24. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEZAUN

Ordenantza, arautzen dituena etxebizitzen alokairua sustatzeko laguntzak

Lezaungo Udalak, 2020ko azaroaren 5ean egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, arautzen dituena etxebizitzen alokairua sustatzeko laguntzak.

2020ko 273. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen erabaki hori, azaroaren 23koan, baita Lezaungo Udalaren ediktu-taulan ere, eta espedientea 30 egun naturalez egon da jendaurrean, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatutako foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako manuak betez, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Lezaunen, 2021eko urtarrilaren 14an.–Alkatea, Mikel Etxebeste López.

ORDENANTZA, ZEINAREN BIDEZ ONESTEN BAITIRA OINARRI ARAUTZAILEAK LAGUNTZAK EMATEKO, LEZAUNEN, ETXEBIZITZA HUTSAK ALOKA DAITEZELA SUSTATZEKO

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da ezartzea aplikatu beharreko oinarri arautzaileak Lezaungo Udalaren laguntzak emateko, sustatu dadin etxebizitza hutsak alokairu merkatuan jartzea.

Ordenantza honetan sartutako laguntzatzat hartuko da hilabetean 50 euro ematea etxebizitzako, sei hilabetez, alokairu programan sartu eta kontratua formalizatzeagatik, alokairuaren prezioaren osagarri gisa.

2. artikulua. Organo eskuduna.

Lezaungo Udaleko osoko bilkura da oinarri hauek onesteko organo eskuduna, bat etorriz 7/1985 Legearen 22.2.e) artikuluarekin (lege horrek hizpide ditu Toki Araubidearen Oinarriak).

3. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauek eta laguntza ematen denean indarrean dauden gainerako arauek gobernatuko dituzte laguntzen ematea eta onuradunaren eta erakunde emailearen arteko harreman juridikoa.

Oinarri hauez gain, honako hauek arautuko dute dirulaguntza:

−Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.

–Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra garatzeko Erregelamendua, zeina onetsi baitzen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez.

–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

II. KAPITULUA

Jarduketa diruz lagungarriak, onuradunak eta baldintzak

4. artikulua. Esparrua.

Dirulaguntza hauen araubidea soilik aplikatuko da Lezaungo udal-mugarteko etxebizitzetarako, edozein izanik ere haien sailkapen edo kalifikazio araubidea.

5. artikulua. Laguntzak jasotzeko, etxebizitzek bete beharreko baldintzak.

Laguntza honen xede diren eraikinek honako baldintzak hauek denak bete beharko dituzte:

a) Lezaungo udal-mugartean egotea.

b) Eskaera egitean, jabeak jabetzan eta eskura izanen du etxebizitza, eta okupatu gabea.

c) Etxebizitza librea eta okupatu gabea izanen da, edo babestua, baldin baimen administratiborik badu okupatu gabe egoteko.

d) Indarreko bizigarritasun-zedula edukitzea, edo behin betiko kalifikazioa edukitzea, eta egunean izatea zergak, tasak, arielak eta administrazio publikoetako edozeinen zehapenak.

e) Horniduretan alta emanik egotea, eta ordainketak egunean izatea, indarreko arauekin bat (ura, argia, gasa, berokuntza).

f) Sukaldeak gutxieneko oinarrizko ekipamendua izan beharko du, eta etxebizitzak berokuntza sistema izanen du, edo izateko aukera.

g) Etxebizitzako erroldatze guztiak bertan behera uztea.

6. artikulua. Etxebizitzak alokatu nahi dutenek bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntza honen xede den alokairu kontratua sinatu nahi dutenek, maizter izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) 18 urte baino gehiago izatea, edo legez emantzipatutako adingabea izatea.

b) Lezaunen erroldatuta egotea.

c) Aurretik, etxebizitza batean, honelakorik egin ez izana: ez betetzea errenta ordaintzeko betebeharra, kalte larriak egitea, etxebizitza batetik kanporatuak izatea.

d) Familiaren tamainaren eta etxebizitzaren metro koadroaren arteko egokitasun irizpideak betetzea:

FAMILIA-UNITATEAREN OSAERA

(Pertsona kopurua)

GUTIENEKO AZALERA

(m²)

1 edo 2

30 m²

3

50 m²

4

65 m²

5 edo 6

80 m²

7

90 m²

> 7

90 m² + 10 metro koadro, gehitzen den pertsona bakoitzeko

7. artikulua. Zer jarduketa lagundu daitekeen diruz, alokairu kontratua sinatzearen ondorioz.

Hauxe da jarduketa diruz lagungarria: etxebizitza hutsak eskura jartzea alokatzeko.

Dirulaguntza lortzeko, alokairu kontratu bat sinatu beharko da urtebeterako gutxienez.

Behin alokairu kontratua sinaturik, eta alokairuaren prezioaren osagarri, etxebizitzaren jabeak adierazitako kontuan ordainduko dira 50 euro hilabetean, dirulaguntza gisa, betiere sei hilabetez gehienez.

8. artikulua. Onuradunak.

Dirulaguntzen onuradun izan daitezke alokairuko etxebizitzen jabeak edo gozamendunak.

III. KAPITULUA

Laguntzak emateko prozedura

9. artikulua. Diru-laguntza eskaerak.

Lezaungo Udalean aurkeztuko dira dirulaguntza eskaerak, ondotik adierazten diren agiriekin batera, salbu jadanik Udalaren esku dauden nahitaezko agiriak. Kasu horretan, eskatzaileak, jarraikiz azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluari (lege horrek hizpide ditu Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Prozedura Administratibo Erkidea), adieraziko du Udaleko zer egunetan eta organotan aurkeztu ziren, eta, behar denean, noiz-non eman ziren; betiere, ez badira bost urte baino gehiago igaro egoki den prozeduraren bukaeratik.

Bat etorriz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluarekin (errege dekretu horren bidez onetsi zen Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua), eskabidea aurkezteak berekin dakar Udalari baimena ematea ofizioz eskatu eta lortzeko, administrazio eskudunetatik, behar diren frogagiriak, erakusten dutenak dirulaguntzaren onuradunek egunean dituztela tributu-betebeharrak (Foru Ogasuna eta Udalaren Diru-bilketa) eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez daudela premiamendu bidez kobratzeko prozeduretan Lezaungo Udalarekin dituzten zorrengatik.

–Aitorpena, adierazten duena ez dituela urratzen Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuak.

–Eskatzailearen NANaren fotokopia.

–Etxebizitzaren eskrituraren fotokopia osoa.

–Bizigarritasun-zedularen fotokopia.

–Kontu korrontearen banku-frogagiria, laguntzen eskatzailearen izenean.

–Deklarazioa, adierazten duena egunean dituela administrazio publiko ororen zergak, tasak arielak eta zehapenak, eta, orobat, alta emanik dagoela horniduretan, eta ordainketak egunean dituela.

10. artikulua. Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

Laguntza hauek bateragarriak dira Nafarroako Gobernuak alokairua sustatzeko ematen dituen laguntzekin, zehazki laguntza hauekin:

–Emanzipa. Nafarroako Gobernuaren programa, gazteak emantzipatzen laguntzeko.

–Alokairurako diren eraikin eta etxebizitzak zaharberritzeko dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren laguntzak jasota.

11. artikulua. Dirulaguntzak egiaztatzea.

Lezaungo Udalak eskubidea izanen du behar diren egiaztapenak egiteko, egoki diren legezko prozeduren bidez, ikusteko ea dirulaguntza ongi justifikaturik dagoen.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Bitarteko ekonomikoak

Ordenantza honetan aurreikusitako dirulaguntzen finantzaketarako baliabide ekonomikoak gehienez ere sei etxebizitzatarako izanen dira urtean, eta ekitaldi bakoitzeko udal aurrekontuetan jasoko dira.

Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean eman beharreko dirulaguntzak, guztira, ez dira handiagoak izanen dagokien kontsignazioa baino, edo kontsignazio eguneratua baino, baldin aurrekontu-aldaketarik onesten bada, indarreko legeriarekin bat.

Behin kontsinatutako kreditua bukaturik, ez da emanen dirulaguntza berriak behin-behinekoz onesteko ebazpenik.

Nolanahi ere, ordenantza honen arabera onartuak izateko baldintza guztiak betetzen duen eskaerarik badago eta onartu ez bada soilik baliabide ekonomikorik ez izateagatik, hurrengo ekitaldian onar daiteke, aurrekontuko kontsignaziorik izanez gero.

Dirulaguntza berriak eskaturik eta onarturik, ezin izanen da eskatu diruz lagundutako etxebizitza bererako beste dirulaguntzarik harik eta hiru urte igaro arte aurrekoa onesteko ebazpenaren egunetik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du behin-betiko onetsi eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

1. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez duela urratzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako debeku bat ere dirulaguntzen onuradun izateko (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2100585