240. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

184/2021 EBAZPENA, irailaren 10ekoa, Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Ogasunak Zerga Administrazioko Estatu Agentziari kudeaketa-esleipena egiteko hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.

2021eko uztailaren 27an, Nafarroako Foru Ogasunak Zerga Administrazioko Estatu Agentziari kudeaketa-esleipena egiteko hitzarmena argitaratu da, autonomia erkidegoei, Nafarroako Foru Komunitateari eta Ceuta eta Melillako hiriei Nafarroako Foru Ogasunaren informazio jakin bat eskuragarri jartzekoa.

Horrenbestez, bidezkoa da hitzarmen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Eranskin gisa gehitu zaio ebazpen honi.

Iruñean, 2021eko irailaren 10ean.–Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, Óscar Martínez de Bujanda Esténoz.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Ogasunak Zerga Administrazioko Estatu Agentziari kudeaketa-esleipena egiteko hitzarmena, autonomia erkidegoei, Nafarroako Foru Komunitateari eta Ceuta eta Melillako hiriei Nafarroako Foru Ogasunaren informazio jakin bat eskuragarri jartzekoa

Madrilen, 2021eko uztailaren 27an

ESKU HARTZAILEAK

Batetik, Jesús Gascón Catalán, Zerga Administrazioko Estatu Agentziako zuzendari nagusia. Kargu hori eman zion ekainaren 22ko 619/2018 Errege Dekretuak, eta 2021eko ekainaren 21eko Ebazpenaren bidez Zerga Administrazioko Estatu Agentziako presidenteak sinadura eskuordetu ziolako dihardu, 1991rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 27ko 31/1990 Legearen 103.Hiru.2. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz.

Bestetik, Óscar Martínez de Bujanda Esténoz jauna, Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzailea. Kargu hori eman zion abuztuaren 14ko 129/2019 Foru Dekretuak, eta behar adina ahalmen du hitzarmen hau sinatzeko, azaroaren 6ko 300/2019 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoaren Estatutuen 12.c) artikulua dela bide.

Bi alderdiek elkarri aitortu diote kudeaketa-esleipenerako hitzarmen hau formalizatzeko behar adinako legezko gaitasuna, eta honako hau azaldu dute:

ZIOEN AZALPENA

I.

Zerga Administrazioko Estatu Agentzia (aurrerantzean, Zerga Agentzia), Zuzenbide publikoko entitatea da, Estatuaren izenean eta haren kontura estatuko zerga eta aduana sistema eraginkortasunez aplikatzeaz arduratzen dena, eta Estatuko edo Europar Batasuneko beste administrazio eta entitate publiko batzuen baliabideez ere arduratzen da, haien kudeaketa legez edo hitzarmenen bidez esleitzen bazaio.

Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoa zuzenbide publikoko entitate bat da, eta Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularraren plangintza, zuzendaritza eta tutoretzaren menpean erabiltzen ditu departamentu horri esleitutako eskumenak, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoari jarraituz Nafarroako Foru Komunitatearen titulartasunekoak diren zuzenbide publikoko zergak eta diru sarrerak kudeatzeko, ikuskatzeko eta biltzeko.

II.

COVID-19aren pandemiari erantzute aldera enpresa kaudimenari laguntzeko ezohiko neurriei buruzko martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege-dekretuaren bitartez (aurrerantzean, 5/2021 Errege Lege-dekretua), hainbat neurri onetsi dira, babes esparru indartua ematekoak. Helburua da esparru horrek babesa eta laguntza emateko baliabide ugari izatea pandemiaren iraupena eta eragin ekonomikoa direla-eta zaurgarriagoak izaten ahal diren enpresa, sektore eta lurraldeentzat, likidezia eta kaudimena indartzeko eta ekonomia nazionala gehiegi zorpetzea saihesteko, ekoizpen sarea eta enplegua mantentzeko, inbertsioa sustatzeko eta Espainiako jarduera ekonomikoaren balioa suntsitzea eta antzutzea ekiditeko, hurrengo hilabeteetan enpresen eta sektoreen artean baliabideak berresleitzen ahalko badira ere.

Errege Lege-dekretuak onetsitako neurrien artean, I. tituluan aurreikusten da COVID lerroa sortzea, autonomo eta enpresaburuentzako laguntza zuzenena, sektore pribatuaren kaudimenari laguntzeko, enpresei eta autonomoei laguntza zuzenak emanez.

Errege Lege-dekretuaren 1. artikuluak xedatzen duenez, lerroak hasieran 7.000 milioi euroko zuzkidura izanen du, eta bi konpartimentutan antolatuta egonen da. Lehenak 5.000 milioi euro izanen ditu, autonomia erkidego guztientzat, Balearrak eta Kanariak salbu, eta Ceutako eta Melillako hirientzat; eta bigarrena 2.000 milioi eurokoa izanen da, Balearretako eta Kanarietako autonomia erkidegoentzakoa.

Errege Lege-dekretuaren 3. artikuluaren 1. apartatuak laguntzak jasotzeko betekizunen eta zenbatekoa ezartzeko irizpideen oinarrizko esparrua ezartzen du, eta laguntza horien hartzailetzat jotzen ditu laguntzak emateko araudian zehaztutako sektoreetara atxikitako enpresaburuak edo profesionalak eta entitateak, aitortutako eta Administrazioak egiaztatutako urteko eragiketen bolumena balio erantsiaren gaineko zergan edo zeharkako zerga baliokidean % 30 edo gehiago jaitsi bazaie 2020an, 2019koarekin alderatuta.

Hartzaileak izanen dira ere pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan zenbatespen objektiboko araubidea aplikatzen duten enpresaburu edo profesionalak, baldin eta laguntzak emateko araudiak zehaztutako sektoreetan badihardute.

Artikulu horretan, gainera, zehazten da sozietateen gaineko zerga ordaintzen duten talde kontsolidatuetan, tributazio kontsolidatuko araubidean daudenetan, hartzailetzat taldea bera joko dela zergadun bakartzat, laguntza jasotzeko eta transferentziei lotutako betekizunei dagokienez, eta ez hura osatzen duten entitateetako bakoitza; beraz, taldea osatzen duten entitateen eragiketen bolumen guztien batura izanen da jardueraren jaitsiera egon den ala ez zehazteko eragiketen bolumena.

Azkenik, Errege Lege-dekretuaren 3. artikuluaren 1. apartatuak argitzen duenez, ez dira hartzailetzat joko enpresaburuak edo profesionalak, entitate eta talde kontsolidatuak, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenen emaitza garbi negatiboa aitortu badute 2019an, aurreko apartatuetan ezarritako baldintzak beteta, baldin eta zenbatespen zuzeneko metodoa aplikatu badute beren jarduera ekonomikoengatik, edo, hala badagokio, ekitaldi horretan negatiboa izan bada sozietateen gaineko zergaren zerga oinarria edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergarena, zerga oinarri negatiboen konpentsazioa eta kapitalizazio erreserba aplikatu baino lehen.

Orobat, Errege Lege-dekretuaren 3. artikuluaren 4. apartatuak xedatzen duenez, taldeek, enpresaburuek, profesionalek edo entitateek parte hartzen ahalko dute haiek aritzen diren lurralde guztietan egiten diren deialdietan, baldin eta 2020an haien eragiketa bolumena 10 milioi eurotik gorakoa bada eta jarduera ekonomikoa autonomia erkidego batean edo hiri autonomo batean baino gehiagotan egiten badute.

I. titulua aplikatzeko behar diren kontuak zehazte aldera, bereziki laguntza jasotzeko betekizunei eta laguntzaren zenbatekoa zehazteko irizpideei dagozkienak, honako hau onetsi da: HAC/348/2021 Agindua, apirilaren 12koa, COVID-19aren pandemiari erantzute aldera enpresa kaudimenari laguntzeko ezohiko neurriei buruzko martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege-dekretuan xedatutakoa aplikatuz autonomoei eta enpresei laguntza zuzenak esleitzeko irizpideak zehazten dituena (aurrerantzean, HAC/348/2021 Agindua).

Agindu horrek lehen apartatuaren 8. puntuan argitzen du, informazioa trukatzeko, errege dekretuaren 3.2.b) artikuluak aipatzen duen enplegatu kopurua kalkulatuko dela 2020an hileko edo hiruhilekoko atxikipenen edo konturako sarreren aitorpenetan jarritako diru etekinak jasotzen zituztenen batez bestekoa eginez.

Orobat, zehazten du, Errege Lege-dekretuaren 3.4 artikuluak xedatutakoa aplikatzekoa zaien eskatzaileek hainbat lurraldetan badihardute, eragiketen bolumenaren jaitsiera haien artean banatzeko, atxikipenen eta konturako sarreren berri emateko urteko laburpen-aitorpenean jasotako lan pertsonaleko ordainsarien arabera eginen dela, eta horiek lurralde bakoitzari hartzaileen bizilekuaren arabera esleituko zaizkiola.

III.

5/2021 Errege Lege-Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoa betetzeko, autonomia erkidegoek, Nafarroako Foru Komunitateak eta Ceuta eta Melilla hiriek zenbait informazio behar dute, Nafarroako Foru Komunitatearen titulartasunekoa. 5/2021 Errege Lege-Dekretuak berariaz jasotzen du beharrezko informazioa dagokion zerga administrazioak emanen duela, autonomia erkidegoek, Nafarroako Foru Komunitateak eta Ceuta eta Melilla hiriek eskatutakoan.

Zerga Agentziaren eta autonomia erkidegoen, Nafarroako Foru Komunitatearen eta Ceuta eta Melilla hirien artean informazioa helarazteko ohiko bideak badaudenez, eta 5/2021 Errege Lege-Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitakoa berariaz betetze aldera, Nafarroako Foru Ogasunak eta Zerga Agentziak azkarrago eta eraginkorragotzat jotzen du Zerga Agentziak berak lantzea eta helaraztea laguntzak izapidetzeko beharrezko bere titulartasuneko informazioa autonomia erkidegoei, Nafarroako Foru Komunitateari eta Ceuta eta Melilla hiriei, haiek eskatutakoan.

Horrenbestez, beharrezkotzat jo da hitzarmen hau sinatzea, zeinari jarraituz Nafarroako Foru Ogasunak Zerga Agentziari kudeaketa-esleipena egiten dion bere titulartasuneko informazioa tratatzeko eta autonomia erkidegoen, Nafarroako Foru Komunitatearen eta Ceutako eta Melillako hirien eskura jartzeko, 5/2021 Errege Lege-dekretuan jasotako laguntzaren kudeaketa errazteko, haiek eskatzen dutenean.

Horregatik guztiagatik, alderdiek akordio hau formalizatzeko asmoa azaldu dute, honako hauei jarraituz:

KLAUSULAK

Lehena.–Xedea.

Hitzarmen honen xedea da lankidetzarako esparru orokorra ezartzea, zerga administrazio sinatzaileen arteko informazio trukeak arautzeko baldintzen eta prozeduren ingurukoa, Nafarroako Foru Ogasunak Zerga Administrazioko Estatu Agentziari bere informazio batzuk autonomia erkidegoen, Nafarroako Foru Komunitatearen eta Ceutako eta Melillako hirien eskura jartzeko egindako kudeaketa-esleipenaren ondorioz.

Zehazki:

1.–Zerga Agentziak autonomia erkidegoen, Nafarroako Foru Komunitatearen eta Ceutako eta Melillako hirien eskura jarriko du honako informazio hau, aurretik Nafarroako Foru Ogasunak Zerga Agentziari emandakoa, 5/2021 Errege Lege-dekretuaren 3. artikuluari eta HAC/348/2021 Aginduari jarraituz laguntza emateko eta haren zenbatekoa finkatzeko irizpideen oinarrizko esparruari lotutakoa, baita autonomia erkidegoan, Nafarroako Foru Komunitatean edo Ceutako eta Melillako hirietan egindako laguntza eskaerei, dagokion zerga agentzian behar den informazioa biltzea baimendu dutenei, lotutakoa ere.

a) 2020an 10 milioi euro baino gehiagoko eragiketa bolumena izan duten talde eta entitateak, soilik foru lurraldean tributatzen dutenak sozietateen gaineko zergari dagokionez, eta eragiketak lurralde komunean egiten dituztenak:

(i) Ekonomia jardueren gaineko zergaren (EJZ) epigrafeen adierazpena, 2019an, 2020an eta 2021ean eskatzaileak egindako jarduera sailkatzekoa, hala badagokio, jarduera nagusia adieraziz.

(ii) Eskatzailea talde bateko kide bada, 2019ko eta 2020ko osaeraren inguruan eskuragarri dagoen informazioa.

b) Zerga kontsolidazioko talde baten kide diren entitateen kasuan, edo 2020an 10 milioi euro baino gehiagoko eragiketa bolumena izan dutenen kasuan, BEZari dagokionez soilik foru lurraldean tributatzen badute baina eragiketak lurralde erkidean egiten badituzte, balio erantsiaren gaineko zergaren eragiketa bolumen hori emanen da, 2019ko eta 2020koa.

c) 2020an 10 milioi euro baino gehiagoko eragiketa bolumena izan duten eta beren jarduera ekonomikoa autonomia lurraldeetako edo Ceutako eta Melillako hirietako batean baino gehiagotan egiten duten taldeak edo enpresaburuak, profesionalak edo entitateak badira, foru lurraldean dituzten langileei ordaindutako lan pertsonalaren ordainsariak, atxikipenen eta konturako sarreren berri emateko urteko laburpen-aitorpenean jasotako informazioari jarraituz, hartzaileen bizilekuaren arabera.

d) 5/2021 Errege Lege-dekretuaren 3.2.b) artikulua aplikatzekoa zaien enpresaburuak, profesionalak, entitateak edo establezimendu iraunkorrak badira, 2020an Foru Ogasunean aurkeztutako atxikipenen eta konturako sarreren hileko edo hiruhilekoko aitorpenetan jasotako laneko diru etekinen jasotzaileen batez bestekoa.

e) Zerga kontsolidazioko taldeen eta 2020an 10 milioi euro baino gehiagoko eragiketa bolumena izan duten entitateen kasuan, baldin eta sozietateen gaineko zergari dagokionez soilik foru lurraldean tributatzen badute eta eragiketak lurralde erkidean egiten badituzte, sozietateen gaineko zergaren edo establezimendu iraunkorreko ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zerga oinarria 2019ko aitorpenean negatiboa den jasotzen duen informazioa.

f) EJZren epigrafeak, eskatzaileen jarduera ekonomikoa sailkatzekoak.

2.–Zerga Agentziak autonomia erkidegoen eta Ceutako eta Melillako hirien eskura jarriko du eta, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitatearen eskura, jarraian jasotako informazioa, aurretik Nafarroako Foru Ogasunak emandakoa, autonomia erkidego batean, Nafarroako Foru Komunitatean edo Ceutako eta Melillako hirietan laguntza eman zaien eskatzaileena, horiek foru lurraldean eragiketak egiten badituzte, eta hark ezin izan badu egiaztatu 5/2021 Errege Lege-dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuko a) eta b) letretan xedatutakoa.

a) 2021ean eta 2022an eskatzaileak dibidenduak banatzearen inguruko informazio eskuragarria.

b) Eskatzailearen jarduera ekonomikoa 2022ko ekainaren 30era arte mantentzeari buruzko informazioa, jarduera hori sailkatzeko ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafeak adierazita.

Baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan edo Nafarroako Foru Komunitatean aurkeztutako eskaerak badira eta Zerga Agentziak ez badu behar adina informazio eskatzaileen inguruan 5/2021 Errege Lege-dekretua aplikatzeko, haiei inguruabar horren berri ematen ahalko die Zerga Agentziak, informazioa zuzenean Nafarroako Foru Ogasunari eskatu ahal diezaioten.

Aurreko apartatuetan xedatutakoa gorabehera, Nafarroako Foru Ogasunak informazio gehiago ematen ahalko dio Zerga Agentziari 5/2021 Errege lege -dekretuari lotuta, autonomia erkidegoei, Nafarroako Foru Komunitateari eta Ceutako eta Melillako hiriei emateko, interesdun kopuru handi batena ez bada.

Bigarrena.–Informazio lagapenaren helburua.

Nafarroako Foru Ogasunaren informazioa lagatzearen helburu bakarra izanen da beste autonomia erkidego batzuekin, Nafarroako Foru Komunitatearekin eta Ceutako eta Melillako hiriekin elkarlanean aritzea 5/2021 Errege Lege-dekretuan onetsitako COVID lerroko autonomoentzako edo enpresentzako laguntza zuzenak emateko betekizunak eta haien zenbatekoa finkatzeko irizpideak frogatzeko.

Hirugarrena.–Eman beharreko datuen ezaugarriak.

Nafarroako Foru Ogasunak eman beharreko zerga datuak dira zergadunek aitortutakoak, eta, oro har, ez dira inola ere egiaztatu automatizatu aurretik. Dena den, aipatutako datuak Nafarroako Foru Ogasunak egiaztatu dituenean, datu egiaztatuak emanen dira.

Laugarrena.–Informazioa trukatzeko prozedura.

Zerga Agentziak, Nafarroako Foru Ogasunetik jasotako datuak tratatzeko arduradun gisa, fitxategi bat sortuko du autonomia erkidego bakoitzari, Nafarroako Foru Komunitateari edo hiri bakoitzari dagozkion entitate eskatzaileen inguruko informazioarekin, eta Zerga Agentziak 5/2021 Errege Lege-dekretuari jarraituz eman beharreko bere titulartasuneko informazioarekin batera jarriko du eskuragarri.

Horretarako, aurretik, Zerga Agentziak Nafarroako Foru Ogasunari fitxategi bat bidaliko dio, identifikatu eginen dituena autonomia erkidego bakoitzean, foru komunitatean edo hirietako bakoitzean laguntza eskatu dutenak, horien inguruan informazioa lortu behar bada Nafarroako Foru Ogasunetik/Foru Diputaziotik.

Bosgarrena.–Titulartasuna.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluaren 2. apartatuan xedatutakoaren arabera, kudeaketa-esleipenak ez dakar Nafarroako Foru Ogasunari esleitutako eskumenen titulartasuna lagatzerik, ezta eskumenok erabiltzeko elementu substantiboen titulartasuna lagatzerik ere.

Seigarrena.–Datu pertsonalen tratamendua.

Zerga Agentziak deklaratzen du bete eginen dela 28.3 artikuluan xedatzen duena Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduak (EB), 95/46/EE Zuzentaraua baliogabetzen duenak (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), laguntza emateko eta haren zenbatekoa ezartzeko betekizunen oinarrizko esparruari lotutako informazioa jasotzen duten erakunde lagapen-hartzaileei dagokienez, 5/2021 Errege Lege-dekretuaren 3. artikuluari eta apirilaren 12ko HAC/348/2021 Aginduari jarraituz.

Zerga Agentziak datuen tratamenduaren arduradun gisa jokatuko du, erantzulearen adierazpenei eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 28. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoari jarraituz, eta soilik aplikatuko ditu mandatu horri lotuta akordio honetan aurreikusitako helburuetarako. Zehazki, informazioaren tratamenduan Segurtasun Eskema Nazionalean jasotako segurtasun neurriak hartuko dira, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarrian jasotako moduan.

Zehazki, Zerga Agentziak:

–Bermatuko du bere azpiegitura egokia dela Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean jasotako betekizunetarako.

–Ezin izanen die hirugarrenei eskualdatu edo laga lagatzaileak lagapen-hartzaileari emandako informazioa, ezta azken horren baimenarekin ere.

–Kontrolak ezarriko ditu, saihesteko lagatzaile baten eta lagapen-hartzaile baten arteko informazio hornidura bakoitzaren inguruan bildutako datuetara lagapen-hartzailea ez beste inor sartu ezin izateko.

–Behar den informazioa bilduko du datuen inguruan egindako edozein tratamendu auditatu ahal izateko, eta egindako eragiketen sekuentzia erreproduzitu ahal izateko.

–Baldin eta gorabeheraren bat gertatzen bada eta informaziora heltzeko bitartekoak arriskuan jartzen baditu, erakunde lagapen-hartzaileari berehala jakinarazi behar zaio, Nafarroako Foru Ogasuna jakitun jar dezan eta dagozkion neurriak har daitezen.

–Lagapen-hartzaileari berehala jakinarazi beharko dio bere azpiegituren bitartez hari lagatako datuei eragin ahal izan dien edozein gorabehera, dagozkion neurriak har daitezen eta Nafarroako Foru Ogasunari jakinarazi diezaion.

Zazpigarrena.–Emandako datuen kontrola eta segurtasuna.

Nafarroako Foru Ogasunak emandako datuen kontrolak eta segurtasunak, bereziki informazioaren entitate lagatzailearen kontrolari dagokionez, jarraitu eginen diote Ogasuneko Ministerioaren, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren eta autonomia erkidegoaren/Nafarroako Foru Komunitatearen/hiriaren arteko hitzarmenaren bederatzigarren klausulari, COVID-19aren pandemiari erantzute aldera enpresa kaudimenari laguntzeko ezohiko neurriei buruzko martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege-dekretuaren 4.4 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Zortzigarrena.–Finantzaketa.

Akordio honetan hartutako konpromisoak betetzearen eta garatzearen ondorioz alderdi sinatzaileetako ezeinek ez du hartu betebehar edo konpromiso ekonomikorik, ez arruntik ez ezohikorik.

Bederatzigarrena.–Indarraldia.

Esleipen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta data horretatik aurrera lau urtez izanen ditu ondorioak.

Epe hori luzatzen ahalko da, bi alderdien adostasunez, baina esleipenaren iraunaldia ezin da izan zortzi urtekoa baino luzeagoa, luzapenak barne.

Hamargarrena.–Publizitatea.

Akordio hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14.6 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Hamaikagarrena.–Suntsiaraztea.

Baldin eta bi alderdietako edozeinek esleipen honetako klausulak betetzen ez baditu, esleipen hau suntsiarazi eginen da, nahiz eta hurrengo paragrafoetan xedatutakoa aplikagarri izanen den.

Orobat, esleipena azkenduko da bere helburua betetzen bada, ezinbesteko kasuetan, edo gerora sortutako arrazoiren batengatik ezinezkoa bada deskribatutako jarduerak gauzatzea.

Alderdiren batek klausularen bat bete ez izanaren ondorioz suntsiarazten bada, ondorioak izan baino hilabete lehenago beste alderdiak salatuta, egiten ari diren jarduketak amaitu eginen dira, eta ez da berririk hasiko akordioa salatu den datatik aurrera.

Hamabigarrena.–Izaera eta jurisdikzio eskuduna.

Kudeaketa-esleipenerako akordio honek izaera administratiboa du, eta aplikatzekoa zaio, beraz, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoa.

Akordio honen interpretazioaz, aldaketez, ondorioez edo suntsiarazpenaz alderdien artean sortzen diren eztabaida eta auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioak ebatziko ditu eta haren eskumenean geldituko dira, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedaturikoari jarraikiz.

Bi alderdiek irakurri dute dokumentu hau, eta ados daudenez, elektronikoki sinatu dute idazpuruan adierazitako lekuan.

Zerga Administrazioko Estatu Agentziako zuzendaria,

Jesús Gascón Catalán.

Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzailea,

Óscar Martínez de Bujanda Esténoz.

Iragarkiaren kodea: F2113575