239. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1039/2021 Ebazpena, irailaren 24koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, “de minimis” laguntzen deialdia onesten duena 2021erako, karraskariek bazka ekoizteko larreetan eragindako kalteak leuntzeko. DDBN identifikazioa: 585310.

2021. urtean, Nafarroako Pirinioetako udalerri jakin batzuetan, orografia, lurren erabilera eta altitudea direla bide, bazka ekoizteko larreetan kalteak pairatzen ari dira europar ur-arratoiaren (Arvícola terrestris) eta larre-lursaguen (Microtus ssp) eraginez.

Udalerri hauetako nekazaritzako ia ekoizpen osoa bazka belarra izaten da; labore eta patata ekoizpena hutsaren hurrengoa da. Abeltzaintzako ustiategiek laborantza hau besterik ez dute ia ardi, zaldi eta behi-aziendak hazteko.

Ustiategi hauek eskualdeko nekazaritzaren eta jarduera ekonomikoaren muina dira, industriak eta zerbitzuek oso ezarpen apala baitute. Eskualdearen ezaugarriak direla-eta (Iruñetik urrun, edukiera aski duen nazioarteko errepiderik ez, orografia, altitudea eta klima) despopulazioak gogor zigortu duen eskualdea dugu.

Zaldi-, ardi- eta behi-azienden ustiapen horien errentagarritasuna oso apala da, bertan ekoizten den bazkan oinarritzen baita, dela zuzenean aprobetxatzeko, dela idortu eta biltegiratzeko, hotz sasoia heldu denean kontsumitzeko.

Arestian aipatu dugun karraskari izurria kalte larriak eragiten ari da, abeltzaintzako ustiategien bideragarritasuna arriskuan jartzeraino, udalerri hauen ekonomiarako eta bideragarritasunerako jarduera nagusia eta funtsezkoa baita.

2021eko udan, belarra moztean, belar gutxiago zegoela egiaztatu da, karraskarien eraginpean egon baita udaberriaz geroztik. Hori horrela uzta urriagoa eta kalitate eskasagokoa izan da, belar tartean sartu den lurraren ondorioz. Horrek bazka belarra erostera behartzen ditu nekazariak, eta arriskua sortzen du aziendentzako elikagaien segurtasunean, biltegiratutako bazka belarrak kutsatu egin baitaitezke harekin batera bildutako lurrarekin.

Ikusirik GANASAk udaberrian bazka ekoizteko larreetako kalteei buruz eginiko txostena eta kalteen berri ematen duen INTIAren txostena.

Egoera honen aurrean, bidezkoa da bazka ekoizten duten ustiategiei laguntzak ematea sortutako kalteak leundu eta haien bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko xedez.

Laguntza honek “de minimis” izaera du, eta Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren aplikazio eremuan sartzen da. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzak nekazaritza arloan aplikatzeko modua arautzen du.

Ikusirik Nekazaritza Zerbitzuko zuzendarien aldeko txostena eta ekitaldi honetan aurrekontuan dagoen diru erabilgarria.

Kontuan hartuta ebazpen honi Nafarroako dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaiola.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. “De minimis” laguntza baten deialdia onestea 2021erako, karraskariek bazka ekoizteko larreetan eragindako kalteak leuntzeko.

2. Onestea dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak, eskabide-eredua eta harraparientzako pausalekuen ezaugarriak, hurrenez hurren deialdi honen I., II. eta III. eranskinetan jasotzen direnak.

3. 250.000 euroko gastua baimentzea 2021eko ekitaldiko gastuen aurrekontuko “Goi mendiko larreen ekoizpen ahalmena lehengoratzeko laguntzak” izeneko 710000 71210 4700 412 104 partidaren kargura.

4. Deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

5. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko irailaren 24an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

2021ean “de minimis” laguntzak emateko oinarri arautzaileak, karraskariek bazka ekoizteko larreetan eragindako kalteak leuntzeko

Lehen oinarria.–Laguntzaren xedea, aplikazio eremua eta onura publikoa.

1. Oinarri arautzaile hauen xedea da laguntza finantzarioaren esparrua ezartzea. Bazka belarren ekoizpenean diharduten enpresek jaso dezakete laguntza, karraskariek 2021ean eragindako kalteengatik.

2. Laguntza hauek bat datoz Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren xedearekin, definizioarekin eta aplikazio eremuarekin. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko modua arautzen du (L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa).

Bigarren oinarria.–Onuradunak, betekizunak eta konpromisoak.

1. Laguntza honen onuradun izan daitezke, bazka eta azienden ekoizpen eta merkaturatzean diharduten enpresak, baldin eta 2021eko laguntzetarako eskaera bakarrean bazkarako azalerak deklaratu badituzte. Apirilaren 29ko 72/2021 Foru Aginduaren bidez onetsi zen deialdi hori.

2. Betebeharrak.

a) 2021ean bazkarako azalerak deklaratu izana eta gutxienez eskaerako lurzatien azaleraren %60 kaltetua izatea, honako udal-mugarte eta erakundeetan: Abaurregaina, Abaurrepea, Auritz, Aurizberri, Ezkaroze, Garaioa, Garralda, Jaurrieta, Erremendiko fazeria, Orreaga eta Hiriberri Aezkoa.

b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

c) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

d) Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1408/2013 EB Erregelamenduaren laguntza-mugak betetzea, zeina Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa baita, eta, bestetik, Europako Batzordearen ekainaren 27ko 717/2014 EB Erregelamenduaren aplikazio-eremuan, zeina Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak arrantzaren eta akuikulturaren sektorerako de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa baita (laugarren oinarriaren 3. eta 4. puntuak).

3. Onuradunen konpromisoak.

a) Onuradunek eskaeraren xedeko lurzatietan harraparientzako pausalekuak jarriko dituzte, harrapariek karraskariak harrapa ditzaten errazteko, hektarea bakoitzeko 2, eta hektarea zati bakoitzeko 1; IV. eranskinean zehaztutako ezaugarriak izanen dituzte pausalekuek. 2021eko abenduaren 1etik aurrera ezarrita egon beharko dute eta 2024ko abenduaren 1a arte mantendu beharko dira, apirilean, maiatzean eta ekainean zein ereite eta uzta-lanek iraun bitartean kendu ahal izanen direlarik.

b) Laguntza egoki eman dela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

Hirugarren oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira aurreko oinarriko 2. puntuan xedatuari jarraikiz galerak izan dituzten bazkarako azalerak, baldin eta deklaratuta badaude.

“Bazkarako azaleratzat” hartzen dira, 100eko larratze onargarritasun koefizientea duten larreak, europar ur-arratoiak eta larre-lursaguek haien azaleraren %60 baino gehiago kaltetu dutenean.

2. Ez dira diruz lagungarriak izanen herri-lurrak kudeatzen dituzten erakundeek esleitutako bazka aprobetxamendu bateratuko azalerak, 990 zenbakiarekin identifikatzen direnak, eta 99 zenbakiaz hasi eta 5 digitu dituzten lurzatiak eta barrutiak.

Laugarren oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Onuradun bakoitzari 504,90 euroko laguntza emanen zaio gehienez.

2. Gehienez ere 10.000 euroko muga ezartzen da onuraduneko eta deialdiko.

3. Zehaztutako azalera, hots, betebeharrak eta konpromisoak betetzen dituena, onuradun batek eskatutako azaleraren %90era iristen ez bada, zehaztutakoen %70era murriztuko dira hektarea diruz lagungarriak

4. Enpresa bakarrari emandako de minimis laguntza gehienez ere 20.000 eurokoa izanen da hiru zerga-ekitalditako edozein alditan.

Bosgarren oinarria.–Dirulaguntza emateko eta ordaintzeko modua.

Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

Aurrekontuaren zenbatekoa ez bada ezarritako laguntzaren zenbatekora iristen, hainbanaketa sistema aplikatuko da baliozkotutako azalera guztien artean.

Seigarren oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura zuzenduko dira, eta telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian dagoen Zerbitzuen Katalogoaren bidez. Departamentu horretako Erregistroan ere aurkezten ahalko dira, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan ere.

3. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da (Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus web-orriko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da eredua, edo II. eranskinean).

Organo kudeatzaileari zerga eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimenik eman ezean, entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.

Zazpigarren oinarria.–Ebaluazio organoa.

Nekazaritza Zerbitzuko Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zortzigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, seigarren oinarrian aipatzen den dokumentazio guztia aurkeztu ote den egiaztatuko da. Dokumentazio guztia ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epean osatu dezala, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrol administratiboak eta bertatik bertarakoak egiten ahalko dira.

3. Eskaerak aztertu ondoren, Nekazaritza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du pertsona juridikoen kasuan, eta emakida eta ordainketa proposamena pertsona fisikoen kasuan.

4. Araubide honen araberako laguntzak emanen dira behin frogatu ondoren onuradun bati emandako “de minimis” laguntzen zenbateko osoak ez duela gainditzen 20.000 euroko muga hiru ekitaldi fiskaleko edozein alditan eta 1408/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

5. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

6. Prozeduraren gainean ebazteko, 30 eguneko epea izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da, isiltasun administratiboaren ondorioz.

Bederatzigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Ebazpen honetan zehazten diren konpromisoak betetzea, eta dagokion laguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak ere bai.

2. Jakinaraztea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari eskatu dituela eta, hala badagokio, jaso dituela helburu berbererako beste dirulaguntza publiko batzuk eta “de minimis” araubidearen menpeko beste edozein laguntza, 2019ko, 2020ko eta 2021eko zerga-ekitaldietan jasotakoak.

3. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

4. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

5. Gardentasun betebeharrak. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.

Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzatutako aurrekontua.

b) Dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo onartutako aurrekontua.

Aurreko kasuak gertatzen direnean, onuradunek honako informazio honen berri eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren erakundeen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan duen dedikazio mota.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazio hori hilabeteko epean igorri beharko da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Onuradunak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza onartzen duen ebazpena ematen denetik hasita.

Aitorpenaren eredua helbide hauetan dago eskuragarri:

www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_C.pdf

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak ez badu betetzen informazioa emateko eginbeharra, horrek ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ordaindu gabe utziko da onartutako dirulaguntza, eta, kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarren oinarria.–Laguntza ordaintzea.

1. Dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, organo kudeatzaileak egiaztatu ondoren baldintzak eta betebeharrak bete direla, eta laguntzaren onuradunaren gardentasunari buruzko betebeharra bete dela pertsona juridikoen kasuan.

2. Nekazaritza Zerbitzuak eskatutako dokumentazio guztia aztertuko du, eta eskatutako laguntzaren xedeko azaleren hautagarritasuna baliozkotuko du, baita gainerako agirien balioaren nahikotasuna ere.

Hamaikagarren oinarria.–Garapena eta jarraipena.

Laguntzaren kontrolaren eta jarraipenaren ondorioetarako, Nekazaritzako Zerbitzuak bidezkotzat jotzen duen informazio osagarria eskatzen ahalko die onuradunei, laguntzaren xedeko jarduerei eta ekintzei dagokienez, entitateak eskatutako baldintzak ezarritako epeetan betetzen dituela egiaztatzeko eta dagozkien egiaztapenak egiteko.

Hamabigarren oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek ez dira metatuko Estatuko laguntzekin, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ez eta arriskuaren finantzaketa-neurri berberaren Estatuko laguntzekin ere, baldin eta metaketa horrek laguntzaren gehieneko intentsitate edo zenbatekoa gainditzen badu, kasu zehatz bakoitzean kategorien arabera salbuesteko erregelamendu batek edo Europako Batzordeak hartutako erabaki batek finkatua.

Hamahirugarren oinarria.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Laguntzen onuradunek dirulaguntza emateko baldintza eta konpromisoak betetzen ez badituzte, dirulaguntzak oso-osorik itzuli beharko dituzte, bai eta dagozkien berandutze-interesak ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

2. Aplikatu beharreko arau-hausteen eta zehapenen araubidea azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa izanen da.

Hamalaugarren oinarria.–Publiko egitea eta informazioa.

1. Ebazpen honen laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan, laguntza honi dagokion fitxan.

2. Informazio hori 10 urtez gordeko da gutxienez, eta jendearen eskura egonen da, murrizketarik gabe, laguntza emateko erabakia hartu ondoren.

II. ERANSKINA

Eskabide-eredua, karraskariek bazketan eginiko kalteengatik laguntzak emateko 2021ean (DOC).

III. ERANSKINA

Pausalekuen ezaugarriak eta instalazioa

a) Azalpena: Lurrean bertikalean iltzatu edo behar den moduan finkatutako hesola edo zutoin bat, gainean eguneko harrapakariak zein gautarrak pausatzeko moduko gurutzeta iltzatu edo torlojuz loturiko bat duela.

b) Banaketa: Lurzatiaren barruan, oro har erdialdean.

c) Zutoina eta gurutzeta egiteko materialak: Tratatutako zura, aire zabalean ongi irauten duen zura, metala, zuntza; plastikoa ez da onartuko.

d) Zutoinaren gutxieneko altuera: 1,80 m.

e) Zutoinaren gutxieneko diametroa oinarrian: 4 cm zurezkoa bada.

f) Gurutzetaren gutxieneko neurriak: 25 cm luze, 3 cm zabal, 3 cm-ko altuera.

g) Gurutzeta lurretik 1,70 metrora finkatu beharko da gutxienez, lurrarekiko horizontalean.

h) Bultzadarekiko erresistentzia: 1 metroko altueran 2 kg-ko bultzadari eutsi beharko dio, gehienez ere 2 cm mugituta.

i) Txarrantxa edo antzeko zerbaitekin inguratzen ahalko dira, aziendek lurrera bota ditzaten saihesteko.

Iragarkiaren kodea: F2114222