edo hondakin den, pertsona horren izen-abizenak, eta jarduketa noiz izan den.

i) Mugak, debekuak eta itxiera, bidezkoa bada.

j) Hilobia edo haren ingurua ukitzen duen edozein gertakizun.

44. artikulua. Kontzesioa administrazio agiri batean gauzatuko da. Hartan honako hauek adieraziko dira: kontzesioaren hilobia, adjudikazio eguna eta iraupena. Ehorzketa eskubideen titularrek edo gozamendunek hilobiari buruzko erregistroko datuen informazioa eskatzeko eta eskuratzeko eskubidea izanen dute.

45. artikulua. Ehorzketa eskubidea une bakoitzean titularra denaren izenean agertuko da erregistroan, hurrengo zehaztasunekin:

a) Herentziaz edo beste titulu baten bidezko hurrenez hurreneko eskualdaketek titularkidetasuna dakartenean, partaideek erregistroan titular gisa agertuko den pertsona hautatu beharko dute, guztiak ados egonda. Udalak ez du baimenduko titulartasuna aldatzea, adostasun hori egiaztatzen ez bada, nahiz eta edozein partaidek ehorzketa eskubidea gauzatzea baimenduko duen, besteak horren kontra ez badaude.

b) Bi ezkontideak titularrak izanen dira, lurzati edo panteoi baten lehenengo adjudikazioan hala eskatzen badute.

c) Titularra pertsona juridikoa bada, ehorzketa eskubidea gauzatuko du estatutuen arabera eskumen hori dagokion kargua betetzen duen pertsona fisikoak edo, bestela, lehendakariak edo maila handieneko zuzendari edo instituzio kargudunak.

46. artikulua. Ezin izanen dira ehorzketa eskubidearen titularrak izan ehorzketa zerbitzuen enpresak, aseguru konpainiak, aurreikuspeneko mutualitateak edo bestelako entitate juridikoak, baldin eta, haien jarduera gauzatzean, pertsona bat hiltzen denerako lurperatzeko eskubidea ematen badute.

II. KAPITULUA

Ehorzketa eskubidearen aldaketa

1. ATALA

‘’Mortis causa’’ eskualdaketak

47. artikulua. Ehorzketa eskubidearen titularrak, noiznahi, kontzesioaren onuraduna izendatzen ahalko du eskritura publikoan, bera hil ondorako, hilobiaren datuak eta onuradunaren izen-abizenak eta helbidea adierazita. Era berean, ordezko onuraduna hautatzen ahalko du, hura lehenago hiltzen ote den.

Ehorzketa eskubidearen eskualdaketen ondoriozko titular berriek ere berdin egiten ahalko dituzte onuradunen izendapenak.

48. artikulua. Izendapena ondoriorik gabe geldituko da, onuraduna eskubidearen titularra baino lehenago hiltzen denean eta onuradunaren ordezkoa izendatu ez denean. Halakoetan, eskubidea “mortis causa” oinordetzari jarraikiz eskualdatuko da, hurrengo artikuluetan ezarri bezala.

49. artikulua. Onuradunik egon gabe, titularrak modu baliozkoan xedatu badu ondorengotza, eskubidean hurrengo den eta herentziari uko egin ez dionaren aldeko eskualdaketa eginen da. Titularrak ondorengotzarik xedatu ezean, ehorzketa eskubidea senideei eskualdatuko zaie, lege zibilak ezarritako ordenari jarraikiz.

50. artikulua. Kontzesioa alarguntasunaren gozamenaren xede baldin bada, hilobiaren erregistroko inskripzioan gozamendunaren izena adieraziko da. Pertsona horrek eskubidearen titularrari dagozkion eskumen eta betebehar guztiak izanen ditu, onuraduna hautatzea izan ezik.

2. ATALA

Inter vivos eskualdaketa

51. artikulua. Ehorzketa eskubidearen titularrak eskubide hori doan lagatzen ahalko die honako hauei, inter vivos egintzaren bidez: odol-ahaidetasuneko laugarren mailara arteko eta ezkontidearen bidezko ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko aurreko, ondorengo eta alboko ahaideei, baldin eta eskualdatu baino lehen titularrarekin afektibitate harremana eta bost urteko gutxieneko bizikidetza izan dituztela egiaztatzen badute, edo irabazi asmorik ez duten eta ongintza edo laguntza xede duten pertsona juridikoei.

Aurreko paragrafoan aipatu diren ahaideen artean egiten ez diren eskualdaketetan, eskuratzaile berriak Udalari ordaindu beharko dio kontzesioa ematean lurragatik ordaindu zuen zenbatekoaren eta tarifaren arabera subrogazio egunean bidezkoa denaren artean egon daitekeen prezio aldea. Eskualdatzaileak ezin izanen du jaso kontzesioa ematean Udalari ordaindu zion zenbatekoa baino gehiagorik.

52. artikulua. Titulartasun aldaketa dohainik eta inter vivos lagapenaren bidez baimentzen ahal da beste pertsona batzuen alde, Udalak uste badu zioren bat badela eskualdaketa arrazoitzeko, baldin kontzesioa eman zenetik hilobian inor ehortzi ez bada eta gutxienez hamar urte iragan badira.

3. ATALA

Behin-behineko titulartasuna

53. artikulua. Eskubidea nori eskualdatzen zaion modu fede-emailean zehaztea ezinezkoa bada titularra hil dela justifikatu ezin izateagatik, aurkeztutako dokumentazioa behar bezalakoa ez izateagatik edo beste arrazoi batzuengatik, titulartasuna behin-behinean onartzen ahalko zaio aldaketa eskatu eta, kapitulu honen 1. atalean xedatutakoaren arabera, horretarako eskubidea izan dezakeenari.

54. artikulua. Behin-behineko titulartasuna onartuko da eskubide hobeko hirugarrenei kalterik egin gabe, eta debekatu eginen da gerora hobitik ateratzea, epaile batek agindu ezean, aurreko titularraren ezkontidearen, odol-ahaidetasuneko laugarren mailara arteko eta ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko aurreko, ondorengo eta alboko ahaideen gorpuak eta hondakinak.

55. artikulua. Behin-behineko titulartasuna ondoriorik gabe geratuko da, hura onartu denetik hamar urteko epean eskubidearen eskualdaketa justifikatuta titulartasuna aldatzea erabakitzen ez bada.

4. ATALA

Prozedura

56. artikulua. Ehorzketa eskubidearen titularra hildakoan, eskubidearen eskualdaketa jasotzen duen pertsonak titulartasuna bere izenean jartzeko eskatu beharko du eta, horretarako, eskualdaketaren frogagiriak aurkeztuko ditu Udalean.

57. artikulua.

1. Ehorzketa eskubidearen titulartasuna aldatzea erabakiko da, hala badagokio, administrazio espedientean tramitatutako eskabidea aurkeztu eta gero; bertan entzunaldia emanen zaie gainerako interesdunei eta eskualdaketaren frogagiriak aurkeztuz frogatuko du bere eskubidea.

2. Prozedurako interesdunak ezezagunak direnean, prozedurako derrigorrezko izapidea izanen da iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udaleko eta hilerriko ediktu tauletan argitaratzea, prozeduran bertaratu eta adierazitako epearen barnean alegazioak aurkez ditzaten.

58. artikulua. Eskualdaketaren onarpenak administrazio ondorioak baino ez ditu sorraraziko, arlo zibileko inolako aferarik aitzinetik juzgatu gabe.

59. artikulua.

1. Titularrak eskatuta erabakiko dira hilobiaren erabileraren klausula mugatzaileak, edo haien aldaketa edo deuseztapena; behar bezala erregistratuko dira eta heriotzaren ondoan irmoak eta behin betikoak izanen dira.

2. Erregistroko hilobien atalaren inskripzioen beste datu batzuk zuzendu eta deuseztatzeko, interesdunak eskatu beharko du, bidezko justifikazioaren edo egiaztapenaren ondotik.

III. KAPITULUA

Ehorzketa eskubidea azkentzea

60. artikulua.

1. Ehorzketa eskubidea iraungi eginen da honako kasu hauetan:

a) Eraikuntzaren aurri egoeragatik. Iraungipena erabakiko da aldez aurreko txosten teknikoan egoera hori deklaratu eta eskubidearen titularrak beharrezko obrak egiteko errekerimendua bete gabe utzi ondoren.

b) Hilobia abandonatzeagatik. Horrelakotzat joko da eskubidearen titularrak egin beharreko garbiketetan eta mantentze-lanetan modu agerian arreta ez jartzea, horretarako aitzinetik egindako errekerimenduari ez aditu eginik.

c) Eskubidearen kontzesio epea iragateagatik luzapena eskatu gabe, nahiz eta horretarako abisu eman, edo luzapena iragateagatik.

d) Kontzesioa amaitu baino lehen, hobitik ateratzeagatik edo nitxoak, kolunbarioak edo lurreko hilobiak nahita husteagatik.

e) Titularrak berariaz uko egiteagatik.

f) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dion lagapenagatik.

g) Ordenantza fiskalean ezarritako tasak ez ordaintzeagatik.

h) Ordenantzaren 85. artikuluak panteoiak eraikitzeko lurzatien kontzesiodunei ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik. i) Hilerria ixteagatik.

2. Panteoiak eta panteoiak eraikitzeko lurzatiak erabiltzeko kontzesioak ezin izanen dira luzatu, hura amaitu aurreko hogeita hamar urtean horietan ez badira gorpuak edo gorpu-hondakinak ehortzi, hobitik atera edo lekualdatu, edo titularra hilda edo haren nortasun juridikoa iraungita, titulartasun aldaketa baimendu ez bada beste pertsona baten alde.

61. artikulua. Baldin eta iraungitzen bada kontzesio epea iragatea ez den beste arrazoiren batengatik, hala deklaratu beharko da espedienteari amaiera ematen dion berariazko ebazpen batean, eta betiere eskubideen titularrei jakinarazi beharko zaie.

62. artikulua. Iraungipena aurri egoerak edo abandonatzeak ekartzen duenean, eskubidearen titularraren heriotza jasota badago, interesdunei zitazioa eginen zaie, titulartasun aldaketarako duten eskubidea alega dezaten. Interesdunak ezezagunak baldin badira, zitazioa eginen da honako hauetan iragarkia argitaraturik: Nafarroako Aldizkari Ofizialean, udaleko eta hilerriko iragarki-tauletan eta, gutxienez ere, tokiko bi egunkaritan.

Jaraunsleak edo edozein tituluren bidez subrogatutako pertsonak agertzen badira eta eskualdaketa justifikatzen badute, titulartasuna beren alde aldatzea lortzen ahalko dute, baldin eta hilobia konpontzeko edo egokitzeko obrak gauzatzen badituzte horretarako ezartzen den epean.

63. artikulua. Iraungi ondotik, kontzesioaren xedeko hilobia Udalari itzuliko zaio, eta eskubidearen azkentzeak ez du konpentsaziorik edo kalte-ordainik sortuko titularraren alde. Aitzinetik gaztigu eginda, dauden hondakinak hezurtegi orokorrera eramanen dira edo, bestela, erraustuko dira, salbu eta zenduaren ahaideek edo haien baimena duten beste pertsona batzuek eskatzen badute beste hilobi batera eramateko edo, pertsona ospetsuen hondakinak izanda, Udalak hilobian uztea erabakitzen badu.

64. artikulua. Hobi komuneko hilobietan onartuko da gurutzea edo hileta ikurra jartzea, adierazita hildakoaren izena, heriotzaren eguna eta gorpua identifikatzeko beharrezko gainerako datuak, ezer ordaindu beharrik izan gabe.

65. artikulua. Aldi baterako kontzesio epea amaitu eta gero, hondakinak hobitik aterako dira eta hezurtegi orokorrera eramanen, salbu eta familiakoek erabakitzen badute hilobira, hondakinetarako kolunbariora edo nitxora eramatea, lekualdaketa gertatzen delarik ezkontidearen edo odolkidetasuneko bigarren mailarainoko ahaideen gorpuaren ehorzketarekin batera.

Hildakoaren senideek biltzen ahalko dituzte aldi baterako kontzesioaren lurraren gainean jarritako objektuak.

66. artikulua. Betiko kontzesioa duten aspaldiko nitxoek beren izaerari eutsiko diote. Dena den, kontzesioaren iraungipena deklaratu ahalko da, apaintzeko edo aurri egoera konpontzeko obrak egin behar badira.

Apaintzeko edo aurri egoera konpontzeko asmoz Udalak iraungipena deklaratuko du, nitxoaren eskatzaile gisa agertzen denak edo interesa duten ahaideek beharrezko obrak egiten ez badituzte agindutako epean. Halaber, iraungipena deklaratuko du, pertsona horiek ezezagunak izanda edo leku ezezagunean egonda, agertzen ez badira hamabost egun balioduneko epean, ediktu bidez egindako deia bigarren aldiz argitaratzen denetik (15 eguneko tartea utzita bien artean) Nafarroako Aldizkari Ofizialean, probintziako egunkarietan eta udaleko eta hilerriko iragarki-tauletan.

Betiko kontzesioa iraungita duten nitxoetako hondakinak hezurtegi orokorrera eramanen dira.

V. TITULUA

Hilobiak eraikitzea, mantentzea eta zaintzea

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

67. artikulua. Hilerriaren esparruaren barnean edozein obra egiteko, horiek egiteko kontratatzen diren enpresek honako arau hauek bete beharko dituzte:

a) Harria, marmola, metalak edo bestelakoak prestatzeko lanak ezin izanen dira esparruaren barnean egin.

b) Eraikuntzako materialen prestalana horretarako adierazten diren tokietan egin beharko da, kasu bakoitzean beharrezkoa den babesarekin.

c) Materialak, tresnak, lurra edo ura utziko dira igarobidea eragozten ez duten lekuetan.

d) Ondoko hilobi edo landareei kalterik ez egiteko maneran paratuko dira aldamioak, hesiak edo eraikuntzarako behar den beste edozein tresna lagungarri. Pertsonak eta ondasunak babesteko beharrezko neurriak hartuko dira, eta obrak egitearen ondorioz sortzen diren kalteen erantzuletzat hartuko dira obrak eskatu eta egiten dituztenak.

e) Hilerriaren esparruan ibilgailuak erabiltzeari buruz dauden arauak errespetatuko dira eta ezin izanen da hilerriaren ibilgailurik edo tresnarik erabili, berariazko baimenik gabe.

f) Obra bukatutakoan, tokia garbitu egin beharko dute eta handik eraman obra-hondakinak, puskak edo materialen hondarrak; baldintza hori bete ezean, ez zaio alta emanen hilobiari.

g) Zerbitzuak hobeto funtziona dezan, hilerriko administratzaileak kasu bakoitzean zehazten dituenak.

68. artikulua. Eskubideen titularren kargura izanen dira norberak eraikitako hilobiak konpontzeko eta zaintzeko obrak eta Udalak eraikitako hilobietan hilarriak eta osagarriak edo apaingarriak jartzea.

69. artikulua. Hilerriko zerbitzuko langileen eta baliabideen bidez hilobiak irekitzeko eta ixteko lanak egin ezin direnean, enpresaburu partikularren laguntzaz eginen da, eta sortutako gastu gehigarriak izanen dira hilobiaren gaineko ehorzketa eskubidearen titularraren konturakoak.

Nahi izanez gero, eskubideen titularrek beren gain hartzen ahalko dute nitxoetatik hilarriak kentzea, gorpuak eta gorpu-hondakinak ehorzteko edo hobitik ateratzeko. Hilarria gordetzeko interesik ez badute, hilerriko zerbitzuari eskatzen ahalko diote, nitxoa irekitzean, hilarria kentzeko; hala ere, ez dute eskubiderik izanen sortzen ahal diren kalteengatik kalte-ordaina jasotzeko.

70. artikulua. Hilarrietako hilartitzak, oroigarriak, ezaugarriak eta ikurrak edozein hizkuntzatan jar daitezke, eta behar bezalako begirunea agertu beharko dute. Hirugarrenen eskubideen aurka jo dezaketen idazkunen erantzukizuna titularrarena izanen da.

71. artikulua. Hilerrian ez zaio inori utziko landaketa partikularrik egiten, arbolen, zuhaixken eta belarraren landaketa udal langileek eginen baitute. Lurreko hilobietan ere inori ez zaio utziko beste ezer uzten, hilarriarendako hormigoizko oinarritik kanpo.

72. artikulua. Eskubideen titularrek edo haien baimena duten beste pertsona batzuek zaindu eta garbituko dituzte hilobiak.

Hilobia garbitu ondoren, lore hondarrak eta bestelako objektu erabilezinak horretarako ezarritako lekuetan utzi beharko dira.

73. artikulua.

1. Ezin izanen da hilerrira sartu edo handik atera hilobien zerbitzurako gairik, hilerriko administrazioaren baimenik gabe.

2. Hilobietan instalatzen diren hilarriak eta obra artistikoak ehorzketa eskubidearen titularrak kentzen ahalko ditu kontzesioa amaitutakoan, objektu nagusiari kalterik egin gabe bereizten ahal badira.

II. KAPITULUA

Ehorzketa eskubideen titularren konturako obrak

1. ATALA

Hilobiak eraikitzeko obrak

74. artikulua. Emandako lurzatietan panteoiak eraikitzeko obrak baimentzeko eta gauzatzeko, bete beharko dira hurrengo artikuluetan adierazten diren arauak, udal ordenantzak eta kasu zehatzetan ezartzen ahal diren baldintza partikularrak, eraikuntzak hilerriaren hirigintza eta funtzio beharrizanetara egokitzeko.

75. artikulua.

1. Lurzati baten kontzesiodunak honako hauek egin beharko ditu:

a) Eraikuntza proiektu osoa aurkeztu hiru hilabeteko epean, kontzesioari buruzko jakinarazpena jasotzen denetik aurrera zenbatuta, eta obra lizentzia eskatu.

b) Udal teknikariek adierazten dituzten proiektuaren hutsuneak zuzendu, hori egiteko eskatzen zaienetik hilabeteko epean.

c) Udal lizentziak ezarritako epean eraikuntza obrak abiarazi, eta horiek amaitu urtebeteko epean, lizentzia ematen denetik aurrera zenbatuta.

2. Salbuespen gisa epe horiek luzatzen ahalko dira nahitaezko denborarako, obra motak, haren garrantziak edo kalitateak justifikatzen badu, udal teknikariak egindako txostena ikusita.

3. Aitzineko ataletan kontzesidunari ezarritako betebeharretatik edozein betetzen ez bada hori justifikatzen duen arrazoirik gabe, kontzesioa eskubide osoz suntsituko da. Hala denean, egindako lana galdu eta utzitako bermea konfiskatuko da, eta adjudikatutako lurzatia jaberik gabe geldituko da. Gainera, elementu erabilezinak kontzesiodunaren kontura eraitsiko dira.

76. artikulua. Ezin izanen da hilobi partikularrik eraikitzen hasi, lurzatia zuinkatu eta mugatu baino lehen, eta lizentzia eman eta hori emateak eragindako tasak ordaindu direla justifikatu arte.

Lurzatia finkatzeko eta, hala denean, lur-erauzketak egiteko gastuak kontzesiodunaren konturakoak izanen dira.

77. artikulua. Eraikin partikularrek ez dute izanen adjudikatutako lurzatiaren muga gainditzen duen teilatu-hegalik, ezta erlaitzik ere.

Eraikuntza horiek sestra azpiko hiru solairu eta sestra gaineko solairu bat izanen dituzte lurperatzeko, gehienez. Hilerriko paretetako baten bati atxikitako eraikinei dagokienez, kasuan kasuko paretaren garaiera gainditzen ez duena baimentzen ahalko da eraikinerako.

78. artikulua. Eraikuntza partikularreko hilobien kanpoko paramentuak eta haien apaingarriak material noblekoak izan beharko dira. Behar bezala kontserbatzeko bermerik eskaintzen ez duten guztiak debekatuko dira.

79. artikulua. Hilobi partikularra eraikitzeko eskabidearekin batera, proiektua aurkeztuko da, teknikari eskudunak sinatua eta dagokion ikus-onespenarekin. Proiektu horretan eraikina osatzen duten solairuak, fatxada eta hori ulertzeko behar diren atalak adieraziko dira.

80. artikulua. Kontzesiodunak aditzera eman beharko du obrak bururatu direla, eta aldaketaren bat izan bada haren berri emanen du. Nahitaezko txosten teknikoa ikusita, interesdunari eskatzen ahalko zaio hori zuzentzeko, planoen arabera, edo obra legeztatzeko, hari dagozkion tasak ordainduz. Eraikuntza partikularreko obra baimendutakoarekin bat bukatu ondoren, edo legeztatu ondoren, alta emanen da panteoian ehorzketak egiteko.

81. artikulua. Obrak gauzatzeko epea iragaten bada horiek bururatu gabe, egindakoak aztertu eta egiaztatuko dira ofizioz eta, atzerapena justifikatuta ez badago, lizentzia iraungi dela erabakiko da.

82. artikulua. Debeku da hilobiak egitea.

2. ATALA

Konpontzeko, zaintzeko eta apaintzeko obrak

83. artikulua. Hilobia berreraikitzeko, zaharberritzeko edo zaintzeko obrak egiten badira eskubideen titularren kontura, obra lizentzia beharko da, haren atalen egitura ukitzen badute. Era berean, haien baimena, exekuzioa eta ikuskapena kapitulu honen 1. atalean ezarritakoari lotuko zaizkio, gauzatzeko epeari dagokiona izan ezik; izan ere, sei hilekoa izanen da eta, interesdunak eskatuz gero, beste hiru hilez luzatzen ahalko da, udal teknikariak egindako txostenaren arabera obren garrantziak justifikatzen badu.

84. artikulua. Proiektuko obrek hilobiaren mugak handitzea badakarte, ez da lizentzia eskaerarik tramitatuko, baldin eta lehenago ez bada kontzesioa aldatzea erabaki, hilerriko administratzailearen aldez aurreko txostena ikusita. Txosten horretan baloratuko dira aldaketak ehorzketa eskubideen beste titular batzuei eta hilobia kokatuta dagoen hilerriko zatiaren estetikari eta funtzionaltasunari ekar diezazkiekeen kalteak. Aldaketak ez du aldatuko kontzesioaren hasierako epea.

Kontzesioaren aldaketa onesten duen udal erabakiaz gain, beharrezkoa izanen da okupazio handiagoak eragindako tasak ordaintzea obra lizentzia tramitatzeko. Tasa horiek kalkulatzeko, lurzatiak enkantean emateko azken adjudikazioaren batez besteko prezioa hartuko da oinarri.

85. artikulua. Lizentzia laburtuaren bidez baimenduko dira, beharrezkoa bada, garrantzi txikikoak izateagatik teknikari eskudunak sinatutako proiekturik behar ez duten obra hauek: konpontzeko, zulatzeko edo hilobiak pilastrez, barrez eta harlauzez ixteko obrak eta hilarriak, estatuak, gurutzeak eta apaintzeko ohiko bestelako ikurrak edo objektuak paratzeko obrak.

86. artikulua. Baimendutako obrak ezin izanen dira abiarazi, hilerriko bulegoetan aurkeztu arte lizentzia bera eta lizentzia emateagatiko tasak udal gordailuzaintzan ordaindu direla egiaztatzen duen agiria.

III. KAPITULUA

Ehorzketa unitateen aurri-deklarazioa

87. artikulua. Erortzeko arriskuan dauden ehorzketa unitateak aurri egoeran deklaratuko ditu Uharteko Udalak, kontraesanezko espedientea erabiliz; hartan hogeita hamar eguneko epea emanen zaio ehorzketa eskubidearen titularrari, komenigarri iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko, salbu eta hura leku ezezagunean dagoenean, orduan 66. artikuluari jarraikiko baitzaio.

Eraikuntzak aurri egoeran daudela iritziko zaio baliabide arruntak erabiliz konpontzen ahal ez direnean edo konponketaren kostua haien eraikuntzarako zenbatesten den kostuaren %50 baino handiagoa denean, egungo prezioetan kalkulaturik.

Aurri egoeraren deklarazioa eginda, ehorzketa eskubidearen azkentzea ere deklaratuko da eta aitzineko artikuluan ezarritako jarduketak antolatuko dira, eta behar den eraispenari lotuko.

VI. TITULUA

Zehapen araubidea

I. KAPITULUA

Arau-hausteak

88. artikulua. Honako hauek arau-hauste arinak izanen dira, non ez duten astunaren edo oso astunaren kalifikazioa:

a) Esparruaren lasaitasuna urratzea.

b) Hilerriko gainerako erabiltzaileekin eta enplegatu publikoekin oker jokatzea.

c) Udal hilerriko instalazioak oker erabiltzea.

d) Hilerriko erabiltzaileen edo Administrazioaren beraren ondasunak ardurarik gabe erabiltzea.

e) Traba egitea espazio publikoak beste pertsona batek edo batzuek erabiltzean; horren barnean dago esparruan sartzea baimenik ez duten ibilgailuekin, bizikletekin edo motorrekin, baita zakurrekin edo bestelako animaliekin ere, salbu eta itsuak direnean beren itsu-zakurrekin.

89. artikulua. Hauek izanen dira arau-hauste astunak:

a) Erabiltzaileen lasaitasuna haustea eta haien eskubideak urratzea, esparruaren barnean argazkiak, marrazkiak, filmaketak edo gisakoak eginez.

b) Hilerriko espazio publikoak okupatzea edozein merkataritza jarduera eta edozein propaganda mota egiteko.

c) Arau-hauste arinak errepikatzea.

d) Urtebeteko epean, hiru arau-hauste arin egitea.

90. artikulua. Honako hauek arau-hauste oso astunak izanen dira:

a) Hilerriko zerbitzuaren ohiko funtzionamendua galaraztea edo modu larri eta nabarmenean trabatzea, horren barnean egonik ehorzketa eskubidea Uharteko Udalaren baimenik gabe lagatzea edo eskualdatzea, eta baimena edo lizentzia behar duten jarduketak egitea, hura aitzinetik erdietsi gabe.

b) Hilerriko zerbitzua zer espazio publikotan egiten den, hura erabiltzea galaraztea.

c) Hilerriko instalazio eta elementuei modu larri eta nabarmenean kalte egitea.

d) Jabari publikoko ondasunak usurpatzea.

91. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honetan jasotzen diren arau-hausteak gisa honetara zehatuko dira:

–Arau-hauste arinek 750 eurorainoko isunak izanen dituzte zehapen.

–Arau-hauste astunek 1.500 eurorainoko isunak izanen dituzte zehapen.

–Arau-hauste oso astunek 3.000 eurorainoko isunak izanen dituzte zehapen.

92. artikulua. Ezartzen ahal diren zehapenak aparte utzirik, arau-hausleak ondasunak lehengoratu eta ordeztu beharko ditu, eta egindako kalte-galera konponezinak ordaindu beharko ditu, dagokion ebazpenean finkatzen den epean. Zehapenak ezartzeko eskumena duen organoak erabaki betearazlea hartuko du, kalte-ordain horien zenbatekoa finkatzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Udalbatzaren osoko bilkurari dagokio ehorzketa eskubidearen kontzesioa ematea eta horren azkentzea deklaratzea, panteoien eta horiek eraikitzeko lurzatien erabilerari dagokionez. Gainerakoetan, Alkatetzaren edo eskuordetutako organoaren ebazpenaren bidez onetsiko dira hilobien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidearen kontzesioa, eskualdaketa eta azkentzea.

Halako batean sumatzen baldin bada egoera irregularrak daudela ehorzketa eskubidearen titulartasunari eta haren legez kanpoko eskualdaketari dagokionez ordenantza honetan edo hau baino lehenago gaia arautu duen araudiaren kontra, egoera horiek bukatzeko beharrezko diren jarduketa guztiak eginen dira, ofizioz egin ere; horrek, betiere, ehorzketa eskubidearen azkentzea eta, aldi berean, ukitutako ehorzketa unitateak Uharteko Udalari itzultzea ekarriko du.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

1.–Ordenantza honen aitzinetik “betiko” edo denbora mugagaberako emandako kontzesioak (benetan lauretan hogeita hemeretzi urteko gehieneko eperako emandako administrazio kontzesioak dira) errespetatuko dira hitzez hitz, haien ezaugarri teknikoei dagokienez.

Epeari dagokionez, baina, bai ordenantza honen aitzinetik bai ondotik eman direnek lauretan hogeita hemeretzi urteko gehieneko iraupena izanen dute, 36. artikuluan aipatu bezala.

2.–Ordenantza honek indarra hartu baino lehen emandako kontzesioek jarraituko dute eman ziren egunean indarrean zegoen ehorzketa eskubidearen araudiaren menpe. Hala ere, aplikatuko zaie xedatzen dena ordenantzaren 39.2 artikuluan hilobia handitzeari buruz, eta 62. artikuluan, hilobiaren aurri egoera edo abandonuagatik ehorzketa eskubidearen iraungipena deklaratzeari buruz.

Kontzesio horien azkentzeak ordenantzaren 63. artikuluan xedatutako ondorioak izanen ditu.

3.–Lehengo araudiaren araberako kontzesioa duten lurzati, hilobi, kapera edo nitxoen erabiltzaile guztiek kontzesio bakoitzaren epea iragaten denean bururatuko dute horien erabilera, salbu eta jadanik iragan badira lauretan hogeita hemeretzi urte, hartaraino luzatu baita, aldi baterako, 2013ko urtarrilaren 1a arte, goiti-beheiti hori banan-banan jakinarazte aldera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

1.–Indarrik gabe gelditu da 1902ko azaroaren 9ko Udal Hilerriaren Erregelamendua, baita 1997ko 69. Nafarroako Aldizkarian, ekainaren 9an, argitaratutako Udal Hilerriaren Erregelamendua ere eta, orobat, ordenantza honi kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko udal xedapen guztiak.

UDAL HILERRIKO KONTZESIO, ZERBITZU
ETA BESTELAKOEN TASAK

I. TITULUA

1. artikulua.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12. artikuluan eta hurrengoetan xedatu denari jarraikiz, Udal honek erabaki du tasa ezartzea udal hilerrian zerbitzu egiteagatik eta lanak egiteagatik.

II. TITULUA

Zerga-egitatea

2. artikulua.

Zerga-egitatea zerbitzu guztiak egitea da, esan nahi baita, ehorzteko espazioak esleitzea, haiek okupatzea, gorpu-hondakinak biltzea, hilerria zaintzea eta gainerako guztiak, baldin eta urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Hileta-osasunari buruzko Erregelamenduko aginduekin bat heldu badira eta alderdi batek eskaturik baimentzen ahal badira.

3. artikulua.

Ordaintzeko betebeharra sortzen da kargari loturiko zerbitzuak egiten hasten direnean, hau da, zerbitzuak eskatzen direnean.

III. TITULUA

Subjektu pasiboa

4. artikulua.

Subjektu pasibo zergadunak dira baimena emateko edo zerbitzua egiteko eskatzen dutenak eta, halakorik bada, emandako baimenaren titularrak, baita jaraunsle edo legatudunak ere, ordaindu gabeko tributu-betebeharrei dagokienez, alde batera utzirik jaraunspena eskuratzeko legeria zibilak ezartzen duena.

IV. TITULUA

Erantzuleak

5. artikulua.

1. Subjektu pasiboaren tributu-betebeharren erantzule solidario izanen dira pertsona fisikoak eta juridikoak, Tributuei buruzko Lege Orokorraren 42. artikuluan aipatzen direnak.

2. Erantzule subsidiarioak izanen dira sozietateetako administratzaileak eta sindikoak, kontu-hartzaileak edo porrotak, lehiaketak, sozietateak eta oro har entitateak likidatzen dituztenak, Tributuei buruzko Lege Orokorraren 43. artikuluan xedatzen den kasuetan eta irismenarekin.

V. TITULUA

Salbuespenak

6. artikulua.

Salbuetsirik egonen dira honelakoetan egiten diren zerbitzuak:

a) Ongintzako erakundeetatik heldu diren ehorzketetan.

b) Agintaritza judizialak agintzen dituen ehorzketetan.

VI. TITULUA

Zerga-oinarria

7. artikulua. Zerga-oinarria finkatuko da zerbitzu moten arabera, ordenantza honetako tarifetan ezarritako zenbatekoei jarraikiz, eta ondotik zehazten diren kontzeptuengatik:

1. epigrafea.–Hilobiak esleitzea eta kontzesioak berritzea.

2. epigrafea.–Hondakinen ehorzketak, berrehorzketak eta ehorzteko eskubideak.

3. epigrafea.–Hobitik ateratzea, hondakinak biltzea eta lekuz aldatzea.

Tarifak eta kudeaketa

(Urtero eguneratzen eta argitaratzen dira).

1. epigrafea.–Hilobiak esleitzea eta kontzesioak berritzea.

1.a.) Lurreko hilobiak, 15 urterako: 373,50 euro.

1.b.) Panteoi hirukoitz eraiki gabeen kontzesioa, 50 urterako, 49 urteko luzapenarekin: 5.097,00 euro/aipatutako aldi bakoitza.

1.c.) Panteoi hirukoitz eraikien kontzesioa, 50 urterako, 49 urteko luzapenarekin: 7.658,50 euro/aipatutako aldi bakoitza.

1.d.) Horma-hilobien kontzesioa, 15 urterako: 300 euro.

1.e.) Luzapena: 10 urterako: 300 euro.

1.f.) Kolunbarioak, kontzesio bakoitzeko (15 urterako): 267 euro.

1.g.) Luzapena: 10 urterako: 267 euro.

2 epigrafea.

–Hondakinen ehorzketak, berrehorzketak eta ehorzteko eskubideak:

a) Panteoiak: 128,00.

b) Lurrean: 160,00.

c) Nitxoetan: 120,00.

–Errautsen ehorzketak:

a) Panteoietan: 80,00.

b) Errauts-nitxoetan: 80,00.

c) Errauts-kolunbarioetan: 80,00.

3. epigrafea.–Hobitik ateratzea, hondakinak biltzea eta lekuz aldatzea.

Hobitik ateratzea, interesdunak eskatuta, eta kolunbarioan berrehorztea (inskripzioa barne): 187,00 euro.

Hobitik ateratzea, interesdunak eskatuta, eta hondakinak ematea: 82,50 euro.

Hondakinak ehorzketatik hamar urtera biltzen ahalko dira, hilobien edukiera handitzeko.

8. artikulua.

1. Zenduen ahaideek kasurik egiten ez dietelako edozein motatako hilobiak eta, oro har, ehorzketarako tokiak aurri edo abandonu egoeran agertzen baldin badira, horrek dakarren arrisku eta itxura txarrarekin, Udalak hura eraisten ahalko du, lehen kasuan, edo hondaturik edo abandonaturik dauden ezaugarri eta objektu guztiak kentzen ahalko ditu, bigarrenean, eta bi kasuetan ezin izanen zaio inolako kalte-ordainik eskatu.

2. Gainera, iraungipena deklaratzen ahalko du eta Udalari itzuliko zaio hilobi baten eskuragarritasun osoa, honelako kasuetan:

a) Eraikuntza aurri egoeran egoteagatik, hura partikularra denean.

Egoera hori eta iraungipena deklaratzeko Alkatetzak administrazio espedientea abiarazi beharko du.

b) Hilobia abandonatzeagatik; halakotzat hartuko da hogeita hamar urte iragan badira zainketa epigrafe honi dagozkion eskubideen azken likidazioaren ordainketa egunetik. Kuota hauen ordainketa aitzinatua onartuko da egokia iruditzen zaien unean, kontuan harturik 1. epigrafearen alderako prebentzioaren 4. paragrafoan ezarritakoa.

3. 2. zenbakiko a) eta b) kasuetan, iraungitzeko administrazio espedienteak titularraren zitazioa jasoko du, haren helbide ezaguna bada, eta ez bada, haren publizitatea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta azken helbide ezagunari dagokion aldizkari ofizialean argitaratutako ediktu baten bidez; halaber, bi herrietan gehien zabaltzen diren egunkarietariko batean argitaratu beharko da, hogeita hamer eguneko epea emanez titularrak edo haren ahaideek sina dezaten sortutako eskubideak ordaintzeko edo behar den konponketa egiteko konpromisoa. Agertzen badira, espedientea etenik geldituko da; obrak egiteko emandako epea iraganez gero konpromiso hori bete gabe, Tokiko Gobernu Batzarrak iraungipena deklaratuko du.

4. Edozein hilobi motaren iraungipena deklaratuta, Udalaren eskura geldituko da, barnean ziren hondakinak behar den kolunbariora eraman ondoan.

1. epigrafearen alderako prebentzioa.

1. Behar den tarifa ordainduta eskuratzen den eskubidea ez da hertsi-hertsian lurraren jabetza fisikoarena, baizik eta, kontzesioak irauten duen denboran espazio horietan ehortziriko hondakinak atxikitzekoa, baldin eta hilobi mota horren titularrek ordaintzen badituzte finkaturiko eskubideak eta betetzen badituzte zainketari dagokion 8. epigrafean ezarritako arauak.

2. Aldi baterako diren familia hilobietan ez da gorpurik edo hondakinik ehorzten ahalko, epea betetzeko bost urte baino gutxiago falta bada; halakoetan, gutxienez ere hamar urteko alokairu aldia ordaindu beharko da, mugaegunetik hasita.

3. Komunitateko hilobian leku bat okupatzeko eskubidea 10 urterako berritzen ahalko da, behin bakarrik, alokairu aldia bukatzen den urtean, eta dagokion tasa sortuko da.

Berritzea eskatu eta ordaindu hutsez, interesdunek espresuki onartzen dute gorpuarekin egin beharreko edozein mugimendu, hilobi berean berritu gabeko lekuetakoak desehorztean, berritutako lekua baino beheratago badaude.

2 eta 3. epigrafeen alderako prebentzioa.

Epigrafe honen argigarri, esan beharra da gorpu edo hondakin bakoitzerako ulertu behar direla ehorzketak nahiz hobitik ateratzeak.

Tarifaz den bezainbatean, errautsen kutxatilen ehorzketa nitxoen esleipenaren pareko izanen da.

Kontzesioa aitzinetik berritzen ahalko da, mugaeguna baino lehen, alegia, baina mugaegunaren urte natural beraren barnean bakarrik.

9. artikulua.

Hilarrien mugimenduak, hilobiko idazkunak, hilobien zoladura eta gisako obrak egiteko, behar den lizentzia erdietsi beharko da, baina ez da ordenantza honetako tarifetako bakarrik ere ordaindu beharko.

Sarkofagoak paratzeko, panteoiak eraiki, zaharberritu edo aldatzeko eta txosten teknikoa edo proiektua behar duten beste lan batzuk egiteko, obra lizentzietarako tramite bera egin beharko da, eta ordenantza horren arabera likidatuko dira, baita Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantzaren arabera ere.

VII. TITULUA

Deklarazioa, likidazioa eta diru-sarrera

10. artikulua.

1. Subjektu pasiboek zerbitzuak egiteko eskatuko dute kasu bakoitzean. Mausoleoak eta panteoiak eraikitzeko baimenaren eskariarekin batera, proiektua eta memoria aurkeztuko dira, profesional eskudunak baimenduak.

2. Zerbitzu bakoitza banaka likidatuko da; likidazioa zerbitzu egin ondoan jakinaraziko da, diru-sarrera zuzenean egin dadin Udalaren diru-kutxan, Tributuei buruzko Lege Orokorrak ezarritako moduan eta epeetan.

3. Tasa honen likidazioak behin betikotzat joko dira sortzapena ekarri duen zerbitzua edo jarduera egin ondoan.

VIII. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

11. artikulua.

1. Tributu arloko arau-hausteei eta haien kalifikazioari dagokien orotan, baita arau-hauste horiei dagozkien zehapenei dagokien orotan ere, Tributuei buruzko Lege Orokorreko arauak aplikatuko dira.

2. Zehapenak ezarrita, ez dira inoiz bertan behera geldituko sortutako eta preskribatu gabeko kuoten likidazioa eta kobrantza.

Iragarkiaren kodea: L2113625