241. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2500/2021 EBAZPENA, irailaren 13koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako erakunde sindikalen funtzionamendu gastuen konpentsazioa baimentzen duena, alde batera utzita unibertsitateaz kanpoko irakasleen arlokoak eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzukoak.

Konstituzioaren 7. artikuluak aitortzen du erakunde sindikalek langileen eskubideak defenditu eta sustatzeko egiten duten lana. Horregatik, zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoaren oinarrizko zutabe dira.

Bere aldetik, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsi zuen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginak arautzen du administrazio publikoko langileen parte-hartzea beren lan baldintzak zehazteko orduan, ordezkaritza bateratuko organoen bidez, eta ezartzen du beroriek beren egitekoak betetzeko behar duten materiala eduki behar dutela. Halaber, negoziazio kolektiboa eta lan baldintzak zehazteko parte-hartzea ere arautzen ditu, erakunde sindikalen bidez.

Sindikatuek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako ordezkaritza-funtzioak betetzeko egiten dituzten jarduerak direla-eta, Nafarroako aurrekontu orokorrek berariazko zuzkidura bat aurreikusten dute, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak dituen partiden artean, sindikatuek jarduera hauek aurrera eramateko egiten dituzten gastuak konpentsatzeko. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langile funtzionarioen eta estatutupekoen Negoziazio Mahai Orokorreko Batzorde Paritarioaren 1997ko ekainaren 18an sindikatuekin egin zen bileran gehiengoz hartu zen erabakiaren bidez, finkatu zen diru kopuru berariazko horiek erakunde sindikal bakoitzak hauteskunde sindikaletan lortutako botoen arabera banatzea.

2019ko maiatzaren 22an Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langile publikoen ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak egin ziren, Foruzaingoan izan ezik, non hauteskundeak 2019ko ekainaren 10ean egin baitziren. Beraz, izan diren hauteskunde-prozesu guztien emaitzak hartu behar dira aintzat sindikatu bakoitzari dagokion kopurua zehazteko.

Adierazitakoarekin bat, eta ikusirik Lan Harremanen eta Prestazio Sozialen Zerbitzuak egindako txostena eta Ekonomia eta Ogasuneko Departamentuak Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna, Departamentu horren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Baimentzea, hurrengo apartatuetan ezarritakoari jarraikiz, erakunde sindikalen funtzionamendu gastuen konpentsazioa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak ordezkatzeko organoetarako azken hauteskundeetan lortu zituzten boto kopuruaren araberako proportzioan.

Konpentsazio honetatik kanpo geratuko dira unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako funtzionarioen eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen eremuak, horiek beren aurrekontu partidak dituztelako.

2. Horretarako, 70.122 euroko gastua baimentzea, 2021eko gastuen aurrekontuan “Erakunde sindikalen funtzionamendu gastuen konpentsazioa” izena duen 020000-04000-4819-921302 partidaren kargura finantzatuko dena.

3. Ondoren aipatzen diren sindikatuetako bakoitzari esaten diren gehieneko kopuruak esleitzea, egin dituzten funtzionamendu gastuak konpentsatzeko ordainduko direnak:

SINDIKATUA

IFZ

ORDAINTZEKO ZENBATEKOA (GEHIENEZ)

AFAPNA

G31171937

10.006,81

ANPE

G78248630

1.531,50

APF

G31921331

3.910,53

CCOO

G85699460

11.166,59

CSIF

G79514378

4.564,77

ELA

G48090096

9.649,95

LAB

G31137482

17.976,57

SMN

G31132384

669,10

STAJ

G60971439

1.486,90

UGT

G78085149

7.954,89

USAE

G49105620

431,20

USO

G31108582

773,19

GUZTIRA

70.122,00

4. Sindikatuek konpentsatu nahi dituzten funtzionamendu gastu guztiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen interes ekonomiko eta sozialak defenditu eta sustatzeko egindako jarduera sindikalari lotuak egon beharko dira, alde batera utzita unibertsitateaz kanpoko irakasleen esparrua eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileena, eta 2020ko azaroaren 16tik 2021eko azaroaren 15era bitarte eginak eta ordainduak izan beharko dira.

Besteak beste, honako gastu hauek konpentsatzen ahalko dira:

a) Erakunde sindikalek langile horientzat sortutako informazioari dagozkion gastuak (propaganda, publizitatea, argitalpenak, etab.).

b) Langile horiek ordezkatzeko lanak eragindako joan-etorrien gastuak.

c) Langile horiei zuzendutako jardunaldi, mintegi, topaketa, hitzaldi eta antzeko jarduerei dagozkien gastuak.

d) Prestakuntza sindikalak sortutako gastuak, barne direla joan-etorriak, txostengileak, askotariko materialak, lokalen alokairua eta antzeko gastuak.

e) Komunikazioen (telefonoak, fotokopiak, posta, etab.), ekipamenduen, zerbitzuen eta askotariko hornigaien arloko gastuak.

f) Langileei aholkularitza juridikoa emateko gastuak.

g) Ekipamenduko inbertsioak eta erakunde sindikalen berezko jarduera gauzatzeko beharrezkoa den beste edozein gastu.

5. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea:

Aipatutako gastuak konpentsatu ahal izateko, erakunde sindikalek ondoren esaten den dokumentazioa aurkeztu beharko dute, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita eta 2021eko azaroaren 20ra arte, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez:

5.1.–Behar bezala betetako eskabidea, I. eranskineko ereduari jarraikiz.

5.2.–Gastuen aurkibide kontua, II. eranskineko ereduari jarraikiz. Gastuen zerrenda bat da, 4. apartatuan adierazitako kategorien arabera ordenatua. Agiri hori formatu elektronikoan ere aurkeztu behar da, hots, Excel, OpenOffice Calc edo LibreOffice Calc formatuan, helbide elektroniko honetara igorrita: asindicales@navarra.es.

5.3.–Fakturen eta ordainketak frogatzeko agirien fotokopiak. Faktura bakoitzarekin dagokion ordainketa egin dela frogatzeko agiria aurkeztu beharko da. Fakturen zerrenda gastuen aurkibide kontuan ezarritako ordenaren arabera prestatuko da.

Fakturak fakturazio betebeharren gaineko araudian ezarritakoaren arabera eginen dira. Ez da erreziborik edo tiketik onartuko.

Fakturarik behar ez duten gastuen kasuan, gastuen aurkibide kontuan “Ez dago faktura egiteko betebeharrik” berariaz adierazi behar da, eta gastua zein ordainketa egin dela justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Aurkeztutako dokumentazioaren gainean sortzen diren zalantzak argitzeko behar den informazioa emateko prest egon beharko dute sindikatuek, kasuan kasuko gastua konpentsatzen ahal dela egiaztatzearren. Hori dela-eta, eskatzen ahalko zaie argitzeko edo zuzentzeko, posta elektronikoaren bidez eta 5 egun balioduneko epean.

Kopia gisa aurkezten diren agirien jatorrizkoak gorde beharko dira, haien benetakotasuna, eduki oso-osoa eta irakurgarritasuna bermatzeko moduko baliabideren bat erabiliz, baita Administrazioak ikusi ahal izateko moduren batean ere, behar diren egiaztapen eta kontrol jarduketak egin ditzan.

5.4.–Beren zerga betebeharrak, ordainketak eta Gizarte Segurantzakoak bete dituztela egiaztatzeko agiriak, fakturak eta ordainagiriak aurkezteko epea bukatzen den eguna baino bi hilabete lehenagotik eginak, beranduenez.

Eskaera aurkezteak oniritzia dakar Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak egiaztagiriok emateko eskudunak diren administrazioei eskatu ahal izateko. Salbuespenez, organo kudeatzaileak ezin baditu egiaztagiriak lortu, sindikatu bakoitzari berariaz eskatuko dio aurkezteko.

6. Ordainketa:

Funtzionamendu gastuen konpentsazioaren ordainketa Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emandako ebazpen bidez eginen da 2021eko abenduan, erakunde sindikalek gastuak justifikatu ondoren. Nolanahi ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen interes ekonomiko eta sozialak defenditu eta sustatzeko egindako jarduera sindikalari lotutako gastuak baizik ez dira ordainduko, alde batera utzita Hezkuntza Departamentuko unibertsitateaz kanpoko irakasleen esparrua eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileena, eta betiere ebazpen honen 3. apartatuan erakunde sindikal bakoitzarentzat ezarritako gehieneko muga gainditu gabe.

7. Bateraezintasunak:

Ebazpen honen babesean konpentsatzen diren gastuak ezin izanen zaizkie inola ere egotzi Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza, konpentsazio edo dirulaguntza batzuei. Erakunde sindikalek horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko dute, ebazpen honen III. eranskin gisa agertzen dena.

8. Ebazpen hau Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzura eta Lan Harremanen eta Prestazio Sozialen Zerbitzura, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora igortzea, eta 3. apartatuan identifikatutako sindikatuei jakinaraztea.

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

10. Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari loturik.

Iruñean, 2021eko irailaren 13an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

ERANSKINAK

I. eranskina.–Eskabide eredua.

II. eranskina.–Gastuen aurkibide kontua.

III. eranskina.–Konpentsatutako gastuak beste laguntza, konpentsazio edo dirulaguntza batzuei egotzi ez izanaren aitorpena.

Deskargatu eranskin guztiak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2113921