239. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

207E/2021 EBAZPENA, irailaren 7koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baitzaio “Los Arcosen zuntz optikoko azpiegitura berria kanalizatzea” proiektuari. Sustatzailea Telefónica de España SAU da.

2021eko martxoaren 24an, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago (“Komunikazio-instalazioak”). Foru dekretu horrek onetsi zuen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuaren helburua da Los Arcos herrian Telefónicako kutxatila P-51 8TC-1250 zutoinarekin konektatzea zuntz optikoaren bidez, NA-1110 errepidetik gertu, 55+440 kilometro puntuan, Bodegas Valcarlos upategiaren instalazioei zerbitzua emateko –Los Arcos udalerrian dago, NA-1110 errepidearen hegoaldean–.

Horretarako, lurpeko kanalizazio berri bat eraikiko da, 80 cm-ko sakonerako eta 25 cm-ko zabalerako zanga baten bidez. Zanga horrek PVCzko hodi hirukoitz bat izanen du, 110 mm-ko diametrokoa. Kanalizazioaren trazadurak 630 metroko luzera du; konpainiaren kutxatilaren zati bat, La Parada kaleko 2. zenbakiaren parekoa, kale horretako tarte zolatutik hegoalderantz igarotzen da eta nekazaritzako lurzatien zerbitzuko bidetik jarraitzen du, bidea amaitzen den tokiraino; hau da, NA-1110 errepidearen 55+440 KParen ondoraino.

Espedientean jasota daude Lurraldearen Antolamenduaren Atalak eta Los Arcosko Udalak egindako txostenak. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina, baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.–Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Los Arcosen zuntz optikoko azpiegitura berria kanalizatzea” proiektuari. Sustatzailea Telefónica de España SAU da.

2.–Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

• Zangak zabalik gelditzen badira egun batetik bestera, arrapalak kokatu beharko dira, hara ezustean eror daitezkeen animaliak atera ahal izateko. Zangak ireki eta ahal den lasterren bete beharko dira, barnean animaliarik harrapatuta ez dagoela egiaztatu ondoren.

• Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

- Hirigintza arlokoak:

• Baimen honen bidez, instalazioaren lurzoru urbanizaezinetik Bodegas Valcarlos SL enpresaren inguruko aireko zutoinerainoko trazadura babesten da, azpiegituraren NA-1110 errepidearekiko gurutzaketa kanpoan utzita.

• Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

• Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

• Baimen honek lurzoru urbanizaezinean eginen den azpiegituraren zatia babesten du.

• Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

• Trazadurak errepide sarea ukitzen duenez edo ukitzen ahal duenez, kasuan-kasuan, lanei ekin aurretik sustatzaileak Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskuratu beharko du, eta, nolanahi ere, espedientean jasota dagoen 2021eko maiatzaren 13ko txosteneko honako xedapen hau bete beharko du:

• Zuntz optikoko kable azpiegitura berriak NA-1110 errepidea gurutzatzea eskatzen badu, sustatzaileak, obrak egin aurretik, eta horiek baimentzeko nahitaezko eskaerarekin batera, NA-1110 errepidean izaten ahal duen eraginari buruzko dokumentazio teknikoa aurkeztuko dio Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari –aurreikusitako kanalizazioa Bodegas Valcarlos upategira iristeko NA-1110 errepidea gurutzatzeak sortzen ahal duen eraginari buruzkoa–, Zuzendaritzak baimena eman diezaion, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legean xedatutakoari jarraituz.

• Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onartua), gehienez urtebeteko epea ezartzen da ebazpen honen babespeko jarduketak egiteko edo abian jartzeko, baimena ematen denetik hasita. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak iraungiko dira zuzenean, eta baliorik gabe geldituko da. Baimendutako jarduera eta/edo horri lotutako nekazaritza erabilera uzten bada, jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharko ditu bost urteko epean, gehienez ere, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

3.–Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa izanen da 1.500 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu eremua lehengoratu edo kalteak gutxituko direla bermatzeko.

4.–Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7.–Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, Los Arcosko Udalera eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko irailaren 7an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2113443